167. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

395E/2019, EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren txostena ematen duena Urrotz-Hiriko ibilgailuen tratamenduaren eta hondakinak biltzeko eta transferitzeko zentroaren proiekturako. Sustatzailea Grupo Tuardn SL da.

2019ko apirilaren 25ean, oinarrizko organoak, hau da, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Energia Zerbitzuak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.d) multzoan.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Bederatzi kontsulta egin dira; kontsultatuak: Urrotz-Hiriko Udala, Lizoaingo Udala; Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia; Pirinioaldea Kudeatzeko Atala; Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala; Kutsaduraren Prebentziorako Atala; Hondakinen Atala; Herri Lan Zuzendaritza Nagusia; eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoa. Aipatzekoak dira Herri Lan Zuzendaritza Nagusiko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak aurkeztutako zehaztapenak. Erantzunen laburpena I. eranskinean biltzen da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumeneko organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ohiko ingurumen eraginaren ebaluazioaren mende jartzeari edo txosten honetan ezarritako baldintzetan ingurumen eraginaren txostena emateari buruz.

–Proiektuaren deskribapena:

Proiektua II. eranskinean dago laburtuta, eta honako jarduera hau ezartzeko da: alde batetik, erabiltzen ez diren ibilgailuak kudeatzea, deskontaminatutako ibilgailuak biltegiratzeko zelai batekin; eta hondakinak biltzeko eta transferitzeko zentroa. Jarduera Urrotz-Hiriko 1. industrialdeko 184-A partzelan kokatutako da, lehenagoko parket jarduera baten instalazioetan, zeinetan ez da funtsezko aldaketarik egin behar.

Jarduera nagusia erabiltzen ez diren hiru ibilgailu mota deskontaminatzea eta desegitea izanen da. Ibilgailu guztiekin tratamendu fase berak izanen dira: deskontaminatzea, desegitea eta piezak berreskuratzea. Azkenik, prentsatu arte biltegiratzen dira, eta arriskutsua ez den hondakin moduan igortzen dira prentsatu ondoren. Era berean, ibilgailuekin zerikusia duten hondakinak bildu eta transferitzeko zentro jarduera izanen da instalazioetan.

Hornidura elektrikoa egungo linearen bidez egitea aurreikusten da; urarena, berriz, Ebroko Konfederazio Hidrografikoan inskribatutako hornidura putzu baten eta aire depositu baten bidez; hondakin urak, tratatu ondoren, ubide publikoetan isuriko dira zuzenean; eta sarrera gaur egun NA-150etik dagoena izanen da.

–Ingurumen dokumentuaren analisia:

Aurkeztutako ingurumen dokumentua III. eranskinean dago laburtuta, eta alderdi garrantzitsuak biltzen ditu, bai eta proiektuak ezarpenean eta funtzionamenduan izan litzakeen eraginak identifikatu eta deskribatu ere. Ingurumen dokumentu horrek jaso bezala, honako hauek dira eragina izan dezaketen jarduerak eta ekintzak: lehengaiak biltegiratzea; erabiltzen ez diren ibilgailuak deskontaminatzea; efluente likidoak sortzea; hondakinak maneiatu eta biltegiratzea; makinen zirkulazioa; eta erabiltzen ez diren ibilgailuak prentsatzea; jarduera horiek ingurune naturalean eta antropikoan, geologian eta paisaian duten eragina “moderatua” da, eta eragin “bateragarria” dute ebaluatutako gainerako elementuetan. Dokumentuak ingurumenaren zaintza eta jarraipen plan bat ere badu, jasotzen dituen neurri prebentibo eta zuzentzaileen aplikazioaren jarraipena egiteko.

Ingurumen ebaluaziotik ondorioztatzen da ezen, instalazioak batez ere landatarra den ingurune batean eta herri batetik hurbil dagoen eremu garai batean egonda, paisaia eragina, argi kutsadura, zarata, hondakin urak eta linea elektrikoa direla kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak, eragina izan dezaketelako giza erabileretan, ingurune pertzeptualean eta habitatetan, ondoren adierazten den bezala.

Argi kutsadurari dagokionez, proiektuaren arabera ingurua “E3 eremua” da, “argitasun ertainekoa”, honako hau kontuan hartuta: 1890/2008 Errege Dekretua, kanpoko argi instalazioen energia eraginkortasunari buruzko araudia onesten duena. Landa ingurune horri dagokionez, egokiagoa da “E2 eremua” dela-eta emandako definizioa: hiri inguruneko eremuak edo hirietako aldiriak, lurzoru urbanizaezinak, landa inguruak eta bizitegi inguru urbano edo industrialetatik kanpo egoten ohi diren sektoreak, errepideetan argia izanda.

