161. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

38E/2019 FORU AGINDUA, uztailaren 5ekoa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia, kirol anitzeko programak sustatzeko 2019-2020 aldian. DDBN identifikazioa: 466875.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.14 artikuluak erabateko eskumena esleitzen dio Nafarroako Foru Komunitateari kirol sustapenaren eta aisialdiaren erabilera egokiaren arloan.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, Kirolaren Zuzendariordetzaren bitartez, esleiturik dituen eginkizunen artean dago mota guztietako kirol jarduerak eta jarduera fisikoak Nafarroako gizarte osoan sustatzea, horretarako laguntzak eta dirulaguntzak emanez. Kirola Sustatzeko Atalari, berriz, toki entitateen bitartez kirol ikuskizunen antolakuntza sustatzea dagokio.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, 3. artikuluan, helburu batzuk finkatzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen kirol arloko politikak bideratzeari begira. Horietatik, deialdi honek hauek lortu nahi ditu:

a) Erraztasunak ematea pertsona guztiek kirol jarduerak egiteko aukera izan dezaten.

b) Bultzatzea eta begiratzea gehienik adingabeentzakoak edo adingabeek parte hartzekoak diren jendaurreko kirol jarduerak pertsonaren garapen harmonikoa eta orekatua lortzeko helburuarekin egin eta haurraren edo gaztearen gorpuzkera, gaitasun eta hezkuntza premien araberakoak izan daitezen. Gorputz eta kirol hezkuntza bultzatu, ezarri eta garatuko da maila, gradu eta hezkuntza modalitate guztietan, eta kirola eskola adinean sustatuko da, josteta edo lehia xede duen ariketa fisikoa eta kirol jarduera sustatuz.

Helburu horiek izanik, eta adin goiztiarretan ariketa fisikoa modu egituratu eta antolatuan egin dezaten sustatzeko eta garatzeko zereginean bide berri bat sortzeko asmoz, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak toki entitateek eskainitako eta antolatutako kirol anitzeko programak sustatu nahi ditu.

Nafarroako Foru Komunitatean, toki entitateak dira gehien eta ongien lantzen eta bultzatzen dutenak kirolaren eta ariketa fisikoaren garapena eta sustapena herritarren sektore guztietan, bi arrazoirengatik funtsean: herritarrengandik hurbil egoteagatik eta kasuan kasuko kirolaren, gizartearen eta kulturaren errealitatea ezagutzeagatik.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak foru agindu honen bidez aurten ere toki entitateen eskura jarritako baliabideak zenbait formulatan gauzatzen dira, zeinek, zuzenean edo zeharka, helburu duten ariketa fisiko-ludikoa zein jostetakoa sustatzea eta handitzea, 6 eta 8 urte bitarteko umeentzako kirol anitzeko programak antolatuz eta garatuz.

Deialdi hau urte anitzeko gastu baten espedienteari dagokio, 2020 ekitaldiari partez baizik ez baitio eragiten. Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren martxoaren 13ko 29/2019 Foru Aginduak epe ertaineko programazio ekonomikoa (Urte Anitzeko Esparru Ekonomikoa) onesten du eta Aurrekontuen eta Finantza Politikaren Zerbitzuak jarraitu behar dituen irizpideak ezartzen ditu Nafarroako Gobernuaren urte anitzeko espedienteak tramitatzeko, 2019-2022 eperako. Foru agindu horrek ezartzen duenarekin bat, aipatu urte anitzeko gastua zenbatesteko txostena egin da.

Horrenbestez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskumenak erabiliz.

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako toki entitateak diruz laguntzeko deialdia, 2019-2020 aldian Kirol anitzeko programak susta ditzaten.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen I. eranskinean jasotzen direnak, bai eta gainerako eranskinak ere.

3. Baimentzea 51.000 euroko gastua deialdi hori aurrera eramateko. Dirua partida hauei egotziko zaie:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A50002-A5110-4609-336100: Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak

2019

13.000,00

A50002-A5110-4609-336100: Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak

2020

38.000,00

4. Foru agindu hau eta I. eta II. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webgunean eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Ebazpen honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko uztailaren 5ean.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da 2019-2020an Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat kirol anitzeko programak susta ditzaten.

