165. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

540/2019 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako XXXIII. Kirol Jokoetarako deialdia egin, txapelketaren garapena arautzen duten oinarrizko irizpideak eta kirol federazioekin hitzartu beharreko lankidetza-hitzarmenen testua onetsi, eta garatu beharreko jarduerari aurre egiteko gastua onesten duena.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak erabateko eskumena esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Urtarrilaren 24ko 335/1986 Errege Dekretuaren bitartez, kirolaren arloko eginkizun eta zerbitzuak eskualdatu ziren Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera. Foru Komunitateari esleitu zaizkion eginkizunetako bat, espresuki aipatua, eskolako kirol jardueraren sustapena eta antolaketa da.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 3. artikuluan jasotzen da zer helburu dituen Nafarroako administrazio publikoen kirol politikak; horien artean, hauek nabarmentzen dira:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten. Lehentasuna emanen zaio guztientzako kirola sustatzeari, arreta berezia jarriz aisia betetzeko jarduera fisikoetan eta kirol jardueretan, kirola modu jarraian josteta eta jolaserako eta osasuna hobetzeko egin ahal izateko.

b) Begiratzea gehienik adingabeentzakoak edo adingabeek parte hartzekoak diren kirol jarduerak pertsonaren garapen harmonikoa eta orekatua lortzeko helburuarekin egin eta haurraren edo gaztearen gorpuzkera, gaitasun eta hezkuntza premien araberakoak izan daitezen. Gorputz eta kirol hezkuntza bultzatu, ezarri eta garatuko da maila, gradu eta hezkuntza modalitate guztietan, n, eta kirola eskola adinean sustatuko da, josteta edo lehia xede duen ariketa fisikoa eta kirol jarduera sustatuz.

c) Oinarrizko kirola eskola garaitik sustatzea beste edozein kirol jardueraren gainetik, hori baita gakoa Nafarroako kirola maila guztietan gara dadin.

Orobat, aipatu foru legearen 6.2.g artikuluan ageri denez, Foru Komunitateko kirol administrazioaren eskumena da Nafarroako kirol txapelketa ofizialak antolatzea nahitaezko eskolaldian dauden kirolarientzat, edo haiek antolatzeko baimena ematea; eta 14.1 artikuluan, berriz, ezartzen da ezen Nafarroako Foru Komunitatearen betebeharra dela eskola-umeentzako kirola sustatzeko programak egitea, lankidetzan jardunez toki entitateekin, Nafarroako kirol entitateekin eta, hala balegokio, beste entitate publiko edo pribatu batzuekin, hala nola kirol federazioekin.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Kirol Jokoen Programa antolatzen eta arautzen du Nafarroako Foru Administrazioak, eskola-umeentzako kirola sustatzeko eta kirol eta kategoria bakoitzean Nafarroako txapeldunak nor izanen diren erabakitzeko, eta Nafarroako txapelketa ofizial bakarra da adin horietako umeentzat.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak ezartzen du Nafarroako Gobernuari kirol arloan dagozkion eskumenak erakunde autonomo horrek gauzatuko dituela, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko titularraren planifikazioaren, zuzendaritzaren eta babesaren pean, eta estatutuek berek ezartzen duten irispidearekin.

Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunen artean dago ondokoa: Nafarroako kirol federazioak eta, hala badagokio, Nafarroako beste kirol entitate batzuk koordinatu eta babestea eskuordetu zaizkien eginkizun publikoak betetzen ari direnean, haien jarduera pribatua ezertan eragotzi gabe. Kirola Sustatzeko Atalaren eginkizunak dira, orobat, Nafarroako Kirol Jokoak bultzatzea, koordinatzea, kudeatzea eta gainbegiratzea, gehienbat eskola-umeentzako kirol programa gisa, kirolaren balio hezitzaileak sustatuz, genero berdintasuna, kirol inklusiboa eta kiroltasuna bereziki, elkarlanean jardunez Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin, eta, halaber, eskola-umeek kirol jarduerak egin ditzatela sustatu eta bultzatzea.

Azken hogeita hamabi ikasturteetan, “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko kirol programa garatu da: Nafarroako biztanleei zuzendutako eskaintza bateratua da kimu, haur, kadete eta gazte kategorietarako. Programa horretan, parte-hartze librea bermatu da beti, eta haren antolaketan Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin elkarlanean aritzen dira Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzen duten modalitateetako Nafarroako kirol federazioak.

Azaldutakoak kontuan harturik, bidezko da Nafarroako XXXIII. Kirol Jokoetarako deialdia egitea eta joko horiek arautzeko oinarrizko irizpide orokorrak finkatzea, parte-hartzaileek eskola denboratik kanpo kimu, haur, kadete eta gazte kategorietan oro har egiten dituzten kirol jarduerak batuz eta Nafarroako Foru Komunitateko txapelketa ofizial gisa bateratuz. Aurreko edizioetan halaxe egin da, eta oinarrizko esparrua finkaturik dago dagoeneko. Hala, joko hauetan egiten dena kirola denez gero, kirol federazioek hartu behar dute parte, esleituak dituzten eginkizunak betez.

Nafarroako Kirol Jokoen deialdia egitea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuari dagokio, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bidez, Nafarroako kirol federazioekin eta toki entitateekin batera.

Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak urte anitzeko gastua onetsi du. Hori horrela, bidezkoa da 1.187.580,57 euroko gastua baimentzea, Nafarroako XXXIII. Kirol Jokoen antolamendu gastuei aurre egiteko. Zenbateko oso horretatik, 371.560 euro 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002-A5110-2269-336102 partidaren kargura izanen dira. Horietatik, 110.000 euroko kontabilitate-erreserba egin da autobus garraiorako, eta 12.000 euro, istripu-aseguruaren poliza kontratatzeko. Geratzen diren 816.020,57 euroak Nafarroako Gobernuaren 2020rako aurrekontuen “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002-A5110-2269-336102 partidaren edo partida baliokidearen kargura izanen dira. Horietatik, dagoeneko 230.000 euroko kontabilitate-erreserba egin da autobus garraiorako, eta beste 23.320,57 euro, garaikurren, dominen eta txapelen hornidura-kontraturako.

Halaber, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuaren 2020rako aurrekontuen “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002-A5110-2269-336102 partida ekonomikoan edo sortzen den partida baliokidean honako erreserba hauek kontabilizatzea: 5.000 euro Nafarroako Kirol Jokoen finalen zuzeneko emanaldietarako; 1.000 euro NKJen memoriaren edizio digitalerako; eta 3.000 euro NKJen programaren logoak inprimatzeko.

Arestian azaldutakoa dela-eta, proposamena egiten da hasiera batez 803.260 euroko erreserba egiteko, kirol federazioen antolamendu gastuei aurre egiteko. Horietatik 249.560 euro 2019. urteari dagozkio, eta 553.700 euro 2020. urteari.

Bidezkoa da, halaber, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eta jokoetan parte hartzen duten Nafarroako kirol federazioek izenpetu beharreko akordioen testua onestea (eranskinean ageri da).

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako XXXIII. Kirol Jokoen deialdia onestea, baita txapelketa arautzen duten oinarrizko irizpideak ere, ebazpen honen I. eranskinean azaltzen den araudiarekin bat, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

2. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak eta jokoetan parte hartzen duten Nafarroako kirol federazioek izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmenaren testua onestea (II. eranskina).

