168. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

766/2019 EBAZPENA, abuztuaren 6koa, Herri Lanetako zuzendari nagusiak emana, salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko eta berritzeko proben deialdia egiten duena.

Salgai arriskutsuen nazioarteko errepideko garraioari buruzko Europako Akordioak (ADR) xedatu du ezen, arau horretan adierazitako zenbait salbuespenetan izan ezik, errepidez salgai arriskutsuak garraiatzen diharduten enpresek, edo garraio horiekin loturiko zamalanetan ari direnek, gutxienez segurtasun aholkulari bat izan behar dutela, jarduera horiek pertsonei, ondasunei edo ingurumenari sortzen ahal dizkieten arriskuei aurrea hartzen laguntzeaz arduratuko dena.

Otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuak Espainian salgai arriskutsuen errepideko garraioaren eragiketak arautzen ditu. Errege dekretu horren 26. artikuluak xedatzen du, bere eginkizunetan aritu ahal izateko, aholkulari kargua duenak aldez aurretik azterketa bat gainditu beharko duela, dagozkion betebeharrei buruz eta salgai arriskutsuen gaineko arauditik aplikagarri zaizkion gaiei buruz.

Salgai arriskutsuak errepidez, trenbidez edo bide nabigagarriz garraiatzeko segurtasun aholkularien lanbide gaitasunari buruzko otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduak azterketen modalitateak eta ariketen egitura zehaztu zituen, baita segurtasun aholkularien ziurtagiriak berritzeko prozedura ere. Ziurtagiri horiek berritzeko modu bakarra da dagokion kontrol azterketa gainditzea ezarrita dagoen 5 urteko indarraldia bukatu aurreko azken urtean.

Goian aipatutako 97/2014 Errege Dekretuak indarrik gabe utzi du FOM/605/2004 Aginduaren 4. artikulua, izangaiak behartzen zituena parte hartzera organo eskudunek haien ohiko bizilekuaren lurraldean deituriko eta egindako probetan.

Garraio Zerbitzuak proposatu du urteko deialdia egitea salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko probetarako, baita datozen hilabeteetan indarra galduko duten ziurtagiriak berritzeko ere.

Ziurtagiria lortu nahi duten izangaiek aukera izanen dute aldi berean espezialitate guztien gaineko azterketa egiteko edo espezialitate batena edo batzuena egiteko bakarrik.

Ziurtagiria berritu nahi duten izangaiek, berriz, ziurtagiria lortu zutenean aukeratutako garraio modalitateari buruzko azterketa egin beharko dute.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraio Zerbitzuak proposatutakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko eta berritzeko proben deialdia onestea. Deialdiaren oinarriak eranskin gisa gehitu zaizkio ebazpen honi.

2. Ebazpen hau Garraio Zerbitzuari jakinaraztea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.

4. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 6an.–Herri Lanetako zuzendari nagusia, Ignacio Nagore Laín.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak, salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulariaren lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko eta datozen hilabeteetan indarra galduko duten ziurtagiriak berritzeko

Lehena.–Xedea.

1. Deialdi honen xedea da probak egitea salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko eta 5 urteko indarraldia bukatu aurreko azken urtean dauden ziurtagiriak berritzeko.

2. Salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria lortzeko eta berritzeko probak espezialitate hauetarako izanen dira:

–Espezialitate guztiak.

–1. mota (lehergaiak).

–2. mota (gasak).

–7. mota.

–Hurrengo mota hauek: 3, 4.1, 4.2, 4.3, 5.1, 5.2, 6.1, 6.2, 8 eta 9. Salgai arriskutsuen nazioarteko errepideko garraioari buruzko Europako Akordioan (ADR) adierazitako mota bakoitzean agertzen diren gai solido eta likidoak.

–Nazio Batuen Erakundearen sailkapenean honako identifikazio zenbaki hauek dituzten gai likido sukoiak: 1202 (gasolioa), 1203 (gasolina) eta 1223 (kerosenoa).

Bigarrena.–Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek inskribatzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, bide hauetako bat aukeratuta:

–Internet bidez, Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es atarian (“Trámites” atalean, “Consejero” idatzi hango bilatzailean) ageri den inprimakia betez.

–Eskabide bat, oinarri hauen II. eta III. eranskinetan agertzen den ereduaren araberakoa, aurkeztuz Garapen Ekonomikorako Departamentuan dagoen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoan (San Ignazio etorbidea 3, beheko solairua, Iruña). Orobat, helbide honetan azaltzen diren Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren edozein bulegotan aurkez daiteke: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/AtencionCiudadana/Oficinas.htm. Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan. Aipatutako eranskin horietatik atera daiteke eskabide-orria, Internet bidez, edo Garraio Zerbitzuan eskatu.

2. Eskabideaz gainera, bi kasuetan, eskatzaileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 22 euro sartu izanaren frogagiria aurkeztu beharko dute, azterketara aurkeztu ahal izateko tasaren kontzeptu gisa, lortu edo berritu nahi duten gaitasun ziurtagiriaren espezialitate bakoitzeko.

Hirugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Ziurtagiria lortzeko eta berritzeko probetan inskribatzeko eskaerak 2019ko urriaren 1etik urriaren 14ra arte aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.–Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin betiko zerrenda.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda 2019ko urriaren 18an argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es. Menuko “Trámites” izeneko atalean, horretarako dagoen bilatzailean “Consejero” idatziz) eta Garraio Zerbitzuaren bulegoetako iragarki-taulan (Alondegi kalea 1, 2. solairua, Iruña).