Dirulaguntza hauek 2019ko irailetik 2020ko abuztura bitartean eskainitako eta gauzatutako kirol anitzeko programak antolatzeak, kontrolatzeak eta garatzeak sortutako defizitak zati batean ordaintzeko erabiliko dira.

2.–Helburua.

2.1. Programa hauen helburua da 6 eta 8 urte bitarteko umeek ariketa fisikoa modu antolatuan egin dezaten sustatzea, betiere ume-umetatik kirolean espezializatu gabe eta adin horietan ariketa fisikoa egiteko egokiagoak diren ereduak bultzatuz.

Horrenbestez, jarduerek modu integralean landuko dute garapen pertsonala, soziala eta motorra, osasunarentzat eta ongizatearentzat onuragarri diren aldetik, eta kontuan hartuta, betiere, lehia ez dela inoiz helburu izanen.

Horrez gain, balioetan oinarritutako hezkuntza ere sustatuko da antolatutako jarduera fisiko guztietan, eta, besteak beste, garrantzi berezia izanen dute joko garbiak, adiskidetasunak, hobera egin nahiak, inklusioak, integrazioak eta abarrek. Izan ere, balio horiek txiki-txikitatik transmititu eta erakutsiz gero, eguneroko bizitzara estrapolatu daitezke. Alderdi hau “Kirolaren balioak” izeneko ekintza planaren berariazko helburu batean dago jasota.

2.2. Jardueren eskaintza baterako hezkuntzaren parametroei jarraituz diseinatu eta antolatzen dela bermatu beharko du aurkezten den programak; hau da, neskentzako zein mutikoentzako jarduerak jaso beharko ditu eskaintzak, ohiko kirol edo jarduera fisiko femeninoen eta maskulinoen arteko estereotipoak hauts daitezen. Alderdi hau “Kirola eta emakumea” izeneko planarekin dago lotuta, kirolean hastea helburu duen jarduketa lerroaren barnean.

Aurkezten diren programek, aurreko puntuan zehaztutako helburuak betetzeaz gainera, II. eranskinean adierazten diren ezaugarriak eduki beharko dituzte.

3.–Entitate onuradunak.

3.1. Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke dagokien erregistroan inskribatuta dauden Nafarroako toki entitateak.

3.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren beste deialdi zehatzago batzuen xede diren edo haietan jasota dauden kirol anitzeko programak. Orobat, aurrekontuan inolako diru-sarrerarik aurreikusten ez dutenak.

4.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

4.1. Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte deialdiaren II. eranskinean ezarritakoarekin bat kirol anitzeko programak egiten dituzten toki entitateek.

Deialdi honen barnean sartzen dira kapital osoa udalarena duen merkataritzako sozietate baten bidez kirol jarduerak antolatzen dituzten toki entitateak.

4.2. Onuradunek hauek bete beharko dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

–Diruz lagundutako programak garatu bitartean zenbait lanetan aritzen diren langile horiek ez dute inolako lan-kontratu harremanik izanen Nafarroako Gobernuarekin.

–Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuak –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatuak–, honako hau ezartzen du: “adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Horretarako, deialdi horri heltzen dion toki entitateak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar du, esaten duena eskola-umeei zuzendutako kirol anitzeko programez arduratzen diren eta adingabeekin ohiko harremana duten langileek ziurtagiri hori badutela.

5.–Deialdiaren zenbatekoa.

5.1. Deialdiak, guztira, 51.000 euroko zenbatekoa izanen du, honako partida hauen kargura:

–13.000 euro 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Toki entitateen kirol jardueretarako laguntzak” izeneko A50002-A5110-4609-336100 partidaren kargura, 2019ko irailaren 1etik azaroaren 30era arte egiten diren jardueretarako.

–38.000 euro, 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, 2019ko abenduaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra arte egiten diren kirol anitzeko programetarako.