3. Guztira, 1.187.580,57 euroko gastua baimentzea Nafarroako XXXIII. Kirol Jokoen antolaketa gastuei aurre egiteko; horietatik 371.560 euro 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Nafarroako Kirol Jokoak” izeneko A50002 A5110 2269 336102 partida ekonomikoaren kargura izanen dira, eta 816.020,57 euro 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu bererako gaituko den partida baliokidearen kargura.

4. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

5. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Aditzera ematen da ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren kontra bidezkoa dela gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau igortzea Kirola Sustatzeko Atalera, Kirolaren Zuzendariordetzara, Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 29an.–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ordezko gisa, hura kanpoan baita (abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren 11.2 artikuluak esleitutako eskumena erabiliz), Kirolaren zuzendariordea, Primitivo Sánchez Sanz.

I. ERANSKINA

XXXIII. Kirol Jokoen araudia

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bitartez, Nafarroako XXXIII. Kirol Jokoetarako deialdia egin du 2019-2020 ikasturterako. Jokoak ondoko oinarrietako arau orokorrei jarraituz arautuko dira:

1.–Eremua.

Nafarroako Kirol Jokoak (aurrerantzean, NKJ) deialdi honetan sartutako kirol eta kategorietako Nafarroako txapeldunak nor diren erabakitzeko Nafarroako txapelketa ofizial bakarra dira. Adin horietako haurrei Nafarroako kirol federazioetatik beste edozein jarduera eskaintzeko, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren (hemendik aitzina, NKGI) oniritzia beharko da.

NKJen programa Nafarroako Foru Komunitatean eginen da, eta, oro har, larunbat goizetan.

2.–Parte-hartzea.

NKJen programan Nafarroan eskolaturik dauden edo bertan bizi diren kirolari guztiek hartzen ahalko dute parte, baldin eta Nafarroako Kirolaren Erregistroan (Kirol Entitateen Atala) inskribatuta dagoen kirol klub bateko kideak badira. Adinaren arabera, kategoria hauetan sailkatuko dira:

–“Ki” Kimua: 11-12 urte. 2008-2009an jaiotakoak.

–“H” Haurra: 13-14 urte. 2006-2007an jaiotakoak.

–“K” Kadetea: 15-16 urte. 2004-2005ean jaiotakoak.

–“G” Gaztea: 17-18 urte. 2002-2003an jaiotakoak.

Aipatu adin eta kategoriak kirol modalitateen ezaugarrien eta arauen arabera aldatzen ahal dira, betiere NKGIri jakinarazten bazaio eta haren oniritzia jasotzen badu.

8, 9 eta 10 urteko umeen benjamin kategoria gehitzen ahalko da (2010ean, 2011n eta 2012an jaiotakoak), baldin eta kirol-hasierako proiektu bat aurkezten bada, parte-hartzaileen garapen pertsonal eta sozialean oinarritutakoa, NKJen araudiak kategoria horretarako ezartzen dituen helburu espezifikoekin bat etorriz. Kategoria horretako jarduerak eremuka antolatuko dira, hurbiltasun geografikoaren arabera. Hortaz, ez da joan-etorrietarako gasturik aurreikusi. Salbuespen gisa, autobusez programatutako joan-etorriak erabil daitezke, baldin eta horrek ez badakar aldaketarik programazioan eta kostua handitzerik ere ez badakar. Kategoria honetan ez da argitaratuko emaitzarik, ezta sailkapenik ere.

Oro har, NKJek ez dute inolako kategoriarik aurreikusten 2012. urteaz geroztik jaiotakoentzat.

NKGIk bere gain har dezake federazioak baimenak edo lizentziak emateko duen eskumena, baldin eta kirol federazioek, beren arautegi teknikoetan oinarriturik, eragozten badute arau honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituzten kirolari eskatzaileek izena ematea.

Filialtasun hitzarmenak dituzten klubek aukera izanen dute beren taldeekin kategoria/talde berean parte hartzeko eta elkarren aurka jokatzeko, betiere eremu geografiko bereko kategorian talde bat baino gehiago ez badago. Hala ere, gertatuko balitz talde/kategoria berean egotea, jokoan modu independentean funtzionatuko dute, eta, hortaz, klub babesleak ezin izanen ditu klub filialeko jokalariak bere taldeko zerrendan sartu txapelketan zehar. Dagokion kirol federazioak horren berri emanen dio NKGIri, eta bi taldeetako jokalarien zerrendak kontrolatuko ditu: talde filialekoa eta talde babeslekoa.

Araudi orokorraren puntu honetan jaso ez diren alderdietan, kasuan kasuko kirol federazioen arautegi teknikoei jarraituko zaie.

Nafarroako Kirol Jokoen modalitate desberdinak zabaldu eta ezagutzera emateko, antolakuntzak, kirol jarduerak egiten diren bitartean, bideo grabaketak edo argazkiak egiteko beharrezkoak diren baliabideak jartzen ahalko ditu, eta ondoren NKGIren webgunean argitaratzen ahalko dira. Nafarroako Kirol Jokoetarako inskripzioa egitean, kirol federazioek idatziz eskatu beharko dute parte-hartzaileen irudiak hartu eta zabaltzeko berariazko baimena.

3.–Helburuak:

a) Aukera ematea Nafarroako herritar guztiei deialdiko kategorietan eta modalitateetan kirola egiteko, eta hezibiderako izaera eta kirolaren balioen sustapena nabarmentzea, zeinak kiroltasunaz arduratzen diren pertsonek koordinatuko baitituzte.

b) Kirol jarduera inklusiboa bultzatzea, parte-hartzaileak baztertu gabe sexua, etnia, ideologia, sexu orientazioa, dibertsitate funtzional edo kognitiboa, erlijioa eta errendimendu maila dela eta.

c) Kirol jarduera fisiko anitzak eskaintzea, emakumeen kirola sustatzen dutenak eta berdintasun irizpideekin antolatzen direnak.

d) Gutxi errotutako kirol edo josteta modalitateak bultzatzea adin horietan.

e) Joko garbi, errespetu, inklusio, berdintasun, hobekuntza eta lagunartekotasunaren portaerak eta keinuak sustatzea eta saritzea.

Kirol federazioek 8, 9 eta 10 urteko haurrentzako proiektuak, kirolean hastekoak, aurkezten ahalko dituzte, betebehar hauekin:

–Mugimendu egoera berriei erreparatzea eta mugimendurako oinarrizko trebeziak garatzea.

–Abilezia sozialak eta kirolaren balioak garatzea, hala nola errespetua, zintzotasuna, joko garbia, lagunartekotasuna eta hobetu nahia.

–Kirolaren alderdi ludikoa sustatzea, ahaleginari garrantzi handiagoa emanez emaitzari baino.

Proposatzen diren helburuak kontuan harturik, joko-arauak egokitzea proposatzen da (espazioa, denbora, kideen edo aurkarien kopurua, materiala, arauak), eta kirolaren balioak, alderdi ludikoa, berdintasunean parte-hartzea eta ekitatea sustatzeko jarduerak ezartzea. Jardueren garapenak bidea emanen du joko garbiaren eta kiroltasunaren agerraldiak atzemateko.

4.–Antolaketa.

a) Alderdi orokorrak:

Nafarroako Kirol Jokoen antolaketa NKGIri dagokio, eta horrek Nafarroako kirol federazioen esku uzten du antolaketa orokorra.

