167. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

458/2019 EBAZPENA, uztailaren 31koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, udal poligono eta lokalak sustatzeko dirulaguntzen 2019ko deialdia onesten duena, haietan jarduera ekonomikoak garatzeko. DDBN identifikazioa: 469044.

Nafarroako Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da Foru Komunitateko lurraldearen garapen orekatua, eta, horretarako, jarduera ekonomikoak garatzeko tokiak behar dira udalerrietan.

Toki entitateek eskatzen dituzten laguntzak izan ohi dira, batetik, jarduera ekonomikoen poligonoak sustatzeko eta beren hiri azpiegiturak hobetzeko, eta, bestetik, higiezinak egokitzeko, bulego, lokal edo lantegi txiki gisa erabili ahal izan daitezen, proiektu ekintzaileetarako lokal merkeak eskaintzeko moduan.

2019ko deialdi honek kalkulatutako eskariari erantzuten dio, eta asmoa du enpresa bat ezartzeko behar den azpiegitura eta hornidura oro diruz laguntzea, deslokalizaziorik egon ez dadin.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Udal poligono eta lokalak sustatzeko dirulaguntzen 2019ko deialdia onestea, haietan jarduera ekonomikoak garatzeko.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Urte anitzeko honako gastu konpromiso hau onestea:

  • 660.309,47 euro, 2019ko Gastuen Aurrekontuko “Jarduera ekonomikoetako udal poligonoetarako laguntzak” izeneko 810008-81200-7609-458100 partidaren kargura.
  • 800.000 euro, 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak helburu estrategikotzat du lurralde garapen orekatua, eta horretarako, jasotzen ditu, beste neurri batzuen artean, laguntzea jarduera ekonomikoetarako espazioak sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateei eta horretarako eratutako sozietate publikoei.

Horretarako, diruz lagunduko da, bai eraikin berriak egitea, bai eraikuntzako akatsak konpontzea, bai eta industrialdeetako instalazioak eta bulegoak edo lantegiak hartzen dituzten udal eraikinak konpontzea ere, gero bigarren edo hirugarren sektoreko enpresak erabil ditzaten. Ez dira diruz lagungarriak izanen abeltzaintzako jardueretarako erabiltzen diren espazioak.

2. oinarria.–Onuradunak.

Onuradun izanen dira 3. oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarriak egiten dituzten entitate hauek:

a) Nafarroako toki entitateak.

b) Toki entitateen mendeko sozietate publikoak.

c) Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Jarduketa hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

1. Industrialde edo zerbitzu-poligono berriak sustatzea, honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Ukitutako lurrek udalaren titulartasun publikokoak izan beharko dute.

Toki entitateak sustapenean parte hartzen badu konpentsazio batzorde baten bidez, edo onesten bada birzatiketa proiektu bat non toki entitatea zehazten baita portzentaje jakin baten jabe gisa, gertaera hori justifikatuko da, eta toki entitateari dagokion portzentaje hori izanen da diruz lagungarria.

Kanpoko azpiegituren eraikuntzak ukitutako lurren kasuan, ez da beharrezkoa izanen haien titulartasuna publikoa izatea, baina dagozkion afekzio baimenak, jabetzak sinatuak, izan beharko dira.

b) Dirulaguntzaren eskaera aurkezten den unean, jarduketaren xedeko lurrek honako kalifikazioa izan behar dute indarra duen udal planeamenduan: industriarako edo zerbitzuetarako hiri-lurzorua.

c) Onuradunak konpromisoa hartuko du jarduketatik ateratzen diren lurzatiak saltzeko gutxienez merkatuko prezioan.

d) Obrak egiten hasteko epea 2018ko urriaren 1etik 2019ko urriaren 1era bitarte izanen da.

2. Egun dauden industrialdeak azpiegitura berriekin hornitzeko inbertsioak, bai jada egindakoak eskas direlako edo zaharkituak gelditu direlako, bai azpiegiturarik ez dagoelako, edo bestela, ezohiko mantentze-lanak egiteko inbertsioak. Jarduketa honetarako, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitate eskatzaileak ukitutako poligonoaren urbanizazioa sustatu edo hartu izana.

b) Obrak egiten hasteko epea 2018ko urriaren 1etik 2019ko urriaren 1era bitarte izanen da.

