163. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

52/2019 FORU AGINDUA, uztailaren 23koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, 2019-2020 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 467774.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak Nafarroako Foru Komunitateari eskumen esklusiboa esleitzen dio kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak kirol politikaren helburuak aipatzen ditu 3.s artikuluan; besteak beste, oinarrizko kirola bultzatzea eskola mailetatik hasita, beste edozein kirol praktikaren aurretik, funtsezko gunetzat jotzen baita kirolak Nafarroan aurrera eginen badu maila guztietan.

Gauzak horrela, kirolari buruzko foru araudiak, 14. artikuluan, xedatzen du Foru Komunitateko kirol administrazioak, elkarlanean Foru Komunitateko hezkuntza administrazioarekin, toki erakundeekin, Nafarroako kirol erakundeekin eta beste erakunde publiko edo pribatuekin, eskola-umeentzako kirola bultzatzen duten programak sustatuko dituela. Programa horien jomuga izanen da hezkuntza integralaren, nortasunaren garapen orekatuaren, egoera fisikoaren eta osasun ohitura prebentiboen osagarri izatea. Halaber, hezkuntza behar bereziak dituzten eskola-umeen integrazioa sustatuko dute.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren Estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak ezartzen du erakunde autonomo horri dagokiola Kirolari buruzko Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioari esleitzen dizkion eskumenak erabiltzea, betiere Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren goi mailako plangintzaren, zuzendaritzaren eta babesaren menpe.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 30eko 326/2011 Ebazpenaren bidez, adingabeentzako kirolaren erreferentzia-esparru autonomikoa onetsi zen, bi xede izanik: batetik, lanerako tresna izatea eskola-umeei zuzendutako jarduera fisikoaren eta kirolaren arloko programen eragileentzat, eta bestetik, mekanismo babesgarri bat izatea programa horietan parte hartzen duten adingabe guztientzat.

Kirolaren Zuzendariordetzari dagozkion eginkizunetariko bat kirol jarduera sustatzea da, laguntzak eta dirulaguntzak emanez. Orobat, Kirola Sustatzeko Atalak eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:

–Kirol jarduerak eta aisialdikoak sustatzea.

–Kirolaren balioak sustatzea.

–Eskola-umeen kirol jarduerak sustatu eta bultzatzea, bai eta kirola sustatzeko programak ere arreta berezia behar duten eta gizarte interesekoak diren gizataldeentzat.

Horiek helburu, eta Foru Komunitateko eskola-umeen kirol ibilbidean beste bide bat eratzearren, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak (NKGI) 2019-2020 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programa garatzen jarraitu nahi du unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatuetan.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak sustatutako ekimen horren harira, esperientzia pilotu bat egin zen 2008-2009 ikasturtean. Ordutik hona, ikasturte guztietan egin da esperientzia pilotu hori, 2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetan izan ezik. Edizio bakoitzean 2.300 eskola-umek baino gehiagok hartu dute parte.

Deialdiaren oinarri arautzaileak prestatu dira, laguntzak emateko araubidea eta prozedura ez ezik, jarduera diruz lagungarriei lotutako alderdi guztiak ere arautzen dituztenak.

Deialdi hau urte anitzeko gastu baten espedienteari dagokio, 2020ko ekitaldiari partez baizik ez baitio eragiten. Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren martxoaren 13ko 29/2019 Foru Aginduak epe ertaineko programazio ekonomikoa (Urte Anitzeko Esparru Ekonomikoa) onesten du eta Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak jarraitu behar dituen irizpideak ezartzen ditu Nafarroako Gobernuaren urte anitzeko espedienteak tramitatzeko, 2019-2022 eperako. Foru agindu horrek ezartzen duenarekin bat, aipatu urte anitzeko gastua baloratzeko txostena egin da.

Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2019-2020 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jaso direnak, onestea, bai eta gainerako eranskinak ere.

3. Deialdi hori aurrera eramateko, 65.000 euroko gehieneko gastua baimentzea. Dirua partida hauei egotziko zaie:

–15.000 euro, 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Ikastetxeetako Kirol Proiektuetarako Dirulaguntza” izeneko A50002-A5110-4811-336100 partidaren kargura.

–50.000 euro, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2019ko eta 2020ko ekitaldietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webgunean eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 23an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

OINARRIAK

1.–Xedea.

