164. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MARTZILLA

Alkatetzaren eskuordetzea

Ondoko hauen arabera: Alkatetzaren eskudantziak eskuordetzeari buruz Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 43. eta 44. artikuluetan xedatua (azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretua), salbuetsirik Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.3 eta 71. artikuluetan zehazten diren eskudantziak, eta errege dekretu beraren 115. artikuluan ezarritako ahalmenak gordez,

Xedatu eta dekretatzen dut:

1. José Manuel Cantín García lehen alkateordeari eskuordetzea, modu orokorrean, kulturaren eta kultur ekintzaren alorrean Alkatetzeari dagozkion eskumen guztiak. Eskuordetzak barne hartzen du ebazteko ahalmena hirugarrenengan eragina duten egintza administratiboen bidez, baita zehapenak ezartzeko ahalmena ere eskuordetutako alorreko lege nahiz erregelamendu arau-hausteengatik. Horrez gain, organo eskuordetuak emandako egintzen kontrako berraztertzeko errekurtsoak ebazteko ahalmena ere izanen du. Eskuordetza honetatik kanpo geratzen dira indarrean dagoen araudiaren arabera eskuordetu ezin diren alorren gaineko eskumena.

Eskuordetzen diren eskumenak preseski adieraztea, zerbitzuaren zuzendaritza eta kudeaketa orokorra modu generikoan eskuordetzeko ahalmenari uko egin gabe:

1.–Martzillako Udalaren kultur alorrean bere eskumenekoak diren helburuak planifikatu eta programatzea.

2.–Eskuordetutako eskumenen gaineko erabakiak argitaratu, gauzatu eta betetzeko agintzea.

3.–Bere eskumeneko gaiei buruzko ebazpenak eta erabakiak proposatzea Alkatetzari eta Udalaren Osoko Bilkurari.

4.–Kultur jardueren gastuak baimentzea eta xedatzea, eta kreditu erreserbari buruzko ebazpenak ematea kontratazio prozeduretan, eskatutako izapide bakarra faktura edo kreditu erreserba gehi faktura aurkeztea denean. Kasu horretan, hitzartzen diren kontratuak formalizatzeko sinatzeko eskumena eskuordetuko da.

5.–Organo eskudunari lankidetza hitzarmenak sinatzea proposatzea. Hitzarmen horiek formalizatu beharko dira honako talde hauentzako dirulaguntza publikoei buruzko legediak xedatutakoa betez: Nafarroako toki entitateek antolatzen edo sustatzen dituzten kultur, festa, edo arte jardueretan edo folklorea zabaltzeko jardueretan parte hartzen eta irabazi-asmorik ez duten udalerriko kultur entitate eta elkarteak, hala nola musika bandak, dantza taldeak, txarangak eta antzekoak, baldin eta parte-hartzea ez bada kontraprestazioa.

6.–Beste administrazio publiko edo entitate pribatu batzuei eskaerak egitea, kultur jarduerak finantzatzeko.

Ematen diren ebazpenetan, eskuordetuta eman direla adierazi beharko da.

2. Zinegotzi ordezkariari adieraztea Alkatetza honek informazioa jasoko duela eskuordetu diren eginkizunen eta eskuordetzaren ondorioz emandako xedapenen gainean, Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren 115. artikuluari jarraikiz, honako hau ohartaraziz: eskuordetu diren eskumenak Alkatetzak bereganatzen ahal ditu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 14. artikuluak ezartzen duen moduan.

3. Ebazpen honen berri ematea José Manuel Cantín Garcíari, eskuordetza eraginkorra izateko onartu egin behar duela adieraziz. Ebazpen hau jakinarazi eta hiru egun balioduneko epean udalkideak ez badu, berariaz, kontrakoa adierazi, eskuordetza onartu egin duela ulertuko da.

4. Dekretu honen laburpena argitaratzea Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta Udalbatzari jakinaraztea, egiten duen hurrengo bilkuran.

Ebazpen honen aurka aurkezten ahalko dira:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, edo

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aurrera.

Martzillan, 2019ko uztailaren 1ean.–Alkate udalburua, Mario Fabo Calero.

Iragarkiaren kodea: L1909043