161. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Aldaketa Udalaren kirol instalazioetako barne araubidearen erregelamenduan. Behin betiko onespena

Eguesibarko Udalak, 2019ko apirilaren 2an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aldaketa Eguesibarko Udalaren kirol instalazioetako barne araubidearen erregelamenduan.

Aldaketa horien hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2019ko 87. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 7an, eta Udalaren iragarki-taulan. Jendaurrean egon bitartean, ez zen alegaziorik aurkeztu. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, behin betiko onetsirik gelditu dira, ondotik ematen den testuari jarraikiz.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzen ahal den gainerako legerian ezarritakoa betetzeko.

Sarrigurenen, 2019ko ekainaren 20an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

SARRIGURENGO KIROLGUNEAREN ETA EGUESIBARKO UDALAREN KIROLDEGIAREN BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

LEHEN TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Barne araubidearen erregelamendu honen helburua da Eguesibarko Udalaren kirol instalazio hauen erabilera arautzea: Udalaren Sarrigurengo kirolgunea, Sarrigurenen baitago, eta Eguesibarko Udalaren kiroldegia, Olatzen baitago.

2. artikulua. Xedapen orokorrak.

Eguesibarko Udalak xedapenak eta ebazpenak emateko eskubidea gordetzen du, erregelamendu honetan ezartzen dena argitu, aldatu edo garatzeko, instalazioak era egokian erabiltzearren.

Udalak onetsiko ditu erregelamendu hau eta horrekin lotuta dauden urteko arauak, eta horiek (ordutegiak, tasak, egutegiak...) jendearen eskura egonen dira Eguesibarko kirol instalazioetan.

Eguesibarko Udalak ez baditu erregelamendu honetan jasotako eskubideak erabiltzen edozein une edo alditan, ez da inolaz ere ulertu behar aipatu eskubideei uko egiten diela.

Instalazio horiek erabiltzen ahalko dituzte Udalak horretarako zehazten dituen baldintzak betetzen dituzten herritar guztiek.

Instalazio bakoitza zer kirol eta jardueratarako dagoen pentsatua edo egokia den, horiexetan aritzen ahalko dira bertan erabiltzaileak.

Udalaren kirol instalazioetan kartel bat paratuko da, erabiltzaileak ongi ikusi eta iristeko moduko tokian, ondoko jakingarri hauek azaltzeko:

–Instalazioko zerbitzuak noizbehinka erabiltzeagatik ordaindu beharreko prezioa.

–Jardueraren ordutegia.

–Erabiltzaile kopurua, edukiera eta ezaugarri tekniko aipagarrienak.

–Egiten diren zerbitzuak edo programak.

–Instalazioaren arduradunaren izena.

–Kirol teknikari arduradunen izenak.

Ordenantza honen ondorioetarako, erroldatuekin parekatuta egonen dira gurasoak eta/edo adingabeak, baldin eta bereizketaren edo dibortzioaren ondorioz Eguesibartik kanpo erroldatuta badaude eta seme-alabak edo gurasoak, berriz, Eguesibarren erroldaturik. Egoera hori frogatu beharko da ezkontzaz kanpoko haurraren behin betiko neurriekin edo bereizketaren eta dibortzioaren epaiarekin.

BIGARREN TITULUA

Instalazioen erabiltzaileak

I. KAPITULUA

Abonatua izateari buruzkoak

3. artikulua. Sarrigurengo kirolguneko abonatua izatea.

Abonatutzat hartuko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenak: Eguesibarren erroldatua egotea, inskripzioa eskatu eta hura onartu izana izatea, “Abonatuentzako Udalaren kirol-txartela” edukitzea eta Udalak ezartzen dituen kuoten ordainketa eguneratua izatea.

Erroldan baja egiteak Udalaren kirol instalazioan baja egitea ekarriko du, baita alta ere erroldatuta ez dagoen Eguesibarko udal kiroldegiko abonatu gisa.

Egoera bereziak direnean, Udalak ezarriko ditu abonatu izateko baldintzak.

Udalak mugatzen ahalko du abonatuen kopurua, instalazioen erabilera ahalik eta egokiena izan dadin.

Sarrigurengo kirolguneko abonatuek Udalaren kirol instalazioetako abonatuaren kuota ordainduko dute.

4. artikulua. Eguesibarko Udalaren kiroldegiko abonatua izatea.

Abonatutzat hartuko dira honako baldintza hauek betetzen dituztenak: Eguesibarren erroldatua egotea, inskripzioa eskatu eta hura onartua izatea,“Abonatuentzako Udalaren kirol-txartela” edukitzea eta Udalak ezartzen dituen kuoten ordainketa eguneratua izatea.

Udalak mugatzen ahalko du abonatuen kopurua, instalazioen erabilera ahalik eta egokiena izan dadin.

Eguesibarko Udalaren kiroldegiko abonatuek, erroldatuta ez badaude, Udalaren kirol instalazioetako abonatuaren kuota ordaindu beharko dute.

Eguesibarko Udalaren kiroldegiko abonatuek, erroldatuta baldin badaude, Udalaren kirol instalazioetako abonatuaren kuota ordaindu beharko dute edo Eguesibarko Udalaren kiroldegikoa.

5. artikulua. Udalaren kirol instalazioetako kuota ordaintzen duten abonatuak sartzea.

Udalaren kirol instalazioetako kuota ordaindu eta dagokion txartela duten abonatuak ondotik ematen diren instalazio hauetan sartzen ahalko dira, espazio bakoitzaren araudi berariazkoarekin bat:

–Sarrigurengo kirolgunea.

Neguko denboraldia: igerilekuetako eraikina, ur berodun igerilekuak, muskulazio-gela, spa eremua (helduak), haurrentzako eremua, taberna-jatetxea, erretegiak eta askaldegia, erabilera anitzeko pista.

Gorputz tratamenduak, padel pistak eta tenis pistak erreserbatzea.

Udako denboraldia: goian aipatuez gain, estali gabeko igerilekuak, lorategia, futbol zelaia (jarduerarik ez dagoenean).

–Eguesibarko kiroldegia:

Neguko denboraldia: igerileku estaliak, sauna eta bainu turkiarra, kirol anitzeko pista eta frontoia (antolatutako jarduerarik ez dagoenean edo alokatuta ez dagoenean), taberna, askaldegia, berdegunea, muskulazio-gela (baimena duten pertsonak). Padel pistak, kirol anitzeko pista eta frontoia erreserbatzea.

Udako denboraldia: goian aipatuez gain, estali gabeko igerilekuak ere bai.

6. artikulua. Eguesibarko Udalaren kiroldegiko kuota ordaintzen duten abonatuak sartzea.

Kirol-txartela duten abonatuek ondotik ematen diren instalazio hauetan sartzen ahalko dira, denboraldiaren arabera eta espazio bakoitzaren araudi berariazkoarekin bat:

Neguko denboraldia: igerileku estaliak, sauna eta bainu turkiarra, kirol anitzeko pista eta frontoia (antolatutako jarduerarik ez dagoenean edo alokatuta ez dagoenean), taberna.

Padel pistak, kirol anitzeko pista eta frontoia erreserbatzea.

Udako denboraldia: goian aipatuez gain, estali gabeko igerilekuak, askaldegia, berdegunea. Muskulazio-gelan sartzeko erabiltzaileak alta emanda egon behar du Eguesibar udal kiroldegiko muskulazio-gelan.

7. artikulua. Abonatu motak.

Abonatu mota hauek ezartzen dira:

A mota: haurrak, 4 urtetik beherakoak.

B mota: haurrak, 4tik 13 urtera bitartekoak.

C mota: gazteak, 14tik 17 urtera bitartekoak.

D mota: helduak,18tik 64 urtera bitartekoak.

A motako abonatuek ez dute kuotarik ordaindu beharko, baina abonatu txartela eskatu beharko dute.

8. artikulua. Matrikulak eta abonatuen kuotak ordaintzeko era.

Udalak, Kirol Batzordeak proposatuta, unean uneko kuotak finkatuko ditu, abonatuek ordain ditzaten. Kuota horien zenbatekoa urtero zehaztuko da, urtarrilaren 1a baino lehen.

Abonatuak izan nahi duten guztiek sarrerako diru kopuru bat ordaindu beharko dute.

Sarrerako diru kopurua ordaindutakoan hasiko zaie ordainagiriak bidaltzen, kirol instalazioan aurkeztu beharreko dokumentazioa noiz aurkezten duten kontuan hartu gabe.

Baja egiten duen abonatuak ezin izanen du diru kopuru hori itzultzeko eskatu. Berriz ere abonatua izan nahi badu, beste behin ordaindu beharko du sarrerako diru kopurua.

Hilaren 20a baino lehen edo 20an berean alta egiten duten urteko abonatuek hilabeteko kuota osoa ordainduko dute. Hilaren 20tik aitzina alta egiten dutenak hurrengo hilean hasiko dira kuota ordaintzen.

Hilabeteko kuotak ordaintzeko ezarrita dauden moduak banku-igorpenaren bidez eginen dira, abonatuak ematen duen kontu zenbakira zuzenean; kuota ordaintzeko bestelako modurik ez dagoenez, kontu zenbaki bat eman behar da, bertara egiteko banku-igorpenak.

14 urte behar dira, gutxienez ere, instalazioko abonatu bana-banakoa izateko. Gurasoek sinatu beharko dute adingabeak abonatzeko baimena eta haiena da azken erantzukizuna seme-alaben eginen gainean.

