160. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Tokiko Gobernu Batzarreko kideen izendapena

Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburuak 2019ko uztailaren 2an 267/2019 Ebazpena eman zuen.

Ebazpen horren bidez, udal honetako Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatu dira, eta Alkatetzari dagozkion eskudantziak Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetu zaizkio.

Lehena: Udal honetako Gobernu Batzarreko kide izendatzea honako zinegotzi hauek:

–María Isabel Blanco Álvarez.

–Amaia López de Ipiña Aldaba.

–Daniel Beunza Hernández.

–Batzarburua: Moisés Garjón Villanueva (Oltza Zendeako Udaleko alkate udalburua).

Bigarrena: Alkatetzaren honako eskudantzia hauek Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetzea:

–Lan-eskaintza publikoa onestea, aurrekontuari eta plantillari buruz Osoko Bilkurak onetsitakoari jarraikiz, eta langile finkoak hautatzeko proben eta lehiaketen bidez lanpostuak betetzeko oinarriak onestea.

–Planeamendu orokorra garatzeko Osoko Bilkurari preseski esleitu ez zaizkion tresnen onespenak, baita hirigintza kudeatzeko tresnen eta urbanizazio proiektuen onespena ere.

–Kontratazioari dagokionez, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen bigarren xedapen gehigarrian Alkatetzari esleitutako eskudantziak, baldin eta kalkulatutako balioak 15.000 euro gainditzen ez badu, hornidurak eta zerbitzuak direnean, eta 40.000 euro, obren kontratua denean; kasu horretan, Alkatetzaren eskumena izaten jarraituko du.

Hirugarrena: eskuordetzak barne hartzen ditu zuzendaritza eta kudeaketa-ahalmenak, baita hirugarrenei eragiten dieten administrazio-egintzen bitartez ebaztekoa ere.

Laugarrena: alkatetza honek bere gain hartzen ahalko du une oro, modu bereizian, eskuordetutako eskumenen esparruko edozein gai, eta haren gaineko ebazpena eman.

Bosgarrena: eskuordetzen diren eskumenak gorabehera, alkatetza honek eskuordetzeko modukoa den bere eskumeneko edozein gai planteatzen ahalko dio Tokiko Gobernu Batzarrari, eztabaida eta aholkularitza organoa den heinean, baita gaiaren gaineko bozketa egiteko agindu ere.

Seigarrena: Tokiko Gobernu Batzarreko kideen izendapenek indarra hartzeko, onartu beharko dute izendaturiko zinegotziek. Izendapena onartu egin dela ulertuko da, baldin eta hiru egun balioduneko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera, izendaturiko zinegotziek berariaz adierazten ez badiote hautatu dituen organoari ez dutela izendapena onartzen.

Zazpigarrena: eskumenen eskuordetzak indarra hartzeko, onartu egin beharko du Tokiko Gobernu Batzarrak. Eskuordetza onartu egin dela ulertuko da, baldin eta hiru egun balioduneko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aurrera, Tokiko Gobernu Batzarrak ez badio berariaz adierazten organo eskuordetzaileari ez duela eskuordetza onartzen. Horrez gain, ebazpen honen berri ematen zaion bilkura berean espresuki onartzen ahalko du eskuordetza Tokiko Gobernu Batzarrak.

Zortzigarrena: ebazpen hau izendatuei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko da, orok jakin dezan.

Bederatzigarrena: ebazpen honek arautzen ez duen alde orotan, halako eskuordetzei buruz honako arau hauek ezartzen dutena aplikatuko da: Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legea, Antolaketaren eta Funtzionamenduaren gaineko Erregelamendua, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea.

Hamargarrena: ebazpen honen berri ematea Udalbatzari, egiten duen hurrengo bilkura arruntean.

Aditzera ematen dut, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan. Horrez gain, ohartarazten dut erabaki horren aurka errekurtso hauetako bat aurkez daitekeela: berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera. Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazten denetik aurrera. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Oltza Zendean, 2019ko uztailaren 8an.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.

Iragarkiaren kodea: L1909438