2019-2020 ikasturtean Eskola-umeentzako Kirol Programan parte hartzen duten unibertsitatez kanpoko irakaskuntza arautuetako ikastetxe publiko eta pribatuei dirulaguntzak emateko prozedura ezartzea dute xede oinarri arautzaile hauek.

Laguntza jaso ahal izateko, ekintzak baldintzei helduta eta programak dirauen bitartean egin behar dira, eta haien titularra ikastetxe eskatzaileak izan behar du.

2.–Deialdiaren helburua.

Dirulaguntzak 1. oinarrian jasotzen diren ekintzak egitean sortutako defizitak hein batean ordaintzeko erabiliko dira, baldin eta titularra ikastetxea bada eta ekintzak 2019-2020 ikasturtean zehar egiten badira.

3.–Eskola-umeentzako Kirol Programa: xedeak eta helburuak.

3.1. Eskola-ume nafarren jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak bultzatzea du helburu programak, heziketaren osagaia nagusi izanik, ohitura har dezaten adinean gora egin ahala jarduera horiekin jarraitzeko; horrela, bizimodu osasungarria bultzatuko da eta umeen egoneko bizitza eta obesitatea, besteak beste, galaraziko dira.

3.2. Hauexek dira programaren helburuak:

3.2.1. Eskola-ordutegian (jolasgaraia) zein eskola-ordutegitik kanpo jarduera fisikoak, jostetakoak eta aisiakoak egiten dituzten nesken eta mutilen kopurua handitzea, ikastetxearen babesean, hura baita programa oinarritzeko ardatza.

3.2.2. Eskola-ume nafarrek jarduera fisikoan ematen duten ordu kopurua handitzea.

3.2.3. Eskola-umeentzako Kirol Programaren babesean egiten den jarduera fisikoa gizarteratzeko, ongi izateko eta jostetarako tresna bihurtzea, eta horrela lagungarri izatea pertsonaren prestakuntza eta hezkuntza integralerako eta nortasunaren garapenerako.

3.2.4. Jarduera fisikoaren bidez eta kirola eginez kirolaren balioak sustatzea, hala nola ahalegin pertsonala, taldeko lana, lankidetza, elkartasuna, tolerantzia, aurkariarekiko errespetua, joko garbia eta genero berdintasuna.

3.2.5. Programan genero-ikuspegia zaintzea, berdintasun baldintzak ezarrita neska-mutikoentzat, haien hazkunde pertsonala eta soziala onuragarria izan dadin osasunaren eta ongizatearen aldetik, bizimodu aktiboa, osasungarria eta autonomoa bultzatuz.

Deialdi honetara aurkezten diren jarduera fisiko eta kirol jardueren programek Eskola-umeentzako Kirol Programaren xede eta helburu orokorrak bete beharko dituzte, puntu honetan ezarritakoari jarraikiz.

4.–Onuradunak.

4.1. Deialdi honetako dirulaguntza eskatzen ahalko dute unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuek, baldin eta ikastetxeko kirol proiektu bat prest badute, eta hartan jasota baldin badago deialdi honen xede den Eskola-umeentzako Kirol Programa.

4.2. Deialdi honetatik baztertuta daude Eskola-umeentzako Kirol Programa hauek:

a) Deialdi berariazkoago batzuen xede direnak edo haien parte direnak.

b) I. eta II. eranskinetan ezarritako oinarrietakoren bat betetzen ez dutenak.

4.3. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden ikastetxeei.

5.–Deialdiaren diru kopurua eta laguntzen zenbatekoa.

5.1. Deialdiak, guztira, 65.000 euroko zenbatekoa izanen du, honako partida hauen kargura:

–15.000 euro, 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Ikastetxeetako Kirol Proiektuetarako Dirulaguntza” izeneko A50002-A5110-4811-336100 partidaren kargura.

–50.000 euro, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura.

5.2. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak programa bakoitzarentzat 4.000 euro bitarte bideratzen ahalko du, aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa. Muga horiek kontuan harturik, ematen diren dirulaguntzak deialdi honen III. eranskinean azaltzen den baremoaren arabera finkatuko dira, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren 2019ko eta 2020ko ekitaldietarako aurrekontuan horretarako kreditu aski egoteak baldintzatuko ditu.

5.3. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, III. eranskinean agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati helburuak betetzen dituzten eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

6.–Parte hartzeko eskaerak.

Nafarroako unibertsitatez kanpoko ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatuek aurkezten ahalko dute parte hartzeko eskaera.