Abonatu orok eman beharko dio instalazioari aurkeztutako datuetan gertatzen den edozein aldaketaren berri: helbidea, erroldatzea, kobratzeko kontu zenbakia, harremanetarako telefonoa, etab. Abonatuak hartuko ditu bere gain edozein daturen aldaketagatik sortzen diren ondorioak.

9. artikulua. Aldi baterako baja.

Lanagatik, ikasketengatik edo eritasun batengatik, hori behar bezala frogaturik, abonatuek ezin badituzte kirol instalazioak erabili gutxienez ere urtebete jarraian, idatziz eman beharko diote horren berri instalazioen kudeatzailetzari, gutxienez ere hilabete lehenago, honako agiri hauek aurkeztuz:

1) Lanagatik egindako aldi baterako baja: interesdunaren eskaera eta zerbitzuak ematen dituen enpresaren ziurtagiri jatorrizkoa. Aldi baterako bajatzat hartuko da langabezian egotea.

2) Osasun arrazoiengatik egindako aldi baterako baja: interesdunaren eskaera eta medikuaren ziurtagiri jatorrizkoa, non azalduko baita ezinezkoa duela kirola egitea.

3) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo ikasteagatik egindako aldi baterako baja: interesdunaren eskaera, matrikula ordaindu izanaren diru-sartzearen gordekina eta matrikulazio inprimakia.

Kasu horietan aldi baterako baja emanen da, aipatutako zerbitzuek aldeko txostena eginda, eta informazioa aurkeztuko zaio instalazioko sarreren kontrolari eta Eguesibarko Udalari, baldintza hauekin bat:

Aldi baterako bajaren aldia ez da izanen etenik gabe urte bat baino txikiagoa; ezta sei urte baino luzeagoa ere. Ikasketengatik egindako aldi baterako bajak ikasturterako (urritik ekainera bitarte) eskatzen ahalko dira. Gainontzeko kasuetan urtebeterako emanen dira, eta hori berritzeko justifikazioa bukatu baino hilabete lehenago aurkeztu behar da.

Aldi baterako bajaz baliatu izanez gero, urtebete iragan beharko da arrazoi beragatik nahiz beste batengatik berriz ere aldi baterako baja eskatzeko.

Aldi baterako baja eskatu aurreko hilabetearen 20a baino lehenago jakinarazi beharko da egoera hori.

Aldi baterako bajan dagoen abonatuak kasuan kasuko ordenantzan finkaturiko tasa ordaindu beharko du urtero.

10. artikulua. Ordainagiriak itzultzea.

Kuotak ordaintzen ez, edo ordainagiriak itzultzen badira, bi aldiz eginen da ordaintzeko errekerimendua, eta haietako bakoitzari dagokion hilabeteko epean abonatuaren erantzunik ez badago, baja emanen zaio eta abonatuen eskubideak galduko ditu. Baja deusetan ukatu gabe, lege prozedurei jarraituko zaie ordaindu gabeko kuotak ordainarazteko, behar diren errekarguekin.

Aurreko paragrafoa aplikaturik abonatuari baja eman ondotik, berriz ere alta hartu nahi badu kuoten ordainketa eguneratu beharko du, eta beste behin ordaindu beharko du sarrerako diru kopurua.

Hau izanen da jarraitu beharreko prozedura: itzulitako ordainagiria hartu, segituan telefonoz abonatuari jakinarazi, instalazioan sartzea debekatu –tornua blokeatuta– eta 7 eguneko epean zenbatekoa dirutan ordaindu harrera-gelan.

Zor den zenbatekoa ez bada ezarritako epean ordaintzen, berriz ere telefonoz jakinarazi eta tornua blokeatu, gehienez ere sei hilabeterako. Udalaren kirol instalazioak berriz ere erabiltzeko, zordunak bi hilabeterako ezarritako zorra ordaindu behar du aipatutako sei hilabeteko epean, baita gehienez ere sei hilabeteko epean ordaindu ez dituen kuotak ere.

Nahitaezko baja, ezarritako sei hilabeteko epean, abonatuaren eskubide guztiak galduta.

11. artikulua. Abonatuaren izaera galtzea.

Baja idatziz jakinarazi beharko du abonatuak, kirol instalazioetako harrera-gelan eskura egonen den agirian. Interesdunak agiri hori beteko du, banakako aleetan, behar bezala sinatuak. Baja jakinarazten bada ordainagiria kobratu aurreko hileko 25aren ondotik, ez da hura itzultzeko eskubiderik izanen.

12. artikulua. Abonatuaren txartela.

Abonatuaren txartela pertsonala eta besterenezina da. Txartela beste pertsona batzuek behar ez bezala erabiltzeak Udalak zehazten duen zehapena ekarriko du.

Abonatuaren izaera egiaztatzen duen txartela edozergatik galduz gero, horren berri eman beharko zaio berehala instalazioak kudeatzen dituen entitateari. Txartel berria egiteko, diru kopuru bat, Udalak zehaztuko duena, ordaindu beharko da.

13. artikulua. Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren ondorioetarako, instalazioan inskribatzean erabiltzaileek baimena ematen dute datu pertsonalak baliatzeko eta informatikaren bidez erabiltzeko, bai instalazioa kudeatzeko bai, beharko balitz, bere intereseko informazioa igortzeko.

Datu horiek Eguesibarko Udalaren fitxategi automatizatu batean sartuko dira; Udalaren kirol instalazioak kudeatzen dituen enpresak kudeatzen du fitxategi hori. Interesdunek sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak erabiltzen ahalko dituzte, Udalaren kirol instalazioetara idazkia bidalita edo bertan agertuta.

II. KAPITULUA

Abonatu gabea izateari buruzkoak

14. artikulua. Eguneko sarrera.

Eguneko sarrera eskuratzen ahalko dute hura eskatu eta aldi berean dagokien kategoriarako ezarritako zenbatekoa ordaintzen dutenek.

Eguneko sarrera instalazioetan sartzean ordainduko da.

Eguneko sarrerarekin kirol instalazioan sartzen da, muskulazio-gela kenduta, egun oso baterako. Sartzeko, behar den tiketa erakutsi beharko zaio harrera-gelako langileei.

Eguneko sarreraren gibelaldean erosi duenaren NAN zenbakia agertuko da; edozein unetan eskatzen ahalko da hori jatorrizko NANarekin egiaztatzeko.

Eguneko sarrera zilegi ez den edozein modutan erabiltzeak (kopia egitea, hirugarrenei ematea eta abar) egunaren gainerakoan instalazioan sartzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

Honako instalazio hauetan sar daiteke: aldagelak, berdegunea, erretegiak, askaldegia, igerilekuak, spa eremua (helduak), kirol anitzeko pista, frontoia, padel eta tenis pistak (antolatutako jarduerarik ez dagoenean, erreserbatuta ez daudenean eta dagokion kuota ordainduta).

Eguneko sarrera dutenak ez dira instalazioetako abonatutzat joko.

15. artikulua. Sarrigurengo kirolguneko neguko abonamendua.

Neguko abonamendua eskuratzen ahalko dute hura eskatu eta Udalak ezarritako zenbatekoa ordaintzen dutenek.

Neguko abonamendua eskuratzen dutenak ez dira instalazioetako urteko abonatutzat joko.

Sarrigurengo kirolguneko instalazioetara sartzen ahalko dira neguko denboraldian, Udalak zehaztuko baitu, denboraldi horretarako ezartzen den ordutegian.

Neguko abonatuek kirolerako abonamendu aktiboa eskuratzen ahalko dute kirol jarduera antolatuak egiteko.

Eguesibarko Udalak zehaztuko du neguko abonamenduen kopurua.

Sarrera librea duten instalazioak: aldagelak, ur berodun igerilekuak, spa eremua, muskulazio-gela. Tenis eta padel pistak erreserbatzea. Dagokion kuota Udalaren kirol instalazioetako neguko abonamendua izanen da.

16. artikulua. Eguesibarko Udalaren kiroldegiko neguko abonamendua.

Neguko abonamendua eskuratzen ahalko dute hura eskatu eta Udalak ezarritako zenbatekoa ordaintzen dutenek.

Neguko abonamendua eskuratzen dutenak ez dira instalazioetako urteko abonatutzat joko.

Eguesibarko Udalaren kiroldegiko instalazioetara sartzen ahalko dira neguko denboraldian, Udalak zehaztuko baitu, denboraldi horretarako ezartzen den ordutegian.

Dagokion kuota Udalaren kirol instalazioetako neguko abonamendua izanen da.

17. artikulua. Eguesibarko Udalaren kiroldegiko udako abonamendua.

Udako abonamendua eskuratu ahalko dute hura eskatu eta dagokien kategoriarako ezarri den zenbatekoa ordaintzen dutenek. 14 urte behar dira, gutxienez ere, instalazioko abonatu banaka egiteko. Gurasoek sinatu beharko dute adingabeak abonatzeko baimena eta haiena da azken erantzukizuna seme-alaben eginen gainean.

Udako abonatuak txartela erabili beharko du beti instalazioan sartzeko.

Udako abonamenduak balioko du Eguesibarko Udalak urte bakoitzean ezartzen duen udako denboraldirako, eta horretarako ezartzen den ordutegiaren barrenean.

Eguesibarko Udalaren kiroldegiko honako instalazio hauetan sartzen ahalko da: aldagelak, sauna, bainu turkiarra eta erlaxazio eremua (18 urtetik gorakoak), igerileku handia, ertaina plisti-plastakoa eta jacuzzia, berdegunea, kirol anitzeko pista eta frontoia (jarduera antolaturik ez dagoenean, erreserbatuta ez dagoenean eta abonatu gabeei dagokien kuota ordainduta), askaldegiak, padela.

