167. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

462E/2019 EBAZPENA, abuztuaren 7koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, xedatzen duena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 22an hartutako Erabakia, behin betiko onesten duena espediente hau, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak sustatutakoa: Cordovillako (Galar) suhiltzaile etxearen eta heliportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketa, heliportuaren kokaleku berriari buruzkoa.

Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen Cordovillako (Galar) suhiltzaile etxearen eta heliportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, heliportuaren kokaleku berriari buruzkoa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak sustatua. Erabakiak, ordea, baldintza hau ezarri zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko eta, horrenbestez, aldaketaren determinazioek eraginkortasuna izateko: amaierako agiri bat aurkeztea, non jaso behar baitziren erabakian aipatutako gai guztiak eta Sustapen Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak 2017ko otsailaren 17ko eta 2019ko maiatzaren 23ko txostenetan eskatutako ziurtapena.

Bestalde, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren abuztuaren 6ko 629E/2018 Ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa eman zitzaion Cordovillako (Galar) suhiltzaile etxearen eta heliportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketa xehakatuari (Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak sustatua), eta ez zen ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren menpe jarri, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat.

2019ko ekainaren 4an, sustatzaileak proiektu sektorialaren agiri bategin bat aurkeztu zuen, Nafarroako Gobernuaren 2019ko maiatzaren 22ko Erabakiari erantzunez.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2019ko uztailaren 26ko txostenarekin bat, zuzendu eta balidatzen da sustatzaileak, 2019ko ekainaren 4an, aipatutako erabakian zehaztutakoari jarraikiz aurkeztu zuen testu bateginaren dokumentazioa.

Aurrekoa aintzat hartuta, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen testu bateginaren 29.2 artikuluan aurreikusitako ondorioak izan ditzan, bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea aipatutako erabakia, bai eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketa ere, ebazpen honi erantsita.

EBAZTEN DUT:

1. Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuari eskatzea igor dezala, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 22an hartutako Erabakia; erabaki horren bidez behin betiko onesten da “Cordovillako (Galar) suhiltzaile parkearen eta heliportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala” aldatzeko espedientea, heliportuaren kokaleku berriari buruzkoa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak sustatua.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau igortzea Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusira, Iruñerriko Mankomunitatera, Nafarroako Unibertsitate Publikora, NASERTICera, Galar Zendeako eta Iruñeko udaletara eta NASUVINSAra, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzura.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 7an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

ERANSKINA

Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 22an hartutako Erabakiaren bidez behin betiko onetsi zen Cordovillako (Galar) suhiltzaile etxearen eta heliportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, heliportuaren kokaleku berriari buruzkoa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak sustatua; hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko eta, horrenbestez, aldaketaren determinazioek eraginkortasuna izateko baldintza hau ezarri zuen, ordea: amaierako agiri bat aurkeztea, non jasoko baitira erabakian aipatutako gai guztiak eta Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko otsailaren 17ko eta 2019ko maiatzaren 23ko txostenetan eskatutako ziurtapena, zuzendaritza zentro horretara bidaltzeko.

2019ko ekainaren 4an sustatzaileak agiri bategin bat aurkeztu zuen. Ondotik aztertzen da nola erantzuten zaien Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 22an hartutako Erabakian aipatzen dituen gaiei.

Lurralde Antolamenduko Batzordeak 2019ko maiatzaren 16an egindako ohiko bilkuran erabakitakoa aintzat hartu, eta kokalekua alternatibei buruzko txostenean jasotako 1b alternatiban mantentzen da.

Agiriak azaltzen du bere esparrua eta determinazioak heliportuaren esparruari baizik ez dagozkiola eta ez UPSaren esparru osoari, suhiltzaile etxea kokatuta dagoen eremua araututa dagoelako, zehaztasunez, abuztuaren 22ko 666E/2018 Ebazpenaren bidez onetsitako aldaketan (2018ko 174. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 7koa). Horrekin bat, agirian adierazten da aldatzen diren determinazioak heliportuaren konfigurazioari dagozkionak direla, bai eta kokalekuaren planoak, kokalekua eta sarbideak, heliportuaren konfigurazio orokorra eta lurzoruaren erabilerarako gomendioak ere, baliogabetu eta ordeztu egin baitira.

