162. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

792/2019 EBAZPENA, uztailaren 11koa, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzak emateko 2020ko deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 466693.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen osoa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen osoa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren helburuak dira, besteak beste, titularitate eta erabilera publikoak dituzten azpiegiturak eta ekipamenduak, abeltzaintzarekin lotutakoak, sustatzen laguntzea. Nafarroako toki entitate askoren eskaria da abeltzaintzako tokiko azpiegituretarako laguntzen deialdia egitea.

Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduak, Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen duenak, 17. artikuluan, “Inbertsioak aktibo fisikoetan” izeneko neurria aurreikusten du.

1305/2013 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean aktibo fisikoetan egindako inbertsioetarako emanen diren gehieneko laguntzak finkatzen dira; kopuru horiek, nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitatearen parametro sozioekonomikoen arabera zehaztu beharko dira.

Nafarroako Landa Garapenerako Programan (Europako Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko azken C 8143 (2015) Erabakiaren bidez onetsia) 4. neurria sarturik dago, “Inbertsioak aktibo fisikoetan” izenekoa, eta berariaz 04.03.04 eragiketa, “Abeltzaintzako tokiko azpiegituretarako inbertsioak” izenekoa. Haren definizioan kontuan hartu da, 1305/2013 Erregelamenduak berak eskatu bezala, Nafarroako Foru Komunitateko AMIA (ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak), landa garapenari dagokionez, eta, bereziki, basogintzaren sektoreari dagokionez.

Halaber, kontuan hartu da neurri horren ekarpena Nafarroako testuinguruan, Batasuneko landa garapenean dauden sei lehentasunak lortzeari eta haietan parte hartzeari begira; lehentasun horiek Europako 2020 Estrategiak landa garapenean ezartzen dituen helburuak lortzera daude bideraturik, hazkunde zentzuzko, jasangarri eta bateratzaile baten atzetik, eta islatzen dituzte Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan jasotzen den “Esparru Estrategiko Komunari” dagozkion helburu tematikoak. Erregelamendu horren bidez xedapen komun batzuk ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta beste zenbait xedapen orokor ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EE) Erregelamendua.

Zehazki, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.2.a) artikuluaren arabera, neurri hau Batasunaren landa garapenerako lehentasun honekin bat dator: “ustiategi guztien emaitza ekonomikoak hobetzea eta erraztasunak ematea haiek birmoldatzen eta modernizatzen”.

Beraz, esparru juridikoa 1305/2013 (EB) Erregelamendua izanen da, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa, eta, orobat, hura garatzeko erregelamenduak:

Batzordearen 2014ko martxoaren 11ko 807/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, 1305/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 808/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, xedapenak ezartzen dituena 1305/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko.

–Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena, kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari, landa garapeneko neurriei eta baldintzazkotasunari dagokienez.

–Batzordearen martxoaren 31ko 640/2014 (EB) Erregelamendu Delegatua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1306/2013 (EB) Erregelamendua osatzen duena kudeaketaren eta kontrolaren sistema integratuari dagokionez, ordainketak ukatu edo kentzeko baldintzei dagokienez eta zuzeneko ordainketei, landa garapenerako laguntzari eta baldintzazkotasunari aplika dakizkiekeen zehapen administratiboei dagokienez.

Deialdiaren eranskinetan sartutako hautapen irizpideek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren Jarraipen Batzordearen adostasuna dute, eta 2014-2020 aldirako Landa Garapenerako Programaren Kudeaketa Agintaritzak berrikusi ditu.

2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak edukiko du “Abeltzaintzako toki azpiegituretako inbertsioak. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720000-71500-7609-414300 partida, abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.

Ebazpen hau eman da urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babespean (foru dekretu horren bidez baimendu zen Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak –NBEUF– eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak –LGENF– finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea, eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Oinarri arautzaileak onestea.

Abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzak 2020an gobernatuko dituzten oinarri arautzaileak onetsi dira, I. eranskinean jasotzen den moduan, bai eta II.etik XIV.era bitarteko eranskinak ere, ebazpen honetan jaso bezala.

2. Deialdiaren onespena.

Abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzen 2020 ekitaldiko deialdia onetsi da.

3. Aurrekontuko kredituak.

Deialdi honek sortzen dituen gastuei erantzuteko, 1.239.750 euroko gastua baimentzen da “Abeltzaintzako toki azpiegituretako inbertsioak. Landa Garapenerako Programa, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa 2014-2020” izeneko 720000-71500-7609-414300 partidaren kargura, ebazpen honen I. eranskinak arautzen duen deialdiaren gastuari aurre egiteko.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 2019ko urriaren 15etik 2019ko azaroaren 29ra artekoa izanen da, biak barne.

5. Laguntzak aplikatzeko baldintza.

Ebazpen honetan xedatutakoa aplikatzeko, beharrezkoa izanen da Europako Batzordeak Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren 04.03.04 neurriari buruz (“Abeltzaintzako toki azpiegituretako inbertsioak”) xedatutakoa betetzea. Halaber, Europako Batzordearen eskakizunei erantzuteko asmoz neurri horretan egiten den edozein aldaketak berekin ekarriko du ebazpen honetako laguntzei buruzko oinarri arautzaileak egokitzea.

6. Eskualde menditsuak eta muga naturalak dituzten beste eskualde batzuk.

Nafarroako eskualde menditsuen eta muga naturalak dituztenak dira Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako 13. neurriko (“Muga naturalak edo bestelako muga berariazkoak dituzten eskualdeetarako ordainketak”) zerrendetan agertzen direnak.

7. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea.

Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratu beharko dira.

8. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

9. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen eta deialdiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

10. Ebazpen hau jakinaraztea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Landa Aniztasunerako eta Garapenerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 11n.–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzen
2020ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio-eremua.

Oinarri arautzaile hauen xedea da Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programako abeltzaintzako toki azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzak arautzea 2020rako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluaren esparruan. Erregelamendu horrek arautzen du nekazaritzaren garapenerako laguntza, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidezkoa (LGENF), eta indarrik gabe uzten du Kontseiluaren (EB) 1698/2005 Erregelamendua.

2. oinarria.–Neurriaren helburua.

1. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin eta Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programan zehaztutakoarekin bat, neurri honen azken xedea da 2020an titularitate eta erabilera publikoko azpiegiturak eta ekipamenduak, abeltzaintzarekin lotutakoak, sustatzen laguntzea.

2. Helburu estrategikoak dira, 1305/2013 Erregelamenduaren 5.2.a) artikuluan adierazitako Batasunaren lehentasunekin bat datozelako, zalantzarik gabe, zehazki Batasunaren landa garapenerako lehentasun honekin: “ustiategi guztien emaitza ekonomikoak hobetzea eta erraztasunak ematea haiek birmoldatzen eta modernizatzen”.

3. oinarria.–Onuradunak.

Nafarroako toki entitateek eskuratzen ahal dituzte ebazpen honetan ezarritako dirulaguntzak.