Udako abonamendua dutenak ez dira instalazioetako abonatutzat joko.

18. artikulua. Kirol ikastaroetan izena ematea.

Antolatzen diren kirol ikastaroetako batean plaza lortzen dutenak sartzen ahalko dira instalazioan, abonatuak izan gabe ere, hala neguko nola udako denboraldian.

Sarrera ikastaroa egin bitartean izanen da, hori hasi aurretik eta bukatu ondoren denbora tarte arrazoizkoak emanez.

Sartzeko txartela nahiz kirol ikastaro baten parte-hartzaile izatea behar ez bezala erabiltzeak ikastaroan baja ematea ekarriko du, eta ez da izanen ordaindutako kuotak itzultzeko eskubiderik.

19. artikulua. Kirola egiteko erreserbak, laguntzaileentzako sarrera.

Instalaziora abonaturik ez dauden pertsonek eskuratzen ahalko dute hura, abonatu batekin espazioetariko baten erabilera puntual eta berariazkoa egin behar badute.

Sarrera hau eskuratzen duena abonatuarekin batera sartu beharko da, hura izanen baita beti lagunaren arduraduna.

Lagunaren sarrera erabiliz sartzen diren guztiek frogagiriren bat aurkeztu beharko dute.

Abonatu bakoitza gehienez ere sar daiteke honako hauekin: 3 abonatu gaberekin, padel pistak, tenis pistak eta frontoia erabiltzeko; eta 11 abonatu gaberekin, kirol anitzeko pista erabiltzeko, pista erreserbatuta dagoen ordua baino gehienez 30 minutu lehenago sartu ere (bukatu ondoren 30 minutu izanen dituzte joateko). Luzatuz gero eguneko sarrera ordaindu beharko da. Une horretan bertan ordaindu ezean, abonatuaren kontuan kargatuko da.

Jokatzeko denbora beste ordu batez luza daiteke, tokia ez badago erreserbaturik eta aurretik jakinarazten bazaie sarbideko kontrolekoei.

Eguneko sarreraren gibelaldean erosi duenaren NAN zenbakia agertuko da; edozein unetan eskatzen ahalko da hori jatorrizko NANarekin egiaztatzeko.

20. artikulua. Gorputza tratatzeko eta bainuetxeko zikloaren erreserba.

Gorputza tratatzeko erreserba egin dezakete hura eskatzen duten eta dagokion tasa ordaintzen duten guztiek. Tiketa emanen zaie eta hura tratamenduen eremuaren arduradunari aurkeztu beharko diote.

21. artikulua. Talde bereziak.

Salbuespenez, beste batzuei ere instalazioetan sartzen utziko zaie, Udalari eskatu badiote eta hark baimendu. Udalak zehaztuko ditu halakoak sartzeko baldintzak. Ez dira inola ere urteko abonatutzat joko.

21.bis artikulua. Abonatuen adeitasunezko sarrera.

Adeitasunezko sarrerak eduki ahalko dituzte urteko abonamendua duten heldu guztiek, baldin eta ordaindu beharrekoak ordainduak badituzte eta eskaera egiten badute, eta kategoria bakoitzerako ezarritako zenbatekoa ordaintzen badute dagokion unean. Abonatuak eskatu beharko du adeitasunezko sarrera hori erabiltzeko unean bertan, ezin baita aldez aurretik eskuratu.

Sarrera hori eskuratzen duena abonatuarekin batera sartu beharko da, hura izanen baita beti lagunaren arduraduna.

Eguneko sarreraren gibelaldean erosi duenaren NAN zenbakia agertuko da; edozein unetan eskatzen ahalko da hori jatorrizko NANarekin egiaztatzeko.

Urte bakoitzeko urtarriletik abendura bitarte, abonatu bakoitzak gehienez ere adeitasunezko 2 sarrera edukitzen ahalko ditu.

Adeitasunezko sarrerak toki hauetan sartzeko aukera ematen du: aldagelak, kanpoko eta barruko igerilekuak, spa eremua, askaldegiak, padel eta tenis pistak, kirol anitzeko pista eta pilotalekua (erreserbatuta ez badaude eta dagokion kuota ordainduta).

4 urtetik beherako haurrek, adeitasunezko sarrera duten helduekin batera sartzen badira, ez dute sarrera hori beharko.

Adeitasunezko sarrera dutenak bi instalazioetan sartzen ahal dira, edozein dela sarrera eskuratu zuten instalazioa.

Adeitasunezko sarrera dutenak ez dira instalazioetako abonatutzat joko.

21.ter artikulua. Udako hamabostaldiko abonamendua, instalazioetako abonatuen ardura duten zaintzaileentzat.

Udaldian zaintzaileentzat ezarrita dagoen hamabostaldiko abonamendua eros dezakete seme-alaba abonatuak dituzten abonatuek, baldin eta nahi badute abonatu gabeko adin nagusikoak beren seme-alabez edo kargura dituzten adingabeez arduratzea Udalaren kirol instalazioetan.

Hamabostaldiko abonamendua eskudiruz ordainduko da.

Abonamendu hori elkarren segidako 15 egun naturaletarako izanen da, eta Eguesibarko Udalak urte bakoitzean ezartzen duen udako denboraldirako soilik erosten ahalko da, betiere denboraldi horretarako ezartzen den ordutegiaren barrenean.

Familia unitate bakoitzeko pertsona batek soilik eros dezake udako hamabostaldiko abonamendua.

Instalazioetako abonatuez arduratzen diren zaintzaileentzako hamabostaldiko abonamendua dutenak ez dira instalazioetako abonatutzat joko, eta txartela erabili beharko dute beti instalazioan sartzeko.

Honako eremu hauek erabiltzen ahalko dituzte, ez besterik: kanpoko igerilekuak, kanpoko berdegunea, askaldegien eremua; igerileku estaliak (spa eremua izan ezik) eta haurrentzako parkea.

Abonamendua eskuratzeko laneko agiriak aurkeztu beharko dira, zaintzailearekin dagoen lan harremana frogatzeko, edo NANa, adingabearekin odolkidetasunezko edo ezkontza bidezko familia harremana dagoela frogatzeko. Adingabeen lehen mailako odolkidetasunezko ahaideek ezin dute zaintzaileentzako hamabostaldiko abonamendua eskuratu, salbu eta familia-unitatea bereizia dagoela frogatzen duen agiria aurkezten badute eta Eguesibarren bizi ez badira.

Familia-unitatea bereizia dagoela frogatzeko epaia aurkeztu behar da, edo horretarako baimenduta dagoen erakundeak sinatutako agiria.

–Udako hamabostaldiko abonamendua dutenak bi instalazioetan sartzen ahal dira, edozein dela abonamendua eskuratu zuten instalazioa.

–Zein adingaberentzat eskatu den abonamendua, harekin sartu beharko da instalazioetan.

HIRUGARREN TITULUA

Kirol instalazioak erabiltzeko arauak

I. KAPITULUA

Zerbitzu eremuaren arauak

22. artikulua. Arau orokorrak.

Honako hauek sartzen dira “zerbitzuen eremua” izenekoan: kafetegia, jatetxea, aldagelak, armairuak, dutxak, zerbitzuak, botikina, bilkura aretoa.

a) Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, langileei lagunduz eta instalazioko bazter guztietan dauden paperontziak erabiliz.

b) Erabiltzaileek begiratu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak eta abar.

c) Erabiltzaileek begiratu beharko dituzte instalazioko funtzionamendu orduak, kasu eginez langileek horretarako egiten dizkieten oharrei.

d) Erabiltzaileek behar diren jokabidea eta egokitasuna agertu beharko dituzte, gainerako erabiltzaileak begiratu behar baitituzte, hala jendetasunean nola kiroltasunean.

e) Jantzitegi zerbitzua armairuen eremuan bakarrik izanen da. Eguna bukatzean armairu guztiak irekiko dira.

f) Urte osorako alokatzeko armairuak izanen ditu instalazioak, eta, horiek eskuratzeko, urteko kontratua eginen da eta Udalak ezarritako tasa ordaindu beharko da horiengatik.

g) Telefonoa publikoa izanen da.

h) Erabiltzaileek eskura izanen dute botikin zerbitzua, langile espezializatuen ardurapean (igerilekuetako bainu ordutegiaren barrenean).

i) Higienea dela-eta, txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.

j) Debeku da instalazioetan irristailuak edo bizikletak sartzea.

k) Debeku da ume-aulki, gurdi edo gisakoak aldagelen eremuan sartzea. Toki bat egokituko da horretarako.

l) Debeku da banakako soinu-ekipoak erabiltzea, entzungailuekin ez bada.

II. KAPITULUA

Igerilekuak erabiltzeko arauak

23. artikulua. Arau orokorrak.

a) Igerilekuak erabiliko dira bainatzeko, igeri egiteko nahiz, kasua bada, lehiaketak egiteko, betiere igerilekuan ongi zehazturik bakoitzari dagokion aldea.

b) Igerilekuetan, soroslea eta instalazioko gainerako langileak dira haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusiak, eta betearazi beharko dituzte Udalak ematen dituen arauak, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta bainulari guztien segurtasuna zaintzeko beste xederik gabe.

c) Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea. 18 urte beherako mutil eta nesken gurasoek edo legezko tutoreek dute haien seme-alabekiko edo kargura dituzten adingabeekiko erantzukizun nagusia (are gehiago adingabe horiek ez badakite igeri egiten).

d) Kirol instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko edo instalaziotik bidaltzeko, baldin eta gainerako erabiltzaileenganako begirunerik ez badute.

e) Debeku da irristailu, ume-aulki, gurdi, bizikleta edo gisakoak igerilekuen inguruetan sartzea.

f) Igerilekuetan tutorerik gabe egoteko, gutxienez ere, 7 urte izan behar dira; betiere, adingabeak igerian jakin beharko du. Gurasoek edo tutoreek erantzun beharko dute adingabekoek edozer eginez gero.

g) Debeku da banakako soinu-ekipoak erabiltzea, entzungailuekin ez bada.

