164. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

RIBAFORADA

Erregelamendua, Bozeramaileen Batzarra arautzekoa

Ribaforadako Udalak, 2019ko ekainaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen udal taldeetako Bozeramaileen Batzarra sortzea organo osagarri bezala, baita bere erregelamendu arautzailea onestea ere.

Tokiko Administrazioari buruzko Foru Legearen 325.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ez da beharrezkoa izanen informazio publikoa entitatearen antolakuntzan eragina duten erregelamenduak onesteko; aldiz, beharrezkoa izanen da haien testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, ondorio juridikoak izan ditzaten, aurreko lerroetan aipatu legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Hortaz, erreglamenduaren testu osoa argitara ematen da:

Ribaforadako Udal taldeetako bozeramaileen
batzarra arautzeko erreglamendua

Zioen azalpena

Kongresuaren eta Senatuaren antzera, zenbait udaletan Bozeramaileen Batzarra deritzona sortu ohi da, nahitaezkoa ez den organo bezala, udal taldeen bozeramaileek osatua. Haren eginkizun esanguratsuena da osoko bilkuren gai-zerrenden eraketan laguntzea eta elkarrekintzan jardutea.

Egia da, hala ere, Bozeramaileen Batzarra ez dagoela aurreikusita eta ez dagoela hari buruzko xedapenik tokiko araubideari buruzko indarreko araudian.

Aurrekoa gorabehera, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 20.3 artikuluak honakoa xedatzen du: “udalerriek bestelako organo osagarriak ezarri eta arautu ahal izanen dituzte, artikulu honetan eta aurreko zenbakian aipatutako autonomia erkidegoetako legeetan xedatutakoari jarraikiz”.

Era honetan, organo osagarria bezala arautzen da, transkribatutako Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legearen artikuluan eta Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduan (azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak onetsia) xedatutakoan oinarrituz.

Bozeramaileen Batzarraren eraketa egokia Udal honentzako interes handienekotzat jotzen da eztabaidarako, aholku-emaile eta elkarrekintzan jarduteko (alkateari osoko bilkuren prestaketan laguntzeko) organo gisa, baita udal taldeen partaidetzarako bide bezala erakunde antolaketan. Era berean, alkatearen eta bozeramaileen arteko elkargune bat da, udal jardueretan parte hartzekoa eta adierazpen instituzionalak eta bestelako udal aferak adostekoa.

Ondorioz, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legeak 4.1.a) artikuluan aitortutako Toki Entitateak arautu eta bere kabuz antolatzeko ahalmenak erabiliz, tokiko entitatean eragina duen honako erregelamendua idazten da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz; beraz, jendaurreko informazioa ez da beharrezkoa.

Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legearen 47.2.f) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, gehiengo osoa behar da onesteko, erregelamendu organiko batekin parekatzen baita, eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da indarra har dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Legearen 326. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Artikuluak

1. artikulua. Izaera juridikoa eta eginkizunak.

Ribaforadako Udaleko udal taldeen Bozeramaileen Batzarra Ribaforadako Udalaren organo osagarri bat da, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legearen 20.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz sortutakoa.

Organo osagarri bat izateaz gain, Bozeramaileen Batzarrak kontsultako eta lankidetzan jarduteko izaera du, haren eginkizun nagusiak ondorengoak izanik:

–Alkatearekin lankidetzan aritzea osoko bilkura arrunten prestakuntzan, baita taldeen artean edo hauen eta alkatearen arteko harremanei buruzko arloetan.

–Osoko bilkuretan jorratu beharreko antolakuntzako erabakiak, politikoak eta instituzionalak adosteko kontsulta eta lankidetza organoa.

–Adostea udal honen eta bestelako administrazio publikoen arteko harremanetan eragina duten aferak.

–Alkatetzak proposatzen duen bestelako edozein kontsulta eta lankidetzarako eginkizun.

2. artikulua. Osaera.