5.2. Dirulaguntzak ematea, betiere, dagokion ekitaldi ekonomikoan xede honetarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

a) Programa garatzeaz arduratzen diren kirol teknikarien edo monitoreen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Beren lanaldiaren barrenean diruz lagundutako programako jardueretan ematen duten denborari dagokion gastua egotziko da.

b) Diruz lagundutako programako jarduerak egiteko, kirol kudeaketarako enpresekin sinatzen diren aholkularitza teknikorako kontratuen gastuak, edo langile autonomoekin sinatzen diren kontratuenak.

c) Dagokion programako jarduerak egiteko beharrezkoa den kirol material suntsigarria erostea.

d) Programako jarduerak egiteari dagozkion gastuak.

e) Parte-hartzaileen istripu aseguruaren gastuak.

f) Parte-hartzaileen joan-etorriak.

g) Osasun arreta: anbulantziari eta osasun zerbitzu teknikoari dagozkien gastuak.

h) Programa garatzeko behar diren beste gastu batzuk.

7.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

7.1. Dirulaguntzetarako eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2019ko irailaren 20an bukatuko da.

7.2. Dirulaguntza eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jasoko dira, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, 20. oinarrian ezarritako moduan lortuko dena.

7.3. Dirulaguntzetarako eskaera eta hasierako dokumentazioa Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaizkio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

8.–Entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko eskaera eta hasierako dokumentazioa.

8.1. Laguntzak eskatzeko dokumentazioa honako hau da, eta dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak prestatutako ereduekin (eranskinak) bat:

8.1.1. Toki entitatearen eskaera (III. eranskina).

8.1.2. Kirol anitzeko programa:

a.1) Jarduera fisikoen plana (IV. eranskina).

–Lortu gogo diren helburuak. Orokorrak eta berariazkoak.

–Eskainiko diren jarduera fisikoen eta kirol jardueren zerrenda.

–Planteatutako jarduera fisiko eta kirol jarduera bakoitzean landuko diren lan-ildoak.

1.–Jarduera bakoitzaren edukien deskribapena.

2.–Programako parte-hartzaile guztien kopurua (sexuka banatuta) eta haien adina.

3.–Jarduera bakoitzaz arduratzen diren teknikariak: izen-deiturak, adina eta ematen duten jarduerarekin lotutako titulazioa.

4.–Jardueretan sustatu beharreko balioak (adiskidetasuna, berdintasuna, joko garbia, integrazioa, ahalegina, inklusioa...) baloratzeko eta erregistratzeko adierazleak.

5.–Inplikatutako pertsonek (parte-hartzaileek, monitoreek, koordinatzaileak eta inplikatutako bestelako langileek) programan izandako gogobetetasun maila ebaluatzeko eta erregistratzeko adierazleak.

6.–Jardueren egutegia, ordutegia eta non eginen diren (tenporalizazioa).

a.2) Zabalkunderako plana (IV. eranskina).

–Komunikazio ekintzak nola eta non eginen diren: liburuxkak, iragarki taulak, webguneak, sare sozialak (Twitter, Facebook, Tuenti).

Zabalkunderako plan horrek bermatuko du euskara komunikazio guztietan agertzen dela (paperak, inskripzio-orriak, kartelak, hedatzeko baliabideak, megafonia eta publizitate leloak), Nafarroako Administrazio Publikoetan Nafarroako bertako hizkuntzen erabilera arautzen duen indarreko araudiari eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onetsi zituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuari jarraituz, pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko; halaber, hizkuntza inklusiboaren erabilera bermatuko du, Nafarroako emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legearen 1.1 c) artikulua oinarri hartuta: “Generoaren ikuspegia txertatzea administrazioaren jarduketa guztietan”.

a.3) Plan ekonomikoa (V. eranskina).

–Diru-sarreren eta gastuen guztirako aurrekontua, epe bakoitzaren arabera xehakatuta.

8.1.3. Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren ziurtagiria, frogatzen duena Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Nafarroako Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuan (VI. eranskinaren arabera).

Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, entitate eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela egiaztatzen duena. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean (VI. eranskinaren arabera).

8.1.4. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea dirulaguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan ez dagoela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

Eranskin guztiak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren bulegoetan eta http://www.deporte.navarra.es webgunean jaso daitezke.

