162. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MENDIGORRIA

Komunikazio ez sexistaren arloko udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Mendigorriko Udalak, 2019ko martxoaren 8an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Komunikazio ez sexistaren arloko udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2019ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 4an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Mendigorrian, 2019ko maiatzaren 24an.–Alkatea, Iosu Arbizu Colomo.

KOMUNIKAZIO EZ SEXISTAREN ARLOKO UDAL ORDENANTZA

Egilea: Nafarroako Erdialdea garatzeko partzuergoa.

«Erdialdea: berdintasunean oinarritutako landa garapena» programa. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen du dirulaguntza.

ZIOEN AZALPENA

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarrizko eskubidea da, eta gizarte demokratiko orok izan behar duen balioa.

Zentzu horretan, hizkera lagungarria izan daiteke aldaketa sustatzeko, eta ezagutzak eta kultura transmititzeko, baina, desberdinkeria areagotzeko tresna ere bihurtzen ahal da. Hizkera sexista da, hain zuzen, emakumeak gizartean diskriminatzen dituena. Hala, Genero eta Hizkuntza Nazioarteko Elkartearen aholkularitza batzordeko kide Mercedes Bengoechea Bartolomé andrearen ustez, herritartasun politikoa lortzeko, ezinbertzekoa da “gorpuzdun subjektu bezala izendatzea, hau da, femeninoan”.

Europako Parlamentuak, 2008ko otsailean argitaratutako txosten batean, adierazi zuen hizkera ez sexistaren erabilera ez dela soilik zuzentasun politiko kontua, izan ere, eragin nabaria du jarreran, jokabidean eta pertzepzioan. Urtebete geroago, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Berdintasun Batzordeak txosten horren zati bat erabili zuen barne txosten batean, ulertu baitzuen organo konstituzionala izanik materia horretan ere eredugarri izan behar dela.

Duela gutxi, Europako Batzordeko Kontseiluak dokumentu berria argitaratu zuen, administrazioan, lan giroan, hizkera sexista eta diskriminatzailea saihesteko zenbait gidalerrorekin (Kontseiluaren Idazkaritza Nagusia, 2018). Gida horretan azpimarratu zen hizkera ez sexista (eta ez lerratua) araua izan behar dela komunikazioan. Laburbilduz, horrelako agirien helburua da hizkuntza aberastea, eta oinarrian berdintasuna duen komunikazio tresna izan dadila.

Hizkera ez sexista, dudarik gabe, tresna eraginkorrenetariko bat da oinarrizko eskubide hori errespetatzeko, alegia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. Irudia ere elementu estrategikoa da, horri esker emakumeak eta gizonak egoki ikustea ahalbidetuko baitu, generoaren araberako estereotiporik gabe.

Halaber, emakumeen eta gizonen arteko bereizkeriak kalte sozialak eta ekonomikoak eragiten ditu, bai eta giza mailan ere. Hortaz, toki administrazioak gai honen inguruan duen rolak garrantzi handia du; hala, politika proaktiboak erabiltzen ahal ditu, aldaketa sustatzeko eta alor horretako lorpenak neurtzeko. Hori dela eta, Mendigorriko Udalak, ordenantza honen bitartez, modu aktiboan lagundu nahi du hizkerako eta irudietako sexismoa ezabatzen, gizarte justu eta berdinzaleagoa eraikitzeko.

Araudi hau, beraz, justifikatua dago, interes orokorreko gaiari heltzen baitio, eta bere helburua lortzeko beharrezkoak diren arauak biltzen baititu, beharraren, eraginkortasunaren eta proportzionaltasunaren printzipioen arabera.

Horrez gain, Mendigorriko Udalak, gardentasunaren printzipioari helduz, partaidetza sustatu du ordenantzaren prestaketan. Amaitzeko, ordenantza modu koherentean aplikatuko da, gainerako ordenamendu juridikoa errespetatuz, bai estatu mailan bai Europar Batasunean, segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko.