Paisaiaz den bezainbatean, proiektuak ez du paisaia arloko integrazio neurririk, eta ibilgailuak “esekitokitan” biltegiratzeko eremu bat aurreikusten du ezpondaren ertzean; ez dago zehaztuta zer garaiera izanen duen, baina, pentsatzekoa denez, inpaktu bisuala areagotuko du.

Zonakatze akustikoaren ikuspuntutik, jarduera “Erabilera industrialeko lurzorua nagusi den lurraldearen sektore” moduan zedarritzen ahal da, eta, horregatik, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren II. eranskinaren arabera, 65 dezibeliorenak dira gaueko aldirako kalitate akustikoko helburuak, eta 75 dezibeliorenak eguneko aldirakoak.

Azkenik, elektrizitatea industrialdera eramaten duen linea oso elektrokuzio arrisku handiko instalazioa da hegaztientzat, eta ez ditu betetzen linea elektrikoetarako egungo irizpideak. Zehazki, 1.720 metroko luzerako deribazio bat da, gutxi goiti-beheiti 19 berme dituena, eta horietako gehienek gurutzetak dituzte lerroan, eta isolagailu zurrunak goitituta. Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatuta abenduaren 31ko 1150/2013 Ebazpenaren bidez hegaztientzat ezarritako babes eremuetako baten kanpo mugatik hurbil iragaten da.

Hondakin urak (euri urak eta garbitzeko urak), dagokien bezala tratatu ondoren, zuzenean husten dira guztiak ere ezponda ertzean (partzelaren muga) kokatuta dauden bost isurguneren bidez. Isurtzen den kantitatea handia baita (49.041 m³/urte proiektuaren arabera), higadura arazoak izan litezke ezpondetan.

Proiektua aztertuta, eta kontuan hartuta instalazioak eginda daudela eta lekua batez ere landatarra den eremu garai bat dela, pentsatzen da ezen proiektuak, ingurune naturalari eta paisaiari dagokienez, ez duela eragin larririk izanen, baina ingurumen eragina ahalik eta txikiena izateko, eragina prebenitzeko eta zuzentzeko neurri batzuk ezartzen dira, ingurumen dokumentuan proposatutakoen osagarri.

Batez ere jarduerari, isurpenei eta zaratari lotuta azaldutako gainerako ondorio kaltegarriak behar bezain ongi ebaluatuko dira espedienteko ingurumen baimen integratuan.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Kontsulten ondorioz eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri begira jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Ingurumen Eragin eta Paisaia Atalak adierazten du behar bezala egin dela ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura, eta proiektuak ez duela eragin larririk ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan adierazitako moduan, hori guztia ukatu gabe indarreko legearen arabera lortu beharreko bestelako baimenak; bereziki, ingurumen baimen integratua.

Kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. “Urrotz-Hiriko ibilgailuen tratamendurako eta hondakinak biltzeko eta transferitzeko zentroa” proiektuak, zeina Grupo Tuardn SLk sustatu baitu, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan adierazten den moduan eta, beraz, ez da 21/2013 Legearen II. tituluko 1. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen ebaluazio arrunta egin behar.

2. Ingurumen eraginari buruzko aldeko txostena egiten da, eta baldintza hauek bete behar dira:

1.–Proiektu tekniko bat idatziko da hornidura linea elektrikorako, eta bertan behar diren neurriak jasoko dira hegaztiak elektrokutatuta hil ez daitezen lineako berme guztietan (behinik behin isolagailuak eta eroaleak isolatzea, isolagailu zurrunen alde bakoitzean 1-1,5 eroale metrotan aurrez taxututako material termo-bilkorra erabiliz, zubi horizontalak barne hartuta, hala egokituz gero).

2.–Aurreikusitako kanpoko lanparen ordez, %5eko goi fluxu hemisferikoa edo txikiagoa duten beste batzuk jarriko dira. Era berean, gaueko faunari ez eragiteko, 440 nm-tik beheitiko uhin-luzeren erradiazioa iragaziko da; hau da, berariaz baztertuko dira argi zuri urdinxka zabaltzen duten lanparak (LEDen kasua, LED-anbarra salbuetsita). Nolanahi ere, beste sistema bat bilatu beharko da, gauean lanekoak ez diren orduetan kanpoko argi guztiak piztuta egon ez daitezen, edo piztuta daudenen kopurua ahalik eta txikiena izan dadin.