9.–Eskaera zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

10.–Antolaketa eta instrukzioa.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirol Zuzendariordetza izanen da laguntza hauek emateko prozedura antolatu eta instrukzioa egiteko unitate organiko eskuduna.

11.–Balorazio irizpideak.

Jarraian, balorazio irizpideak zehaztu dira, zein bere haztapenarekin, eta, hartara, lehentasun-hurrenkera bat ezartzen ahalko da: (gehienez ere 45 puntu).

A) Jarduera fisikoen planaren kalitatea: 38 puntu arte.

A.1. Jarduerak zenbateraino egokitzen diren deialdian proposatutako edukietara: 22 puntu arte.

(Jarduera guztiak egokiak badira, 22 puntu gehienez. Jardueretako batzuk baino ez badira egokiak, 5 puntu gehienez).

A.2. Edukien eta jardueren ugaritasuna: 5 puntu arte.

A.3. Programarekin izandako gogobetetasun maila ebaluatzeko eta erregistratzeko adierazleen deskribapena: 5 puntu arte.

(Behar adina deskribatuz gero, 5 puntu; hein batean deskribatuz gero, 2 puntu; ez badira deskribatzen, punturik ez).

A.4. Berdintasunaren ikuspegia edo lehentasuna duten beste alderdi batzuk txertatzea (dibertsitate funtzionala duten pertsonak, egoera ekonomiko ahulean dauden kolektiboak): 6 puntu arte.

–Gizarte-bazterketako arriskuan dauden familietako parte-hartzaileak: 2 puntu.

–Behar bereziak dituzten parte-hartzaileak: 2 puntu.

–Baliabide ekonomiko gutxiko pertsonak: 2 puntu.

B) Zabalkunderako planaren kalitatea: 5 puntu arte.

Komunikazio ekintzak nola eta non eginen diren: liburuxkak, taulak, sare sozialak... (gehienez ere 5 puntu).

C) Genero ikuspegia: 2 puntu arte:

Proiektua idaztean, hizkeraren erabilerari dagokionez, genero ikuspegia kontuan hartzea baloratuko da.

Laguntzak ematen ahalko zaizkie, soilik, 20 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuei. Azken postuan berdinketa izanez gero, jarduera fisikoen planaren kalitatean puntuazio handiena lortu duen eskaerari emanen zaio laguntza.

12.–Dirulaguntzak emateko prozedura, balorazioa eta zenbatekoa.

12.1. Laguntza hauek norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat eta aurkeztutako eskaerak konparatuz, hartara haien artean lehentasuna ezarriko baita 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

12.2. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak programa bakoitzarentzat 6.000 euro bitarte bideratzen ahalko du, aurrekontuetan dagoen diru erabilgarriaren arabera. Ematen den dirulaguntza ezin da izan aurkezten den defizita baino handiagoa.

12.3. Kasuan kasuko dirulaguntza kalkulatzeko, eskaerak guztira lortutako puntuazioa puntu baten balioarekin biderkatuko da, 11. oinarrian agertzen den baremoa aplikatuz. Puntu baten balioa ateratzeko, eragiketa hau eginen da: guztira dagoen kreditu erabilgarria zati eskaera guztien guztirako puntuazioen batura.

13.–Ebazpenak.

13.1. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eta hiru hilabeteko epean argitaratuko da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori ebazpen berariazkorik eman eta jakinarazi gabe iraganik, interesdunek beren eskaera ezetsi egin dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

13.2. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Era berean, halakorik dagoenean, eskaeraren baten ezespenari buruz ebatzi beharko da, bai eta ere ezespena aski aurrekonturik ez dagoelako gertatzen denean ere.

13.3. Informaziorako soilik, laguntzak emateko ebazpena eta deialdi honetako gainerako ebazpenak, nafarroa.eus Interneteko atariaren bidez argitaratuko dira.

13.4. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Nolanahi ere, horien zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua (VIII. eranskina).

13.5. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntzak emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak emateko.

14.–Frogagiriak.