4. oinarria.–Onuradun gisa onartuak izateko irizpideak.

1. Aurreko oinarrian deskribatutako entitateak izaten ahal dira neurriaren onuradun, inbertsioak Nafarroan egiten badituzte eta jarduketa diruz lagungarri baten xedeko lurren edo eraikuntzen titularrak badira edo haiek erabiltzeko eskubidea badute. Lurralde entitateak ez direnek ere jasotzen ahal dituzte dirulaguntzak, erabilera publikoko lurraldea kudeatzen badute.

2. Inbertsioak diruz lagungarriak izanen dira baldin laguntza eskaera (II. eranskina) Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu den egunean baldintza hauek betetzen badira:

a) Diruz lagungarriak izanen dira soilik agintaritza eskudunari laguntza eskaera aurkeztu ondotik egindako gastuak, salbu eta proiektua edo memoria teknikoa erredaktatzeko gastuak.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere ez egotea.

5. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

1. Honako hauek dira kostu diruz lagungarriak:

a) Urez hornitzeko jarduketa txikiak, abeltzaintzari eta abereen elikadurari lotuak, sustatzea, hala nola askak, putzuak eta beste.

b) Bide publikoak eta larreetarako eta abeltzaintzako ustiategien guneetarako sarbideak sortu eta hobetzea. Ez da dirulaguntzaren xede izanen lurzati berrantolamenduetan eginak dauden bideak hobetzea baldin obrak entregatzeko ebazpenak edo agiri baliokideak ez baditu 15 urte baino gehiago.

c) Abere lehiaketak eta azokak garatzeko azpiegiturak.

d) Udal eskortak eraikitzea.

e) Abeltzaintzarekin zuzenean lotutako zerbitzuen ekipamendu publikoetarako eraikinak egin edo zaharberritzea.

f) Abeltzaintzako ustiategien guneentzako instalazioak, hornidurak edo azpiegiturak sustatzeko, adibidez elektrifikazioak, telefonia, ur-hornidura, hondakin urak hustea, etab.

g) Herri-basoetako larreei lotutako azpiegiturak eta hornidurak: idoiak, itxiturak, ur-hodiak, tratamendu-eskortak, hesi kanadarrak, etab. Itxituren mantentze-lanak ez dira diruz lagunduko, hauek baldin badira: alanbreak tenkatzea, aske dauden alanbreak jostea eta/edo granpilloiak ezartzea.

2. Dokumentazio teknikoari dagokion dirulaguntza ordainduko da baldin eta espedientean sartutako ekintza bat, gutxienez, ordaintzen bada.

3. Kostuen moderazioa obra proiektuei aplikatuko zaie ebazpen honen 13. oinarrian jasotako erreferentziak kontuan hartuta.

4. Gastu hautagarrietan ez da BEZa sartzen.

6. oinarria.–Laguntza motak eta zenbatekoa.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak laguntza hauek banatuko dizkie ebazpen honetako baldintzak betetzen dituzten toki entitate eskatzaileei:

a) Nafarroako eskualde menditsuen eta muga naturalak dituzten eskualdeen kasuan, hau da, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako 13. neurriko (“Muga naturalak edo bestelako muga berariazkoak dituzten eskualdeetarako ordainketak”) zerrendetan agertzen direnen kasuan, inbertsio diruz lagungarriaren %60. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 100.000 eurokoa izanen da espediente bakoitzeko.

b) Gainerako toki entitateentzat, dirulaguntzaren xede izan daitekeen inbertsioaren %40. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa izanen da espediente bakoitzeko.

7. oinarria.–Gastu diruz lagungarria.

1. Gastu diruz lagungarria gastu hauen benetako kostua izanen da, BEZik gabe: obra egitekoak, proiektua edo memoria teknikoa idaztekoak, obra zuzentzekoak, segurtasun eta osasunekoak, saiakuntza teknikoak egitekoak, higiezinak, makineria, ekipamenduak lortzekoak, bai eta, kasua bada, teknologia erostearekin lotutako inbertsio materialekoak ere.

Proiektua edo txosten teknikoa idazteko gastuei dagokien gastu diruz lagungarria Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak moderatzen duen kontrata bidezko exekuzio aurrekontuaren %5 izanen da, gehienez, eta obra zuzendaritzari dagokion gastu diruz lagungarria Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak moderatzen duen kontrata bidezko exekuzio aurrekontuaren %6 izanen da, gehienez.

Kontrata bidezko exekuzio aurrekontuak bere baitan hartzen du administrazioak onartu duen inbertsio moderatua (obra gauzatzeko aurrekontua), gehi gastu orokorrak (hauek, gehienez ere, obra gauzatzeko aurrekontu diruz lagungarriaren %10 izanen dira) eta industria mozkina (gehienez ere, obra gauzatzeko aurrekontu diruz lagungarriaren %5 izanen da).

2. Inbertsioak, osorik edo hein batean, norberaren baliabideekin edo auzolanean egiten badira, gastu diruz lagungarrietan ez dira sartuko, dagokien proportzioan, lan eskuaren kostua, gastu orokorrak eta industria mozkina. Aurrekoa argi eta garbi zehaztuko da proiektuaren separata batean, eta laguntzen eskaeran dagokion laukitxoa markatuko da (II. eranskina). Auzolantzat hartuko dira herriko biztanleek egindako lanak, herriarekin kontratu-harremanik izan gabe.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen dira laguntza hauek, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren lehentasuna ezarriko da ondoren aipatzen diren balorazio-irizpideengatik ematen diren puntuen batuketa eginez. Ematen diren puntuak, gehienez, 85 izanen dira, Nafarroako eskualde menditsu batean edo eskualde menditsu izan gabe naturak bereziki mugatutako eskualde batean dauden toki entitateentzat, eta 80 puntu, gehienez, gainerako eskualdeetan dauden toki entitateentzat:

a) Jarduketak BILetan (Batasunaren Intereseko Lekuak). Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) deklaratutako BILetan, Nafarroako Gobernuaren foru dekretuaren bidez onetsitako kudeaketa plana dutenetan, egiten diren jarduketei gehienez ere 5 puntu emanen zaie. Puntuazioa lortzeko prozedura hau izanen da: 5 puntu bider obra gauzatzeko aurrekontu diruz lagungarriaren ehunekoa, obrak KBE batean daudenean.

b) Jarduketak antolatutako larreetan. Larreko baliabideak antolatzeko proiektua, Nafarroako Gobernuak onetsia, duten larreetako azpiegituretako inbertsioak, gehienez ere 10 puntu. Puntuazioa lortzeko prozedura hau izanen da: 10 puntu bider antolatutako larrean egin beharreko obrak gauzatzeko aurrekontu diruz lagungarriaren ehunekoa.

c) Eskualde menditsuetan dauden toki entitateek egindako inbertsioak (Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako 13. neurriko –“Muga naturalak edo bestelako muga berariazkoak dituzten eskualdeetarako ordainketak”– zerrendetan agertzen da zein diren eskualde menditsu horiek): 5 puntu.

d) Eskualde menditsua izan gabe naturak bereziki mugatutako eskualde batean dauden toki entitateek egindako inbertsioak (Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programako 13. neurriko –“Mendialdeetarako eta muga natural berariazkoak dituzten eskualdeetarako ordainketak”– zerrendetan agertzen da zein diren eskualde horiek): 5 puntu.

e) Ukitutako ustiategietako AzLUak (azienda larriko unitateak). Jarduketek ukitutako abeltzaintzako ustiategiek dituzten eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Ofizialean inskribatuta dauden AzLUen baturak 10 puntu jasoko ditu gehienez ere. Toki entitate eskatzailean kokatutako abeltzaintzako ustiategiak eta haien AzLUak egiaztatuko dira, deialdiaren aurreko urteko urriaren 1ean, eta, lortutako zifren arabera, graduazioa hau izanen da:

• < 150 AzLU: 3 puntu.