Nafarroako Kirol Jokoen programa alda daiteke deialdian ezarritako kategoriei dagokienez, hasieran programatutako txapelketaren iraupenari dagokionez, jardunaldi kopuruari dagokionez edo, federazioekin Nafarroako XXXIII. Kirol Jokoetarako konprometituriko aurrekontu kredituaren arabera, finkatzen diren gastuen beste kontzeptu batzuei dagokienez, NKGIri jakinarazi eta horrek baimendu ondoren.

Programan parte hartzen duten kirol federazioek, txapelketa hasi baino 15 egun lehenago, garatu beharreko kirol proiektu behin betikoa aurkeztu beharko dute, honako hauek zehazten dituena: programaren helburuak, kiroltasunaz arduratzen den pertsona, arautegi teknikoa, txapelketaren araudia, inskripzio prozedurak, txapelketaren edo kirol jardueraren egutegia, hori guztia kirol kategorien edo espezialitateen arabera. Jardunaldi guztiak NKJen XXXIII. edizioari dagokion aldian egin behar dira.

NKGIri finalen berri emanen zaio posta elektronikoz, jdn@navarra.es helbidera idatzita. Jakinarazi beharko da jardueraren egutegian, arautegian edo kirol programan egiten den edozein aldaketa, eta NKGIren oniritzia izan beharko du.

Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuari jarraituz (uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatua), adingabeekin lotura duten langile guztiek, NKJen programa gauzatzeko lanak egiten badituzte, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan behar dute.

Kirol federazioek ezarriko dituzte NKJen programan parte hartzeko inskripzio prozedurak, behar den gaikuntzaren bidez. Kirol federazio bakoitzak ezarriko du prozedura. Kirol federazioak, inskripzioa egiteko epea ireki baino lehen, ezarritako prozedura zein den esan beharko du. Beharrezkoa izanen da NKGIren oniritzia.

Inskripzioen zenbatekoak ez dira izanen NJKen araudiak ezartzen dituenak baino handiagoak. Arau honen salbuespenik balego, aldez aurretik eskatu beharko litzateke, eta NKGIko Kirolaren Zuzendariordetzaren baimena eskuratu.

Kirolen egutegi bat erantsi da, bakoitzean parte hartzeko baldintza bereziak azalduta: inskribatzeko epea, jokalarien kopurua eta gordailuak.

NKJei buruzko informazio eta jakinarazpen orotan, programaren logotipoak erabiliko dira, eta antolatzaileak eta kolaboratzaileak zein diren adieraziko da.

Programan parte hartzen duten Nafarroako kirol federazioek konpromisoa hartzen dute Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak zehaztutako marka erabiltzeko paperetan, karteletan, hedabideetan eta/edo publizitateko euskarrietan eta instalazioetan, Nafarroako Kirol Jokoen programari erreferentzia eginez betiere, batez ere finalak jokatzen direnean.

Parte hartzen duten kirol federazioek azken faseetan kirol egokituak egoten lagundu beharko dute.

Nafarroako Administrazio Publikoetan Nafarroako bertako hizkuntzen erabilera arautzen duen indarreko araudiari eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onetsi zituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuari jarraituz, pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, kirol federazioek bermatuko dute euskara komunikazio guztietan agertzen dela: paperak, inskripzio-orriak, kartelak, hedabideak, megafonia eta publizitate logoak.

Era berean, komunikazio eta kudeaketa guztietan hizkera inklusiboa eta genero ikuspegia erabiliko dira.

b) Batzordeak:

–Antolaketa Batzordea: batzorde bakar bat izanen da kirol guztietarako. Kide hauek izanen ditu:

  • NKGIko lau ordezkari: Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirolaren Zuzendariordetzako 2 teknikari.
  • Kirol federazioen bi ordezkari: bata bakarkako kirolak ordezkatuz, eta bestea taldekako kirolak ordezkatuz. Bi ordezkari horiek kirol federazioek beraiek proposatuko dituzte.
  • Toki entitateen ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatua.

Besteak beste, eginkizun hauek izanen dituzte:

  • NKJen antolaketa orokorra begiratzea.
  • Jokoen araudia prestatzen laguntzea.
  • NKJen antolamenduaren alderdi orokorrei buruzko erabakiak hartzea.

–Jarraipen Batzordea: kirol modalitate bakoitzerako Jarraipen Batzorde bat eratuko da. Honako hauek egonen dira haietako bakoitzean: NKGIko hiru ordezkari (Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Kirol Jokoen Bulegoko burua eta Kirolaren Zuzendariordetzako teknikari bat), eta kasuan kasuko kirol federazioaren bi ordezkari.

Jarraipen Batzordeek ondoko eginkizunak izanen dituzte, besteak beste:

  • Kirol modalitate bakoitzaren antolaketa orokorra, garapena eta ebaluazioa begiratzea, baita txapelketa sistema, arautegi teknikoa eta diziplinakoa onestea ere, adinari egokituak eta kirol federazioek proposatuak, eta kiroltasunez jarduten dela eta hura programan aintzat hartzen dela bermatzea.
  • Laguntzaileak izendatzea programa ikuskatu eta jarraipena egiteko, baita hobetzeko proposamenak mahairatu eta argibideak emateko ere. Jarraipen Batzordea eta laguntzaileak baimenduak egonen dira, eta gaitasuna izanen dute NKJen helburuak eta kirolaren balioak betetzen diren begiratzeko.
  • Jarduera egitean diziplinaren kontra gertatzen ahal diren salbuespenezko ekintzak aztertzea, eta, komenigarri baderitzote, kasu horietan izan litezkeen kirol zehapenak betetzeko alternatibak proposatzea diziplina batzordeei.
  • Joan-etorriak direla-eta, partidak jokaleku neutral batean joka daitezela baimentzea.
  • Sortzen diren arazo nagusiak konpontzea, programa behar bezala eta kalitate hoberenarekin egin dadin.

c) Lekualdatzeak:

Kirol modalitate bakoitzaren berariazko ezaugarri eta inguruabarretara egokitutako joan-etorrien sistema bat zehaztuko da, eta horren berri emanen zaie parte-hartzaileei kirol federazioen bitartez, inskripzioa egiten dutenean.

Hauek dira joan-etorrietarako arau aipagarrienak:

1) Talde bakoitzeko, adin nagusiko arduradun bat bederen egonen da joan-etorria hasten denetik bukatu arte, klubak baimendua.

2) Kluba/Taldea behartuta dago, astero, joan-etorrietarako ezarritako planaren berri jasotzera, ezartzen diren baliabideak erabiliz.

3) Parte-hartzaileak bidaiaren plana betetzera behartuta daude.

4) Antolakundeak programatutako garraioa erabili behar ez duten taldeek kasuan kasuko kirol federazioari jakinarazi beharko diote, partida eguna zehaztu baino bost egun lehenago, gutxienez. Antolakundeak programatutako garraioa izanez gero, taldeek hori erabiliko dute bai joateko bai itzultzeko.

5) Ibilgailu partikularretan egindako joan-etorrietako kalte-ordainak emanen dira, bakar-bakarrik, garraio antolatuaren programazio orokorrean sartzerik ez dagoen kasuetan.

