162. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AMILLAO

Ordenantza, Amillaoko Kontzejuan Urederraren ibai bazterren erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Amillaoko Kontzejuak, 2019ko ekainaren 17an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Amillaoko Kontzejuan Urederraren ibai bazterren erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 130. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 5ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz. Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Amillaon, 2019ko abuztuaren 9an.–Kontzejuko burua, José Daniel Sainz San Martin.

AMILLAOKO KONTZEJUAN UREDERRAREN IBAI BAZTERREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea bainurako eremuak erabiltzeko udan, ekainetik urrira, biak barne.

2. artikulua. Bainurako eremu gisa erabilitako lurzati horiek zaintzea eta mantentzea Kontzejuari dagozkio eta beharrezkoa da arautzea nola erabili.

3. artikulua. Betebeharrak.

Amillaon Urederraren ibai bazterren bainurako eremua erabiltzen dutenek honako arau hauek bete beharko dituzte:

a) Aparkatu behar da gainerako erabiltzaileei sartu eta ateratzeko maniobrak egiten uzteko eta gelditzen den espazioa ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan.

b) Espresuki debekaturik dago laborantzako lursailak eta bideak hartzea, baimendun ibilgailuak izan ezik.

c) Landatutako zuhaitzak errespetatu behar dira.

d) Debekaturik dago kanpatzea, gaua ematea eta ibilgailuak 12 ordu baino luzaroagoan aparkatzea.

e) Ingurua errespetatu behar dute eta sortutako zaborrak horretarako diren eremuetan utzi.

f) Zakurrak ezin dira aske ibili, beti uhalarekin eta adinez nagusia den pertsona batekin egon behar dute. Gainera, arraza arriskutsukoak badira, muturrekoa paratua izan behar dute. Zakurren arduradunek haien gorotzak bildu beharko dituzte.

g) Debekaturik dago sua, sutzarrak edo barbakoak piztea, uztondoak eta zuhaitzak hurbil baitaude.

h) Ibaiaren uretan debekaturik daude ibilgailu motordunak.

i) Amillaoko Kontzejuak agintzen dituen jarraibide guztiak errespetatu behar dituzte.

4. artikulua. Landabideak ixtea.

Aurreko artikuluan ezarritako debekua betetzen dela bermatzeko, Urederra ibaira iristeko landabideak itxita egonen dira trafikorako udan, ekainetik urrira bitarte. Horretarako, hesia eta dagozkion seinaleak jarriko dira.

5. artikulua. Seinaleak.

Amillaoko Kontzejuko batzarrak aginduko du kasu bakoitzean beharrezkoak diren trafikoko seinaleak eta bestelakoak ezartzea, kentzea eta aldatzea.

Ordenantza honen xede diren bideen erabiltzaile guztiak beharturik daude zirkulazioko seinaleei obeditzera eta beren portaera egokitzera bideetan aurkitzen dituzten erregelamenduzko seinaleen mezuaren arabera.

6. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da.

Kontzejuak ematen dituen beste jarraibide batzuk ez betetzeak ere zehapenak ekarriko ditu.

Arau-hausteak isunekin zehatuko dira. Horiek ez dira izanen Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan ezartzen dena (150 euro) baino handiagoa.

Salaketa jakinarazi ondoko hogei egun naturalean %50 merkeago ordaintzen ahalko dira ordenantza honetako arau-hausteen ondoriozko isunak. Isuna %50 merkeago ordaintzeak hauek ekarriko ditu: alegazioak aurkezteari uko egitea eta berariazko ebazpenik eman behar ez izatea prozedura bukatzeko. Nolanahi ere, gainerako kasuetan dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

7. artikulua. Kalte-ordainak.

Bainurako eta aparkalekurako eremuetan kalteak izaten badira, horiek egin dituztenen kontura konponduko dira. Kalteen balorazioa administrazio bidez eginen da.

8. artikulua. Isunak ordaintzea.

Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

Amillaoko Kontzejua ez da erantzule izanen aparkatzeko eremuan uzten diren ibilgailuetan gertatzen diren lapurreta, ekintza bandaliko edo kalteengatik.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Modu osagarrian aplikatzekoak izanen dira, bidezko denean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta gainerako xedapenak.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, ondorio juridiko osoak sortuz, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero.

Iragarkiaren kodea: L1910643