• ≥ 150 AzLU eta < 750 AzLU: 7 puntu.

• ≥ 750 AzLU: 10 puntu.

f) Aprobetxamendu kanona. Herri-ondasunen aprobetxamenduaren kanona ezarrita daukaten toki entitateek, eskaera aurkeztu aurreko 3 urteetan aplikatutakoa, 5 puntu. Puntuak ematen zaizkie soilik herri-ondasunen aprobetxamendu kanonaren ziurtagiria aurkezten duten toki entitateei.

g) Interes soziala, ekonomikoa eta teknologikoa. Proiektuetan abeltzaintzaren sektorerako interes soziala, ekonomikoa eta teknologikoa duten jarduketak sartzen dituzten toki entitateek gehienez ere 50 puntu eskuratzen ahal dituzte:

g.1) Abeltzaintzako ustiategien guneen zerbitzuko azpiegiturak: 50 puntu bider abeltzaintzako ustiategien guneen zerbitzuko azpiegitura jarri edo hornitzeko obra gauzatzeko aurrekontu (OGA) diruz lagungarriaren ehunekoa.

g.2) Behi-aziendan tuberkulosia kontrolatzen laguntzen duten ur hornidurarako azpiegiturak: 45 puntu, bider OGA diruz lagungarriaren ehunekoa. Nafarroako Gobernuko Abeltzaintza Zerbitzuari proposatutako jarduketetarako aldeko txostena eskatuko zaio.

g.3) Abereen elikadurarekin eta beste helburu batzuk dituen ur hornidurarekin lotutako azpiegiturak: 25 puntu, bider abereen elikadurarekin eta beste helburu batzuk dituen ur hornidurarekin lotutako azpiegituretan inbertitzeko OGA diruz lagungarriaren ehunekoa, azpiegitura horiek tuberkulosiaren kontrolerako ez direnean.

g.4) Suak kaltetutako itxiturak eraikitzea eta udal eskortak birgaitzea, baldin laguntzen deialdi hau NAOn argitaratu aurretik komunikatu bazaizkio kalteak Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari: 45 puntu bider suak kaltetutako itxiturak eraikitzeko eta udal eskortak birgaitzeko OGA diruz lagungarriaren ehunekoa.

g.5) Udal eskortak eta abeltzaintzako ekipamendurako eraikinak eraiki edo zaharberritzea, bai eta herri mendietan larreak hobetzeko azpiegitura eta ekipamendua ere: 20 puntu, bider udal eskortak eta abeltzaintzako ekipamendurako eraikinak eraiki edo zaharberritzeko, baita herri mendietan larreak hobetzeko azpiegitura eta ekipamenduetarako ere, OGA diruz lagungarriaren ehunekoa.

g.6) Abere lehiaketak eta azokak garatzeko azpiegiturak: 15 puntu, bider abere lehiaketak eta azokak garatzeko azpiegituretarako OGA diruz lagungarriaren ehunekoa.

g.7) Bide publikoak eta larreetarako eta abeltzaintzako ustiategien guneetarako sarbideak hobetzea, euri ekaitzek eta uholdeek kaltetu dituztenean, baldin laguntzen deialdi hau NAOn argitaratu aurretik komunikatu bazaizkio kalteak Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari: 45 puntu, bider euri ekaitzek eta uholdeek kaltetutako bide publikoak, abelbideak eta larreetarako edo abeltzaintzako ustiategien guneetarako sarbideak hobetzeko OGA diruz lagungarriaren ehunekoa.

g.8) Bide publikoak eta larreetarako edo abeltzaintzako ustiategien guneetarako sarbideak sortu eta hobetzea: 10 puntu, bider bide publikoak, abelbideak eta larreetarako edo abeltzaintzako ustiategien guneetarako sarbideak sortu eta hobetzeko OGA diruz lagungarriaren ehunekoa.

9. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1. Laguntzak norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, 8. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta laguntza emanen zaie balorazio handiena lortzen duten eskaerei, betiere deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe.

2. Bi proiektu edo gehiagoren artean, puntuetan berdinketarik gertatuz gero, baremoko atal honetan puntu gehien lortu dituztenei emanen zaie dirulaguntza: Interes soziala, ekonomikoa eta teknologikoa.

Berdinketak jarraituz gero, baremoko atal honetan puntu gehien lortu dituztenei emanen zaie dirulaguntza: jarduketek ukitutako abeltzaintzako ustiategien zerrenda, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik deialdiaren aurreko urteko urriaren 1ean eta toki entitate eskatzailean helbidea dutenak.

Berdinketak irauten badu, bere mugartean erregistro horretako abeltegi gehien dituen entitateari emanen zaio dirulaguntza.

3. Aurrekontuan zuzkidura nahikoa izanik ere, laguntzarako eskubidea izateko nahitaezkoa izanen da gutxienez ere 20 puntu lortzea.

4. Deialdirako dagoen aurrekontu-kreditua nahikoa ez bada laguntzarako eskubidea duten eskaera guztiei dirulaguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin direnak.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

Laguntza hauen onuradun diren toki entitateek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Inbertsioko obrak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoaren arabera adjudikatzea. Hala ere, toki entitateak diruz lagundutako inbertsioen %100 bitarte azpikontrata dezake.

2. Toki entitateak laguntzaren xede diren inbertsioak ez egitea erabakitzen badu, emandako dirulaguntzari uko egitea.

Toki entitateak, deialdi honetan ezarritako egunerako inbertsioak gauzatzen ez baditu eta laguntzari uko egiten ez badio, hurrengo bi deialdietan ezin izanen ditu eskatu ebazpen honetan araututako laguntzak.

3. Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

4. Dirulaguntza ematen duen ebazpen proposamena egiten denean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuetatik bat ere ez urratzea eta, zehazki, bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Bestela, ez da laguntzarik emanen.

5. Ebazpen honetan xedatutakoa eta laguntza emateko proposamenaren izaeraren ondorioz ezartzen diren gainerako eginbeharrak betetzea.