Alde horretatik, aurkeztutako agiri bateginaren memoriako 10.1 puntua zuzendu, eta ezabatu behar da Zaragoza etorbiderainoko esparruaren definizioa, suhiltzaile etxea barne. Horrez gain, esparruaren definizioa jaso behar da araudiaren 1. artikuluan; edukiarekin bat etorriz, esparruaren izen berria “heliportuaren esparrua eta garapena” izanen da.

Orobat, aurkeztu den agiri bategina osatu beharko da, eta esparrua jaso indarreko UPSaren determinazio aldatu gisa.

Erabakiak aipatzen zuen aldaketaren esparruak kanpoko azpiegiturek ukitutako lurrak hartu behar zituela; izan ere, aldaketak determinazioak ezartzen ditu lur horien gainean, eta haiek lortzea beharrezkoa izan liteke. Agiri bateginak jarduketaren esparrua eta kanpoko ukipenena bereizten ditu. Bien artean osatzen dute UPSaren esparrua, LAHFLTBaren 44.2.a) artikuluarekin bat, eta oraingoan aurkeztu den O-1 planoan argi irudikatuta ageri dira.

Nolanahi ere, agiri bateginean ezabatu behar da determinazio bat, hain zuzen ere esaten duena kanpoko ukipenen esparruko hirigintza aldaketek ez dutela UPSaren aldaketarik ekartzen, ez dietelako LAHFLTBean aurreikusitako tramitazioei erantzuten. LAHFLTBaren 44.4 artikuluaren arabera, UPSak aurreikus zezakeen zer baldintza bete behar ziren Lurralde Antolamenduaren arloko departamentu eskudunak proiekturako behar diren egokitzapenak baimentzeko, baina ez du halakorik egin, eta, beraz, UPSaren aldaketa/egokitzapen guztietarako UPSaren aldaketa beharko da.

Erabakiak aipatzen du ezen, proiektuaren xedea edo norainokoa zein den ere, lurraldean eta lurzoruaren erabileran eragina duten proiektu guztiek justifikatu behar dutela bat datozela ukitzen dituzten lurralde antolamenduko tresna orokorrekin (LAHFLTBaren 29.3 artikulua). Agiri bategina osatu da, eta justifikatzen du jadanik onetsita dagoen heliportuaren “konfigurazio fisikoaren erregularizazio” bat denez, “ez dagoela lurralde antolamenduaren gaineko ukipenik”; horrez gain, adierazten du heliportuaren erabilera bat datorrela Gariton ordokirako LAP3an ezartzen den bokaziorako, ekipamenduak ezartzeko espazioa izateko, alegia.

Sustatzaileak aurkeztu duen agiri bateginaren testutik ezabatu behar da determinazio bat, adierazten duena lurralde antolamendurako maila txikiko tresna batek, Gobernuaren erabaki bidez onetsitakoak, alda dezakeela goragoko maila duen tresna bat, foru dekretu bidez onetsitakoa; izan ere, hori ez da posible indarreko lege esparruaren arabera.

Erabakian jasotzen zenez, agiri bategina aldaketaren xede den esparruan indarra duen hirigintzako udal planeamendu osoari dagokio, LAHFLTBaren 44.2.e) artikuluarekin bat etorriz.

Aurkeztu den agiriaren azalean argi adierazi behar da aldaketa honek berarekin dakarrela, Cordovillako (Galar) suhiltzaile etxearen eta heliportuaren UPSaren aldaketa ez ezik, Unibertsitate Publikoaren ezarpenerako UPSaren aldaketa ere.

Suhiltzaile etxearen UPSetik kanpo uzten den esparruari dagokionez, agiri bateginean aipatzen da Galarko udal planak zuzenduko duela esparru hori.

Unibertsitate Publikoaren ezarpenerako UPSari dagokionez, berriz, Erabakian adierazi zen moduan, aurkeztu den agiriak aipatzen du zein den aldaketak baztertutako azalera.

Erabakiak adierazten du argitu behar dela zein diren, dokumentazioaren arabera, desjabetze bidez gauzatuko diren kanpoko azpiegiturak. Aurkeztu den agiri bateginean zehazten da azpiegitura horiek kanpoko sarbidea eta lehengoratuko den bidea direla, guztira 2.347 m²-ko azalera dutela eta desjabetze bidez gauzatuko direla.

Erabakiak adierazi zuenez, honakoak determinazio egituratzaile gisa ezarri behar ziren, LAHFLTBaren 49. artikuluaren ondorioak izateko: esparrua, ezponden gehieneko maldak eta eusteko elementuetarako mugak; halaxe jaso dira agiri bateginaren araudiaren 8. artikuluan.

