161. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MARTZILLA

2019-2020 urteetako zerga kontrolerako plana

Udalak, 2018ko azaroaren 29an egin osoko bilkura arruntean, onetsi zuen Martzillako Udaleko zergen kontrolerako plana 2019tik 2020ra bitarteko ekitaldietarako, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2002 Foru Lege Orokorrean eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamenduan zehaztutako norainokoa eta edukia izanik.

Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan xedatuari jarraikiz, argitara ematen da plan horren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Martzillan, 2019ko ekainaren 27an.–Alkatea, Mario Fabo Calero.

UDALAREN ZERGEN KONTROLERAKO PLANA 2019-2020 EKITALDIETARAKO

Sarrera

Lehena:

Martzillako Udaleko zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko zerbitzuentzat beharrezkoa da zerga kontrolerako udal plana egitea 2019tik 2020ra bitarteko ekitaldietarako.

Zergen kontrolerako udal plana funtsezko tresna da udal administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak planifikatzeko. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak, ahalbidetuko dutenak ekitaldian ezarritako helburuak lortzea.

Bigarrena:

Zergen kontrolerako udal planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea Konstituzioak agintzen duen bezala, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izanen.” Eta, bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: “Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izanen dituzte; eta horien hornidura nagusiak izanen dira udal zergak, eta Estatuko eta autonomia erkidegoetako diru-sarreretan parte hartzea.” Zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga-iruzurrak atzeman eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena:

Udal tributu guztietan iruzurrak atzematea izanen da planaren helburua, baina arreta eta ardura bereziarekin zainduko da jabari publikoaren erabilera pribatiboaren tasa. Nolanahi ere, hemen ez dira zehatz-mehatz azaltzen Zerga Kontrolerako Planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, aurreikusten diren jarduketa ildo nagusiak dira aipagai Zerga Kontrolerako Planean, eta zergen kudeaketarako eta ikuskapenerako udal zerbitzuen ekintza nagusiak zein arlotan burutuko diren zehazten da. Aplikatzekoa den araudiak, udalerriaren errealitate fiskalak eta udalerriak erabilgarri dituen baliabideek zehaztuko dute jarduera horiek zein diren.

Finean, kudeaketa eta ikuskapen prozeduraren bitartez, zergapekoek Tokiko Ogasun Publikoarekiko betebeharrak ongi betetzen dituzten aztertu eta ikertuko da.

Bestalde, jarduketen norainokoa partziala edo orokorra izan daiteke. Jarduketa orokorrak eginen dira zergapekoaren zerga egoera bere osoan egiaztatzeko, Toki Ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.

Kudeaketa arloan, zerga kudeaketaren arloan honelako lanak eginen dira: egiaztapen eta ikerketa arlokoak; egiaztapen mugatuko prozedurak; edo balioak kontraesanezko peritu-tasazio prozesuen bidez egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezko bada.

Zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuek, beren jarduketetan, ikertu beharko dute zehatzak eta egiazkoak diren adierazitako egitateak eta inguruabarrak zergapekoen tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpenetan nahiz jakinarazpenetan. Halaber, ikertuko du Administrazioak osorik edo partez ezagutzen ez duen egitatezko elementuren bat edota zerga arloan garrantzitsua izan daitekeen beste aurrekariren bat ba ote den. Azkenik, aztertuko du zergapekoek egindako zerga likidazioko eragiketak zehatzak ote diren eta, era berean, ezarriko du haien zerga egoeran bidezko iruditzen zaion erregularizazioa.

Informazioa lortzeko jarduketak eginen dira, pertsona edo erakunde baten esku dauden datu edo aurrekariak ezagutzeko, baldin eta informazio hori zerga arloan garrantzitsua bada beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, baina Zerga Administrazioari aitorpen bidez jakinarazi beharrekoa ez bada.

Administrazioko beste organo batzuen eskumenak deusetan ukatu gabe, argibide eta aholkuak emanen dira, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Aplikatu beharreko legeria:

Udalaren zergak kudeatu eta ikuskatzeko departamentuei dagokie subjektu pasiboen eta gainerako zergapekoen zerga egoera aztertzeko eginkizuna, Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak zehazki betetzen dituzten jakiteko eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udaleko zerga ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako arau hauetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskaritzaren Erregelamendua.

Organo eskudunak onetsitako zergen kontrolerako planetara egokituko dira Udalaren zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko eginkizunak.

Zergen kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar da zein irizpide hartu behar diren kontuan subjektu pasiboak hautatzeko eta bertan sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zergen kontrolerako planaren gaineko irizpide orokorrak, gisa horretara beterik Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritako betebeharra, eta Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa.

Zergak ikuskatzeko planaren funtsa eta indarraldia:

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki babesten du zergen kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren beraren agindua gauzatu ahal izateko: “Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera”.

Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari kontra egitea, horra hor tributuen udal administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga-sistema eraginkortasunez aplikatzeko bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatu eta areagotzea, tributua orokortze aldera eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtzea. Horrela, herritarrek zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna bermatuak izanen dituzte, eta likidatu eta biltzen diren eskubideak ahal den neurrian gehituko dira.