6. Diruz lagundutako inbertsioen iraupenerako konpromisoa: onuradunak konpromisoa hartzen du 5 urtean ez duela inbertsioan aldaketa garrantzitsurik eginen, onuradunarentzako laguntzaren azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik, salbu eta hondamendi naturalen ondorioz edo ezinbestez, 1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluaren arabera. Aldaketa garrantzitsutzat hartuko dira inbertsioaren izaera edo laguntza emateko baldintzak ukitzen dituztenak.

7. Xede berarekin beste dirulaguntzaren bat jasoz gero, jakinaraztea Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiari. Ez bada jakinarazten, dirulaguntzaren %100 itzuli beharko da.

11. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.

1. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak, bost urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta, onuradunarentzako laguntzaren azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik.

2. Espediente eta onuradun guztientzat, gerora bete beharreko konpromisoa da inbertsioaren izaerari edo gauzatzeko baldintzei eragiten ez dien inolako aldaketa garrantzizkorik ez egitea.

3. Oinarri honen 1. atalean aipatzen den konpromisoa ez betetzat joko da baldin bost urteko epean (behin onuradunaren inbertsio eta/edo gastuetarako laguntzaren azkeneko ordainketa onesten duen ebazpenaren egunetik) honako hau gertatzen bada:

a) Inbertsioaren izaera, funtzionaltasuna edo gauzatzeko baldintzak aldatzea.

b) Diruz lagundutako inbertsioen jabetza araubidea aldatzea.

c) Diruz lagundutako inbertsioaren erabilera aldatzea edo etetea.

d) Diruz lagundutako inbertsioen obra unitateak murriztea.

4. Aurreko atalean aipatzen den konpromisoa ez betetzea jarraian zehaztuko diren irizpideen arabera mailakatuko da, laguntzak itzultzeko portzentajeak sortuko ditu, eta kasua bada legez ezarritako interesak gehituko dira:

a) Diruz lagundutako inbertsioen jabetza araubidea aldatzea: laguntzaren %100 itzuli beharra.

b) Diruz lagundutako inbertsioa abeltzaintzakoa ez den erabilera batera aldatzea: laguntzaren %100 itzuli beharra.

c) Diruz lagundutako inbertsioen erabilera etetea: laguntzaren %50 itzuli beharra. Hilabeteko epean erabilera berriro hasten ez bada, laguntzaren %100 itzuli beharko da.

d) Diruz lagundutako inbertsioen unitateak gutxitzea, salbu behar bezala frogatutako ezinbesteko baldintzak izaten direnean (1306/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluaren arabera): gutxitutako unitateei dagokien laguntzaren %100 itzuli beharra. Hilabeteko epean unitateak berrezartzen badira, berrezarritako unitateen laguntzaren %50 itzuli beharko da.

12. oinarria.–Laguntza eskaera eta dokumentazio osagarria.

1. Eskaera Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko da. Teknikoki ezinezkoa baldin bada, eta hala justifikatzen bada, eskaerak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren erregistroan aurkezten ahalko dira (González Tablas kalea 9; Iruña), galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutakoa.

Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, egin gogo diren jarduketa guztiak azaltzen dituena.

2. Eskabidea deialdi honetako II. eranskinean ezarritako inprimakian bideratuko da.

3. Gainera, eskabiderarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Dirulaguntzaren xede den jarduketaren proiektu teknikoa, teknikari kualifikatu batek egina, non jarduketa azalduko baita eta abeltzaintzarekin eta, hala denean, abeltegiekin zuzenean loturik dagoela frogatuko baita. Proiektua gauzatzeko behar diren baimen guztiak sartuko dira. 30.000 eurotik beherako exekuzio materialeko aurrekontua duten inbertsioen kasuan, memoria tekniko baloratua aurkezten ahalko da. Bi dokumentu horiek III. eranskinean deskribatutako gutxieneko edukiarekin bat egin beharko dira. Berariaz aipatuko dira tuberkulosia kontrolatzeko premiak eta euri urek, suteek edo uholdeek eragindako kalteak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ingurumen baimena, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearekin bat. Baimena deialdi honetara aurkezten den proiekturako emanen da. Laguntzarako eskaera aurkezteko unean ez badago ingurumen baimena, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari baimena eskatu izanaren kopia aurkeztu beharko da.

Ingurumen baimena aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, laguntza-eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik kontatuta.

c) Toki entitatearen ziurtagiria, adierazten duena badagoela herri-ondasunen aprobetxamendua erregulatzen duen ordenantza bat, azalduta Nafarroako Aldizkari Ofizialeko zer zenbakitan eta zer egunetan argitaratu zen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera. Lurralde entitateak ez diren toki entitateen kasuan, larreen aprobetxamenduari buruzko barruko ordenantzak aurkeztu beharko dira (VII. eranskina).

d) Konpromisoen inprimakia eta aitorpena (IX. eranskina).

e) Kostuen moderazioa frogatzeko inprimakia (V. eranskina). Proiektuaren partidak eranskin horretan definitzen diren unitateei egokituko zaizkie.

f) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, lurren edo eraikinen titulartasuna edo erabilera daukatela frogatzen duena (VIII. eranskina).

g) Lurzatien zedulak edo inbertsioen xede diren lurzatien edo eraikinen titulartasuna frogatzeko agiriak, edo lurrak edo eraikinak erabiltzen ahal dituztela frogatzen duten agiriak. Bideak eta itxiturak egin edo hobetzeko obretan ez da beharrezkoa izanen lurzatien zedulak aurkeztea.

Toki entitate eskatzaileek titulartasuna ez duten finketan edo eraikinetan inbertsioak egiten direnean, lurrak edo eraikinak erabilgarri daudela frogatzen duen agirian erabilgarritasun horren epea jarri beharko da. Inbertsioaren amortizazio teknikoaren epearen adinakoa izanen da epe hori gutxienez. Horretarako, VI. eranskinean (“Inbertsioak amortizatzeko epeak, lurren edo eraikinen erabilera izatearen ondorioetarako”) ezarritakoa beteko da.

Eredu ofizialik ez duten gainerako agiriak PDF formatuan aurkeztuko dira. Proiektuaren edo memoria teknikoaren aurrekontua, berriz, Excel formatuan, eta kartografia ETRS89 proiekzioan eta SHP formatuan. Planoak PDF formatuan aurkeztuko dira, arras bukaturik eta behar diren legendekin. Agiriak ez dira izanen 8 megabytetik gorakoak.

4. Nahi izatera, honako dokumentazio hau ere aurkez daiteke, eta, hala, baremoko puntuazioa handitu:

a) Toki entitatearen ziurtagiria, non herri-ondasunen aprobetxamenduaren kanona, eskaera aurkeztu aurreko 3 urteetakoa, agertuko baita (XI. eranskina).

b) Jarduketek ukitutako abeltzaintzako ustiategien zerrenda, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan (NUN) inskribaturik deialdiaren aurreko urteko urriaren 1ean eta toki entitate eskatzailean helbidea dutenak (X. eranskina).

13. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Batzordearen 2014ko uztailaren 17ko 809/2014 (EB) Exekuzio Erregelamenduaren 48. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak eskatzen dute proposatutako kostuak moderatuak direla egiaztatzea, eta hori ebaluatzeko metodologia zehazten dute. Ondorio horietarako, kostuen moderazioaren printzipioa aplikatu dela bermatzeko, instrukzio organoak erreferentzia hauek erabiliko ditu:

a) “Inbertsio moduluak” izeneko IV. eranskinean aipatutako erreferentziak.

b) Beren ezaugarriak direla-eta “Inbertsio moduluak” izeneko IV. eranskinean sartuta ez dauden inbertsioak indarrean dauden Nafarroako baso tarifekin baloratuko dira. Hemen daude ikusgai:

https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Montes/Tarifas+forestales.htm

Aurkeztutako memoria edo proiektuan agertzen diren prezioak eta inbertsio-modulukoak (IV. eranskina) edo Nafarroako baso tarifetakoak ezberdinak badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatuko du ezberdintasuna, eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak onartu edo ukatu eginen du.

c) Eskatutako inbertsioak ez baldin badaude inbertsio-moduluetan (IV. eranskina) edo Nafarroako baso-tarifetan, aurrekontua justifikatu egin beharko da, gutxienez ere proformako hiru fakturaren bidez, hura baliozkotzat hartzeko.

14. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari dagokio; atal hori atxikita dago Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari.

2. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak eskatzaileen zerrenda bat osatuko du dokumentazio osoa duten eta jarduketa diruz lagungarriak biltzen dituzten eskaerekin, eta Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoari emanen dio, eskaerekin eta horiei erantsitako agiriekin batera, ebaluatu ditzan, 8. oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz.

15. oinarria.–Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoa.

1. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoari, 8. oinarrian ezarritako irizpideen arabera egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txostena bi hilabeteko epean eginen da, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita.

2. Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoa kide anitzeko organoa da, eta haren irizpena loteslea izanen da. Kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen batzordekidea: Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Ataleko burua.

Bigarren batzordekidea: Obra Bulegoko burua.

Idazkaria: Abeltzaintzako Azpiegiturei Laguntzeko Bulegoko burua.

Batzordeko kide bakoitzak Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utzi dezake bere ordezkaritza.

3. Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoak eskaerak ebaluatu, eta honako hauek ukatzea proposatzen ahalko du: jarduketak ebaluatzea galarazten duten akats teknikoak dituztenak, moduluak gainditzen dituzten obra-unitateen neurketak eta prezioak dauzkaten aurrekontuak dituztenak, eta laguntzak arautzen dituen Europar Batasuneko edo Foru Komunitateko araudiarekin bat ez datozenak.

4. Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoak proposamena jakinaraziko dio Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari.

5. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du, laguntza edo dirulaguntza esleituz lortutako puntuazioaren arabera, kontsignatutako aurrekontuko kreditua agortu arte.

Azken onuradunari esleitu gabe geratzen den saldoa emanen zaio; beraz, aurrekontuko diru kopurua nahikoa izan balitz berari zegokiokeen dirulaguntza baino gutxiago emanen zaio. Horren berri emanen zaio onuradunari, eta hark igorri beharko du, onartua izan dadin, proiektua aldatua eta onartutako inbertsio lagungarrira egokitua; proiektuaren baremazio berria ez da inola ere izanen baremazio prozesuan lortutakoa baino txikiagoa.

6. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabeteko epean gehienez.

Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, aurkeztutako eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezetsitzat joko da.

16. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Behar izanez gero, 10 eguneko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, edo agiriak bere horretan daudela bideratuko dela espedientea.

2. Eskaera osorik dela, eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuko da, eta horretarako behar diren kontrolak eginen dira.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Instrukzioaren prozeduran zehar, aurkeztutako informazioa eta dokumentazioa argitzea eska dezake unitate erantzuleak. Behar izanez gero, 10 eguneko epean zuzen ditzala eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, agiriak bere horretan daudela bideratuko dela espedientea.

5. Eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

6. Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa eta Abeltzaintzako Azpiegituren Batzorde Teknikoaren txostena ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari igorriko.

7. Txosten hori egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

8. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

17. oinarria.–Ebaztea.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Horien artean agertuko dira aurrekontu-baliabideen esleipena mugatzearen ondorioz ezetsitakoak, deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik edo oinarri arautzaile hauen 9. oinarriaren 3. atalean eskatzen den gutxieneko puntuazioa ez erdiesteagatik, edo oinarri arautzaileetan ezarritako nahitaezko dokumentazioa ez aurkezteagatik.

Betiere, 8. oinarrian (“Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak”) ezarritako balorazio irizpideen arabera bakoitzari emandako puntuazioa adieraziko da. Horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izanen du puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen eskatzaileari ematea, betiere onuradunaren ukoarekin batera kreditu aski liberatu baldin bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

Ondorio horietarako, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak egoera horren berri emanen die interesdunei, adieraz dezaten dirulaguntza jasotzeko proposamena onartzen ote duten, hamar eguneko epe luzaezinean, komunikazioa jaso eta biharamunetik hasita.

Baremoan azkeneko onuradun gisa gelditutako eskatzaileak proposamena onartu ondoren, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak laguntzak emateko behar den ebazpena emanen du, interesdunei jakinaraziko die eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du.

4. Deialdia ixten den egunetik hiru hilabeteko epean jakinaraziko da ebazpena, eta honako hauek jasoko ditu: esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa justifikatzeko nahikoa den informazioa eta onuradunak bete behar dituen baldintzak eta konpromisoak.

5. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

18. oinarria.–Eskabideak aldatzea.

1. Eskaeraren xede diren inbertsioen aldaketa nabarmenetarako eskaerak egiteko, eskaera bat igorriko zaio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari.

Honako hau hartzen da aldaketa nabarmentzat: kokapenean eta/edo neurketan %10etik gora handiagoa dena, edo OGA diruz lagungarriaren %10 gainditzen duten unitate berriak sartzen dituena. Teknikoki justifikatutako funtsezko aldaketak onetsiko dira bakarrik, inbertsioaren helburuari eta izaerari eragiten ez diotenak, eta kontzesioa egiteko baremoaren puntuazioa gutxiagotzen ez dutenak; hau da, puntuazio berria ez da inola ere geldituko onuraduna izateko beharrezkoa den gutxienekotik behera.

2. Proiektua nabarmen aldatzen duten eskaerak onartu edo ezesteko, instrukzio organoak haien balorazioa eginen du, eta, gero, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak onetsi beharko ditu.

3. Gauzatu aurretik eta gauzatzeko epea bukatu baino lehen egin beharko du eskaera onuradunak eta Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak onetsi; bestela, ezetsi eginen dira, eta ez dira ordainduko.