Arau esparrua

Sexismoa hizkeraren erabileran nazioarteko arazotzat hartu zen 1975ean Mexikon egindako Emakumeei buruzko lehenengo Mundu Konferentzian. Horrez geroztik, hizkuntzen erabilera sexista saihesteko proposamenak eta gomendioak egin dira.

Hona hemen arlo honetako zenbait xedapen eta arau:

UNESCOren 1987ko (14.1) eta 1989ko (109) Ebazpenak, honako hau sustatzen dutenak: “Erakundearen laneko dokumentuak idaztean, agerian nahiz gordean sexu bakarraren aipua egiten duten hitz zein esamoldeen erabilera saihestea, ahal den neurrian, non ez diren emakumearen aldeko neurriak”; eta “emakumearen aipua agerian egiteko hiztegiaren erabilerari buruzko gidalerroak sustatzen jarraitzea, eta Estatu Kideetan hitz horien erabilera bultzatzea”.

Tokiko Bizian Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Europako 2006ko Gutunak 6. artikuluan azpimarratzen du tokian tokiko arduradunek konpromisoa hartu behar dutela “ahal den neurrian aurreiritziak saihesteko eta prebenitzeko, bai eta bataren zein bertzearen gehiagotasuna zein gutxiagotasuna edota rol maskulino eta femenino esteriotipatua islatzen dituzten esamoldeen eta irudien erabilera ere”; halaber, bermatu behar dute “haien komunikazio barneko nahiz jendaurrekoetan, ahoz zein idatziz, konpromiso horri eustea”, “generoari lotutako irudi eta adibide positiboen erabilera” sustatuz.

Europako Kontseiluaren Ministro Batzordeak berdintasunaren arloko arauei eta mekanismoei buruz 2007ko azaroaren 21ean onartutako gomendioa da hizkeran dagoen sexismoa ezabatzeko arau nagusia; gomendio horren arabera, Estatu Kideen helburua da “esparru guztietan hizkera ez sexista sustatzea, bereziki sektore publikoan, bai eta hezkuntzako maila eta modu guztietan eta hedabideetan ere”. Horrez gain, Estatuen borondatea eta gogoa islatuko luketen zenbait elementu zerrendatzen ditu, hala nola, “sektore publikoa, dokumentu ofizialetan, hizkera ez sexista erabiltzeko agintzea, zehazki, testu juridikoetan, dokumentu politikoetan, programetan, formularioetan eta galdetegietan”.

Genero indarkeriaren aurkako Babes Osoko Neurriei buruzko berdintasunaren arloko arauei eta mekanismoei buruzko 1/2004 Lege Organikoak ere azpimarratzen du estereotipoetan oinarrituta emakumea diskriminatzen duten irudiak ez erabiltzearen garrantzia, eta 10. artikuluan dio ez dela zilegi “emakumearen irudia modu iraingarri edo diskriminatzailean erabiltzen duen publizitatea”.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak hizkera ez sexista ezartzen du, botere publiko guztien jarduketarako, administrazio eremuan erabili beharreko irizpide nagusi gisa, eta dio hura sustatu behar dela harreman sozial, kultural eta artistiko guztietan. Halaber, Informazio Gizartearen esparruan zehazki, ezartzen du “hizkera eta eduki ez sexistaren erabilera bermatu behar dela, osorik zein neurri batean diru publikoz lagundu diren informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloko proiektuetan”; bestalde, neurri zehatzak jasotzen ditu, berdintasuna bermatzeko hedabide publiko nahiz pribatuetan.

1995eko martxoaren 22ko Ministerio Aginduak titulu akademiko ofizialen egokitasuna arautzen du, titulua eskuratzen duen pertsonaren arabera erabiltzeko (maskulinoan eta femeninoan); hala, Espainiako Hizkuntza Akademiaren aldarrikapena ere biltzen du, tituluak feminizatzearen alde, eta, eranskinean, feminizatutako zenbait titulu ageri dira.

Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legeak ezartzen du beharrezkoa dela administrazioan sortutako dokumentuak berrikustea, haietan sexista ez den hizkera erabiltzen dela bermatzeko.

Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak honako hau dio III. tituluan: “tratamenduagatik edo agertzeko moduagatik, emakumeen kontrako indarkeria justifikatzen, arinkeriaz tratatzen edo bultzatzen duten publizitateko edukiak eta iragarkiak egitea eta zabaltzea saihestuko da, bai eta emakumeen duintasuna urratzen duten mezu berariazkoak edo esan gabekoak dituztenak ere, Estatuko oinarrizko arauetan aurreikusitakoarekin bat”.

Horrez gain, Ordenantza honekin “Genero Berdintasuna Nafarroako Toki Entitateetan” izenburua duen dokumentuan adierazitako helburuetako bat betetzen da. Udalean berdintasunaz arduratzen diren sailen lana antolatzeko, kudeatzeko eta ebaluatzeko Nafarroako Berdintasunerako Institutuak prestatu duen ibilbidean Informazioaren Kudeaketa eta komunikazio politika izeneko programa aurkitzen da Tokiko Gobernantza eta Genero Zeharkakotasuna izeneko arloan. Hona hemen haren helburuak: udalak hizkera eta irudi ez sexistak erabiltzea bere jardunean; udal mailan hizkera eta irudi ez sexisten erabilera sustatzea eta berdintasunari buruzko informazioa zabaltzea, bai udal langileen artean bai herritarren artean.

Horrenbertzez, eta aipatutako araudia beterik, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantzaren helburua da udal mailan hizkera eta irudi ez sexisten erabilera sustatzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Ordenantza hau Mendigorriko Udalean eta haren menpeko erakunde autonomoetan aplikatuko da.

2. Horrez gain, udalaren eskumenekoak diren zerbitzuak ematen dituzten hirugarren entitateei ere aplikatuko zaie ordenantza hau, kudeaketarako edozein formula erabiltzen dutela, bakoitzari dagokion neurrian.

II. TITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

3. artikulua. Lanpostuen izenak.

1. Urteroko plantilla organikoan, lanpostuak forma bikoitza erabiliz izendatuko dira (maskulinoan eta femeninoan).

2. Departamentu, sail, bulego nagusi eta zerbitzuetako errotulu guztiak modu generikoan izendatuko dira, edo femeninora edo maskulinora egokituko dira, horietan lan egiten duten pertsonen arabera.

4. artikulua. Hizkera eta komunikazio ez sexistak.

Derrigorrezkoa da hizkera eta komunikazio ez sexistak erabiltzea honako hauetan:

–Udalaren deialdi publikoetako lanpostuak izendatzean.

–Udalaren deialdi publikoetako probak idaztean.

–Udal langileen hitzarmen eta akordio kolektiboan.

III. TITULUA

Harreman administratiboak

5. artikulua. Dokumentu administratiboak eta Udalaren barnean erabiliko direnak.

Mendigorriko Udalaren, haren menpeko erakundeen edo udal enpresen argitalpen, dokumentu administratibo, ordenantza, zirkular, formulario, inprimaki eta abarretan, oro har, hizkera eta irudi ez sexistak erabiliko dira.

6. artikulua. Kanpo komunikazioa.

Mendigorriko Udalak bertze administrazio publiko, entitate zein enpresa pribatuei bidaltzen dizkien dokumentu, jakinarazpen eta komunikazioetan, oro har, hizkera eta irudi ez sexistak erabiliko dira.

IV. TITULUA

Herritarraren eskubideak

7. artikulua. Herritarraren eskubidea.

Herritarrek Mendigorriko Udalari eskatzen ahal diote komunikazio sistema ez sexista erabiltzeko.

8. artikulua. Udal langileen prestakuntza.

Mendigorriko Udalak prestakuntza emanen die langileei, hizkera eta irudi sexistarik erabiltzen ez dutela bermatzeko.

V. TITULUA

Udal komunikazioa

9. artikulua. Komunikazio ez sexista.