7.–Noiz eta non aurkeztu.

7.1. Dirulaguntzetarako eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2019ko urriaren 8an bukatuko da.

7.2. Dirulaguntzetarako eskaerak eta justifikaziorako agiriak telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

7.3. Dirulaguntzetarako eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

8.–Hasierako dokumentazioa.

Eskaerak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta deialdi honetako IV. eranskinean ezarritako eskabide eredua erabiliko da.

Eskabide ereduarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztuko dira eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta, zein bere izenarekin (hala badagokio, onetsitako eranskinen arabera; eranskin horiek eskura egonen dira bai Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan, bai webgunean: http://www.deporte.navarra.es):

A) Ikastetxeko Kirol Proiektua eta Eskola-umeentzako Kirol Programa, argi bereizitako bi dokumentutan, alderdi hauek jasotzen dituztela:

A.1. Ikastetxeko Kirol Proiektua: ikastetxeak eskola esparruan bultzatzen eta garatzen dituen jarduera fisikoen eta kiroleko jardueren zerrenda jasoko da bertan, eta, beste batzuetan parte hartuz gero, haiek ere bai. Ez dira sartuko Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren eskoletan programatzen eta garatzen diren edukiak, ezta Eskola-umeentzako Kirol Programan sartutakoa ere.

A.2. Eskola-umeentzako Kirol Programa: dirulaguntzaren xede den programazioa jasoko da, V. eranskina osatuta.

1.–Programaren titulua.

2.–Programaren irakasle arduraduna.

3.–Eragin eremua.

4.–Zer hezkuntza mailatarako den.

5.–Programa mota. II. eranskineko 2. puntuaren araberakoa.

6.–Edukiak:

–Jardueren deskribapena. II. eranskineko 3. puntuaren araberakoa.

–Tenporalizazioa eta ordutegia.

7.–Kirol arloko material suntsigarria:

Programatutako jarduera guztiak garatzeko ikasturtean beharko den kirol arloko material suntsikorraren zerrenda.

8.–Jarraipena eta ebaluazioa.

Programaren jarraipen eta ebaluaziorako erabiltzen diren baliabideen deskripzioa (hilekoa, hiru hilekoa, urtekoa...).

9.–Programaren aurrekontua: programako diru-sarrera eta gastuen guztirako aurrekontu zehatza.

B) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria, Gizarte Segurantzako kuoten ordainketan egunean dagoela ziurtatzen duena.

C) Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, zerga arloko betebeharrak konplitzen direla egiaztatzen duena.

Ziurtagiriak ez dira aurkeztu beharko baimena ematen baldin bada Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak zuzenean egiaztapen hori egiteko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrean (IV. eranskina. Eskabide-orria).

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aurreikusiarekin bat, ikastetxe publikoek ez dituzte B) eta C) atalei dagozkien ziurtagiriak aurkeztu beharko.

9.–Gastu diruz lagungarriak.

9.1. Diruz lagungarritzat har daitezkeen kontzeptuak hauek izanen dira:

a) Jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsigarria, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

–Hezkuntza bereziko ikastetxeek eta deialdi honetan lehenengoz parte hartzen duten ikastetxeek gastu osoaren %100 erabiltzen ahalko dute kirol arloko material suntsikorra erosteko.

–Gainerako ikastetxeek gastu osoaren %30 erabiltzen ahalko dute gehienez, kirol arloko material suntsikorra erosteko.

b) Jarduera fisikoak eta kirolekoak, programan sartutakoak, ematen dituzten monitoreen gastuak.

Gastu horiek diruz laguntzeko, ezinbesteko baldintza izanen da monitorearen titulazioa, prestakuntza eta horrek irakasten duen jardueran duen esperientzia aurkeztea.

c) Prestakuntza gastuak: programan sartutako jarduera osagarriak edo prestakuntzakoak ematen dituzten langileen gastuak dira.

Gastu horiek diruz laguntzeko, ezinbesteko baldintza izanen da langileen titulazioa eta horiek irakasten duten jardueran duten esperientzia aurkeztea.

d) Hasierako dokumentazioan aurkeztutako programan sartutako jardueretan egindako joan-etorriak.

9.2. Instalazioak erabiltzeagatiko gastuak ez dira kontuan hartuko.

10.–Eskaera zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, ikastetxeari eskaera eginen zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Akatsak zuzentzeko aukera hori egonen da hala hasierako dokumentazioa nola justifikazio-agiriak aurkezteko orduan.