6) Alde horretatik, joan-etorrien araudia betetzen ez duen taldeak bere gain hartu beharko du erabili ez duen joan-etorri programatuaren gastu proportzionala, hala gertatzen den lehen aldian. Berriz gertatuz gero, bigarrenean, joan-etorri programatuaren gastu proportzionala bere gain hartzeaz gainera, garraio antolatua erabiltzeko eskubidea galduko du.

Honako hau da araudia ez betetzea:

–Bidaien programazioa argitaratu ondoren jakinaraztea garraioa ez duela erabili behar, bidezko arrazoiren bat izan ezean.

–Joateko autobusa erabiltzea, baina itzultzekoa ez.

–Programatutako bidaiaren autobusa ez erabiltzea, behar bezala jakinarazi gabe.

Salbuespenez, joan-etorrien araudiaren urraketa dela-eta alegatzen diren arrazoiak baloratzen ahal ditu Jarraipen Batzordeak.

Ibilgailu partikularretan egiten diren joan-etorrien kasuan, 0,12 euro ordainduko dira kilometroko, joan-etorria 30 kilometro baino luzeagoa bada, eta, bakar-bakarrik, baimentzen diren kirol modalitateetarako.

Ez dira sartzen arbitroen eta teknikarien edo kirol federazioko kargudunen joan-etorrietako gastuak. NKGIk antolatutako garraio zerbitzua erabiltzen ahalko dute aurrez eskatuta, betiere tokia baldin badago.

d) Instalazioak:

Kirol instalazioek kasuan kasuko kirol modalitatea egiteko behar diren ezaugarriak izan beharko dituzte.

Parte hartzen duten entitate guztiek lagunduko dute programan, hura garatzeko behar diren instalazioen erabilera erraztuz.

Parte hartzen duten taldeen eta kirolarien erantzukizuna izanen da instalazioak behar bezala erabiltzea.

e) Osasun Laguntza eta Aseguruak:

NKJetako kirol modalitate guztietako parte-hartzaileek kirol praktika horren ondorioz osasun laguntza behar izanez gero, norberak duen osasun asegurura jo beharko du, oro har.

Gizarte Segurantzakoak diren kirolariek kirol praktika horren ondorioz osasun laguntza behar izanez gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak emanen die (maiatzaren 15eko 65/2003 Foru Agindua).

Aseguru erregimen bereziren batekoak (MUFACE, MUGEJU, ISFAS eta beste batzuk) diren kirolarien osasun laguntzari dagokionez, parte-hartzaileek egiaztatu beharko dute beren polizak osasun laguntza emanen diela kirol arloko istripuren bat edukitzen badute. Beren polizak ez badu osasun laguntzarik ematen, kontratatu beharko dute egokien iruditzen zaien moduan.

NKJak arautzen dituen araudi honetan ezarritako osasun laguntzak eta istripu-aseguruak Nafarroako Kirol Jokoen parte-hartzea estaltzen dute bakarrik. NKJetan parte hartzen duten kirolariek beste lehiaketa batzuetan parte hartzen badute, parte-hartzaileek osasun laguntzaren eta kirol arloko istripuen gastuak estaltzen dituen aseguru bat eduki beharko dute.

Osasun laguntzarako metodologia.

Ospitaleetako arreta zerbitzuen aurre-fakturazioak saihesteko, honako arau hauek bete beharko dira:

1. Kirol praktikaren ondorioz ospitale zerbitzuak erabiltzen dituzten parte-hartzaileek, osasun zentrora iristen direnean, frogatu beharko dute NKJetako parte-hartzaile direla, inskripzio-orria edo kirol federazioak parte hartzeko aurkeztu duen gaikuntza erakutsiz.

2. Kirol federazioek laukitxo bat jarriko dute inskripzio-orrian, kirolariaren aseguru mota adierazi ahal izateko (Gizarte Segurantza, MUFACE, etab.).

3. Kirol federazioek zuzeneko sarbide bat izanen dute beren webgunearen hasierako pantailan, NKJetako osasun laguntzaren berri emateko. Toki horretan argi eta garbi adieraziko da NKJetako parte-hartzaileek zer egin behar duten istripua izanez gero.

4. Kirol federazioek emanen diete klubei, eta klubek parte-hartzaileei, araudi honetan biltzen den osasun laguntzaren prozeduraren berri.

NKGIk istripuetarako aseguru-poliza bat kontratatuko du, heriotza eta/edo istripuaren ondoriozko galera anatomikoak zein funtzionalak babesteko. Programatutako jardueraren ondoriozko erantzukizun zibila sartuta dago Nafarroako Gobernuak ezarritako erantzukizun zibilaren estaldura orokorrean (Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen 67. artikulua).

f) Garaikurrak, dominak, txapelak eta aitortzak:

NKGIk proposatuko du zenbat eta nolako garaikur, domina, txapel eta aitortza emanen diren NKJetako finaletan, baita protokoloa eta haien berariazko dekorazioa ere. Kirol federazioek zenbat behar dituzten eskatuko diote NKGIri posta elektroniko bidez (jdn@navarra.es) eta ezarritako ereduari jarraituz, haiek eman baino 20 egun lehenago.

Oro har, taldekako modalitateetan/espezialitateetan lehenbiziko kategoriako lehenbiziko hiru talde sailkatuei emanen zaizkie garaikurrak eta dominak. Salbuespen kasuetan, NKGIk baimena emanez gero, laugarren sailkatutako taldeei ere ematen ahalko zaizkie garaikurrak eta dominak. Banakako modalitateetan/espezialitateetan, kategoria eta modalitate bakoitzeko lehenbiziko hiru kirolari sailkatuei emanen zaizkie dominak. Salbuespen kasuetan, NKGIk baimena emanez gero, laugarren sailkatutako kirolariei ere ematen ahalko zaizkie garaikurrak eta dominak. Orobat, kontuan hartuko da kirol modalitate batzuetan, hau da, pilotan, txirrindularitzan, herri kiroletan eta beste batzuetan, irabazleei aurrekoak ez bezalako berariazko jantziak ematen zaizkiela (txapelak...). Arbitroek eta epaileek jasotzen ahal dituzte kirol proben akta eta erregistro-agirietan eredugarritzat jotzen dituzten kiroltasun keinuak.

g) Kirol diziplina:

NKJak direla-eta, kirol federazio bakoitzean kirol arloko arau-hausteez arduratzen den batzordeak jartzen dituen zehapenak hezkuntzako eta prebentzioko irizpideak kontuan hartuz ezarriko dira; izan ere, programa honen garapenean eta antolaketan, heziketa eta prestakuntza dira oinarri.

Zehapenak ez dira inoiz ekonomikoak izanen, salbu eta aztertutako falta edo arau-hausteak eragindako gastuak konpentsatu behar direnean, kasu horretan zehapenaren dirua sortutako kalteak ordaintzeko bideratuko baita.

h) Kirol programa:

Modalitateak/Espezialitateak:

1. Urpeko jarduerak (igeriketa hegalekin).

2. Xakea.

3. Atletismoa (krosa eta pista).

4. Automobilismoa (karting-a).

5. Badmintona.

6. Saskibaloia.

7. Eskubaloia.

8. Beisbola (beisbola eta sofbola).

9. Txirrindularitza (BTT, errepidea eta pista).

10. Kirol egokituak.

11. Neguko kirolak (iraupen-eskia).

12. Mendiko kirolak eta eskalada (orientazioa, ibilaldi arautuak eta eskalada).

13. Eskrima (floretea, ezpata).

14. Futbola (zelaiko futbola, aretoko futbola).

15. Gimnastika (NGA, GGA, GE).

16. Golfa (Pich and Putt eta zelaikoa).

17. Halterofilia.

18. Herri kirolak (proba konbinatua, sokatira eta trontza).

19. Hipika (heziera klasikoa).

20. Judoa eta gisako kirolak.

21. Karatea (kumitea eta kata).

22. Kick-Boxing-a (Kick Light-a).

23. Igeriketa (igeriketa, waterpoloa eta igeriketa sinkronizatua).

24. Padela.

25. Irristaketa (abiadura, artistikoa eta hockeya).

26. Pilota (esku-pilota, zesta-punta, erremontea, gomazko paleta, larruzko paleta, pala motza, trinketea, frontballa eta frontenisa).