Frogagiriak eskaneatuta aurkeztuko dira bi epealditan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Agiriak bereizita aurkeztuko dira, eta beren izenaren bidez behar bezala identifikatuta egonen dira:

14.1.a) 2019ko abenduaren 5era arte, 2019ko irailaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako eta diruz lagundutako programengatik:

1. Dokumentazio teknikoa:

A) Talde bakoitzaren fitxa (VII. eranskina. 1. fitxa).

B) Dena delako datara arte egindako programaren balorazioa.

–Talde bakoitzaren funtzionamenduaren deskribapen orokorra.

–Lehen epealdian egindako jardueren helburu orokorrak eta berariazkoak zenbateraino lortu diren zehaztea.

2. Dokumentazio ekonomikoa.

2.1. Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehatu eta zenbakitua, 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira (VII. eranskina. 2. fitxa).

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Faktura eta ordainagiri horien ordez, toki entitateko idazkariak sinatutako eta alkate-udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena.

2.2. Programen diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda (IV. eranskina. 3. fitxa).

Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, toki entitateak frogatu beharko du 1. epealdiko PFEZari dagokionez atxikitako zenbatekoak 2019ko abenduaren 31 baino lehen ordaindu dituela Ogasunean. Justifikazio hori telematikoki igorri beharko da otsailaren 15a baino lehen.

2.3. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VIII. eranskina).

14.1.b) 2020ko irailaren 14ra arte, 2019ko abenduaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarte egindako eta diruz lagundutako programarengatik.

1. Dokumentazio teknikoa:

A) Talde bakoitzaren fitxa (VII. eranskina. 1. fitxa).

B) Egindako programaren balorazioa.

–Talde bakoitzaren funtzionamenduaren deskribapen orokorra.

–Egindako jardueren helburu orokorrak eta berariazkoak zenbateraino lortu diren, eta horiek baloratzeko aukeratutako sistemaren azalpena.

–Ebaluazioen emaitza.

–Programaren publizitate betebeharrak bete izana frogatzen duten euskarriak, esaterako, fotokopiak, 17.7 oinarriaren arabera.

C) Hobetu beharreko alderdiak.

2. Dokumentazio ekonomikoa.

2.1. Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagiri guztien zerrenda xehatu eta zenbakitua, 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira (VII. eranskina. 2. fitxa).

Fakturak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren faktura eta ordainagiri horien ordez, toki entitateko idazkariak sinatutako eta alkate-udalburuak ontzat emandako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena.

2.2. Programaren diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda (VII. eranskina. 3. fitxa).

2.3. Langileria gastuen justifikazioari dagokionez, toki entitateak frogatu beharko du PFEZari dagokionez atxikitako zenbatekoak ordaindu dituela Ogasunean.

2.4. Beste dirulaguntza edo baliabide batzuk justifikatzeko inprimakia (VIII. eranskina).

Aurkeztutako frogagiriak aski ez badira edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez badituzte, entitate eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, gaitutako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

15.–Dirulaguntza nola eta noiz ordaindu.

15.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 14. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

15.2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta hiru hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

15.3. Bi zatitan ordainduko zaie entitate onuradunei banku transferentzien bidez; aldez aurretik, 14. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztuko ditu onuradunak, eta, betiere, ematen den dirulaguntza ez da jardueraren defizita baina handiagoa izanen.

16.–Jarraipena eta kontrola.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak izanen du, Kirola Sustatzeko Ataleko teknikarien bitartez, programaren jarraipena egiteko eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeko eta ebaluatzeko ardura.

17.–Bete beharrekoak.

17.1. Dirulaguntzen onuradunek adierazten zaizkien xedeetarako erabili beharko dituzte laguntzak. Horrez gainera, haien aplikazioa agiri bidez frogatu beharko dute, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztu.

17.2. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, onuradunek horren berri eman beharko dute.

17.3. Dirulaguntzak esleitzeko ebazpena ematen den unean, onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

17.4. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

17.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

17.6. Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuak –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatuak–, honako hau ezartzen du: adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko.

Diruz lagundutako programetan parte hartzen duten toki entitateek egiaztatu behar dute ziurtagiri hori.

17.7. Onuradunek Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala edo xedatzen den beste bat erabili beharko dute dirulaguntzaren xede diren jardueren publizitatean eta zabalkundean, betiere bete beharrez Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua. Horren gaineko justifikazioa azken memorian aurkeztuko da.