11.–Antolamendua eta instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko organo eskuduna Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetza izanen da.

12.–Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

13.–Ebaztea.

13.1. Laguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta ikastetxe interesdunei jakinaraziko zaie hiru hilabeteko gehieneko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

13.2. Ezarritako epean ebazpen berariazkorik jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

13.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordainketa modua agertuko dira. Orobat, dirulaguntza izanen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada (aurrekontu kreditu nahikoa ez egotearen ondoriozkoak barne).

13.4. Deialdi honetan onartzen diren programetarako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten bestelako laguntza edo baliabideekin, are erabiltzaileen ekarpen edo kuotetatik heldu diren baliabideekin ere. Nolanahi ere, horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

13.5. Ikastetxe onuradunentzako jakinarazpen pertsonala galarazi gabe, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14.r) artikuluan xedatutakoa betez, deialdi honetan ematen diren laguntzak eta haien onuradun diren ikastetxeen zerrenda nafarroa.eus Interneteko atariaren bidez argitaratuko dira.

14.–Laguntzen ordainketa.

14.1. Bi zatitan ordainduko zaie dirulaguntza onuradun diren ikastetxeei, banku transferentzien bidez; aldez aurretik, 15. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztuko ditu onuradunak. Betiere, ematen den laguntza ez da jardueraren defizita baina handiagoa izanen.

14.2. Aldi bakoitzean ordaindutako gehieneko diru kopuruak programaren barruan garatu den ehunekoaren araberakoak izanen dira. 1. aldiko gehieneko ehunekoa emakida osoaren %25 izanen da, 2019ko urriaren 1etik azaroaren 30era bitartekoa baita. 2. aldiko gehieneko ehunekoa, aldiz, emakida osoaren %75 izanen da, 2019ko abenduaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra bitartekoa baita.

15.–Frogagiriak.

Frogagiriak eskaneatuta aurkeztuko dira bi epealditan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Agiriak bereizita aurkeztuko dira, eta beren izenaren bidez behar bezala identifikatuta egonen dira:

1. epea:

–2019ko abenduaren 5era arte, programa hasi zenetik 2019ko azaroaren 30era arte egindako gastuengatik.

  • Dokumentazio teknikoa:
  • 1. aldian garatutako jardueren memoria, hezkuntza mailak eta parte-hartzaileen(*) kopurua (horiek sexuaren arabera bereizita) adierazita.

(*) Eskola-ume batek jarduera batean baino gehiagotan parte hartuz gero, parte-hartzaile bakar bat zenbatuko da.

  • Dokumentazio ekonomikoa:
  • Justifikazio-orria (VI. eranskina), datu guztiak behar bezala beteta.
  • Programa hasi zenetik 2019ko azaroaren 30era arte egindako gastuen fakturak edo horien agiri baliokideak, eta ikastetxeak egindako ordainketen frogagiriak.

Faktura edo agiri baliokide guztietan, hornitzailearen IFZ agertu beharko da, edo NANa, monitoreen edo laguntzaileen kasuan. Langileentzako ordainketei dagozkien fakturen kasuan, PFEZaren atxikipenak agertu beharko du, bai eta atxikipen hori Nafarroako Zerga Ogasunean sartu izana frogatzen duen ikastetxearen agiria ere.

2. epea:

–2020ko ekainaren 3ra arte, 2019ko abenduaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra edo programa bukatzen den egunera bitartean egindako gastuengatik:

  • Dokumentazio teknikoa:
  • Programaren memoria, non nahitaez hurrengo kontuak jasoko diren (gehienez ere 5 folio, alde batetik):

1.–Edukiak:

  • 1. aldian eta 2. aldian egindako jardueren zerrenda, noiz egin diren zehaztuta.
  • Programako parte-hartzaile guztien(*) datuak (sexuaren arabera banatuta).

(*) Eskola-ume batek jarduera batean baino gehiagotan parte hartuz gero, parte-hartzaile bakar bat zenbatuko da.

2.–Balorazio teknikoa. Hobetu beharrekoak.

3.–Egindako jarduera bakoitzaren argazki bidezko euskarria (Norberaren irudia izateko eskubidea babeste aldera, argazki horiek ez dira jendarteratuko).