27. Piraguismoa (kayaka eta kanoa).

28. Arraunketa (iolak eta arraunketa olinpiarra).

29. Errugbia.

30. Taekwondoa (borroka eta poomsae teknika).

31. Tenisa.

32. Mahai-tenisa.

33. Arku-tiroa (aretoa eta aire zabala).

34. Triatloia (triatloia, duatloia, akuatloia).

35. Bela (optimist eta laser klaseak).

36. Boleibola.

NKGIko Kirolaren Zuzendariordetzak NKJen kirol modalitateak aldatzen ahalko ditu, hartarako inguruabarrak gertatzen direnean.

Nafarroako XXXIII. Kirol Jokoen jarduerak 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean garatuko dira, betiere egutegia kirol modalitate bakoitzaren ezaugarrietara egokituta.

KIROL MODALITATEAK

INSKRIPZIO EPEA

IZENA EMAN DUTEN JOKALARIEN

GUTXIENEKO ETA GEHIENEKO KOPURUA

AKTAN AZALTZEN DIREN JOKALARIEN GEHIENEKO KOPURUA

GORDAILUA

EGUTEGIA

Urpeko jarduerak

Proba baino 7 egun lehenago

urtarrila-maiatza

Xakea (taldea)

Federazioaren arabera

4 edo gehiago

4

30 euro

urria-maiatza

Xakea (banakakoa)

Federazioaren arabera

urtarrila-maiatza

Automobilismoa (kartinga)

Egutegiaren arabera

Zirkuituaren edukieraren arabera

iraila-abuztua

Atletismoa (krosa)

Federazioaren arabera

azaroa-otsaila

Atletismoa (pista)

Federazioaren arabera

azaroa-ekaina

Badmintona

Proba baino 10 egun lehenago

otsaila-apirila

Saskibaloia 5x5

Urriaren 8a arte

8-15

12-15

90 euro

urria-maiatza

Eskubaloia

Irailaren 11 arte

12-18

16

90 euro; 180 euro 3 talde edo gehiago

urria-maiatza

Beisbola

Irailaren 25a arte

12-18

12

60 euro

urria-ekaina

Txirrindularitza

Probaren aurreko osteguna baino lehenago

iraila-abuztua

Kirol egokituak

Federazioaren arabera

urria-maiatza

Neguko kirolak

Proba baino 10 egun lehenago

otsaila-apirila

Mendiko kirolak

Proba baino 5 egun lehenago

azaroa-maiatza

Eskrima (ezpata eta floretea)

Lehiaketa egunera arte

urria-ekaina

Areto-futbola

Irailaren 21a arte

8-15

12

90 euro

urria-maiatza

Zelaiko futbola

Abuztuaren 24a arte

16-25

16

90 euro

urria-maiatza

Emakumezkoen 8ko futbola

Irailaren 5a arte

10-18

14

90 euro

urria-maiatza

Gimnastika (denak)

Federazioaren arabera

urria-ekaina

Golfa

Proba baino 4 egun lehenago

otsaila-ekaina

Herri kirolak

Federazioaren arabera

10-16

10

90 euro

martxoa-maiatza

Hockeya

Federazioaren arabera

5-15

10

iraila-ekaina

Hipika

Proba baino 10 egun lehenago

urria-ekaina

Judoa eta gisako kirolak

Proba baino 10 egun lehenago

otsaila-maiatza

Karatea

Proba baino 10 egun lehenago

urria-maiatza

Kick-boxing-a (kick light-a)

Egutegiaren arabera

iraila-abuztua

Igeriketa

Proba baino 7 egun lehenago

urria-maiatza

Igeriketa - Waterpoloa

Araudiaren arabera

20

13

otsaila-ekaina

Padela

Proba baino 10 egun lehenago

iraila-abuztua

Irristaketa

Egutegiaren eta modalitatearen arabera

iraila-abuztua

Pilota 36 m-ko frontoian (eskuz banaka)

Abuztuaren 19a arte

iraila-abendua

Pilota 36 m-ko frontoian (eskuz binaka)

Irailaren 28a arte

iraila-maiatza

Pilota 36 m-ko frontoian (erreminta)

Larruzko paleta, gomazko pilota eta pala motza

Irailaren 14a arte

iraila-maiatza

Pilota 54 m-ko frontoian, zesta-punta, erremontea

Irailaren 14a arte

iraila-maiatza

Pilota trinketean eskuz, gomazko pilota,

larruzko pilota, xarea

Irailaren 14a arte

iraila-maiatza

Pilota 30 m-ko frontoian

Gomazko pilota, gizonezkoak eskuz banaka, emakumezkoak bikoteka, frontenis mistoa

Urtarrilaren 13a arte

urtarrila-maiatza

Piraguismoa

Proba baino 10 egun lehenago

urria-iraila

Arraunketa

Federazioaren arabera

iraila-abuztua

Errugbia

Federazioaren arabera

iraila-ekaina

Taekwondoa

Federazioaren arabera

azaroa-apirila

Tenisa

Urtarrilaren 28a arte

H 3-8/K 4-8

30 euro

urtarrila-maiatza

Mahaiko tenisa (taldeak)

Federazioaren arabera

3-6

iraila-ekaina

Mahaiko tenisa (banakakoa)

Federazioaren arabera

iraila-ekaina

Triatloia

Proba baino 10 egun lehenago

iraila-abuztua

Duatloia

Proba baino 10 egun lehenago

iraila-abuztua

Arku-tiroa

Proba baino 10 egun lehenago

iraila-abuztua

Bela

Proba baino 10 egun lehenago

uztaila-iraila

Boleibola

Federazioaren arabera

8-14

12

azaroa-ekaina

Dagokion kirol federazioak talde batean jokalari gehiagok izena ematea baimentzen ahalko du, klubak ezin badu kirolaria sartu parte-hartzailearen adinari dagokion kategoriako beste talde batean.

Borrokaren Nafarroako Federazioa eratzen ari da, eta programan sartzea eskatzeko asmoa duela adierazi du. Gainera, badago kirol federazioren bat, dagoeneko NKJen programaren barnean dagoena eta modalitate edo kategoria berriren bat sartzea eskatzeko asmoa duena. Behin proiektua aurkeztu eta aztertutakoan, NKJen programan sartzen ahalko da proiektua, Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritziarekin, zehazten diren baldintzetan.

i) Izen-emateak:

Klubek eginen dituzte inskripzioak, bakoitzak bere kirol federazioan, horretarako ezarritako prozedurak kontuan hartuta, xede horretarako prestatutako inprimakien datu guztiak beteta eta kirol federazioei NKJetan parte hartzeko gaikuntzak lortzeko diru-kopurua ordainduta. NKJetan izena emateak bidea ematen du programan kirolari, delegatu, kiroltasun-arduradun, entrenatzaile edo arbitro aritzeko. Horregatik behar-beharrezkoa da klub bakoitzak inskripzioetan jartzea delegatuen, kiroltasun-arduradunen eta entrenatzaileen izenak eta datuak.