17.8. 18. oinarrian gardentasunari buruz ezarritako betebeharrak betetzea.

18.–Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, federazio onuradunek dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpen eredua eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren webgunearen bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo dirulaguntza hau kudeatzen duen Kirolaren Zuzendariordetzaren bidez.

19.–Azpikontratazioa.

19.1. Toki entitate onuradunek diruz lagundutako jardueraren kostuaren %100 erabiltzen ahalko dute azpikontratazioetarako.

19.2. Ez da inola ere azpikontraturik eginen, horrek diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen badu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

19.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

19.4. Onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoaren edo zati baten exekuzioa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.

20.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

20.1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

20.2. Deialdi honen prozeduraren barruan egiten diren komunikazioak, errekerimenduak eta jakinarazpenak telematikoki eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren (HEG) bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbidean (http://notificaciones.060.es) eskuratu daiteke HEGa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

21.–Ez-betetzeak.

21.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, jasotako dirua itzuli beharra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta aurrerantzean helburu bereko edo bertsuko dirulaguntza eskaerak ez onartzea ere izan dezake ondorio, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

21.2. Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko dirua proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

22.–Datu pertsonalen babesa.

Deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen den datu pertsonalen tratamendua Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorraren, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudiaren mende eginen da. Deialdi honen IX. eranskinean datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruzko informazioa eskaintzen da.

23.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki entitateek, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, ukatu gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

24.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Kirol anitzeko programaren ezaugarriak

1.–Programaren helburu orokorrak.

–Ahalmen fisikoak garatzea oinarrizko abilezia motorren bidez, betiere txiki-txikitatik espezializazioa lortzeko asmorik gabe eta umearen garapen integrala lortze aldera.

–Balio eta abilezia sozialak eskuratzea, zeinetan errespetua, joko garbia, inklusioa, adiskidetasuna, hobera egin nahia eta berdintasuna oso garrantzitsuak izanen baitira eta aintzat hartuko baitira modu batera edo bestera.

–Jarduera fisikoarekin lotutako ohitura osasungarriak barneratzea, eta ariketa fisikoa jolasarekin eta esperientzia atseginekin lotzea, hartara bizitza guztian zehar aktibo egoteko jarrerak hartuko baitituzte.

–6 eta 8 urte bitarteko eskola-umeek ariketa fisikoa egiteko programen eskaintza hobetzea kualitatiboki eta kuantitatiboki.

–Kirola egiteko aukera gutxiago dituzten kolektiboetako 6 eta 8 urte bitarteko umeentzat programan parte hartzea eskuragarriagoa eta errazagoa izan dadin lortzea (immigranteak, desgaitasuna duten pertsonak, egoera ekonomiko ahulean dauden kolektiboak...).

–Udaleko kirol instalazioak eta baliabideak erabiltzea oinarrizko ariketa fisikoa sustatzeko nukleo gisa, hartara kiroldegiaren eta auzoaren arteko lotura soziala sortuko baita, eta horrek asoziazionismo nukleo bat sortzea ekar lezake.

2.–Berariazko helburuak.

–Hautemate eta motrizitate abileziak eta oinarrizko abilezia motorrak aplikatzea motrizitate egoerak ebazteko, espazioaren eta denboraren askotariko beharkizun errazetara egokituz, gorputzeko atalak eta horien mugimenduak identifikatuz eta kontrolatuz, eta tentsio eta erlaxazio egoerak desberdinduz, baita oreka eta desoreka egoerak ere.

–Motrizitatea hobetzea. Horretarako, ezinbestekoa da abilezia motorrak, emozioak, sentimenduak eta jarrerak behar bezala baliatzea planteatutako egoeretan parte hartzen dutenengan.

–Motrizitate aldetik zer potentzial duten jakitea eta oinarrizko gaitasun motorrak garatzea.

–Abilezia sozialak eta komunikazio abileziak bereganatzea, bai eta errespetu, joko garbi, adiskidetasun, hobera egin nahi eta berdintasunaren aldeko jarrerak ere, talde rolak hartuz.