4. Bukaerako ziurtapenean aldaketa ez nabarmenak jaso badira (kokapenean eta/edo neurketan %10etik beherakoak, edo OGA diruz lagungarriaren %10 gainditzen ez duten unitate berriak sartzen dituena, onetsitako proiektuarekin alderaturik), ordaintzen ahalko dira, honako kasu hauetan:

–OGA diruz lagungarriaren %10 gainditzen ez duten unitate berriak badira. Prezio kontrajarrien akta bat izan beharko dute.

–Obra-unitate batzuk ezaugarri bereko beste batzuekin ordezten badira, baina bigarrenak handiagoak izanik, proiektuan onetsitako prezioan ordainduko dira.

–Kokapeneko eta/edo neurketako %10etik beherako aldaketak badira.

19. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, laguntzak ordaintzeko eskaera aurkezteko modua eta epeak.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2020ko irailaren 30a izanen da 2020ko kanpainako laguntza-eskaerentzat.

2. Dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, behin frogatuta esleipena eragin zuen inbertsioa burutu dela. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik harik eta aurkezten diren arte haren bukaeraren ziurtapena eta inbertsioaren gauzatzea frogatzen duten ordainketen fakturak eta agiriak.

3. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak hartutako konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiektuarekin bat datorrela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko dira, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

4. Laguntzak Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

5. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitatean edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahal zaizkie entitate onuradunei, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

6. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideraketak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa-eskaerarekin alderatuta, 20. oinarrian (Murrizketak eta bazterketak ordainketetan) aipatzen diren murrizketak eta baztertze-irizpideak aplikatuko dira ordainketan.

7. Ez da onartuko baimendutako aurrekontuari gehikuntzak egitea.

8. Laguntzak jasotzeko, onuradunak ordainketa-eskaera aurkeztu beharko du 2020ko urriaren 15a baino lehen, obra-ziurtagiriak, fakturak eta gastu eta ordainketa frogagiriekin, baita beste agiri hauekin ere: hornitzailearen aukeraketaren frogagiria (XIII. eranskina), eta 40.000 eurotik gorako obra gauzatzeko kontrataren aurrekontua (BEZik gabe) dutenak adjudikatu badira, eta 15.000 eurotik gorako aurrekontua (BEZik gabe) duten laguntza teknikoen kasuan, kontratazio-espedientearen kopia PDF formatuan.

Ordainketa-eskaera deialdian zehazturiko datak baino lehen aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez; eredua Nafarroako Gobernuaren web-orriko zerbitzuen katalogoan dago eskura (www.nafarroa.eus). Hala aurkeztu ezean, dagokion dirulaguntza galduko da.

9. Jarduketak egin edo bukatu direla justifikatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dira, eta konpromisoak bete izanarena. Deialdian, oinarri arautzaileetan eta laguntzak emateko ebazpenean xedatutakoaren ondoriozko frogagiriak erantsi beharko dira.

10. Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak 2020ko abenduaren 31 baino lehen emanen du ordainketaren ebazpena.

20. oinarria.–Murrizketak eta bazterketak ordainketetan.

1. Inbertsioa 19. oinarriko 1. atalean adierazitako egunerako bukatzeko konpromisoa betetzen ez bada, laguntza galdu eginen da.

2. Inbertsioa bukatu ondoren, gauzatu denaren kostua inbertsioaren adjudikazio zenbatekoaren %70etik beherakoa bada, ordainketa doitu eginen da benetan gauzatu den inbertsioaren arabera, baina %10eko zigorra aplikatuta doikuntzaren ondoriozko laguntzaren gainean, betiere, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuko teknikarien iritziz inbertsioak bere funtsezko ezaugarriei eusten badie, laguntzaren xedeko helburuak betetzen segitzen badu, eta kontzesioa ekarri zuen baremoa murrizten ez badu.

3. Onuradunak eskatutako ordainketaren zenbatekoa %10 handiagoa bada kudeaketa organoak egindako kontrolen ondotik onuradunari ordaindu beharrekoa baino, zehapen bat ezarriko da, eskatutako zenbatekoaren eta zehaztutakoaren arteko aldea adinakoa, eta ikuskapenaren ondoren kudeatzaileak zehaztutako zenbatekotik kenduko da. Murrizketa ez da izanen laguntzaren zenbatekoa baino handiagoa.

4. Aipatutako murrizketak eta bazterketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla aldaketak (1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluaren arabera), edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu.

5. Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira. Gainera, onuraduna neurri horretarako laguntzetatik bazterturik geldituko da, ekitaldi horretan eta hurrengoan, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo aitorpen hori aurkezteko unean iruzurraren kontrako borrokarako indarrean diren prozeduretatik datozenak.

6. Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada eskaeren hurrenkera finkatzeko puntuazioa ateratzeko aintzat hartutako balorazio irizpideak aldatu direla, puntuazio txikiagoa zegokiola eta, horren ondorioz, onuradun izaera galduko zukeela, onuradunak laguntza guztia galduko du.

7. Kontratazio publikoarekin lotutako arauak betetzen ez badira, Batzordearen abenduaren 19ko 9527 EE Erabakiaren (2013) Eranskinean ezarritako portzentajeak aplikatuko dira. Horren bidez ezartzen eta onesten dira zer jarraibide bete behar diren Batzordeak, kudeaketa partekatuaren markoan, Batasunak finantzatutako gastuei zuzenketa finantzarioak aplikatu behar izanez gero, kontratazio publikoaren arloan arauak betetzen ez diren kasuetan (ikus XIII. eranskina).

8. Xede berarekin beste dirulaguntzarik jaso bada eta ez bazaio horren berri eman Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari, laguntza osoa galdu eta itzuli eginen da.

21. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoen murrizketak.

Gerora bete beharreko konpromisoa ez betetzea laguntza ematen duen ebazpenaren ondorengo bost urteetan, jarraian zehaztuko diren irizpideen arabera mailakatuko da, laguntzak itzultzeko portzentajeak sortuko ditu, eta kasua bada legez ezarritako interesak gehituko dira:

a) Diruz lagundutako inbertsioen jabetza araubidea aldatzea: laguntzaren %100 itzuli beharra.

b) Diruz lagundutako inbertsioa abeltzaintzakoa ez den erabilera batera aldatzea: laguntzaren %100 itzuli beharra.

c) Diruz lagundutako inbertsioen erabilera etetea: laguntzaren %50 itzuli beharra. Hilabeteko epean erabilera berriro hasten ez bada, laguntzaren %100 itzuli beharko da.

d) Diruz lagundutako inbertsioen unitateak gutxitzea, salbu behar bezala frogatutako ezinbesteko baldintzak izaten direnean (1306/2013 (EB) Erregelamenduaren 2.2 artikuluan definitu dira baldintza horiek): gutxitutako unitateei dagokien laguntzaren %100 itzuli beharra. Hilabeteko epean unitateak berrezartzen badira, berrezarritako unitateen laguntzaren %50 itzuli beharko da.

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea eta gardentasuna.