  • Dokumentazio ekonomikoa:
  • Justifikazio-inprimakia (VI. eranskina). Datu guztiak behar bezala beteko dira.
  • 2019ko abenduaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra arte egindako gastuen fakturak edo horien agiri baliokideak, eta ikastetxeak egindako ordainketen frogagiriak.

Faktura edo agiri baliokide guztietan, hornitzailearen IFZ agertu beharko da, edo NANa, monitoreen edo laguntzaileen kasuan. Langileentzako ordainketei dagozkien fakturen kasuan, PFEZaren atxikipenak agertu beharko du, bai eta atxikipen hori Nafarroako Zerga Ogasunean sartu izana frogatzen duen ikastetxearen agiria ere.

16.–Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, diruz laguntzen diren programen jarraipena, ikuskapena eta ebaluazioa egiteko ardura. Eginkizun hori betetzeko, in situ bisitak egingo ditu programa garatu bitartean, eta proiektuen kudeatzaileekin bilduko da. Baliteke bisitak aldez aurretik abisatu gabe egitea.

Jarraipena eta kontrola egin ondoren, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikariek uste badute programa ez dela garatzen ari programatutakoaren arabera, emandako dirulaguntza ukatzen ahalko da azalpen txosten baten bidez, ikastetxeari aldez aurretik jakinarazita.

17.–Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

17.1. Dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek horren berri eman beharko dute. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

17.3. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izan behar dituzte, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete beharko dituzte.

17.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

17.5. Onuradun diren ikastetxeek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere bete beharrez Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua.

17.6. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

17.7. 18. oinarrian gardentasunari buruz adierazitako betebeharrak betetzea.

18.–Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, ikastetxeek dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren webgunearen bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo dirulaguntza hau kudeatzen duen Kirolaren Zuzendariordetzaren bidez.

19.–Ez-betetzeak.

19.1. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra eta hurrengo eta helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, legeek agintzen dituzten beste erantzukizunak galarazi gabe.

19.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

19.3. Ikastetxeren batek ezarri diren epeetan aurkeztutako programazioa betetzen ez badu, esleitzen zaion dirulaguntza jaso gabe gelditzen ahal da, edo haren zenbatekoa murrizten ahalko zaio, gauzatutakoaren proportzioan.

20.–Datu pertsonalen babesa.

Deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen den datu pertsonalen tratamendua Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorraren, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudiaren mende eginen da. Deialdi honen VII. eranskinean, datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa eskaintzen da.

21.–Errekurtsoak.

21.1. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

21.2. Era berean, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatuarekin bat.

22.–Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatuak aginduko du.

II. ERANSKINA

Programaren ezaugarriak

1.–Programaren ezaugarri orokorrak.

1.1. Ikastetxe bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du. Alabaina, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxeen kasuan, hezkuntza-etapa bakoitzerako aldaera bereziak biltzen dituen proiektua aurkeztea onartuko da.

1.2. Gorputz Hezkuntzako departamentuari edo arloari bakarrik dagokio programa prestatzea; gainera, hura koordinatzeaz eta gainbegiratzeaz arduratuko da.

Ezinbestekotzat jotzen da programa honen eta Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren edukien arteko osagarritasuna ezartzea eta bien arteko koordinazio-tresnak sortzea. Horrela, irakasgai horren curriculum garapenari lotuko zaio programa.

1.3. Ikastetxeak aurkezten duen programa herriko udal kirolaren arduradunekin koordinatu beharko da.

1.4. Aurkezten den programak bermatu beharko du hezkidetzaren parametroei jarraituz diseinatzen eta antolatzen dela jardueren eskaintza, hau da, neskentzako zein mutikoentzako jarduerak jaso beharko ditu eskaintzan, ohiko kirol jarduera “femeninoen” eta “maskulinoen” arteko estereotipoak hauts daitezen.

1.5. Aurkezten diren programek, xede eta helburuez gain, oinarri hauetan zehazten diren ezaugarriak ere bete beharko dituzte programa motei, jarduera motei, langileei, iraupenari eta abarri dagokienez.

2.–Programa motak eta iraupena.

2.1. Motak:

2.1.1. Eskola-ordutegian (jolasgaraian) garatzen den programa.

Gutxienez ere 25 minutuko jolasgarai bakar batean gauzatuko da, eta astean 3 jolasgaraitan talde bakoitzeko.