24. artikulua. Urgunea.

a) Uretara sartu aitzin derrigorrezkoa da dutxatzea.

b) Igerileku estalietan nahitaez erabili behar dira bainuko txanoa eta bainujantzia. Udako igerilekuetan nahitaez erabili behar da bainujantzia.

c) Debeku da baloiak, koltxonetak edo gainerako erabiltzaileei traba egin diezaiekeen objektuak sartzea (hegatsak, urpeko betaurrekoak eta abar); zilegi da, berriz, igerian aritzeko betaurrekoak erabiltzea, baita flotatzeko gailuak, igeri egiten ez dakiten adingabeentzako.

d) Debeku da guztiz listu egitea, pixa egitea eta, oro har, uraren kalitatea txartzen ahal duen edozein gauza.

e) Debeku da mozkor egonda bainatzea.

f) Debeku da eritasun infekto-kutsakorrak dituzten pertsonak bainatzea, urez kutsatzen ahal badira eritasun horiek.

g) Debeku da buruz botatzea.

h) Erabiltzaileak beste xede batzuetarako mugaturik ez dauden aldeak (ikastaroak, entrenamendua...) erabiliko ditu.

i) Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei lotzea.

j) Igeri-ontzi bakoitzak, arauek hala aginduta, bainulari kopuru bat har dezake gehienez. Kopuru horretara iritsiz gero, igerilekuan jende gehiagori sartzea galarazten ahalko zaio denbora batean.

k) 5 urtetik gorakoek debeku dute plisti-plastako igerilekuak erabiltzea, haur txikiak zaintzen ari diren helduak izan ezik. Halakoetan, pertsona heldu horiek igerilekuaren inguruan egon behar dute, eta uretara sartuko dira bakar-bakarrik beharrezkoa baldin bada.

l) Ezin da betaurrekoekin sartu, lenteak kristalezkoak edo ezpaldu daitekeen bestelako materialekoak badira.

25. artikulua. Igerilekuaren inguruak eta berdeguneak.

a) Erabiltzailea ezin da igerilekuaren inguruan sartu kaleko arropa eta oinetakoekin.

b) Igerileku estalietan nahitaez erabili behar dira txankletak, bainuko txanoa eta bainujantzia. Udako igerilekuen inguruetan eta ondoko berdeguneetan nahitaez erabili behar da bainujantzia.

c) Debeku da lasterka, jauzi edo bulka egitea, eta orobat gainerako erabiltzaileentzako gogaikarria edo arriskutsua izaten ahal den beste zernahi, eta oro har gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozein gauza.

d) Ezin da jan, askaldegietan ez bada, horretarako egokitutako eremuak direlako horiek, berdeguneen ondoan. Eta ezin da erabili kristalezko edo ezpaldu daitekeen bestelako materialeko elementu edo objekturik.

e) Udako denboraldian, erabiltzaileak sartzen ahalko dira kanpoko igerilekuen eremuan aulkiekin, baina instalazioaren berdegunean bakarrik erabiltzeko.

f) Debeku da berdegunean pixa egitea.

g) Debeku da banakako soinu-ekipoak erabiltzea, entzungailuekin ez bada.

h) Sarrigurengo instalazioan UM-kontrako dendak erabiltzen ahal dira, haurrentzako bakarrik erabiltzen badira eta asko jota 1 m X 1 m-koak badira.

i) Aurreko puntuan adierazitako egiturak ez besterik muntatzen ahalko dira.

26. artikulua. Ikastaroak eta entrenamenduak.

Instalazioak kudeatzen dituen entitateak programaturiko jardueraren batean izena eman dutenek kasu eginen diete monitoreek emandako aholku eta aginduei, jardueren gainean edo instalazioak erabiltzeko moduaz, eta errespetatuko dituzte erregelamendu hau eta indarrean dagoen araudia.

27. artikulua. Jostetarako gauzak.

a) Debeku da arroketarako eta zubiko barandara igotzea.

b) Txirristaren zaindaria da atrakzioaren arduradun nagusia.

c) Txirristak erabiltzeko gutxieneko garaiera 1,25 m da.

d) Txirristak erabiltzeko gehieneko pisua 125 kg da.

e) 1,25 metrotik beherako garaiera duten haurrek erabiltzen ahalko dute txirrista urdina, betiere arduradun heldu bat haren zain baldin badago erortze eremuan.

f) Txirristak erabiltzeko ezinbestekoa da igeri egiten jakitea.

g) Inor ez da txirristan behera hasiko txirristaren zaindariak esan arte.

h) Debeku da buruz edo bizkarrez jaistea.

i) Debeku da flotagailuak erabiltzea.

j) Debeku da bi erabiltzaile edo gehiago batera botatzea.

k) Debeku da inor haur bat altzoan duela botatzea.

l) Iristean erabiltzaileak ahalik eta lasterren hustu behar du tokia.

m) Segurtasun arrazoiak direla eta, gomendatzen da txirristen erortze eremuan ez ibiltzea, horiek irekita dauden bitartean.

n) Jostetarako igerilekuaren atrakzioek sarbide bakarra dute, eskaileretan barna, alegia, eta erabiltzeko modu bakarra ere bai; beraz, debeku da guztiz atrakzio horiek behar ez bezala erabiltzea eta haietan behar ez bezala sartzea.

o) Elementu horiek erabiltzeko ordutegi bat dute; horretatik kanpora ezin dira erabili.

III. KAPITULUA

Frontoia-kirol anitzeko pista, padel eta tenis pistak erabiltzeko arauak

28. artikulua. Arau orokorrak.

a) Kirol eremu hauetara sartzeko, betiere, Eguesibarko Udalak ezarritako tasa ordainduko da, alokairutako.

b) Udalaren Sarrigurengo kirolguneko padel eta tenis pistak eta cardgirus espazioa kenduta, kirol eremuen alokairua honela eginen da:

Beranduenez nahi den ordua baino 24 ordu lehenago egiten ahalko dira erreserba eskeak, harrera-gelan eta horretarako jartzen diren bideak erabilita.

Erreserba eskaerak gehiago badira eskura diren pistak baino, orduen zozketa eginen da, eta hura eskatzen den ordua baino 24 ordu lehenago eginen da, sarbideak kontrolatzeko ezkaratzean dagoen erlojuaren puntuko orduei begiraturik.

Orduen eta kirol espazioen esleipenak jendaurrean jarriko dira, kontsultatzeko.

24 ordu baino gutxiagoko tartea izanik, zuzenean esleituko zaio pista hala eskatzen duen abonatuari. Kasu horretan, bi orduko muga izanen du pertsona bakoitzak eguneko.

c) Udalaren Sarrigurengo kirolguneko tenis eta padel pisten eta cardgirus espazioaren alokairua gisa honetara eginen da:

Web-orri bidez: erabiltzailea erreserben eremuan sartuko da eta erreserbatu nahi dituen pista eta ordua hautatuko ditu. 8:00etatik aitzina erreserbatzen ahalko da jokatzeko ordua, eta gehienez ere nahi den ordua baino 24 ordu lehenago. Pista libre baldin bada esleipena zuzenekoa da. Ez da zozketarik. Erabiltzaile batek erreserba bakarra egin dezake egunean. Erreserba Internet bidez egin daiteke edo harrera-gelan, pistaren erabilera baino lehenago.

Telefono bidez: erabiltzaileak instalaziora dei dezake eta erreserba telefonoz egin. 8:00etatik aitzina erreserbatzen ahalko da jokatzeko ordua, eta gehienez ere nahi den ordua baino 24 ordu lehenago. Deiaren unean eskatzen diren pista eta ordua libre baldin badaude, zuzenean esleituko zaizkio. Erabili baino lehen ordainduko da kuota.

Instalazioan bertan: jokatzeko pista eta ordua harrera-gelako langileei eskatuz. Galdea egiten den unean eskatzen diren pista eta ordua libre baldin badaude, zuzenean esleituko zaizkio. 8:00etatik aitzina erreserbatzen ahalko da jokatzeko ordua, eta gehienez ere nahi den ordua baino 24 ordu lehenago. Erabili baino lehen ordainduko da kuota.

d) Abonatu batek kirol pista bat alokatu eta edozein arrazoi dela-eta erabili behar ez badu, horren berri eman beharko du ahalik eta lasterren.

e) Halakorik egin ezean, alokairua kobratuko zaio eta zor hori ordaindu arte ez du berriz ere pista astebetez alokatzen ahalko.

f) Abonatuek erreserbatuta izan eta bertan behera uzten dituzten orduak, horiek eskatu diren ordena hertsiki jarraikiz esleituko dira.

g) Alokairuak bulegoetan ordainduko dira, instalazioa erabili baino lehen, non ez den ordaintzeko bestelako biderik adosten instalazioko zuzendaritzarekin.

h) Udalak, ezinbestekoetan, ordutegiak aldatzen ahalko ditu hala behar duenean (kirol edo kultura jaialdien antolaketa, txapelketen antolaketa, berritzeko lanak eta abar). Horrela gertatuz gero, lehenbailehen jakinaraziko zaie ukituei.

i) Udalak zehaztuko du kirol espazioak erabiltzeko ordutegia.

j) Kirol espazioak erabiltzeko, erabiltzaileak kirol arropa eta oinetakoak beharko ditu, kaletik jantzita ekartzen dituenetatik bestelakoak.

k) Arau hau betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie. Kirol mota eta eremu bakoitzerako ekipamendu egokia erabili beharko dute erabiltzaileek.

l) Inork eguneko sarrera ordaindu eta une horretan kirol eremuren bat libre badago, erabiltzen ahalko du ezarritako tasa ordaindu eta gero.

m) Udalak nahierara ematen ahalko dizkie sarrera bereziak abonatu ez diren taldeei, kirol espazioetara sar daitezen.

n) Debeku da banakako soinu-ekipoak erabiltzea, entzungailuekin ez bada.