1. Onartutako inbertsioak 808/2014 (EB) Erregelamenduaren III. eranskineko 2. puntuan ezarritako mugak gainditzen baditu, onuradunak behar diren publizitate neurriak hartuko ditu, hain zuzen ere aplikatzekoak diren Europar Batasuneko arauetan aurreikusitakoak eta arau haiek garatzeko arauetan edo arau haien transposizioa egiteko arauetan aurreikusitakoak.

2. Guztira 10.000 eurotik gorako laguntza jasotzen duten eragiketen kasuan, eta finantzatutako eragiketaren arabera, informazio panel bat ezarri beharko du, eragiketari buruzkoa (gutxienez ere A3 –297x420– tamainakoa), non nabarmenduko baita Europar Batasunetik jasotako finantza laguntza, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean.

3. Guztira 50.000 eurotik gorako laguntza jasotzen duen eragiketa baten kasuan, onuradunak azalpen-plaka zurrun bat ezarri beharko du (gutxienez ere A0 –841x1189– tamainakoa), proiektuari buruzko informazioarekin, non nabarmenduko baita Europar Batasunetik jasotako finantza laguntza.

4. Onuradunak proiektuaren edo eragiketaren deskribapena egiten duen bereizgarri bat jarri beharko du, horren %25 hartuko duena, gutxienez. Gainera, Europako ikurra agertuko da, orri honetan dauden arau grafikoen arabera: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es. Harekin batera, irakurgarri hau: “Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa: 2014-2020 Europak landa eremuetan inbertitzen du”.

5. Azkenik, laguntza hauen onuradunen datuak honako arau honekin bat argitaratuko dira: Nekazaritzako politika bateratuaren finantziazioari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua, 111. artikulua.

II. ERANSKINA

Abeltzaintzako toki azpiegituretarako laguntzen eskaera (PDFa).

III. ERANSKINA

Proiektuen eta memoria teknikoen gutxieneko edukia

Proiektuek agiri hauek izanen dituzte:

–Memoria.

–Baldintza-agiria.

–Ingurumen ukipenen azterketa (4/2005 Foru Legearen arabera beharrezkoa bada) edo bestela ingurumen eraginaren azterketa.

–Planoak, 1:10.000 eskalakoak edo hortik gorakoak.

–Segurtasunari eta osasunari buruzko azterlana, 1627/1997 Errege Dekretuarekin bat, zeinaren bidez eraikuntza lanetan gutxienez bete beharreko segurtasun eta osasun baldintzak ezartzen baitira.

a) Memoria:

–Laguntza zein jarduketarako eskatzen den, horren deskribapen zehatza egin beharko du, bai eta jarduketaren aurrerakinak eta xedea ere azaldu. Argi eta garbi justifikatuko da proposatzen den azpiegituraren abeltzaintzako helburu eta/edo erabilera.

–Tuberkulosi egoeretan, memoriaren atal berezi batean aipatuko da.

–Proiektua, osorik edo hein batean, norberaren baliabideekin edo auzolanean egin nahi bada, zehatz-mehatz azalduko da.

–Obrak adjudikatzean kontratuaren atalak bereiz beteko direla aurreikusten bada, bereiz erabili edo aprobetxatzeko modukoak direnean, bereizitako erabilera edo aprobetxamendu hori arrazoitu eta justifikatuko da obren proiektuaren memorian eta klausulen agirietan.

–Aurreikusten denaren arabera proiektuan bereizita adjudikatuko den zati bakoitzerako, aurkezten den proiektuan kontrata bakoitzeko aurrekontua, bereizita, sartu beharko da, bai eta proiektua egin eta obra zuzentzen dutenen ordainsariak, proiektuaren zati horri dagozkionak.

–Aurrekoaz gain, dokumentazioan egoera hori zehatz-mehatz eta espresuki agertuko da, aurkeztutako proiektuaren separata batean, zati bakoitzaren aparteko balorazioarekin batera.

–Obrak adjudikatzean aurreikusten bada adjudikatzeko irizpidea eskaintza hoberena izanen dela, lizitatzaileek aurkeztutako proiektuari hobekuntzak aurkeztu ahal izateko, hobekuntza horiek baloratu ahal izateko eta eskaintza hoberena zein den erabakitzeko, aurkezten den proiektuan eta klausulen agirietan hau beharrezkoa da:

–Hobekuntzei aplikatuko zaien balorazio-irizpideak ezartzea, hobekuntzak aski identifikatzeko behar diren baldintzekin, mugekin, modalitateekin eta ezaugarriekin.

Hobekuntzak onartuko dira kontratuaren prestazioarekin harreman zuzena badute eta zehatz-mehatz eta espresuki zehazten eta baloratzen badira, aurkeztutako proiektuaren separata batean, kontratistaren exekuzio doan eta osagarri gisa.

–Memorian definitzen diren jarduketen erreferentzia geografikoak eta planoetako kokaguneak zehaztuko dira.

b) Baldintzen agiria:

–Proiektuetan baizik ez da eskatuko. Aurreko atalean definitu diren berezitasun guztiak biltzeaz gain, laguntza zein lanetarako eskatu den, lan horiek guztiak aipatu beharko ditu eta adierazi, gutxienez, obra bakoitzean erabiliko diren bitartekoak, makineriaren indarra kalkulatuta.

c) Aurrekontua, honako agiriekin osatua:

–Neurketen taula.

–Prezioen taula:

  • Prezioen taula letraz.
  • Prezio xehakatuen taula (lan eskua, makineria eta materialak).
  • Prezio osagarrien taula.

–Aurrekontu partzialak.

–Aurrekontuen laburpen orokorra.

Proiektua, osorik edo hein batean, norberaren baliabideekin edo auzolanean egin nahi bada, bere aurrekontua zehatz-mehatz azalduko da aurrekontu atalaren berariazko eranskin batean.

d) Planoak:

–Kokalekuaren planoa.

–Plano zehaztua, 1:10.000 eskalakoa edo hortik gorakoa. Laguntza eskaeran aipatzen diren jarduketa guztien erreferentzia geografikoak emanen dira, eta lokalizatzeko moduan azaldu.

–Plano zehatzagoak eginen dira fabrika-obretarako, harri-lubetetarako, etab.

–Kartografiaren legendak argiak izanen dira, eta aurrekontuan definitutakoari lotuak.

–Aurrekontuetako eta memoriako unitateek bat etorri beharko dute planoetan ageri direnekin.

e) Segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko azterlana.

–Agiri hori proiektuetan soilik eskatzen ahalko da, eta horren edukiak 1627/1997 Errege Dekretuarekin bat etorri beharko du. Honako hauek bilduko ditu:

1. Memoria.

–Obren ezaugarrien deskribapena.

–Gauzatze-epea.

–Aurreikusitako langileak.

–Behin-behineko instalazioak eta osasun laguntza.

–Aurreikusitako makineria eta baliabide osagarriak.

–Arriskuen azterketa orokorra.

–Prebentzio neurriak.