3.–Inpaktu bisuala ahalik eta txikiena izateko, batez ere Urrotz-Hiriko biztanlegunetik, pantaila begetal bat eginen da ezpondaren goi ertzean, gutxienez 5-metroko zabalerakoa, hego eta hego-ekialdeko mugetan. Landaketa horrek bi ilara izan beharko ditu, eta zuhaitz nahiz zuhaixka-formako espezieak erabiliz eginen da (adibidez, Juglans regia, Acer monspessulanum, Sorbus torminalis, Quercus faginea, Pinus sylvestris, Viburnun tinus, Ligustrum vulgare, Corylus avellana...). Behar diren elementu guztiak izanen dituzte beren bideragarritasuna ziurtatzeko (ureztapena, babesgarriak eta abar). Horretarako, ezpondaren mugatik atzera eraman beharko dira esekitokietan dauden ibilgailuen perimetro inguruak (PERa eta PERb).

4.–Behar diren neurriak hartuko dira euri urek ezpondak higatzea eragozteko. Alde horretatik, drainatze sistema urbano jasangarriren bat erabiliko da, litekeen baltsa edo putzu bat barne, ezpondaren gailurrean, ekaitzaldietan jariatze handienei gaina hartzeko.

5.–Jardueraren funtzionamenduari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, lehen aipatutako dokumentuak (linea elektrikoaren egokitzapen proiektua, drainatze sistema urbano jasangarria eta pantaila bisualaren diseinua) aurkeztuko zaizkio Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari, baliozko ditzan. Ireki eta gehienez ere bost hilabete igaro ondoren, proiektu horiek gauzatuta egon beharko dute.

6.–Azkenik, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2019ko maiatzaren 24ko txostenean dioena bete beharko da. Bereziki, ibilgailuak bizitza baliagarria amaitzean tratatzeko zentroa ezartzearen ondorioz NA-150 errepidean zirkulazioa handitzeaz egindako azterlana.

3. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeenak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jar daitezkeenak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Kutsaduraren Prebentziorako Atalera, Urrotz-Hiriko Udalera, Herri Lan Zuzendaritza Nagusira eta interesdunari.

Iruñean, 2019ko uztailaren 5ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

I. ERANSKINA

Jendaurreko informazioaren eta ukitutako administrazio
publikoei eta interesdunei egindako kontsulten emaitza

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda.

Urrotz-Hiriko Udala

X

Lizoaingo Udala

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

Pirinioaldea Kudeatzeko Atala

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atala

X

Hondakinen Atala

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Kutsaduraren Prebentziorako Atalak 2019ko apirilaren 25ean erantzun zuen, eta adierazi ez dela txostenik egin behar prozeduraren fase honetan, espedienteko ingurumen baimen integratua izapidetzen ari delako.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2019ko maiatzaren 2an erantzun zuen, eta adierazi ez dela txostenik egin behar, jarduera lurzoru urbanoan ezartzeagatik eta, beraz, lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimenik behar ez izateagatik.

Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena egin zuen 2019ko maiatzaren 20ko datarekin, eta bertan Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuaren eta Zainketa Zerbitzuaren zehaztapenak jaso zituen. Besteak beste, esan du azterketa egin behar dela ibilgailuak tratatzeko zentro baimendua jartzearen ondorioz NA-150 errepidean zirkulazioa handitzeaz.

Espedientean hirigintza bateragarritasunari buruzko aldeko txosten bat dago, Urrotz-Hiriko Udalak lehenago eta sustatzaileak eskatuta egindakoa, eta 2018ko apirilaren 27ko data duena.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Grupo Tuardn SL sustatzaileak erabiltzen ez diren ibilgailuak kudeatzeko jarduera bat legeztatu nahi du, honako hauek izanen dituena: deskontaminatu diren ibilgailuak biltegiratzeko zelai bat, eta hondakinak biltzeko eta transferitzeko zentro bat.

Ingurumen baimen integratua eskatzen da urte bakoitzean gehienez ere erabiltzen ez diren 10.000 auto, 300 ibilgailu industrial eta 600 motozikleta tratatzeko. Enpresak tratamendu zentro baimendu bat du Berriobeitin, eta orain beste bat legeztatu nahi du Urrotz-Hirian, 1. industrialdeko 184-A partzelan (54.420 m²).

