161. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

100/2019 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, proiektu honi dagozkion okupazio aurreko aktak egiteko deitzen duena: “Valtierra-Arguedas” 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoa berritzeko 00.58 eta 01.07 euskarrien artean, eta “Azucarera-Arguedas” linea elektrikoa berritzeko, 01.07 eta 00.53 euskarrien artean.

Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 21eko 119/2019 Ebazpenaren bidez honako proiektu hau onetsi zen: “Valtierra-Arguedas” 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoa berritzeko 00.58 eta 01.07 euskarrien artean, eta “Azucarera-Arguedas” linea elektrikoa berritzeko, 01.07 eta 00.53 euskarrien artean. Halaber, instalazioa baimendu zen, eta haren onura publikoa onartu.

Onura publikoaren deklarazioak berarekin dakar ukitutako ondasunak presaz okupatu beharra. Hori dela eta, bidezkoa da ondasun horien titularrei dei egitea, okupatu aurreko aktak egitera ager daitezen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei eta Tuterako alkateari edo hark eskuordetzen duen zinegotziari dei egitea, okupatu aurreko aktak eta, bidezko bada, behin betiko okupatzeko aktak egitera ager daitezen, Tuterako udaletxean, 2019ko urriaren 9an eta 10ean.

Aktak egiteko ordena eta ordutegia interesdunei jakinaraziko zaizkie banakako zitazio zedularen bitartez.

2. Ebazpen hau jakinaraztea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresa onuradunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Foru Komunitateko bi egunkaritan eta Tuterako Udalaren iragarki-taulan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 23an.–Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: F1909947