Talde mistoek parte hartzen ahalko dute, hala komeni bada. Gazte kategorian, beharrezkoa izanen da NKGIko Kirolaren Zuzendariordetzaren eskaera eta oniritzia, aurrez NKJen Antolaketa Batzordearen balorazioa jasota.

Era berean, desgaitasunen bat duten eskola-umeek aukera izanen dute adinez dagokien kategoria baino beheragoko batean parte hartzeko, baldin eta horrek dena delako txapelketara egokitzen eta hartan parte hartzen laguntzen badu; horretarako, aurrez eskaera egin beharko da, Antolaketa Batzordeak balorazioa egin beharko du eta NKGIk baimena eman beharko du.

NKGIk NKJetan izena emateko baldintzak betetzen ez dituzten kirolariek parte hartzea baimentzen ahalko du, baldin eta horien klubak, Nafarroakoak izanda ere, beste autonomia erkidego batzuekiko eskualde mugakideetan badaude eta, horrela, horiek parte hartzen laguntzen bada. Dagokion federazioak egoera horretan dauden jokalarien zerrenda eta jokalari horien osasun laguntzaren eta istripuen asegurua jakinarazi beharko dizkio NKGIri.

Kimu eta haur kategorietan, kirolariek parte hartzen ahalko dute adinaren arabera dagokien kategoria ez den batean, beraiek baino urte bat zaharragoak direnen kategorian, hain zuzen, baldin eta klubak ezin baditu kirolari horiek sartu haien adinari dagokion talde batean. Klubaren eskaerarekin batera, idazki sinatu bat aurkeztu beharko da, taldeak edozein sailkapenetan sartzeari berariaz uko egiten diola adierazten duena. Joko-eremuan ezin izanen da adin handiagoko jokalari bat baino gehiago egon aldi berean.

Parte-hartzaileei dagozkien kategorian eta adinean emanen da izena Nafarroako Kirol Jokoetan. Kirol maila bikaina duten taldeek urte bat zaharragoak diren parte-hartzaileen lehiaketa talde batean izena ematea eskatzen ahalko dute, baldin eta aurreko denboraldiari dagokion txapelketan lehenbiziko hiru sailkatuen artean egon badira. Eskaera dagokion federazioari eginen zaio, NKGIko Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritziarekin.

NKJen programan sartutako modalitateetan parte hartzen duten haur eta kadete kategorietako taldeetako entrenatzaileek frogatu beharko dute inskripzioa egitean hasierako mailako ikastaroa behintzat egina dutela. Ezinezkoa bada, entrenatzaile tituludun baten babesaren pean egon beharko dute, eta NKJen XXXIII. edizioan zehar kirolean hasteko prestatzaileentzako ikastaroa egin beharko dute, gutxienez. Kirol guztietan, gomendatzen da titulurik ez duten entrenatzaileak titulua duen entrenatzaile baten babespean egotea. Prestakuntza horren frogagiria kasuan kasuko kirol federazioek egiaztatu beharko dute.

Kirol jokoetan parte hartuko dutenen entrenatzaileek Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa izan behar dute. Programan parte hartzen duten klubek egiaztatu eta gorde behar dute ziurtagiria eta kasuan kasuko kirol federazioari jakinarazi beharko diote, inskripzioa egiten den une berean. Ez da onartuko taldeak izena ematea, betekizun hori bete ezean.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, antolakuntzak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu bere datuen isilpeko tratamendua bermatzeko. Nafarroako Kirol Jokoetako parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen bilketaren, tratamenduaren eta lagatzearen helburua inskripzioaren kudeaketa administratibo hutsa da. Parte-hartzaileak eskubidea izanen du, une oro, datuetara jotzeko eta haiek zuzentzeko, eskaera egin zuen kirol federazioari zuzenduta.

j) Tasak eta gordailuak:

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen ondorioetarako, Nafarroako kirol federazioak elkarte gisa antolatutako entitate pribatuak dira, irabazi-asmorik gabekoak, haiei berez dagozkien eginkizunak izateaz gainera, eskuordetzaren ondorioz, Nafarroako txapelketa ofizial ez-profesionaletan parte hartzeko lizentziak edo gaikuntzak emateaz ere arduratzen direnak, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioarekin koordinatuta eta haren babespean. Kontuan harturik NKJak direla deialdi honetan agertzen diren kirol eta kategorietako Nafarroako txapeldunak erabakitzeko Nafarroako txapelketa ofizial bakarrak, eta haietan parte hartzeko beharrezkoa dela NKJetan kasuan kasuko lizentzia edo gaikuntza edukitzea, gaikuntza hori emateko tasak kirol federazioei ordaindu beharko dizkiete parte-hartzaileek (behin baizik ez).

Kirolari bakoitzak 5 euro ordainduko du NKJetan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasen kontzeptu gisa, 3 kirol jardunaldi edo gutxiago eskaintzen duten modalitateen kasuan, eta 7 euro, hiru kirol jardunaldi baino gehiago eskaintzen duten modalitateen kasuan. Tasa honek NKJetan parte hartzeko bidea ematen du, eta beste edozein kirol jarduera federatu alde batera geratuko da.

Arbitroek eta entrenatzaileek NKJetan izena emateak ez du ekarriko tasa ordaintzeko betebeharrik.

Inskripzioen zenbatekoak ez dira izanen NJKen araudiak ezartzen dituenak baino handiagoak. Arau honen salbuespenik balego, aldez aurretik eskatu beharko litzateke, eta NKGIko Kirolaren Zuzendariordetzaren oniritzia eskuratu.

Modalitate bakoitzerako inskripzio epea bukaturik, NKJen programan parte hartzen duten kirol federazioek ziurtagiri bat bidali beharko dute NKGIra, kirol bakoitzaren idazkariak sinatua eta lehendakariaren oniritzia duena. Bertan, bi datu hauek agertuko dira: guztira zenbat kirolarik hartzen duten parte, eta programan parte hartzeko gaikuntza lortzeko tasetan ordaindutako diru-zenbateko guztia.

Nafarroako Kirol Jokoen programan parte hartzen duten kirol federazioek, jarduera bukatutakoan, prozedura bera jarraituko dute NKJen araudia ez betetzeagatiko zehapen ekonomikoen ondoriozko diru-sarrerekin, halakorik baldin balitz.

Klubek ordaindu beharreko gordailuen zenbatekoak erantsi den taulan ezarritakoak dira, non ez dituen NKGIk aldatzen.

Gordailuak denboraldi osorako txapelketa-egutegi bat dagoen kirol modalitateetan eta txapelketa-koadroak deiturikoen bidez antolatzen diren modalitateetan baizik ez dira jarriko. Gordailuen helburua bikoitza da: txapelketa behar bezala garatzen dela bermatzea eta talde batek txapelketa abandonatuta txapelketa bera aldatu eta faltsutzeko bidea saihestea; eta parte-hartzaileen erantzukizunei aurre egitea. Klub batek bi talde baino gehiago baldin baditu modalitate berean, ezarritakoa halako bi ordaindu beharko du.