2.1.2. Eskola-ordutegitik kanpo (jantoki orduetan edo arratsaldez) gauzatzen den programa.

Gutxienez ere 50 minutuko jolasgaraitan gauzatuko da, eta astean bitan talde bakoitzeko.

2.2. Iraupena:

Programa ikasturtean garatu beharko da, eta 6 hilabetez gutxienez ere.

Atal honetan ezarritako gutxienekoetatik beherako iraupena duten proposamenak ez dira aintzat hartuko.

3.–Programaren edukiak: jarduera motak:

3.1. Ikastetxeak berak finkatuko du programaren barrenean dauden jarduerak egiteko ordutegia.

3.2. Jarduera guztiak ikastetxearen instalazioetan eginen dira, ikastetxeak eskaini bai baina haiek aurrera eramateko berariazko instalaziorik ez dutenak izan ezik.

3.3. Ez da programa honen barnean izanen iraupen-eskia egiteko kanpainan, bela kanpainan edo naturako jardueren kanpainan parte hartzea, ez eta gorputz-hezkuntza irakasgaian programatzen diren egun bateko txangoetan parte hartzea ere, dela bizikletan ibiltzeko, piraguan ibiltzeko, mendira joateko, eta abar.

3.4. Programak bi jarduera mota biltzen ahalko ditu:

Jarduerak eskolako hezkuntza integrala osatzera bideratuko dira, nortasuna harmonikoki garatzera eta baldintza fisiko batzuk eta prestakuntza teoriko bat lortzera, pertsona bakoitzak, adinean gora egin ahala, beharrezko tresnak izan ditzan ohitura osasuntsuak eskuratzeko.

a) Gorputz eta kirol jarduerak.

Lehiaketa ofizial arautuei edo lehendik ezarrita dauden beste programa batzuei lotu gabeko jarduera fisiko eta kirolekoak gauzatuko dira, kirol prestakuntzaren osagarri, hezkuntzaren ikuspegitik.

Planteatzen diren jarduera guztiak neskei zein mutikoei eskainiko zaizkie, eta lehentasuna emanen zaie parte-hartze ekitatiboa duten jarduerei.

Jarduera motak:

a.1. Aisiari lotuak.

Bizimodu osasungarriko ohiturak sortzera bideratutako jarduerak izanen dira, baliagarri direnak parte-hartzaileek egiten dituzten ikasketen curriculuma garatzeko, batez ere Gorputz Hezkuntzarekin lotutakoak.

a.2. Lehiaketetakoak.

Kirol hastapeneko jarduerak egiten ahalko dira, kirol bakar batekoak edo gehiagokoak.

Ezin izanen dira gehitu ikastetxeak ordutegi berean bere kirol klubaren bidez eskaintzen dituen gorputz eta kirol modalitateak.

b) Jarduera osagarriak edo prestakuntzakoak.

Gorputz Hezkuntzaren departamentuak edo arloak koordinatzen dituen jarduerak dira, ikasleen prestakuntza integrala osatzea helburu, osasunari, ongizateari, ohitura osasuntsuei eta abarri loturiko eduki teoriko praktikoen bitartez.

4.–Langileak.

4.1. Ikastetxe bakoitzak bere programa gauzatzeko ardura izanen du, eta, horrenbestez, behar diren baliabideak jarriko ditu behar bezala gauza dadin.

4.2. Programa bakoitzean sartzen diren langileek honako profil hau izan beharko dute:

–Arduraduna: ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako departamentuak edo arloak bakarrik diseinatu, koordinatu eta gainbegiratuko du programa, eta, hortaz, kirol arduradunak edo koordinatzaileak lan horretarako behar diren prestakuntzaren eta esperientziaren jabe izan beharko du Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Zientziei dagokienez.

–Langile laguntzaileak: programa garatzeko, Gorputz Hezkuntzako departamentuak edo arloak Batxilergoko gainerako irakasleen edo ikasleen laguntza izan beharko dute; betiere, arduradunaren oniritzia duela. Halaber, parte-hartzaileen artean “kiroltasuneko arduraduna” hautatuko da, kirolaren balioez gehien arduratzen den ikaslea izanen dena eta joko garbia, pertsona guztiekiko errespetua, elkarrekiko laguntza eta jokalarien arteko elkartasuna sustatuko dituena.