Mendigorriko Udalak estereotipo sexistarik gabeko hizkera eta irudiak erabiliko ditu honako hauetan:

–Udalak, administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez, herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduetan.

–Zigilu, tanpoi, logotipo, idazpuru eta gisako elementuetan.

–Bestetako programetan.

–Dibulgazioko iragarkietan, idazkietan eta buletinetan.

–Prestakuntza ekintzetan (ikastaroak, hitzaldiak, jardunaldiak, mintegiak).

–Udal egoitza eta bulegoetako errotuluetan, eta udal langileen arropa edo uniformeetan.

–Bandoetan, ediktuetan, karteletan eta argibideak emateko plaketan.

–Eraikin, karrika eta eremu publikoetako errotuluetan.

–Autobus zein taxi geltokietan.

–Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta trafikoko seinaleetan, etzanak izan ala zutikakoak.

–Udalaren web orrian.

10. artikulua. Udal iragarkiak.

Mendigorriko Udalak eskatuko du egunkarietan argitaratzen diren udal iragarkietan, ikus-entzunezko baliabideetako (irratia eta telebista) publizitatean eta sare sozialetako mezuetan hizkera eta irudi ez sexistak erabiltzeko.

VI. TITULUA

Kontratuak, dirulaguntzak eta hitzarmen publikoak

11. artikulua. Kontratazio publikoa.

Zerbitzu publikoetarako Mendigorriko Udalak egiten dituen kontratazio espedienteetan, klausula bat txertatuko da, emakumearendako iraingarri eta/edo baztertzaile diren irudi edo mezuak ez erabiltzeko konpromisoa eskatzeko, eta baloratu eginen da proiektu teknikoa idaztean hizkera ez sexista erabiltzea.

12. artikulua. Dirulaguntza publikoak.

Dirulaguntza publikoak ematerakoan baloratuko da proiektuaren hizkera eta irudiak sexistak ez izatea.

13. artikulua. Administrazio publikoen arteko hitzarmenak.

Administrazio publikoen arteko hitzarmenen hizkera eta irudia ez sexistak izanen dira.

14. artikulua. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiaren arloko proiektuak.

Osorik zein neurri batean diru publikoz lagundu diren informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloko proiektuetan (web orriak, blogak eta abar), entitate onuradunek txosten laburra aurkeztu behar diote Mendigorriko Udalari, eta bertan azaldu behar dute ordenantza honetako eranskinean jaso diren gomendioak kontuan hartu direla, hizkera eta eduki ez sexistaren erabilera bermatzeko.

VII. TITULUA

Aholkularitza eta kontrola

15. artikulua. Aholkularitza.

Mendigorriko Udaleko Berdintasun Arloa edo, ezin izanez gero, Kultur Arloa arduratuko da Udalean hizkera eta irudi ez sexistak erabiltzea zer den zehazteaz, Erdialdeko Garapenerako Partzuergoaren aholkularitzarekin.

16. artikulua. Jarraipena eta kontrola.

Mendigorriko Udaleko Berdintasun Arloak edo, ezin izanez gero, Kultur Arloak eskumena izanen du segimendua egiteko, alegia, ordenantza honetan ezarritakoa betetzen den egiaztatzeko, baita ordenantzaren helburua betetzeko lagungarria den edozein gairen gainean proposamenak egiteko ere.

VIII. TITULUA

Komunikazio ez sexistaren sustapena

17. artikulua. Parte-hartzea ekimen eta kanpainetan.

Mendigorriko Udalak Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioaren, eta Erdialdeko Garapenerako Partzuergoaren ekimen eta kanpainetan parte hartuko du, eta bertze erakunde eta entitateekin batera ere bai, hizkera eta komunikazio ez sexistak babesteko.

18. artikulua. Eskura, webgunearen bidez.

Udalak Ordenantza honen berri emanen du bere webgunearen bidez; hura desgaitasuna duten pertsonentzat egokituta egonen da, informazioaren eta komunikazioaren arloan erabilgarritasunaren printzipioa betetze aldera.