29. artikulua. Frontoia-kirol anitzeko pistaren arau berariazkoak.

a) Gomazko edo larruzko pilotekin jokatzekotan, pilota zuriak izanen dira; ezin izanen dira pilota beltzak erabili, pilotalekuko pintura ahalik eta baldintzarik hoberenetan atxiki beharrez.

b) 21:00etatik 21:45era da espazioak erabiltzeko azken ordua, eta prezioa horren proportzioan izanen da.

c) Pilotalekua eta kirol anitzeko pista erabilera libreko espazioak dira, erabiltzaile batek edo jarduera antolatu batek erreserbatu ez dituen bitartean. Edozein erabiltzailek baliatzen ahal ditu, baina argiak pizteko edo daudenez gain beste joko elementurik jartzeko eskatu gabe.

d) Debeku da banakako soinu-ekipoak erabiltzea, entzungailuekin ez bada.

IV. KAPITULUA

Muskulazio-gela erabiltzeko arauak

30. artikulua. Arau orokorrak.

a) Muskulazio-gelan 18 urtetik gorako abonatuek dute muskulazio-gelan sartzeko eskubidea.

b) 14 eta 15 urtekoak ere sar daitezke muskulazio-gelan, guraso batek/tutoreak emandako baimenarekin eta, sartzeko unean, horietako batek lagunduta. Nahitaezkoa izanen da osasun azterketa bat aurkeztea.

Nahitaezkoa izanen da ikastaro bat egitea gelako monitorearekin. Monitorearen ordutegian sartu beharko da muskulazio-gelan.

c) 16 eta 17 urtekoak ere sar daitezke muskulazio-gelan, aitak/amak/tutoreak emandako baimenarekin. Nahitaezkoa izanen da osasun azterketa bat aurkeztea.

Nahitaezkoa izanen da ikastaro bat egitea gelako monitorearekin. Monitorearen ordutegian sartu beharko da muskulazio-gelan.

d) Muskulazio-gelako monitoreak eta instalazioaren ardura duten langileek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituzten pertsonei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, handik bidaltzeko, baldin eta bazterrak nahasten badituzte, makineria gaizki erabiltzen badute eta erabiltzaileen osotasun fisikorako arriskutsuak baldin badira.

e) Muskulazio-gelara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, kaletik ekartzen direnak erantzita.

f) Muskulazio-gelaren erabiltzaileek, pisuak altxatzen aritu ondoan, pisuak beren lekuan utziko dituzte, gela txukun egon dadin.

g) Aitzinetik osasun azterketa egiteko gomendatzen zaio erabiltzaileari.

h) Udala eta instalazioa kudeatzen duen enpresa ez dira izanen muskulazio-gelan dauden aparatu eta materialekin erabiltzaileek egiten duten erabilera okerraren erantzule, ezta haien osasun egoerarena ere.

i) Debeku da muskulazio-gelan poltsa, motxila edo antzekoarekin sartzea.

j) Debeku da banakako soinu-ekipoak erabiltzea, entzungailuekin ez bada.

31. artikulua. Eguesibarko Udalaren kiroldegiko abonatuentzako arau berariazkoak.

Gelara sartzeko tasa bat ordaindu beharko da. Udalak onetsiko du aipatu tasa.

Tasa horrek gela osoa libreki erabiltzeko aukera ematen du.

Muskulazio-gelako kuota ordainduta, txartela aktibatuko da; era horretan erabiltzailea gelan sartu ahalko da txartela atearen ondoko irakurgailutik pasatuz.

V. KAPITULUA

Jardueren gelak erabiltzeko arauak

32. artikulua. Arau orokorrak.

a) Kirol instalazioak kudeatzen dituen entitateak eta Udalak antolatzen dituzten ikastaroetarako baizik ez da erabiliko jardueretarako gela. Hortaz, ikastaroetako parte hartzaileak baizik ez dira haietara sartuko.

b) Ikastaroetatik kanpo, kirol eremu hori itxita egonen da abonatuentzat.

c) Kirol eremu horretara sartzeko, nahitaezkoa izanen da kirolerako arropa eta oinetakoak janztea, kaletik ekartzen direnak erantzita. Arau hori betetzen ez duten erabiltzaileei kirol eremu horretara sartzea ukatzen ahalko zaie.

d) Salbuespenez, alokatzen ahalko da.

e) Udalak, nahi izanez gero, kirola ez beste erabilera batzuetarako baliatzen ahalko ditu espazio hauek.

VI. KAPITULUA

Spa eremuak (saunak, bainu turkiarra, jacuzzia...)

33. artikulua. Arau orokorrak.

a) Honako hauek soilik sartzen ahal dira eremu horietan: 18 urtetik gorako abonatuak, haurtxoentzako ikastaroetako parte hartzaileak, igeriketa berezikoetakoak eta eguneko sarrera edo adeitasunezko sarrera dutenak. Salbuespenez, adingabeek sarbidea izanen dute, Udalak enpresa kudeatzailearekin batera horrela erabakitzen duenean.

b) 14 urtetik 16ra bitarteko adingabeek, span sartzeko, aitaren edo amaren baimena beharko dute. Adingabea tutoreak lagunduta sartuko da. Nahitaezkoa izanen da osasun azterketa bat aurkeztea.

c) 16 urtetik 18ra bitarteko adingabeek, span sartzeko, aitaren edo amaren baimena beharko dute. Nahitaezkoa izanen da osasun azterketa bat aurkeztea.

d) Instalazioko zuzendaritzak osasun azterketa egitea gomendatzen die erabiltzaile guztiei, kirol eremu horiek erabiltzea osasunaren aldetik komeni zaien ala ez jakin dezaten. Udala eta instalazioa kudeatzen duen enpresa ez dira erabiltzaileen osasun egoeraren erantzule izanen.

e) Erabiltzaileek modu librean erabiltzen ahalko dute espazio hori, elementu bakoitzaren erabilpen denborei men eginez gero.

f) Higiene kontuengatik, eskuoihala erabili beharko da sauna lehorrean.

g) Debeku da edozein osagarri (zundak, erlojua eta abar) manipulatzea.

h) Debeku da saunan eta aldameneko eremuan bizarra egitea, baita hondarrak sortzen dituen edozein egintza ere.

i) Debekatuta dago liburuak, aldizkariak edo paperak sartzea.

j) Bainujantzia nahitaez erabili behar da, baita bainuko txano eta txankletak ere.

k) Debeku da etzaulkien eremua aldagela gisa erabiltzea, arropa aldatzeko eta gorputza garbitzeko.

l) Debeku da banakako soinu-ekipoak erabiltzea, entzungailuekin ez bada.

VII. KAPITULUA

Gorputza tratatzeko eremuak

34. artikulua. Beauty and Spa.

a) Instalaziora abonaturik daudenek eta ez daudenek erabiltzen ahalko dute tratamenduen eremua.

b) Tratamendu guztiak 48 ordu lehenago erreserbatu beharko dira. Erreserbak horrela egiten ahalko dira: zuzenean instalazioko harrera-gelan, telefonoz edo web-orriaren bitartez. Tratamendua bukatu ondoren ordainduko da tasa.

c) Tratamenduen erreserban, instalaziora abonaturik daudenek izanen dute, betiere, lehentasuna.

d) Tratamenduak langile kualifikatuek eginen dituzte beti.

35. artikulua. Solariuma.

Solarium artifizialaren funtzionamendurako arauak Olazko instalazioaren harrera-gelan, Sarrigurengo Beautyko harrera-gelan eta solariumean bertan daude. Erabiltzaileek jarraibideen arabera jokatuko dute, funtzionamendu egokia eta jende ororen aprobetxamendua lortzeko.