Alkatea Bozeramaileen Batzarraren buru izanen da, alkate udalburuak eta udal taldeen bozeramaileek osatua. Hala ere, alkateorde baten esku utzi ahal izanen du burutza, denbora mugarik gabe edo bilkura zehatz batzuetarako, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legearen 21.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 43. artikuluari dagokionez.

Bozeramaileen Batzarra alkate udalburuaren ebazpenaren bidez eratuko da, haren kideen izendapenak formalizatu ostean. Haren osaketaren aldaketak tramite berdinaren araberakoak izanen dira.

3. artikulua. Bozeramaileen Batzarraren bilerak.

Alkatea edo eskuordetutako alkateordea arduratuko da Bozeramaileen Batzarraren bileren deialdiaz eta burutzaz, eta era arruntean eginen dira, osoko bilkuren maiztasun berdinarekin, osoko bilkuraren garapena arindu eta antolatzeko xedearekin.

Era berean, bilkura berezian bilduko da, Alkateak edo eskuordetutako alkateordeak eskaturik, baita bozeramaileen gehiengo osoak eskaturik ere.

4. artikulua. Bilkuraren deialdia eta gauzatzea.

Deialdia, gutxienez, Bozeramaileen Batzarrean landuko diren gaiak biltzen diren osoko bilkuraren aldeaurre berdinarekin eginen da.

Bozeramaileen Batzarraren deialdirik ez bada, ez du eraginik izanen osoko bilkura arruntaren balioan.

Bozeramaileen Batzarraren idazkaria bere kideetako bat izango da, edo Alkateak udaleko langileen artean izendatutako norbait.

Bozeramaileen Batzarreko kideei landu beharreko gaiak jorratzeko dokumentazioa emanen zaie.

5. artikulua. Bozeramaileen Batzarraren erabakiak.

Bozeramaileen Batzarraren erabakiek ez dira ebazpen emaileak, kontsultakoak eta lankidetzakoak soilik; beraz, haren erabakiak ez dira inolaz ere lotesleak.

Bozeramaileen Batzarrak erabakiak boto haztatuaren bidez hartuko ditu. Bozeramaile bakoitzari hark ordezkatzen duen udal taldeko zinegotzi kopuruaren pareko boto kopurua dagokio.

Alkate udalburuaren kalitatezko botoak gerta daitezkeen berdinketak ebatziko ditu.

Bozeramaileen Batzarraren erabakiek ez dute inolaz ere mugatuko udal taldeek osoko bilkuran iritzitako gaiak eztabaidatzeko duten ahalmena.

6. artikulua. Bilkuren aktak.

Bozeramaileen Batzarraren idazkariak (haren kide edo alkateak udaleko langileen artean aukeratutako norbait izanik) batzarraren bilkuren akta laburbildua jasoko du, bere eginkizunen barne hartzen diren proposamenek mugatua.

7. artikulua. Bozeramaileen Batzarraren eginkizunak.

Erregelamendu honen 1. artikuluan xedatutako eginkizunez gain, Bozeramaileen Batzarrari dagokio:

–Bilera arrunt nahiz berezien gai-zerrenda eztabaidatzea.

–Osoko bilkuren garapenari dagokion edozein gai proposatzea.

–Osoko bilkurari mozioak proposatzea, kide guztiek formalizatzen badituzte.

–Zinegotzi guztien artean zabaltzea alkatetzak emandako informazioa eta haiek egindako eskakizunen bide gisa aritzea.

–Seinalatzea Udala ordezkatu behar duten pertsonak, beste erakundeetan instituzionalki ordezkatua izan behar duen kasuetan.

–Osoko bilkuretako gaien zerrendan sartu beharreko gaiei buruzko ikuspuntuak bateratu eta elkarlanean aritzeko beharrezkoak irizten diren bestelako eginkizunak.

Azken xedapen bakarra.–Honako erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta berariaz aldatu edo ezeztatu arte egonen da indarrean.

Ribaforadan, 2019ko ekainaren 28an.–Alkatea, Jesús M.ª Rodríguez Gómez.

Iragarkiaren kodea: L1909021