16. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3E/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 3koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: Cordovilla-Zangoza izeneko 66 kV-eko aireko linea, Taxoaren biltegi-nabe bat handitzeagatik, Arangurengo udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribucion Electrica SAU da.

2018ko martxoaren 20an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean dago sartua. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuan jasotako jarduketa Cordovilla-Zangoza izeneko linearen 300 metro inguru aldatzean datza, horren azpian biltegi-nabe berri bat eraiki ahal izateko, horrela aurreikusita baitago Grupo Agropecuaria Navarraren instalazioak handiatzeko proiektuan. Instalazio horiek Arangurengo 3. poligonoko 833. lurzatian daude, Taxoaren.

Aldaketa Cordovilla-Zangoza eta Cordovilla-Tafalla 2 izeneko lineetako (bataren zein bestearen titularra Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da) 66 kV-eko zirkuitu bikoitzeko aireko linearen 9 euskarritik abiatu eta aipatutako Cordovilla-Zangoza aireko linearen 10b euskarriraino iritsiko dela proiektatu da. Gaur egun, aipatutako 9. euskarrian bi linea horiek bereizten dira; bata Tafallarantz doa eta bestea, aldatu behar dena, hego-ekialderantz. 9. euskarri hori aldatzea proposatu da, hortaz, eta zirkuitu bikoitzean jarraitzea hegoalderantz, 77.10 euskarria kenduz (euskarri hori aipatutako instalazioen lurzatiaren hegoaldeko mugan dago); horren ordez jartzen den euskarrian, Cordovilla-Zangoza aireko linea angelu zuzenean bereiziko da, ekialderantz, lurzatiaren hegoaldeko mugari jarraikiz, 10b euskarri berriraino, eta hor Cordovilla-Zangoza aireko lineara konektatu eta hartan jarraituko du. Linearen tarte hori paraleloan joanen da, nabe berriaren hegoaldera, 15 metro ingurura. Jarduketaren barruan, 10. euskarria ere ordeztu behar da (9. eta 77.10 euskarrien artean dagoena), euskarri berriak zirkuitu bikoitzari eutsi diezaion; euskarri berria zenbait metro aurrerago jarriko da, eta aldatutako tarteko euskarriak eraitsi beharko dira.

Linea berriaren hasierako tarteak naturalizatutako urmael baten ingurua zeharkatzen du, Grupo Agropecuario Navarraren instalazioen esparruaren barruan dagoena, eta 77.10 euskarritik 110 bat metrotan doa Juncaleko Kanalaren ubidearen ibilguarekiko paraleloan; azken hori Arangureneko 3. poligonoko 833. lurzatiaren hegoaldeko mugaren ondoan dago, paraleloan.

Apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretuak, hegaztiak babeste aldera goi tentsioko eta tentsio erdiko instalazio elektrikoentzako arau teknikoak ezartzen dituenak, xedatzen dituen babes neurriak betetzeko, U70YB66 AC+PECA 700 motako konpositezko kateak baliatuko dira amarradura isolatzeko, 720 mm-ko isolatze distantzia bermatzen dutenak.

Espedientearen barnean jaso da Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren aldeko txosten baldintzatua, 2018ko irailaren 4an emana, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Cordovilla-Zangoza izeneko 66 kV-eko aireko linea elektrikoa, Taxoaren biltegi-nabe bat handiagotzeagatik, Arangureneko udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribucion Electrica SAU da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Hegaztiek talka egiteko arriskua murrizteko, hegaztiak babesteko balizak jarriko dira linea berri osoan. Balizak hiru eroaleetan jarriko dira, 15 metro bakoitzeko, baina txandakatuz; horrela, baliza baten eta bestearen arteko ageriko distantzia 5 metrokoa izanen da.

–77.10 eta 10b euskarriak Juncaleko Kanalaren eskuineko ertzean kokatutako ezpondaren goiko aldean jarriko dira.

–Lanak bukatu ondoren, euskarri horien azpiko urertzeko ezpondaren tarteek lanak egin aurretik zuten egoera berreskuratu beharko dute; hori dela eta, halabeharrez ukipenen bat gertatzen bada, instalazioekin muga egiten duen ubidearen ezpondak gainerako tarteetan duen malda eta profil berbera itzuli beharko zaie, eta landaredia lehengoratu beharko da.

–Sortutako hondakin guztiak, bereziki euskarriak eta hariteria kentzean eratutakoak, horien nolakotasunaren eta hondakinei buruzko indarreko legeen arabera kudeatuko dira.

Hirigintzari eta lurraldeari dagokionez:

  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak linea elektrikora lotzea.
  • Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera baimena eman eta bi urteko epean egin edo abian jarri beharko da gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Arangurengo Udalari, Basozaintzari (7. barrutia, Iruña) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 3an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1900213