Arauzko zehapenen ondorioz gordailua osorik galduz gero, berehala berritu beharko da zehatutako taldeak txapelketan jarraitu ahal izateko. Txapelketa amaiturik, kirol federazioek itzulketa egitea erabaki eta gordailua itzuliko diete elkarteei, araudiari jarraituz erabakitzen diren kopuruak deskontatu ondoren.

k) Partidak:

Ez da partidarik jokatu gabe geldituko. Bi taldeak aurkezten badira eta instalazioek arauzko baldintzak eta segurantzakoak betetzen badituzte, taldeek ezin dute ezer alegatu partida ez jokatzeko. Talderen batek partida jokatzeari uko eginez gero, ez agertutzat jotzen ahalko da. Partida bakoitza hurrengoa hasteko ezarritako orduan bukatuko da, baldin eta gero beste talde batek erabili beharreko kirol eremu berean jokatzen bada.

l) Atzeratzea:

Partida bat atzeratzeko, idatziz eskatu beharko da hura jokatu baino sei egun lehenago gutxienez. Bi kluben adostasun idatzia beharko da, ordezko data, tokia, ordua eta instalazioa zehaztuta, eta kirol federazioko organo eskudunak onartu beharko du. NKGIk programatutako jardunaldi bat bertan behera utz dezake, guztiz edo zati batean, ezinbesteko arrazoiak direla eta. Halakoetan, parte-hartzaileei jakinarazi beharko die dagozkien federazioen bitartez.

Kirol federazioak parte hartzen duten klubei jakinaraziko diete zein den, eguraldi txarra bada, segituko den protokoloa.

m) Emaitzen eta gorabeheren jakinarazpena:

NKJen arautegi teknikoan arauturik ez badago, etxean jokatzen duen taldeak kasuan kasuko kirol federazioari jakinaraziko dio partidaren emaitza, jokatzen denetik gehienez ere 48 orduko epean. Epe horretan akta igorriko da, arbitro federaturik ez badago. Ez betetzeak zehapena ekarriko du, araudi hauen “g” apartatuan (Kirol diziplina) kirol modalitate bakoitzerako ezarritakoarekin bat; errepikatzen bada, txapelketatik kanporatzea ere ekar dezake.

Klubean kiroltasunaz arduratzen den pertsonak gorabeherak nahiz gatazkak jasoko ditu, bai eta izandako kiroltasun keinu eredugarriak ere, eta, gero, horien berri emanen dio, posta elektronikoz, kasuan kasuko kirol federazioko balioen delegatuari edo NKGIko Kirol Jokoen Bulegoari, helbide honetara idatzita: jdn@navarra.es.

Gorabeherak argi eta garbi kiroltasunaren aurkakoak badira edo, aitzitik, kiroltasunaren aldetik eredugarriak badira, jakinarazpen hori dena delako gertakaria izan eta gehienez ere 48 orduan eginen da.

n) Antolaketa Zerbitzuaren fakturazioa:

NKGIk jarduera aldien araberako ordainketak eginen ditu. Aldi bakoitzaren zenbatekoa zehazteko ebazpen bat emanen da, bost guztira, denbora tarte hauetarako: urria/abendua, urtarrila/otsaila, martxoa/apirila, maiatza/ekaina eta uztaila/iraila. Kudeaketa eraginkorragoa izan dadin, kirol federazioek faktura elektronikoak (FAKe) aurkeztu behar dituzte hurrengo hilaren 10a baino lehen, urria-abendua eta maiatza-ekaina aldietan izan ezik, orduan aldiko azken kirol jardunaldia eta berehala aurkeztu beharko delako. Kirol federazioren batek fakturak garaiz eta behar den moduan aurkezten ez baditu, faktura horiek ez dira sartuko aldi horretako gastuen abonurako ebazpenean. Hurrengo gastuen abonurako ebazpenean sartuko dira, programaren aurrekontu ekitaldi eta edizio bereko baldin badira.

NKGIk bere gain hartuko du egin beharreko jardueraren kostua, NKGIren eta kirol federazioaren arteko berariazko lankidetza-hitzarmenean zehazten den moduan.

Nafarroako XXXIII. Kirol Jokoetan jasotako modalitate guzti-guztietan aurreikusitako programazioa gauzatu ahal izateko, kirol federazio jakin batek aurreikusitako jarduera bukatu badu eta kirol federazio horri hasieran emandako kreditua eta programaren gastu orokorretarako esleitutakoa (garraioa, asegurua, dominak, txapelak eta aitortzak, memoria) agortu ez badu, beharrezkoa baldin bada, erabili gabeko diru kopurua programan parte hartzen duen beste edozein kirol federaziok egindako jardueraren gastuak finantzatzeko aplikatzen ahalko da, betiere kirol federazio horiek egindako gastuak hasiera batean esleitu zitzaizkienak baino handiagoak badira eta federazio horien NKJen programa garatzeko beharrezkoak diren gastuetarako bada, edo, bestela, modalitate jakin bati esleitu ezin zaizkion bestelako gastu orokorretarako. Kasu horretan, NKGIk zuzenean ordainduko dizkio zerbitzu emaileari.

Kontzeptu hauengatik eginen dira ordainketak:

–Partida edo jardunaldi arrunta antolatu eta garatzeagatik.

–Finalak antolatu eta garatzeagatik.

–Osasun zerbitzuengatik (anbulantzia, osasun langileak).

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuengatik.

–Kirolarien joan-etorriak auto partikularretan egiteagatik (baimendutako kasuetan baino ez, araudiari jarraikiz).

–NKGIrekin adostutako proiektu pilotuan parte hartzen duten federazioetan balioen delegatua izateagatik.

Joko-eremuaren barruko balioen delegatuaren figura baimendua duten kirol federazioek joko-eremuaren barruko balioen delegatu horiek, NKGIk hautatutakoak edo kirol federazioak berak NKGIren oniritziarekin hautatutakoak, egoteari dagozkion gastuak txertatu beharko dituzte fakturan.

Aparteko gastuak edo aurreikusi gabeak ordain daitezke, beharrezkoak edo ezinbestekoak badira jarduera egiteko, NKGIren oniritziarekin. Eskaera Kirolaren Zuzendariordetzari egin behar zaio erregistro bidez, gastua egin baino lehen.

Autobusean antolatutako garraioa zuzenean ordainduko die NKGIk zerbitzu hori ematen duten enpresei, zerbitzuaren lizitazio publikotik aurrera, haren emaitzaren arabera.

Garaikur eta dominen gastua zuzenean ordainduko die NKGIk zerbitzua ematen duten enpresei, hornidura esleitzen denetik aurrera, haren lizitazio publikoaren emaitzaren arabera.

NKGIk ekarpenak eginen ditu, dagokion kirol federazioak kontzeptu ezberdinengatik aldi zehatz batean egindako gastuei dagokien faktura elektronikoa (FAKe) aurkeztu eta gero.

Eranskin bat gehituko da, eta, hartan, fakturaren hurrenkera berean, ordaindu beharreko kontzeptuak zehaztu eta justifikatuko dira, honela:

–Partida edo jardunaldi arruntak antolatu eta garatzea: partida edo jardunaldi kopurua, eta partidak non eta noiz jokatu diren, programan parte hartu duten kategorien arabera, kirol federazio bakoitzaren hitzarmenean jasotako gastuei dagokienez.