Plana 2019tik 2020ra bitarte egonen da indarrean.

Isilpekotasuna:

Kudeaketa eta ikuskapen jarduketak garatu behar dituzten planak isilpekoak dira, eta ez dira aditzera emanen.

Zergen kontrolerako plana baimen orokor bat da, zergapekoen gaineko egiaztapen eta ikerketa jarduketei edota informazioa lortzekoei ekin ahal izateko epe jakin batean. Zergapekoak aukeratzeko erabiliko diren irizpideak biltzen ditu, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, baita horien iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari begira, zergen kontrolerako planetan ahalik eta hobekien kudeatzen dira zerga ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, zergen karga behar bezala banatuko dela bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zerga-egitateak hautatu beharra dago. Ikuskapenerako planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, departamentuaren ahalegina ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara bideratuz.

Ikertu beharreko zergadunak hautatu ondoren, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, departamentuko gainerako langileek bezalaxe, beren eginbeharra bete beharko dute eta, horretarako, lan-kargak finkatzen dira: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, baizik eta ikuskatzailearen ahaleginari eta gogoari erreparatuta, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean alderdi hauek landu behar izan dira:

–Ausazko alderdia:

Iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk itxuraz nabarmenak ez diren zergadunei egiten bazaizkie.

–Barne alderdi diskriminatzailea:

Zergadunen aitorpenek, datuak erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko aldeak agertzen dituztenean.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia:

Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ohiko ratioak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinale izan litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datuen alderdia:

Kasu honetan, gauza jakina da jardueran ari direla, baina ez dutela aitorpenik aurkezten.

Zergen kontrolerako plana betetzeko behar diren baliabideak:

Baliabide materialak:

Behar den laguntza teknikoa emanen dute udal alor hauek: Hirigintza, eta Ogasuna eta Ondarea.

Funtzionarioei zerga kudeaketako datu-baseak erabiltzen utziko zaie, behar-beharrezkoa baitute zergapekoen egoera aitortua ezagutzea, jakiteko bai zergapekoa tributuen aldetik nolako egoeran dagoen ikuskapena hasi aurretik, bai zergapekoaren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, bidezkoa balitz. Izan ere, erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko da zergapekoak zer aitortu duen.

Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, besteak beste, zenbait lehiaketatan aurkeztu izanari buruzkoak.

Baliabide guztiak emanen zaizkie udalerrian barrena mugitzeko. Halaber, beren xedeak betetzeko behar dituzten bitarteko guztiak izanen dituzte.

Alkate udalburuak txartela edo beste egiaztapenen bat emanen die ikuskatzaileei, lanpostuan aritzeko.

Giza baliabideak:

Zerga Administrazioko funtzionarioek eta gainerako langileek eginen dituzte kudeaketa eta ikuskapen jarduketak. Funtzionario eta langile horiek zerga kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetako lanpostuetan ariko dira. Era berean, funtzionario ez diren langileei ematen ahalko zaie prestakizunak egiteko eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatzeko edo frogatzeko jarduketen ardura, baldin zerga administrazioaren zerbitzuan ari badira.

Ikuskaritza:

Puntu honetan, erabaki da Mario Fabo Calero, Martzillako alkate udalburua, izanen dela Ikuskaritzako burua, eta Ascensión Silvestre Manso, Martzillako Udaleko Ekonomiako Alorreko teknikaria, berriz, ikuskatzaile aktuarioa.

Ikuskapen lanetan aritzeko laguntza jasoko da.

Alkateak edo hura ordezkatzen duenak errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak izanen ditu.

Zergen kontrolerako plan hau ongi betetzeko, ezinbestekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza estua. Berariaz aipatu behar dira Zerga Kudeaketaren Arloa eta Hirigintza Arloa.

Prestakuntza:

Erakunde publiko edo pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko baimena emanen da.

Xede orokorrak:

1. Egiaztatze- eta ikertze-jarduketa orokorrak. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:

A.–Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

B.–Zergapekoen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan jarduketa partzialak eta laburtuak sartu dira, Kudeaketa Alorrean hasitako espedienteetan abiaburua dutenak, funtsean.

3. Jarduketa osagarriak. Argibide eta aholkuak emateko jarduketak.

Zerga ikuskapeneko 2019tik 2020ra bitarteko ekitaldietako plan orokorrerako sektore edo jarduera berariazkoak.

Jarduera motetan oinarritutako estrategia:

Zerga ikuskatzaileen jarduera kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituko da, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, eraginkortasun eta egokitasun irizpideei jarraituz.

Sektore edo jarduerak:

–Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.

–Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.

Ezinbestekoa izanen da Udaleko organo eskudunaren agindupean ari diren hirigintza-ikuskaritzako zerbitzuekin eta Udaltzaingoarekin koordinatzea.

Martzillan, 2019ko ekainaren 28an.–Alkate udalburua, Mario Fabo Calero.

Iragarkiaren kodea: L1908939