Determinazio xehatuei dagokienez, exekuzio proiektu batek ezin du antolamendua aldatu LAHFLTBaren 45.5 artikuluan ezarritako prozedurekin bat, eta beraz aukera hori ezabatu da aurkeztutako agirian.

Erabakiarekin bat, ezin da heliportuetako zortasunetarako baldintza izan lurzati batzuetan ukipenik ez sortzea, zortasunak heliportuaren funtzionaltasunak eragindakoak direlako. Ildo horretan, agiri bateginean desagertu da baldintza hori, eta zortasun eremu bat ezartzen da, orientabide gisakoa. Agirian adierazten da proiektu aeronautikoak eta obra proiektuak zehaztuko dituztela heliportuaren orientazioa eta gerturatzeko eta aireratzeko ibilbideak (aurkeztutako agiri bateginaren araudiaren 1. artikulua). Behin betiko proiektuak sortuko dituen zortasunen ondorioz, UPSak determinazioak ezarriko ditu aldameneko lurzatietan, eta, horiek ezarri eta egokitzeko, UPSa aldatu beharko litzateke, beharrezkoa balitz.

Erabakian aipatzen denez, lehentasuna heliportuaren funtzionaltasunari ematen bazaio ere, bateragarria izan behar du Gariton ordokiaren bokazioarekin (Iruñeko begiratokia edo parkea izatea), eta, horregatik, eta ordokiak jarraipena izan dezan, araudiak ezarri behar du eraikitzen diren hesiak Galarrera sartzeko bidetik 50 metro atzerago eraman beharko direla. Lurralde Antolamenduko Batzordeak 1b alternatiba hautatu duenez eta horrek heliportuaren esparrua bidetik 50 metro baino gehiagora kokatzen duenez, Erabakiak ezartzen duen determinazio hori sobran dago.

Erabakiak adierazten du araudian ezarri behar dela amaierako antolamenduak aurreikustea ibilgailu eta oinezkoentzako lotura bat, suhiltzaile etxearen eta heliportuaren lur gaineko eremuaren artekoa, gehieneko malda hauekin: %12koa ibilgailuentzat eta %6koa oinezkoentzat. Lotura hori aldatzen bada, araudian jaso beharko da irisgarritasun arloko kode teknikoa betetzeko beharkizuna, sarbide horren aldaketa ez delako onetsitako aldaketaren xedeetako bat. Gaia ez da eraikingintzako kode teknikoa betetzea, gehieneko malda horiek ezartzea baizik (haien erreferentziak kode teknikokoak dira, irisgarritasunaren arlokoak). Gai horretan zuzendu beharko da aurkeztutako testua.

Programazioari dagokionez, aurkeztutako agiriak etapen erreferentzia aldatzen du, eta ezartzen aldaketak indarra hartu ondoren hasiko direla, Erabakian aipatzen zen moduan.

Aurkeztu den testu bateginean ezabatu behar da I-3 planoa, NUPeko Parke Teknologikoaren UPSaren antolamendua jasotzen baitu, eta UPS horren tramitazioa hasi gabe dago.

Aurreko guztia kontuan harturik, testu bategina aldatu edo osatzen da, eta, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 29.2 artikuluan aurreikusitako ondorioak izateko, proposatzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea aipatutako erabakia eta agiri hau: Cordovillako (Galar) suhiltzaile etxearen eta heliportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko agiria, heliportuaren kokaleku berriari buruzkoa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak sustatua. Aldaketa hori txosten honen eranskinean dago.

Azkenik, proposatzen da, halaber, amaierako agiria Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusira igortzea, haren txostenetan jasotako baldintzetara egokitu izanaren ziurtagiri gisa.

Iruñean, 2019ko uztailaren 26an.–Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Ataleko burua (Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren ordezkoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 767/2016 Ebazpenaren bidez), María Aránzazu Reinares Rodríguez.

ERANSKINA

Cordovillako (Galar) suhiltzaile parkearen eta heliportuaren Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketa, heliportuaren kokapen berriari buruzkoa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuak sustatua.

http://internet.gccpublica.navarra.es/sot/Documentos/OT06-2016-000002%20MPRSIS%20Parque%20Bomberos%20y%20Helipuerto/190529%20PRSIS%20helipuerto%20V5%20refundido%20-%20VALIDADO.pdf

Iragarkiaren kodea: F1910701