–Finalak antolatu eta garatzea: finalak zein tokitan eta ordutan jokatu diren adierazita.

–Osasun zerbitzua: zerbitzuaren xedea eta egunak, anbulantzien zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, edo jardueran parte hartu duten osasun langileak, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia.

–Materiala garraiatzeko eta pistak muntatzeko zerbitzuak: zerbitzuaren xedea eta egunak, zerbitzua eman duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia.

–Kirolariek auto partikularretan egiten dituzten joan-etorriak: jardunaldi bakoitzean auto partikularretan mugitu diren taldeak, bakoitzak egin duen kilometro kopurua xehaturik.

–Aparteko gastuak edo aurreikusi gabeak, honako hauek adierazita: gastuaren xedea, zerbitzua edo hornidura egin duten pertsonak edo entitatea, zerbitzuaren edo horniduraren kostua eta dagokion fakturaren zenbakia. Aurretik NKGIren oniritzia beharko da.

Fakturan sartutako kontzeptu bakoitzari buruzko ordainagiriak aurkeztu beharko ditu kirol federazioak. Honako hauek onartuko dira: bankuko frogagiriak; “ordaindua” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuak; fakturari erantsitako erosketa-tiketa, edo beste edozein agiri, dagokion faktura ordaindu dela frogatzen duena, edo kontratua osorik edo partez egin dela frogatzen duen balio bereko agiri bat. Agiri horiek gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, NKGIk kirol federazioari dagokion ordainketa egiten dionetik hasita, edo, bestela, txapelketaren hurrengo aldiari dagozkion eranskinekin eta fakturarekin batera, salbu eta NKJetako azken faktura denean.

o) Espainiako txapelketetan parte hartzea.

Eskola-adineko selekzio autonomikoek Kirolaren Kontseilu Nagusiak deitzen dituen Espainiako txapelketetan izena eman eta parte hartzeko, kirol federazioek deialdian ezarri bezala jokatu beharko dute, eta NKGIren oniritzia izan beharko dute.

Eskola-adineko selekzio autonomikoek txapelketa horietan parte hartzeko hautaketa irizpideak NKJen arautegi teknikoetan jasoko dira, eta NKGIren oniritzia izanen dute.

Kirolaren Kontseilu Nagusiak antolatzen dituen eskola-umeentzako Espainiako txapelketetan parte hartzearen ondoriozko gastuak kirol federazioentzako dirulaguntzen deialdiaren bidez finantzatuko dira.

NKJak arautzen dituen araudi honetan ezarritako osasun laguntzak eta istripu-aseguruak Nafarroako Kirol Jokoetan parte hartzea estaltzen dute, bakarrik. NKJetan parte hartzen duten kirolariek beste lehiaketa batzuetan parte hartzen badute, parte-hartzaileek osasun laguntzaren eta kirol arloko istripuen gastuak estaltzen dituen aseguru bat eduki beharko dute.

NKJetan txapelketa antolatzeaz gainera, Nafarroakoa baino eremu handiagoko txapelketetan ere –kirolari gisa, klub gisa edo selekzio gisa– parte hartzen duten federazioek beren arautegietan zehaztu beharko dute zein diren txapelketa horietan parte hartuko duten kirolariak hautatzeko irizpideak, baita txapelketarako egunak aurreikusi ere, kasuan kasuko deialdiaren arabera.

p) NKGIren planak:

1.–Kirolaren balioen ekintza plana: NKGIk kirolaren balioak sustatzeko kanpaina bat abiarazi du. Hona hemen kirolaren balioak: joko garbia, laguntasuna, hobetu nahia, inklusioa, berdintasuna eta errespetua. Plan honen barnean, joko-eremuaren barruko kirolaren balioen arduradun delegatuaren eta kiroltasun arduradunaren figurak jasotzen dira. Figura horien eginkizunen artean daude, besteak beste, ordezkatzen duen kirol modalitateko txapelketa behar bezala garatu dadin laguntzea, eta agente guztien (kirolari, teknikari eta ikusleen) gorabehera eta gatazka nabarmenen berri ematea, bai eta kiroltasun jarrera aipagarrien berri ere. Klub bakoitzeko kiroltasun arduraduna NKGIk gaitutako joko-eremuaren barruko kirolaren balioen arduradunarekin lankidetzan arituko da.

Halaber, futbolean, NKGI “Oinarrizko futbolean indarkeriari aurrea hartzeko eta kirol balioa sustatzeko programa” sartzen ari da, Nafarroako Kadete eta 1. mailako Kadete kategorietan. Horregatik, klub bakoitzak programan parte hartzeko konpromisoa izenpetu behar du (IV. eranskina), eta Futbol Federazioan aurkeztu talde bakoitzaren inskripzioa egitean. Klubak edo taldeak ez badu betetzen, lehen aldiz, IV. eranskina dela medio hartu duen konpromisoren bat, idatziz ohartaraziko zaio. Hurrengo ez betetzeek zehapen ekonomikoa ekarriko dute, inskripzioa egitean utzitako kopuruaren %10.

2.–“Emakumea eta Kirola” plana: eginen diren ekintzen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

a) Txapelketa egituratzea NKJen kategoria guztietan eta horretarako behar diren baliabideak ematea.

b) Ikasleen artean berdintasuna bermatzen duten eskola-umeentzako kirol jarduerak antolatzea eta/edo haiek antolatzen laguntzea.

Kontuan izanda NKJak adingabekoei zuzenduta daudela, haien helburu nagusiak hezkuntza eta prestakuntza izanen dira. Inplikatutako agente guztiek (kirol federazioek, kirol klubek, entrenatzaileek, delegatuek, arbitroek, gurasoek eta ikusleek) kirolaren balioak sustatzen lagundu behar dute.

Parte hartzen duten kirol federazioei dei egiten zaie NKJen programan parte hartzen duten klubekin lan egin dezaten eta gai honekin lotutako lan ekintza zehatzak proposa ditzaten.

q) Kalitatea:

NKJen programaren helburua betetzeko eta pixkanaka bere alderdiak hobetzeko asmoz, zuzeneko edo zeharkako parte-hartzaile guztien laguntza eskatzen da ezarritako arauak betetzeko eta programarekin zerikusia duen edozein iradokizun, salaketa edo ekarpen egiteko, bai jdn@navarra.es helbide elektronikoaren bidez, bai webgune honen bidez: https://www.deporteyjuventudnavarra.es/es/inicio.

r) Hondakinen Kudeaketa Araudia.

Begiratuko da, antolatzen diren kirol ekitaldietan, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Plana betetzen dela, baita Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legea ere.

Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta behar diren neurriak ere hondakinak bereiziko direla bermatzeko, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), ekitaldia zer mankomunitatetan gauzatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.

2020tik aurrera ezin izanen da plastikozko poltsarik erabili, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, eta betiere betetzen baldin badituzte 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak. Poltsa horiek ezin izanen dira doan eman edo banatu.

Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, betiere erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio-eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin badira.

II. ERANSKINA

Lankidetza-hitzarmena, Nafarroako Gobernuko Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren (NKGI) eta Nafarroako ......................................Federazioaren artekoa, Nafarroako XXXIII. Kirol Jokoak (NKJ) antolatzekoa (PDFa).

III. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboari buruzkoa, Nafarroako XXXIII. Kirol Jokoetan parte hartzeari dagokionez (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1910187