3. Eraikinak gaitzea gero bigarren edo hirugarren sektoreko enpresek edo profesionalek erabiltzeko, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

a) Udalaren jabetza publikokoa izan beharko du obrekin hartutako eraikinak.

b) Obren bidez, bulegoak, lantegiak, nabeak edo antzeko espazioak eginen dira, jarduera ekonomikoak garatzeko, ostalaritzakoak izan ezik. Salbuespen gisa, diruz lagungarriak izanen dira tokiko turismoa sustatzeko jardueretarako gaitzen diren lokalak, baldin eta azpiegitura ezagatik udal-mugartean ez badago industria jarduera egiteko aukerarik.

c) Obrak egiten hasteko epea 2018ko urriaren 1etik 2019ko urriaren 1era bitarte izanen da.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Aipatu jarduketak exekutatzeko gastu hauek izan daitezke diruz lagungarriak:

a) Poligonoa egiteko lurrak eta, zein den kasua, beharrezkoak diren zortasun eskubideak erostea. Lurren balorazioa egiteko, onibarren katastroko prezioak hartuko dira kontuan. Ez da diruz lagunduko eraikinak erostea.

b) Obren exekuziorako proiektuak erredaktatzea.

c) Poligonoa urbanizatzeko, eraikina altxatzeko eta kanpoko azpiegiturak egiteko obrak.

d) Obren zuzendaritza fakultatiboa.

Kontuan harturik proiektuen tramiteek denbora luzea har dezaketela, dirulaguntza jaso dezakete obra proiektuen kostuek eta lurrak erosteko kostuek, zeinek, bistan denez, obra hasi aurretik eginak izan behar baitute, betiere 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduak izan badira.

2. Laguntzen zenbatekoa honako hau izanen da:

a) Poligono berrien sustapena bada (3. oinarriaren 1. atala), inbertsio diruz lagungarriari salerosketengatik lortzea aurreikusten diren diru-sarrerak kenduta ateratzen den zenbatekoaren %30.

b) Aurrez dauden industrialdeetan azpiegitura berriak egiteko edo konponketak egiteko inbertsioak badira (3. oinarriaren 2. atala), gastu diruz lagungarrien %50.

c) Udal eraikinen moldaketak badira (3. oinarriaren 3. atala), gastu diruz lagungarrien %30.

Diruz lagungarria izanen da gerora lurzatien edo lokalen salmentan jasanarazi ezin den BEZa.

3. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak hartu dituzten entitate eskatzaileek %3ko laguntza osagarria eskuratzen ahalko dute. Ondorio horietarako, honako alderdi hauek baloratuko dira:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatua izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako irismena eta edukia dituena.

b) Aitortza edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua”, eta abar).

c) Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak edo berdintasuna sustatzekoak, frogatzeko modukoak, aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, entitatearen eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentua aurkeztuko da.

4. Jarduera ekonomikoen poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzko otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 4 c) artikuluan xedatuarekin bat, eskatzaileek %95eko hobaria eskuratzen ahalko dute Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako kuotan; zerga horrek zergapetzen ditu poligonoak sortzeko helburuz toki entitateei egindako lurzoru eskualdaketak eta toki entitateek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkietenak.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko hogei egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 10. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

3. Laguntzak eskatzeko, eskaera telematikoarekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Sustapenak ukitutako onibar guztiek udalaren titulartasuna dutela adierazten duen ziurtagiria. Zortasuna baino ez duten lurren kasuan, jabetzaren afekziorako baimena badela frogatzeko ziurtagiria.

b) Jarduketaren xede den lurraren edo eraikinaren hirigintza kalifikazioaren ziurtagiriak. Helburu horretarako onetsita dagoen hirigintza planik bada, horren aipamena erantsiko zaio ziurtagiriari.

c) Poligono berri bat egiten denean:

–Lurzatiak erosteko eskaeren zerrenda, halakorik bada, eta gordailuan utzitako fidantzen kopia, halakorik eskatu bada.

–Kasua bada, lurzatien salmenta kontratuaren kopia edo behar diren dokumentuena, lurzatia erosteko ezarri den prezioa adierazten duena.

–Toki entitatearen erabakia, non agertzen baita onartutako salmenta prezioa edo, bestela, ateratzen diren lurzatiak merkatuko prezioan saltzeko konpromisoa.

d) Obra proiektuaren laburpena (gehienez 20 orrialde); agiri hauek eduki beharko ditu:

–Jarduketa justifikatzen duen memoria, non beharrezko obrak azalduko diren, bai eta ateratzen diren lurzatien edo lokalen zerrenda ere, azalerak adierazita.

–Jarduketaren dokumentazio grafikoa, hura non kokatzen den eta zein onibarren gainean egiten den adierazita, bai eta aurreikusten den antolamendua ere, ateratzen diren lurzatiak edo lokalak barne.

–Aurrekontuaren kapitulu guztien laburpen-orria.

e) Sustapenaren kostuak guztira, kontuan hartuta lurren erosketa gastuak, kasua bada, eraikuntza proiektuen erredakzio gastuak, obren exekuzio gastuak eta zuzendaritza fakultatiboaren gastuak.

Ez da kudeaketa edo aholkularitza gastuei buruzko agiririk aurkeztu beharko, ez baitira dirulaguntzaren xede.

f) Obrak egiteko aurreikusitako epeen egutegi eta plangintza xehatua.

g) Bideragarritasunari buruzko aldez aurreko azterlana, sustapen osoaren gastuak eta lurzatien edo lokalen salmenta edo alokairuengatik jasotzea aurreikusten diren diru-sarrerak jasotzen dituena, finantzabideak zehaztuta eta finantza kostuak adierazita.