2. Aurrekontua. Espedientean eskatutako aurrekontua oinarritzat harturik zehaztuko da.

Memoria teknikoa eskatzen bada, honakoak barne hartuko ditu: memoria, aurrekontua, Ingurumen ukipenen azterlana (4/2005 Foru Legearen arabera beharrezkoa bada) eta 1:10.000 eskalako edo hortik gorako planoak.

IV. ERANSKINA

Inbertsio moduluak

Un.

PARTIDA

LANAK GAUZATZEAREN PREZIOA (euroak)

I. mota

II. mota

Unit.

1 m-ko diametroko hodia, 6 m-ko luzerakoa, kutxeta eta ahoa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

1.726,40

2.244,32

Unit.

0,8 m-ko diametroko hodia, 6 m-ko luzerakoa, kutxeta eta ahoa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

1.342,64

1.745,43

Unit.

0,6 m-ko diametroko hodia, 6 m-ko luzerakoa, kutxeta eta ahoa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

1.067,04

1.387,15

m.l.

3 m-ko zabalerako bidea, 0,15 m-ko lodierakoa, material pikorduna (2”) duena, erabat funtzionala eta bukatua.

10,40

12,48

m3

Harrobi komertzialetik heldu den material pikorduna, birrinketa bidez hautatua (2”), konpaktuan neurtua, materiala, karga eta garraioa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

18,72

26,00

m3

“Zagor natural” gisako material pikorduna, baheketa bidez hautatua (2”), konpaktuan neurtua, materiala, karga eta garraioa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

7,80

7,80

m2

Beroan egindako emultsio bituminosoko zoladura, S12 motakoa, agregakin ofitikoduna, 5 cm-ko lodierakoa, itsaspeneko emultsio bereziarekin (ECR1) aldez aurretik ureztatua eta bidezulo eremuen birprofilatzea, erabat funtzionala eta bukatua.

9,36

10,40

m3

Hormigoizko zoladura bideetan, hormigoi hornidura barne, hedatua, erregela dardarkariarekin trinkotua, talotxatzea eta erremateak, azaleko testurarako arrabotaketa, produktu filmogenoekin ondua, eta uzkurdura-junturak egitea gogorrean; enkofratzea eta ertzen arriñonamendua barne, erabat funtzionala eta bukatua.

124,80

156,00

m3

80 cm-ko diametrotik gorako kareharrizko lubeta, beharrezkoak diren obra osagarri guztiak barne, lurra harriak jarri aurretik egokitzea eta material iragazlez beteriko estradosa, erabat funtzionala eta bukatua.

41,60

72,80

m2

Eskorta itxia, 15 m-tik gorako hutsartea eta 4 m-tik gorako garaiera duena, erabat funtzionala eta bukatua.

156,00

156,00

m2

Eskorta itxia, 15 m-tik beherako hutsartea eta 4 m-tik beherako garaiera duena, erabat funtzionala eta bukatua.

135,20

135,20

Unit.

Hesi kanadiarra, ondoan metro bateko zabalerako ate metalikoa, giltzarrapoa eta alboan altzairu galbanizatuzko bi baranda, eta, gainera, gehienez ere metro bateko diametroko eta 5 m-ko luzerako hodia, erabat funtzionala eta bukatua.

5.200,00

6.240,00

Unit.

Altzairu galbanizatu teleskopikoko ataka, 1-5 metroko luzerakoa eta 1,2 m-ko garaierakoa jarrita dagoela, erabat funtzionala eta bukatua.

520,00

624,00

m.l.

Akaziazko hesolekin egindako itxitura. Hesolak 1,7 m-ko garaierakoak eta 10 cm-ko punta meharrekoak izanen dira, zartatzetik heldu direnak, beraien artean 1,8 m utziko da, metro bateko garaierako sarea jarriko da edo alanbre ziztaduneko 5 ilara, zorutik 15-30-50-75-105 cm-ra; hesolak eskuz edo zamariz banatuko dira 200 m-ko distantziara gehienez, pertsonak pasatzeko pasabideak utziko dira 250 m-ko tarte bakoitzean gutxienez eta bidexka edo bideekin gurutzatzean. Erabat funtzionala eta bukatua.

5,18

6,74

m.l.

Itxitura kentzea.

1,02

1,54

m.l.

Itxitura konpontzea, gutxienez ere 8 hesola berri jarriz eta alanbre ziztaduneko 50 m jarriz konpondutako itxituraren 100 m-ko.

1,02

1,54

m2

Abeltzaintzako tratamendu-eskorta, erabat funtzionala eta bukatua.

41,60

62,40

m3

Iragaizte naturaleko putzua, zangak irekitzea barne, erabat funtzionala eta bukatua.

10,40

15,60

m2

Material iragazgaizgarri komertzialarekin iragaizteagatiko gehigarria, erabat funtzionala eta bukatua.

15,60

18,72

Unit.

Hormigoi armatuko uraska, 1.500 litroko edukiera duena, buia eta babesa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

520,00

624,00

Unit.

Altzairu galbanizatuko uraska aurrefabrikatua, 1.500 litroko edukiera duena, buia eta babesa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

1.404,00

1.512,00

Unit.

Polietilenoko uraska, 1.500 litroko edukiera duena, buia eta babesa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

640,00

710,00

Unit.

Altzairu herdoilgaitzezko uraska aurrefabrikatua, 1.500 litroko edukiera duena, buia eta babesa barne, erabat funtzionala eta bukatua.

1.604,00

1.712,00

H

Ezpondetatik erortzen diren materialak kentzeko eta arekak garbitzeko makineria.

62,40

62,40

I. mota: makinen errendimendu normalarekin egindako lanak.

II. mota: makinen errendimendu baxuarekin egindako lanak (orografia konplexua, %15etik gorako maldak, sarbide zaila, materialez hornitzeko zentroak urrun izatea...).

V. ERANSKINA

Kostuen moderazioaren justifikazioa.

VI. ERANSKINA

Inbertsioak amortizatzeko epeak, lurren edo eraikinen erabilera izatearen ondorioetarako

1.–Eraikuntzak:

1.1. Obra berria: 25 urte.

1.2. Obra bidezko eraberritzea: 20 urte.

2.–Ekipoak: 12 urte.

VII. ERANSKINA

Herri-ondasunak arautzeko ordenantzak izatearen ziurtagiria.

VIII. ERANSKINA

Titulartasun publikoari buruzko ziurtagiria.

IX. ERANSKINA

Konpromisoen adierazpena.

X. ERANSKINA

Jarduketek ukitutako abeltzaintzako ustiategien zerrenda, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik deialdiaren aurreko urteko urriaren 1ean eta toki entitate eskatzailean helbidea dutenak.

XI. ERANSKINA

Herri-lurretako aprobetxamendu kanonari buruzko adierazpena.

XII. ERANSKINA

Ordainketa-eskaera.

XIII. ERANSKINA

Hornitzailea aukeratzeko erabakiaren justifikazioa

1. agiria.

2. agiria.

3. agiria.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1909601