–Gainerako langileak: Jarduera Fisikoaren Programaren barreneko jarduerak gauzatzeko ardura duten langileek beharrezko prestakuntza izan beharko dute, egin beharreko lanaren arabera. Zer jarduera ematen duten, hari dagokion kirolean hasteko prestatzaile edo monitore titulua izan beharko dute, gutxienez ere, bai eta ikastetxeko Gorputz Hezkuntzako departamentuaren edo arloaren oniritzia ere. Kirolean hasteko prestatzaile edo monitore titulurik ez dagoen modalitateetan, arlo horretako monitorearen esperientzia eskatzen ahalko da.

4.3. Aipatu langileek, zein den ere betetzen duten eginkizuna programa garatzeko, ez dute kontratu bidezko inolako lan harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

4.4. Aipatu langileek, zein den ere betetzen duten eginkizuna programa garatzeko, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa izan beharko dute, urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren arabera.

Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak, 13. artikuluko 5. apartatuan (uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatua), honako hau ezartzen du: “Adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza dela epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko”.

5.–Parte-hartzaileak.

5.1. Programa ikastetxeko ikasle guztiei dago bideratua, Haur Hezkuntzako ikasleei izan ezik, eta ezin izanen da kirol praktikarako gaitasunetatik eratorritako murrizketarik egin.

5.2. Deialdiaren xede nagusia kontuan hartuta, ezin izanen da ikaslerik baztertu sexu, arraza, erlijio, ideologia, desgaitasun, sexu joera eta abar direla-eta, hautapen prozesuak eginez. Hori betetzen ez bada, dirulaguntza galduko da.

6.–Instalazioak.

Ikastetxea bera arduratuko da programako jarduerak garatzeko beharrezkoak diren instalazioak harentzat prest izateaz.

7.–Laguntza teknikoa.

Programak gauzatzeko orduan, ikastetxeek kanpoko eragileen lankidetza izan dezakete, konparazio batera: toki entitateak, kirol federazioak, kirol elkarteak, kirol kudeaketarako enpresak eta kirol arloko beste entitate batzuk.

8.–Osasun laguntza.

Deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe guztiek dagokien eskola asegurua eduki beharko dute.

Jarduera eskola-ordutegitik kanpo egiten denean, parte-hartzailearen aseguru pertsonalaren kontura izanen da osasun laguntza.

III. ERANSKINA

Baremoa

1.–Xedea.

2019-2020 ikasturtean, Eskola-umeentzako Kirol Programako dirulaguntzen deialdiaren babesean, unibertsitatez kanpoko ikasketak ematen dituzten ikastetxe publiko eta pribatuen eskaerak baloratzeko baremoa ezarri da eranskin honetan.

Balorazio-irizpideak: 33 puntu gehienez.

1.–Eragin eremua hezkuntza eremuan (4 puntu arte).

–Hezkuntza komunitatea: (GHko irakasleak, gainerako irakasleak, ikasle laguntzaileak, guraso elkarteak), toki entitateak, kirol klubak, beste batzuk...

2.–Zer hezkuntza mailatarako den programa (6 puntu arte).

–Ikastetxe arruntetarako baino ez:

Programa zer hezkuntza mailatarako den baloratuko da: 0,5 puntu / maila.

(Mailak: Lehen Hezkuntzako 1., 2., 3., 4., 5. eta 6. mailak // DBHko 1., 2., 3. eta 4. mailak // Batxilergoko 1. eta 2. mailak).

–Hezkuntza Bereziko ikastetxeetarako baino ez:

  • Oinarrizko prestakuntza (3 puntu).
  • Lanbide Heziketa (3 puntu).

3.–Garatu beharreko programak: 5 puntu arte.

–Jolasgaraiko programa (puntu 1).

–Jantoki orduetako programa (2 puntu).

–Arratsaldeko edo asteburuko programa (2 puntu).

4.–Aurreikusitako ekintzak (9 puntu arte).

–Kirolean hasteko jardueren kopurua (3 puntu gehienez).

–Josteta eta aisiako jardueren kopurua (3 puntu gehienez).

–Garatu beharreko jarduera osagarri edo prestakuntzakoen kopurua (3 puntu gehienez).

5.–Proiektuaren iraupena (8 puntu arte).

–6 hilabete (6 puntu).

–7 hilabete arte (7 puntu).

–8 hilabete arte (8 puntu).

6.–Genero-ikuspegia: puntu bat.

Programaren idazkeran hizkera ez-sexista erabiltzea.

Iragarkiaren kodea: F1909817