6. oinarria.–Laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Balorazio handiena lortzen duten jarduketei 4. oinarrian ezarritako laguntza portzentajeak aplikatuta aterako da eman beharreko dirulaguntza, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Poligono berrien sustapenaren kasuan, justifikatzen bada egun dauden jarduerak lekuz aldatu beharra, bai kokagune desegokian daudelako, bai jarduera handitu behar delako, bai eta jarduera berriak instalatzeko eskaeren kasuan ere, puntuazio hau emanen da: 0,1 puntu, fidantza gordailua edo banku abala tartean delarik saldutako edo eskatutako lurzati azalerari dagokion puntu portzentual bakoitzeko, gehienez ere 10 puntura arte.

b) Gaitutako espazioen hirigintza-kalifikazioa industriala denean: 5 puntura arte.

c) Justifikatzen bada lurzatien eskaera errealen ondorioz lanpostuak mantendu edo berriak sortu behar direla: 5 puntura arte.

d) Proiektua hiri zerbitzuen edo espazioen beharrera egokitzea, zehazki, proiektuaren neurriak edo hura egiteko faseak egun dagoen eskariari hobeki egokitzeko eta lurren, urbanizazio obren eta azpiegituren kostuak ahalik eta apalenak izan daitezen: 5 puntura arte.

e) Udal-mugartean ez izatea titulartasun publikoko lurzati industrialak edo lokalak alokatzeko beste eskaintzarik: 10 puntura arte.

f) 3. oinarriaren 2. atalean deskribatutako obren kasuan, sustapen entitateak eskatzen badie jarduketaren onuradun izanen diren enpresei inbertsioaren portzentaje bat: puntu 1 jasanarazitako aurrekontuaren %10 bakoitzeko; gehienez ere 4 puntura arte.

g) Jarduketak egin behar badira 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri batean: 8 puntu; 1.001etik 6.000 biztanlera arteko udalerriak badira: 3 puntu; eta 6.000 biztanletik gorako udalerriak badira: 0 puntu.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoak, txostena eskatuko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, jakiteko ea toki entitateek baduten nahikoa ahalmen ekonomiko dirulaguntzaren xedeko sustapenaren ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko.

Txostena negatiboa bada, edo txosten hori ezin bada egin toki entitateak ez duelako epe barruan aurkeztu 2018ko aurrekontuen likidazio espedientea, ezin izanen da eskatutako dirulaguntza eman.

2. Txostena jaso eta eskaerak baloratu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan adieraziko da entitate onuradunek dirulaguntza eskuratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

3. Diruz lagundu beharreko zenbatekoak 2019ko eta 2020ko aurrekontuen kargura emanen dira, erabilgarri dagoen diruaren arabera eta eskatzaileek aurreikusitako exekuzio egutegien arabera.

4. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

5. Baldin eta laguntza esleitu ondoren deklaratzen bada laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek laguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hainbanaketa egin zitzaien edo ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Kontzesio horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko.

8. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1. Laguntzen onuradunek honako epe hauen barnean justifikatu beharko dute egindako jarduketa:

1.1. Beranduenik ere 2019ko azaroaren 10ean, hori barne, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Obra-kontratuen eta obren zuzendaritza fakultatiboaren kontratuaren kopiak edo, bestela, lanen eskaintza ekonomikoa onartzeko kontratuarena.

b) Obren hasiera akreditatzen duen dokumentuaren kopia.

c) Ziurtagiria, kontratuak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz adjudikatu direla frogatzeko.

d) Onuradunaren web-orrian laguntzari emandako publizitatearen justifikazioa.

e) Gastu guztien fakturak eta ordainagiriak, 2019ko aurrekontuaren kargura emandako zenbatekoa justifikatzen dutenak.

1.2. Beranduenik ere 2020ko azaroaren 1ean, hori barne, aurkeztu behar dira gastu guztien fakturak eta ordainagiriak, 2020ko aurrekontuaren kargura emandako zenbatekoa justifikatzen dutenak.

Ez badira aurkezten atal honetan deskribatutako dokumentuak, eskubidea galduko da justifikatu gabe geratu diren gastuei dagokien dirulaguntza kobratzeko.

2. Aipatu frogagiriak azterturik, organo kudeatzaileak ordainketa ebazteko proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari, eta bertan agerraraziko da onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela.

3. Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da, gehienez ere, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak izanen dituzte.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntza-eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da, eta Nafarroako Gobernuak gaitutako prozeduren harpidedun izan.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Betiere, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen guztizko zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunek egindako jarduketaren kostua.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iragarkiaren kodea: F1910326