19. artikulua. Hedatzeko estrategia.

Mendigorriko Udalak hedatzeko estrategia erabakiko du, udaleko langileei eta, oro har, herritarrei ordenantzaren berri emateko.

AZKEN XEDAPENA

Lehenengoa.–Ordenantza hau indarrean sartuko da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egunen buruan.

Bigarrena.–Alkatetzak eskumena du nahi bezainbat agindu edo argibide emateko, ordenantza honetan jasotakoa behar bezala interpretatze, egite eta aplikatze aldera.

ERANSKINA: GOMENDIOAK

Hizkera administratibo ez sexistaren erabileran laguntzeko eta sentsibilizatzeko, honako hauek erabiliko dira (kasu hauetako gehienak soilik gaztelaniaz aplikatzekoak dira. Beraz, hizkuntza horretako adibideak baizik ez dira ematen horrelakoetan):

–Kolektibo generikoak (adibidez: ‘infancia’, ‘vecindario’, ‘plantilla’ eta abar),

–Abstraktuak (adibidez: ‘jefatura’, ‘presidencia’, ‘ciudadanía’ eta abar),

–Perifrasiak (adibidez: gizakia),

–Desdoblamenduak (adibidez: ‘los trabajadores y trabajadoras’),

–Azalpenak emateko aposizioak (‘los afectados, tanto hombres como mujeres, recibirán...’),

–“Se” bidezko egiturak (adibidez: ‘se decidirá judicialmente’),

–Barrak, formulario edo inprimakietan (adibidez: jauna/andrea),

–Titulazio edo lanbideen izenak, femeninoan.

Ez da gomendagarria a bildua edo forma maskulino generikoa erabiltzea.

Bestalde, irudiari dagokionez, honako hau proposatzen da:

–“Estereotipatu gabeko” gizon eta emakumeen irudiak erabiltzea,

–Dibertsitatea sustatzea,

–Espazio ez tradizionaletan bai emakumeen bai gizonen lorpenak agerian jartzea,

–Irudietan emakumeak eta gizonak modu berdintsuan egotea,

–Emakumeen gorputza ez erabiltzea desira edo kontsumoa sustatzeko.

Bukatzeko, zenbait adibide erantsi dira, udal mailan hizkera ez sexistaren erabilera sustatzen laguntzen ahal dutenak:

TESTUA

ORDEZKO PROPOSAMENA (adibide guztiak, gaztelaniaz)

El trabajo de los artesanos

El trabajo artesanal

El trabajo de los y las artesanas

Literatura para niños

Literatura infantil

Literatura para niños y niñas

Los lectores

El público lector

Las lectoras y lectores

Los empresarios

Los empresarios y empresarias

El empresariado

La firma del apoderado

La firma de la persona apoderada

Café con empresarios

Café con empresas

El cliente

La clientela

La declaración del licitador

La declaración de quien licite

Los trabajadores

Los y las trabajadoras

La plantilla

Los proveedores

Las empresas proveedoras

El Jefe de obra

La Jefatura de obra

Una representación de los deportistas

Una representación de deportistas

Una representación de mujeres y hombres deportistas

Los directivos de la Federación

Las y los directivos de la Federación

La directiva de la Federación

Los socios

Las personas asociadas

Los profesores

El profesorado

Los alumnos

El alumnado

Los técnicos deportivos

Las técnicas y técnicos deportivos

El personal técnico deportivo

Estar interesado en los fines del club

Tener interés en los fines del club

Atención al Paciente

Atención a Pacientes

El médico de familia

La médica o médico de familia

Los usuarios

Las personas usuarias

Los extranjeros empadronados

Las personas extranjeras empadronadas

Los padres

Los padres y madres

Las familias

El niño

El niño y la niña

El ciudadano

La ciudadanía

Los empleados municipales

El personal municipal

El funcionario

El funcionariado

Iragarkiaren kodea: L1907690