Partzela horretan parket jarduera bat zegoen lehenago, pabiloi bat eta biltegi industrialak zituena, bai eta etxebizitza eta igerilekua ere; guztira, 9.042 m² zeuden eraikita. Instalazioen egoera onaren ondorioz, ez da aurreikusten ezer eraikitzea, ez eta funtsezko aldaketarik egitea ere dauden eraikuntzetan. Egokitzapen txiki batzuk baino ez dira eginen, instalazioak behar berrietara egokitzeko: etxebizitzan aldagelak eta bulegoak jarriko dira; igerilekuan ura bilduko da suteen aurka; eta, gainera, aparkatzeko guneak eta deskontaminatutako ibilgailuak eta arriskutsuak ez diren hondakinak aldi batez biltzeko zelaiak prestatuko dira. Egun, 9.132 m² daude eraikita, baina aurreko guztiaren ondorioz beste 45.288 m² beteko dira.

Jarduera nagusia erabiltzen ez diren hiru ibilgailu mota deskontaminatzea eta desegitea izanen da: 20/2017 Errege Dekretuan definituta daudenak; industrialak: kamioiak, autobusak, nekazaritzako makinak, obretakoak eta abar; eta motozikletak eta ziklomotorrak.

Ibilgailu guztiekin tratamendu fase berak izanen dira: deskontaminatzea, desegitea eta piezak berreskuratzea. Lehenik eta behin, gehienez ere 30 egun egonen dira biltegiratuta; geroago, deskontaminatuko dira (ibilgailutik hondakin arriskutsuak kentzea, nagusiki likidoak eta bateriak), eta txatarra eta egoera onean dauden bigarren eskuko piezak (arriskutsuak ez diren hondakinak) saltzeko deseginen dira; azkenik, biltegiratzeko kanpoaldeko zelaietara eramanen dira, prentsatu arte. Amaitzeko, paketeak arriskutsua ez den hondakin moduan igorriko dira balioztatzeko (txatarra zatikatzeko/birziklatzeko baimendutako planta).

Era berean, instalazioetan ibilgailuekin zerikusia duten hondakinak, bateriak eta txatarra biltzeko eta transferitzeko zentro jarduera izanen da, nagusiaren ondoriozko bigarren mailako jarduera moduan.

Instalazioak eguneko 16 orduz egonen dira funtzionamenduan, bi txandatan (06:00etatik 22:00etara), asteko sei egunetan eta urteko 300etan. Hasieran 10 langile izatea aurreikusten da, eta baliteke 3 urte barru 20 ere izatea.

Elektrizitatea kanpoko enpresa batek hornitzea aurreikusten da, eta 25kW-ko potentzia kontratatuko da. Urteko 75.000 kWh kontsumitzea aurreikusten da.

Urari dagokionez, putzu propio batetik iristen da. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren Lurpeko Uren Aprobetxamendu Erregistroan inskribatuta dago (1985-P-32 esp.; 1988ko urtarrilaren 20koa). Titularra Arguibide SA da. Urtean gehienez ere 135 m³). Era berean, euri urak biltzeko aire depositu bat dago, 16 m³-koa. Ur hori piezak garbitzeko, lorategi aldeak ureztatzeko eta suteen kontrako depositua (125 m³) betetzeko erabiliko da. Urtean, piezen garbiketan (zirkuitu itxian egiten da) 30 m³ kontsumitzea aurreikusten da, eta garbitzeko uretan, berriz, 105 m³.

Jarduerak sortutako hondakin urak hauek izanen dira:

–Euri urak estalkitik, zelaietatik eta aparkalekuetatik etorriko dira. Isuri aurretik, koipeen eta lohiaren dekantatze/bereizte ontzi batetik pasatuko dira; eta hidrokarburoak bereizteko ontzi batetik, berriz, ubide publikoan zabaldu baino lehen: bi leku Aldairuko errekara eta bi leku Lerruzkora.

–Pabilioi industrialeko komunetatik eta aldageletatik datozen garbitzeko urak; araztegi biologiko batekin konektatuko dira oxidazio bidez Aldairuko errekara zabaldu baino lehen.

–Bulegoetako komunetatik eta aldageletatik datozen garbitzeko urak; 10 m³-ko hobi septiko estanko batekin konektatuko dira.

Instalazioetara N-150 errepidean hasten den zazpi metroko zabalerako bide batetik sartuko da.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena

Ingurumen eraginaren azterlana idazten da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea betetzeko, jarduera II. eranskinean jasota baitago, 9.d) multzoan, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua egiteko prozedura aplikatuta.