–Gorputzak zer adierazpen eta komunikazio aukera dituen jakitea, erritmo egitura sinpleak, keinuak dituzten kantuak, dramatizazioak eta jolas sinbolikoak erabiliz.

–Laguntzeko, enpatizatzeko eta lankidetzan aritzeko jarrerak eta ohiturak hartzea, baita autonomia pertsonalari eta erantzukizunari lotutakoak ere.

–Higiene ohiturak finkatzea eta oinarrizko arauak ikastea kirola modu osasungarri eta seguruan egiteko.

–Jolasetako eta jardueretako arauak identifikatzea eta errespetatzea, baita materialen eta espazioen erabilera ere, segurtasunarekin eta osasunarekin lotuta.

3.–Edukiak.

Esperimentazioa eta norberaren motrizitate aukerak areagotzen dituzten jarduerak izan behar dute, jarduera fisiko eta kirol jarduera gehienetan lantzen diren abileziak baliatuz, hala nola batetik bestera mugitzea, jaurtitzea, biratzea, jasotzea, baloia edo pilota jotzea, etab.

–Motrizitate jolasak eta jolas tradizionalak.

–Kirol aurreko jolasak.

–Lankidetza-jolasak eta -erronkak.

–Ordezko jokoak.

–Gorputz adierazpenarekin lotutako jarduerak.

–Zenbait modalitateren arteko nahasketa berritzaileak.

–Izaera ludikoko erakustaldiak eta/edo topaketak. Ahal bada, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak antolatzen dituen Kirol Anitzeko Jardunaldiekin batera koordinatuta.

4.–Programaren iraupena eta datak.

4.1. Programa 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarte egin beharko da.

4.2. Programaren iraupena 8 hilabetekoa izanen da gutxienez.

4.3. Talde bakoitzak astean 2 saio izan beharko ditu gutxienez, bakoitza 50 minutukoa, eta saioek ez dute segidako egunetan izan behar.

5.–Taldeen eta monitoreen ezaugarriak, eta parte-hartzaileen adinak.

5.1. 6 umek gutxienez osatuko dituzte taldeak; hala ere, ohiz kanpoko kasuak baloratu eginen dira.

5.2. Parte hartzeko adinak 6 eta 8 urte bitartekoak dira.

5.3. Monitoreek prestakuntza eta esperientzia izan behar dute zuzentzen duten jarduerari dagokionez (hasierako dokumentazioan frogatuko da).

Baldin eta toki entitate batek aurkezten badu 5.1 eta 5.2 ataletan ezarritako mugak betetzen ez dituen talderen bat, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari txostena bidali beharko dio arrazoiak azalduz; balorazio batzordeak taldea onartzearekin ados dagoen ala ez adieraziko du.

6.–Kirol anitzeko topaketak.

6.1. Topaketek helburutzat izanen dute parte-hartzaileen arteko bizikidetza sustatzea eta denek ongi pasatzea dena delako jarduera eginez.

6.2. 6 eta 8 urte bitarteko haurrentzat kirol anitzeko programa bat duten toki entitateen arteko topaketak antolatzen ahalko dira.

Topaketa horiek antolatzen dituen toki entitateak bere kirol anitzeko programan sartzen ahalko ditu, eta deialdi honetako dirulaguntza jasoko dute.

7.–Segurtasuna instalazioetan eta jardueretan.

7.1. Programako jardueretako bakoitzean aritzeko eskatzen diren segurtasun neurriak hartu behar dira jarduera guztietan.

7.2. Jarduerak behar bezala egiten direla bermatuko duten segurtasun neurriak izan behar dituzte instalazio guztiek, bai eta ikusleen segurtasuna bermatuko dutenak ere.

8.–Baimenak.

Deialdi honetako entitate onuradunek bermatu behar dute legezko betebeharrak konplitzen direla programako jarduera guztiak egiteko baimenei dagokienez.

9.–Osasun laguntza.

Toki entitate onuradunek istripu-aseguru bat eta erantzukizun zibileko aseguru bat izan behar dute parte-hartzaile guztientzat.

Iragarkiaren kodea: F1909770