2019ko azaroaren 4ra arte, bazterturiko izangaiek erreklamazioak aurkezten ahal dituzte, eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda modu berean argitaratuko da 2019ko azaroaren 6an.

Bosgarrena.–Epaimahaia.

Probak gidatuko dituen epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Ignacio Nagore Laín jauna, Herri Lanetako zuzendari nagusia.

–Ordezkoa: Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría jauna, Garraio Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekideak:

–María Aránzazu Murillo Zabalza andrea, Kudeaketa Ataleko burua.

–Oscar Molviedro Barea jauna, Deialdien eta Txartelen Bulegoko burua.

–Luis Martínez Cunchillos jauna, Modernizazio Ataleko burua.

Ordezkoak:

–Ana Serrano Herrera andrea, Bidaiariak Garraiatzeko Baimenen Bulegoko burua.

–María Jesús Gutiérrez Gutiérrez andrea, Garraio Ikuskapenaren Bulegoko burua.

–Charo Loitegui Biurrun andrea, Garraioen Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Idazkaria: María Senosiáin Labat andrea, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoko burua.

–Ordezkoa: Eva Estébariz Arteta andrea, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoari atxikitako administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Seigarrena.–Proben edukia.

Probak segurtasun aholkulariei dagozkien betebeharrei buruz eta arau hauetan jasotako gaiei buruz izanen dira: Espainiako Estatuan salgai arriskutsuen errepideko eragiketak arautzen dituen otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretua, Errepide bidezko salgai arriskutsuen garraiorako urteko txostenaren edukia arautzen duen maiatzaren 25eko FOM/606/2018 Agindua eta Salgai arriskutsuen nazioarteko errepideko garraioari buruzko Europako Akordioa (ADR, 2019ko bertsioa).

Zazpigarrena.–Ariketen egitura.

1. Ziurtagiria lortzeko azterketak bi proba izanen ditu:

–Lehen proba test modukoa izanen da: seigarren oinarrian jasotako gaiei buruzko 50 galderari erantzun beharko zaie, lau erantzunen artean bat aukeratuz. Proba hau egiteko ezin da testurik kontsultatu. Proba egiteko ordubete izanen da, gehienez ere.

–Bigarren proban azterlan bat edo kasu bat egin beharko da, dagokion espezialitatearen araberakoa, aholkulari batek egin eta/edo burutu beharreko lanen eta betebeharren gainean. Proba hau egiteko, testuak kontsultatzen ahalko dira, salbu kasuen konponbideak dakartzatenak. Proba egiteko ordubete izanen da, gehienez ere.

Izangaiak bigarren artikuluan aipatutako espezialitate baterako edo batzuetarako proba independente bat egin nahi baldin badu, ariketek egitura bera izanen dute, baina, bakar-bakarrik, kasuan kasuko espezialitatearen inguruko gaiei buruzkoak izanen dira.

2. Ziurtagiria berritzeko azterketan proba bakarra izanen da: seigarren oinarriko gaiei buruz test moduko 50 galderari erantzun beharko zaie, ordubetez, lau erantzunen artean bat aukeratuz. Proba hau egiteko ezin da testurik kontsultatu.

Zortzigarrena.–Ariketen kalifikazioa.

Proba bakoitza 0tik 100 puntu bitarte kalifikatuko da, eta proba gainditzeko 50 puntu edo gehiago atera beharko dira. Okerreko erantzunek ez dute punturik kenduko.

Bederatzigarrena.–Probak egiteko eguna eta tokia.

1. Probak 2019ko azaroaren 9an eginen dira, larunbatarekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoko gelategian, Iruñeko Arrosadiko Campusean.

2. Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es, deialdiaren aipamena) eta Garraio Zerbitzuko iragarki-taulan argitaratuko da zein ordutan eginen den proba bakoitza, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.

3. Izangaiek NANa edo, epaimahaiaren arabera, beren nortasuna modu sinesgarrian egiaztatzen duen beste agiri bat aldean dutela agertu beharko dute probetara.

Hamargarrena.–Gaindituen zerrenda.

1. Ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarriko du Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es, deialdiaren aipamena) eta Garraio Zerbitzuko iragarki-taulan. Iragarki horretan azterketak berrikusteko epearen berri emanen da.

Berrikusketarako epea bukaturik, Herri Lanetako zuzendari nagusiari bidaliko zaio azterketa gainditu dutenen behin betiko zerrenda.

2. Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda onesteko Herri Lanetako Zerbitzuko zuzendariak emanen duen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean.

Hamaikagarrena.–Ziurtagiriak hartzea.

Azterketa gainditu ondoren, segurtasun aholkulariaren eginkizunak bete nahi dituzten edo betetzen jarraitu nahi duten izangaiek Nafarroako Gobernuko Garraio Zerbitzuak ematen duen ziurtagiria hartu beharko dute, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

II. ERANSKINA

Eskabidea, salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasuna lortzeko probetan izena emateko (PDFa).

III. ERANSKINA

Eskabidea, salgai arriskutsuen errepideko garraioan segurtasun aholkulari izateko behar den lanbide gaitasuna berritzeko probetan izena emateko (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1910504