Bizitza baliagarria amaitzean ibilgailuak tratatzeko eta ibilgailu horiekin zerikusia duten hondakinak biltzeko eta transferitzeko zentro bat jarri nahi da Urrotz-Hiriko 1. industrialdeko 184-A partzelan, Garbizabal inguruan, parket enpresa zahar bateko instalazioak baliatuta. Jarduera nagusia da erabiltzen ez diren ibilgailuak deskontaminatzea eta desegitea, eta lotuta dauka, jarduera osagarri moduan, bateriak eta txatarra jasotzea, biltegiratzea eta transferitzea.

Jarduerak ez du izanen atmosferara kutsagarriak zabaltzen dituen inolako fokurik, eta ibilgailuetako eta makinetako errekuntza motorrei dagozkienak izanen dira emisio lauso bakarrak.

Hondakin urei dagokienez, hurbil dauden bi ubide publikotara (Aldairuko eta Lerruzko errekak) isurtzeko leku batzuk daude aurreikusita; ubide horiek Erro ibaiaren azpiarrokoak dira. Aurretiko tratamendua izanen da: araztegi biologikoa oxidazio bidez garbitzeko uretarako; eta koipeen eta lohiaren dekantatze/bereizte ontzi bat eta hidrokarburoak bereizteko beste bat euri ur zikinetarako.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoari egindako isurpen eskaria eransten da; bertan, bateko, Aldairuko errekan behin 63 m³ gorozki ur isurtzeko eskatzen da, eta bitan, urteko eta guztira, 24.458 m³ euri ur isurtzeko, eta, besteko, Lerruzko errekan, bitan, urteko eta guztira, 24.520 m³ euri ur isurtzeko.

Partzelaren zatirik handiena zolatuta dago, eta behar bezala trinkotuta erabiltzen ez diren deskontaminatutako ibilgailuak biltegiratzeko eremuren bat.

Eguneko lanorduak 12 izanen dira (06:00etatik 22:00etara); hala ere, eraginari buruzko azterlanak esaten du gaueko orduetan ere argia izanen dela kanpoaldean segurtasun arazoengatik (intrusismoaren eta lapurreten aurka). Argiztapen horrek kanpoko argi instalazioen energia eraginkortasunari buruzko erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta bere jarraibide tekniko osagarrietan xedatutakoa beteko du, eta argi guztiek %15etik beheitiko goi fluxu hemisferikoa izanen dute.

21/2013 Legearen VI. eranskinean adierazi bezala, zenbait aukera aztertu dira, eta “0 aukera” (jarduerarik eza) eta beste hiru gehiago kontuan hartu dira. Litekeen eragin txikieneko aukera hautatu da, eraginak identifikatzeko matrize bat egin ondoren, zeinean honako hauek ebaluatu baitira:

–Eragina duten jarduera eta ekintzen artean hauek hauteman dira: lehengaiak biltegiratzea; erabiltzen ez diren ibilgailuak deskontaminatzea; efluente likidoak sortzea; hondakinak maneiatu eta biltegiratzea; makinen zirkulazioa; eta erabiltzen ez diren ibilgailuak prentsatzea.

–Eraginen hartzaile diren elementuen artean hauek ebaluatu dira: ingurune abiotikoa (geologia, airea - zarata, hidrologia eta paisaia), ingurune biotikoa (flora eta fauna) eta ingurune antropikoa (baliabide ekonomikoak, osasuna eta bizi-kalitatea eta azpiegiturak).

Esan behar da jarduera Urrotz-Hiriko biztanlegunetik 500 metrora gauzatuko dela, landa ingurune bateko muino batean, eta kontserbazio bereziko eremu bat dagoela 250 metrora, “Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema”; horregatik, inpaktu bisuala garrantzitsua izan daiteke.

Egindako ebaluazioaren arabera, hautatutako aukerak (3. aukera) eragin “moderatua” du geologian eta paisaian, eta “bateragarria”, berriz, gainerako elementuetan.

Ingurumen eraginari buruzko azterlanak neurri prebentiboak eta zuzentzaileak ezartzen ditu, elementu hartzaileen gaineko eragina eragozteko eta/edo gutxitzeko, bai eta ingurumenaren zaintza eta jarraipen plan bat ere, biltzen dituen neurri prebentibo eta zuzentzaileen aplikazioaren jarraipena egiteko.

Iragarkiaren kodea: F1910354