VIII. KAPITULUA

Futbol zelaia

36. artikulua. Arau orokorrak.

a) Futbol zelaian sartzen diren taldeek dagokion eskaera egin beharko dute, harremanetarako pertsona baten izena ezarriz. Taldearen eta instalazioko zuzendaritzaren arteko komunikazioaz arduratuko da pertsona hori.

b) Instalazioetan sartzen diren jokalari guztien zerrenda bat emanen du harremanetarako pertsonak, eta bertan jokalarien zein zuzendari teknikoaren (entrenatzailearen) izena, deiturak eta NANak jasoko dira.

c) Aldagelak eta jokalekua erabiltzeko egutegia emanen dio harremanetarako pertsonak instalazioetako zuzendaritzari, entrenamenduaren egun eta ordu zehatza adieraziz. Instalazioko zuzendaritzak jakinaraziko dio talde bakoitzari zein aldagela erabiliko duen.

d) Ordutegiko aldaketak eta partiden orduak 15 egun lehenago jakinaraziko dira, instalazioetako zuzendaritzak eremuen eskaera antola dezan.

e) Eguesibarko Udalak, instalazioetako titularra den aldetik, kirol espazioak lehentasunez erabil ditzake. Horiek hartuta egonez gero, ukitutako taldeak erabiltzeko ordutegia aldatu beharko du, instalazioetako zuzendaritzarekin bat.

f) Zuzendaritzak pertsona bat izendatuko du, bertan egon dadin taldeek futbol zelaia eta aldagelak erabiltzen dituzten bitartean. Pertsona horrek zainduko du espazioen funtzionamendurako arauak betetzen direla. Horiek betetzen ez direla ikusiz gero, dagokion txostena prestatuko du eta instalazioetako zuzendaritzari igorriko.

g) Etxekoa den taldeak begiratuko du bere jokalariek eta kanpoko taldekoek arauak betetzen dituztela.

h) Aldageletara joaten den taldearen arduradunak jasoko du esleitu zaizkion aldageletako giltza, hura kontrolpean izan dezan. Erabilera bukatu eta gero, giltza itzuliko dio instalazioetako zuzendaritzak izendatutako pertsonari, eta horrek begiratuko du espazio bakoitzaren egoera erabili ondoren. Gorabeheraren bat atzemanez gero, instalazioetako zuzendaritzari jakinaraziko dio.

i) Jokalariek eta kidego teknikoak baizik ezin dute erabili aldageletako sarbidearen eremua.

j) Ikusleak harmailetan sartuko dira horretarako dagoen bidea erabiliz.

k) Ibilgailuak ezin dira sartu, non ez duten instalazioetako zuzendaritzaren baimena.

l) Kirol oinetako egokiak erabiliko dira jokatzeko. Berariaz debeku da aluminiozko takoak erabiltzea.

m) Instalazioetako zuzendaritzari jakinarazitako eta horrek onetsitako ordutegia eta egutegia errespetatuko dituzte taldeek, onetsi ondoan. Ordutegi horretatik kanpo, ezin da futbol zelaian sartu, non ez den salbuespen bat, aldez aurretik instalazioetako zuzendaritzari jakinarazia eta harekin adostua.

n) Erreserba egin duten taldeek jokatzeko behar diren elementuak izanen dituzte eta behar bezala erabiliko dituzte.

o) Debeku da guztiz ateak mugitzea. 38/2009 Foru Dekretuaren 6. artikulua: kirol ekipamendu mugigarriek ondoko betekizun eta baldintza orokorrak bete behar dituzte:

a. Kontrapisu sistemak, ainguraketak eta antzeko mekanismoak edukitzea, modu arruntean erabiltzean ez iraultzeko.

b. Kirol ekipamendu mugikorren ainguraketek ez dute kirola egitea oztopatu behar.

p) Kalera ateratzeko atea, aulkiaren atzean dagoena, itxita egonen da beti. Irekitzen bada, taldearen arduradunak itxita dagoela begiratuko du, instalazioa utzi aurretik.

q) Instalazioetako zuzendaritzak izendatzen duen pertsonari dagokio argiak piztea eta ureztatzearen funtzionamendua.

r) Erreserba egin duen taldea arduratuko da aldageletako elementuak behar bezala erabiltzeaz: dutxak, konketak, jarlekuak eta abar.

s) Debeku da aldageletan jatea eta edari alkoholdunak edatea.

t) Instalazioetara sartzen diren taldeek dagozkien kuotak ordainduko dituzte, talde bakoitzarekin ezarri bezala.

u) Kirol instalazioetako zuzendaritzak ez du erantzukizunik izanen edozein taldetako kideek instalazioan sartzen dituzten material eta gauza pertsonalen gainean.

v) Araudi hau eguneratzen ahalko da, instalazioetako zuzendaritzak eskatuta, futbol zelaia eta haren espazioak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko. Aldaketa horien berri emanen zaie ukitutako taldeei.

w) Instalazioetako zuzendaritzak jakinarazitakoari kasurik egiten ez dioten taldeei kargu hartuko zaie, eta berriz ere kasurik egin ezean, harremana bertan behera uzteko eskubide izanen du zuzendaritzak.

x) Instalazioetan eta ekipamenduetan antzematen diren akatsak, instalazioetako zuzendariari jakinaraziko zaizkio, haiek konpon daitezen.

y) Debeku da banakako soinu-ekipoak erabiltzea, entzungailuekin ez bada.

IX. KAPITULUA

Haurren eremua

37. artikulua. Arau orokorrak.

a) Haurrentzako parkea 0-12 urte bitartekoentzat da. Eguesibarko kirol instalazioen abonatuak izan behar dute.

b) Nahitaezkoa da erregistratzea sartzean eta haur abonatuaren txartela aurkeztea.

c) Abonatuak ez diren haurrek kasuan kasuko sarrera ordaindu beharko dute instalazioaren harrera-gelan. Arau berberei jarraituko diete.

d) Haur abonatuek lehentasuna izanen dute parkera sartzeko orduan.

e) Gurasoak edo tutoreak izanen dira une oro adingabeen jokabidearen erantzule.

f) 0-3 urte bitarteko haurrak heldu batek lagunduta egonen dira une oro. 4 urte bete ondoren, haurra bakarrik egonen da parkean, heldu batek lagundu gabe. Baina haurrak parkean bakarrik uzten dituzten gurasoek edo tutoreek hala jakinarazi behar diote arduradunari, harremanetarako sakelako telefono baten zenbakia utzi eta une oro aurkitzeko moduan eta instalazioaren barrenean egon.

g) Edukiera beterik badago, baimenduko da heldu bakarra egotea familia-unitate bakoitzeko.

h) Gehieneko edukiera 53 pertsonakoa da (haurrak eta helduak barne).

i) Edukiera beterik jendea zain badago, ordubete egon daiteke gehienez. Gelako teknikaria arduratuko da abisua emateaz, bai ateratzeko bai sartzeko.

j) Adingabearen babes juridikorako urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoarekin bat, debeku da argazkiak egitea edo bideoak grabatzea haur parkearen barrenean.

k) Nahitaezkoa da galtzerdiak erabiltzea.

l) Higienearen arrazoiak direla eta, helduei ere gomendatzen zaie zapatak eranstea parkera sartzeko.

m) Ezin da oinutsik, bainujantzian edo biluzik sartu.

n) Ezin da jan ez edan barrutian, ura ez bada.

o) Ume-aulkiak horietarako egokitu den ondoko eremuan egonen dira.

p) Norberaren gauzak armairuetan utzi behar dira.

q) Gelako teknikariek dute agintea.

r) Debeku da banakako soinu-ekipoak erabiltzea, entzungailuekin ez bada.

X. KAPITULUA

Biltokia-jatetxea

38 artikulua. Arau orokorrak.

a) Biltokia-jatetxea erabilera anitzeko espazioa da, jarduera programa bat izan dezakeena; jarduerak egiten diren bitartean erabilera parte hartzaileentzako egonen da mugaturik.

b) Eguesibarren erroldatuta dauden Eguesibarko instalazioetako abonatuek erabiltzen ahalko dute biltokia-jatetxea, dagokion eskaera aurkeztuta kirol instalazioetako harrera-gelan.

c) Honako hauetarako erabiliko da biltokia-jatetxea: urtebetetzeak ospatzeko eta familiako ospakizunak eta bilkura gastronomiko-sozialak egiteko.

d) Erreserba egin behar da nahi den data baino hilabete lehenago, gehienez.

e) Erreserbak zozketa bidez esleituko dira. Hona hemen horretarako prozedura:

–Eskaerak eguna baino aurreko hilabeteko egun berera arte hartuko dira (adibidez: ospakizuna martxoaren 23an bada, eskaerak otsailaren 23ra arte hartuko dira). 28 edo 30 eguneko hilabeteetan, erreserba hurrengo hilabetearen 29, 30 edo 31rako egin nahi bada, hilabeteko azken egunean eskatu behar da (adibidez: martxoaren 29, 30 edo 31rako erreserbak asko jota otsailaren 28an eskatu behar dira; urriaren 31rako bada, irailaren 30a da eskatzeko azken eguna).

–Eskaera bakar bat egin daiteke familia-unitate bakoitzeko eta egun bakoitzeko, eta 18 urtetik gorakoek egin behar dute.

–Bi eskaera edo gehiago baldin badira data berarako, zozketa publikoa eginen da hurrengo eguneko 12etan Udalaren Sarrigurengo kirolgunean. Pertsona bati esleituko zaio erreserba eta itxaron zerrenda ordenatua ezarriko da.

–Esleipena jasotzen duenak dagokion tasa ordaindu behar du zozketa egin eta hurrengo 7 zazpi eguneko epean.

–Tasaren zenbatekoa ordaindu ezean, alokatu nahi ez duela ulertuko da eta zerrendako hurrengoari abisatuko zaio.

f) Eguesibarko Udalak espazio hau izan dezake interes orokorreko jardueretarako edo egoki iruditzen zaizkion jardueretarako. Hala gertatzen bada, urtebetetze baterako erreserbatuta badago, eskatzaileak data aldatu beharko du.

g) Erreserba bertan behera uztea: erreserba eskatutako data baino bi aste edo gehiago lehenago bertan behera utziz gero, ordaindutako tasaren %50 itzultzeko eskubidea izanen da. Epe hori baino beranduago egiten bada, ez da ordaindutako tasa itzuliko.

h) Eskatzailea izanen da espazio honetan gertatzen den guztiaren erantzule: ordena, bertaratuen portaera, altzariak behar bezala erabiltzea eta abar. Nahitaezkoa da gutxienez heldu bat egotea. Erreserba egin duenak arreta bereziz begiratuko du adingabeen portaera, jolasean ibili ez daitezen instalazioaren gainerako tokietan (eskailerak, ezkaratza, igogailua, komunak eta abar).

i) Instalazioak ez du inolako erantzukizunik hartuko parte-hartzaileek gaizki erabiltzeagatik, ezta instalazioari berari edo gainerako erabiltzaileei egindako kalteengatik ere. Izan ere, erantzukizun hori eskatzailearena da.

j) Espazioa erabili eta gero, erabiltzaileek erraztatu behar dute. Horretarako, erratza, pala eta zaborrontzia izanen dituzte. Halaber, paretetan jarritako apaingarriak kenduko dituzte.

XI. KAPITULUA

Erretegiak

a) Kirol instalazioetarako urtero onesten den egutegian dago zehazturik zer ordutan irekitzen diren Sarrigurengo kirolguneko berdegunea, askaldegiak eta komunak.

22:00etatik aurrera sartu eta ateratzeko, instalazioko ate gidariduna erabili beharko da.

b) Baimenduko da abonatu gabeak kirol instalazioetara sartzea 21:00etatik aurrera, soil-soilik askaldegiak erabiltzeko, baldin eta abonatu batek lehenago eman baditu haien datuak instalazioetako harrera-gelan. 22:00etara arte, tornuak dituen ate nagusitik sartu beharko da, eta, ordu horretatik aurrera, berriz, ate gidaridunetik.

c) Sarrigurengo kirolguneko erabiltzaileek libreki erabiltzen ahalko dituzte erretegiak, mahaiak eta aulkiak, salbu eta neguko eta udako denboraldietarako ezarritako ordutegi berezietan.

d) Barbakoetan ezin da erabili egur-ikatza baizik. Kanpotik ekarri behar da, parrilarekin eta sukaldeko lanabesekin batera.

e) Barbakoa erabili ondoren, errautsak ontzian sartuko dira eta urez itzaliko. Gero, handik kenduko dira, eta hondarrak garbituko.

f) Askaldegiko mahaiak eta aulkiak erabiltzen dituztenek hondarrik gabe utzi behar dituzte handik alde egitean.

g) Ezin dira kanpotik ekarritako altzariak (mahiak, aulkiak) erabili, ezta butano-bonbonak, kanpineko gasontziak, beste edozein presio-ontzi, beste edozein sukalde-sistema, barbakoa eramangarriak eta abar ere.

h) Ezin da beirazko ontzirik erabili.

i) Zaborra eta hondakinak horietarako diren ontzietan sartu behar dira.

j) Debeku da banakako soinu-ekipoak erabiltzea, entzungailuekin ez bada.

k) Instalazioak ez du inolako erantzukizunik hartuko parte-hartzaileek gaizki erabiltzeagatik, ezta instalazioari berari edo gainerako erabiltzaileei egindako kalteengatik ere. Izan ere, erantzukizun hori barbakoa erabiltzen duenarena da.

l) Erretegien eta askaldegien eremuak itxita egon daitezke, instalazioaren mantentze-lanengatik.

Ordutegi bereziak:

Askaldegien eremuaren udako ordutegia:

a) Ezin dira mahaiak eta bankuak erreserbatu gauzaren bat gainean utziz. Erreserbatutzat joko da soilik eta pertsonak baldin badaude.

b) Ezin dira sutegiak erreserbatu, begiratzeaz arduratzen denik ez badago.

c) Inork ezin ditu mahaiak hustu, instalazioko langileek baizik.

d) Erabiltzaile batek ikusten badu mahai edo sutegiren bat erreserbatuta dagoela gauzak gainean utzita, instalazioko langileei jakinaraziko die. Mantentze-lanetako arduradun batek mahai edo sutegiaren gainean utzitako gauzak kenduko ditu, pertsonarik baldin ez badago bertan.

Neguko denboraldian, askaldegien eremua erabiltzen ahalko dute, 16:00etatik 20:00etara, instalazioetako abonatuek eta haiek lagundutako ez-abonatuek ere, ordenantza fiskaletan ezarritako “Askaldegiko sarrera, urtebetetzeak” delakoaren zenbatekoa ordainduta.

a) Kasu horretan, askaldegiak erabiltzeko, Eguesibarko kirol instalazioetako abonatuek dagokion eskaera aurkeztu behar dute kirol instalazioetako harrera-gelan.

b) Urtebetetzeak ospatzeko eta familiako ospakizunak eta bilkura gastronomiko-sozialak egiteko erabiliko dira.

c) Erreserba egin behar da nahi den data baino hilabete lehenago, gehienez.

d) Erreserbak zozketa bidez esleituko dira. Hona hemen horretarako prozedura:

–Eskaerak eguna baino aurreko hilabeteko egun berera arte hartuko dira (adibidez: ospakizuna martxoaren 23an bada, eskaerak otsailaren 23ra arte hartuko dira). 28 edo 30 eguneko hilabeteetan, erreserba hurrengo hilabetearen 29, 30 edo 31rako egin nahi bada, hilabeteko azken egunean eskatu behar da (adibidez: martxoaren 29, 30 edo 31rako erreserbak asko jota otsailaren 28an eskatu behar dira; urriaren 31rako bada, irailaren 30a da eskatzeko azken eguna).

–Eskaera bakar bat egin daiteke familia-unitate bakoitzeko eta egun bakoitzeko.

–Bi eskaera edo gehiago baldin badira data berarako, zozketa publikoa eginen da hurrengo eguneko 12:00etan Udalaren Sarrigurengo kirolguneko edo Eguesibarko Udalaren kiroldegiko harrera-gelan. Pertsona bati esleituko zaio erreserba eta itxaron zerrenda ordenatua ezarriko da.

e) Esleipena jasotzen duenak ez-abonatuen sarreretako tasa ordaindu behar du instalazioan sartu baino lehen.

f) Eskatzailea izanen da espazio honetan gertatzen den guztiaren erantzule: ordena, bertaratuen portaera, altzariak behar bezala erabiltzea eta abar. Nahitaezkoa da gutxienez heldu bat egotea.

g) Instalazioak ez du inolako erantzukizunik hartuko parte-hartzaileek gaizki erabiltzeagatik, ezta instalazioari berari edo gainerako erabiltzaileei egindako kalteengatik ere. Erantzukizun hori eskatzailearena da.

h) Gehienez 30 pertsona sartzen ahal dira taldeko. Gehieneko kopuru hori handitzen da 10 urtetik beherako haurren kasuan, honaino handitu ere: heldu arduradun bat adingabe bakoitzeko. Gutxienez heldu bat izan behar da 8 umeko talde bakoitzeko.

i) Horrelako talde bakar bat onartuko da arratsaldeko/eguneko.

j) 8 mahai erreserbatuko dira ospakizunerako. Gainerako mahaiak libre utziko dira, kirol instalazioetako abonatuek erabiltzen ditzaten.

k) Honako hauek baino ezin dituzte erabili askaldegien sarrerarekin sartzen direnek: udako aldageletako komunak, askaldegiak eta berdegunea.

LAUGARREN TITULUA

Kirol jarduerak

I. KAPITULUA

Kirolerako abonamendu aktiboa

39. artikulua. Arau orokorrak.

a) Jardueretarako geletan egiten diren kirol ikastaroak “Kirolerako abonamendu aktiboa” delakoaren barnean egonen dira, horrek aukera ematen baitio erabiltzaileari astearen barnean programaturiko saio guztietara joateko, batere mugarik gabe.

“Kirolerako abonamendu aktiboa” eskuratzen ahal dute bai Udalaren kirol instalazioetako abonatuaren kuota ordaintzen dutenek bai neguko abonatuek.

b) “Kirolerako abonamendu aktiboa” noiznahi eskura daiteke 3, 6 edo 9 hilabeterako. Ordainketa bakarra eginen da, hautatutako denbora tarteagatik, eta instalazioak ezartzen duen sistema erabilita. Modu hau 16 urtetik gorakoentzako programatzen diren jardueretarako izanen da.

c) 14 urtetik 18 urtera bitarteko gazteek gazteen abonamendu aktiboa eskura dezakete. Sartzeko, aitaren edo amaren baimena behar dute. Nahitaezkoa da osasun azterketa bat aurkeztea.

d) 16 urtetik beherakoentzako kirol ikastaroek tratamendu desberdina izanen dute.

II. KAPITULUA

Kirol ikastaroak eta igeriketakoak

40. artikulua. Arau orokorrak.

a) Eguesibarko Udalak erabakiko du nola inskribatu kirol eta igeriketa ikastaroetan.

b) Udalak finkatuko ditu kirol ikastaroetan parte hartzeko ordaindu beharreko prezioak.

c) Kirol ikastaro guztietan, jarduera bakoitzeko gehieneko izen emate kopurua finkatuko da; beraz, kupo hori betez gero, ezin izanen da pertsona gehiago hartu.

d) Bajak sortzen badira, itxaron zerrendan daudenei deituko zaie.

e) Halaber, ikastaro guztietan izen emate kopuru gutxienekoa ere finkatuko da (instalazioko zuzendaritzak baloratu beharko du), haren azpitik ikastaroak deuseztatuko baitira.

f) Kirol ikastaro batean izena eman ondoan, ez da inola ere itzuliko ordaindutako diru kopurua (ikastaroak hasiz gero) baldin eta jarduera aurreikusi bezala egiten bada.

g) Zenbatekoa itzuliko da jarduera hasi baino lehen izen emana duen pertsonak bere borondatez eskatzen badu baja ikastaroan.

h) Jarduera guztietan begiratuko da erabiltzaileak joaten ote diren kirol ikastaroetara, eta bakarrik baja ematen ahalko zaio jarduera jakin batean inoiz agertzen ez denari. Neurri hori hala dago jarria, kasuan kasuko jardueraren itxaron zerrendan daudenek ikastaroan parte hartzeko aukera izan dezaten.

BOSGARREN TITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

41. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

Erabiltzaile guztiek eskubide hauek izanen dituzte:

a) Instalazioetan libreki sartzeko eskubidea dagokion ziurtagiria aurkeztuta, ordutegien barnean, instalazioak jendea hartzeko irekita dauden egunetan eta, kasu bakoitzean, instalazioetan sartzeko moduak berekin dakartzan baldintzen arabera.

b) Instalazioak erabili ahal izatea, Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraituz.

c) Antolatzen diren kirol jardueretan izena ematea, Udalak haien gainean onesten duen araudiari jarraikiz.

d) Udalak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuez baliatzea.

e) Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduaren gainean, eta informazioa eskatzea.

f) Udalaren kirol instalazioetan dauden langileak eta beste erabiltzaileak harekin begirunez eta behar bezala aritzeko eskubidea.

g) Indarrean dagoen legediak eta erregelamendu honek aitortzen dizkioten gainerako eskubideak.

42. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:

a) Instalazioak erabiltzea erregelamendu honetan xedatuaren arabera eta instalazioetako langileek egindako oharrei jarraikiz.

b) Gainerako abonatu edo erabiltzaileengana behar den errespetua gordetzea, bizikidetza egokirako behar den jokabidea izanez.

c) Instalazioetako langileei ematea okerreko funtzionamenduaren, hausturen, akatsen edo erregelamendu honetan xedatutakoa ez betetzearen berri.

d) Garaiz ordaintzea ezarritako kuotak eta, eman ondoren, ordu erreserbak.

e) Onartu eta betetzea instalazioen erabilerari buruz ematen diren arau eta jarraibide guztiak.

f) Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.

g) Kirol instalazioen barrenean, pertsona helduek begiratuko dute beren ardurapeko adingabeen segurtasuna.

h) Erabiltzaile adindunek erantzun beharko dute, baldin eta beren gain dituzten adingabeek erregelamenduko arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehazturiko arau-hausterik egiten badute.

i) Udalaren kirol instalazioen erabiltzaileek zehatz-mehatz bete beharko dute ezarritako ordutegia. Hartara, aitzinetik kalkulatu beharko dute zenbat denbora egin beharko duten dutxetan eta aldageletan, ixteko ordua baino gehiago ez luzatzeko.

j) Erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta Udalaren kirol instalazioetan egiten duten denboran asmo txar, zabarkeriaz edo bestelako edozein arrazoi dela-eta kalte edo galerarik eragiten badiete instalazioei edo hirugarrenei.

k) Txartela aurkeztea edo hatz-marka erabiltzea Udalaren kirol instalazioetara sartzean, eta instalazioko langileek eskatzen dietenean. Hatz-marka erabiltzen badute ere, abonatuek txartela izan behar dute, instalazioetako langileek noiznahi eskatzen ahal dietelako. 12 urte behar dira, gutxienez ere, instalazioetan nor bere kasa tutorerik edo heldu arduradunik gabe sartzeko, bakarrik edo taldean. Gurasoek edo tutoreek erantzun beharko dute adingabekoek edozer eginez gero.

l) Higiene arrazoiak direla eta, debeku da erabat bizarra egitea, depilatzea, edo manikura, pedikura eta gisako tratamenduak egitea.

m) Ezin da ez jan ez erre, horietarako prestatutako tokietan baizik.

n) Instalazioak ez du erantzukizunik izanen norberaren gauzak desagertu, galdu edo hondatuz gero.

o) Indarrean dagoen legediak eta erregelamendu honek aitortzen dizkioten gainerako betebeharrak.

SEIGARREN TITULUA

Zehapen araubidea

43. artikulua. Ahalmenak.

Eguesibarko Udalari dagokio abonatu eta erabiltzaileentzako zehapen neurriak hartzea, erregelamendu hau betetzeko eta instalazioaren barreneko udal ondasunak begiratu beharrez.

Sarrigurengo kirolguneko enplegatuek ahalmena dute erabiltzaileei ahoz kargu hartzeko edo instalaziotik egozteko, edo abonatuei txartela kentzeko, ahozko kargu hartzeari kasurik egiten ez dietenean, arau-hausleari geroago ezar dakiokeen zehapena ukatu gabe.

44. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Faltak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

Hona hemen falta arinak:

a) Kirol espazio bakoitzeko araudi berariazkoa ez errespetatzea.

b) Kirol instalazioak erabiltzea erreserbako egun eta/edo orduetatik kanpo.

c) Kirol instalazioak erabiltzea abonatu izan gabe, neguko sarrera edo abonamendurik gabe, baimen espresa puntualik gabe edo kirol ikastaro batean izena emanda egon gabe edo instalazioak erabiltzen dituzten klub edo taldeetako batekoa izan gabe.

d) Eremu espresuki debekatuetan jan-edatekoak edo beirazko ontziak sartzea.

e) Armairuak modu desegokian erabiltzea.

f) Instalazioen ardura duten langileen esanei kasurik ez egitea.

g) Erregelamendu honetan ezarritako arauetako edozein ez betetzea, hutsegite astun edo oso astuntzat hartzen direnak izan ezik.

h) Kirol instalaziotik ateratzea adingabe bat haur parkean utzita.

i) Kirol instalazioan ez egotea norberaren abonatu izaerarekin lortu diren adeitasunezko sarrerak edo laguntzaile sarrerak baliatzen diren bitartean.

Hona hemen falta astunak:

a) Liskar eta/edo eraso fisikoak piztea eta/edo haietan parte hartzea.

b) Kirol instalazioetan animaliak sartzea.

c) Kirol instalazioak hondatzen dituzten produktuak sartzea.

d) Belardia eta/edo kanpo aldeak nahita zikintzea edo hondatzea.

e) Igerilekuetako eta/edo jacuzziko uraren kalitatea hondatzea.

f) Kirol instalazio, ekipamendu eta/edo materialetan listu edo pixa egitea edo zikintzea.

g) Hiru falta arin egitea.

h) Abonatu txartela beste edonori uztea instalazioan sartzeko.

i) Beste erabiltzaileen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragin diezaiokeen beste edozein arau-hauste.

j) Instalazioko edozein higigarri edo higiezin hondatzea.

k) Instalazioaren barrenean ordena larriki nahastea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

Hona hemen falta oso astunak:

a) Falta astun bat hiru aldiz egitea.

b) Kirol materiala ebastea.

c) Instalazioen arduradunei gorputzez edo hitzez eraso egitea edo lotsa galtzea.

d) Erabiltzaileei gauzak lapurtzea.

e) Urtebetean hiru falta astun egitea.

f) Instalazioen barrenean bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten jarduketak.

g) Instalazioen erabilera eragoztea haiek erabiltzeko eskubidea dutenei.

h) Instalazioen funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

i) Hornidura, azpiegiturak, elementuak edo instalazioak modu larri eta nabarmenean hondatzea.

45. artikulua. Zehapenak.

a) Falta arinek instalazioa denbora batean (3tik 5 egunera bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen. Orobat, 25-60 euroko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

b) Falta astunek instalazioa denbora batean (15 egunetik hilabete 1era bitarte) erabili ezina ekarriko dute zehapen. Orobat, 61-300 euroko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

c) Falta oso astunek instalazioa erabili ezina ekarriko dute zehapen, hilabete batetik betiko erabili ezinera bitarte, Udalak arau-hauslearen aurka abiarazten ahal dituen legezko egintzak ukatu gabe. Orobat, 301-600 euroko isuna ekarriko dute, eta egindako kalteak konpondu beharra.

d) Falta oso astunak hiru urteren buruan preskribatuko dira, astunak bi urteren buruan eta arinak sei hilabeteren buruan. Falta oso astunetan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, falta astunetan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta falta arinetan ezartzen direnek urtebetean.

46. artikulua. Zehapen prozedura.

a) Erregelamendu honetako edozein arau ez betetzeak berarekin ekar dezake txartela kendu eta, badaezpadako neurri gisa, instalaziotik egoztea; hori instalazioko edozein enplegatuk edo horretarako ahalmena duenak egin dezake.

b) Sarrigurengo kirolguneko kudeatzailetzak txosten bat eta arau-hauslearen datuak igorriko ditu Udalera, bidezko zehapen neurriak har ditzan erregelamendu honetan oinarrituta.

c) Aplikatu beharreko zehapen prozedura ordenantza fiskal orokorraren 32. artikuluan ezarria izanen da.

ZAZPIGARREN TITULUA

Erregelamendu honetan xedatua

Eguesibarko Udalaren esku gelditzen dira erregelamendu honen interpretazioa eta aplikazioa. Zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen den pertsona edo entitatea Udalak eskuordeturik arituko da xedapenak interpretatu eta aplikatzeko eginkizunetan, eta konponbiderik zuzenena bilatuko du instalazioen eguneroko erabileran sortzen diren arazoetan.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L1908396