16. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2E/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 3koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: 20 kV-eko zirkuitu bikoitzeko aireko eta lur azpiko Ustaize-Nabaskoze linea elektriko berria, Nabaskozeko udal mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2018ko maiatzaren 18an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean dago sartua. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proposamen horren xedea da inguru horretako horniduraren kalitatea hobetzea. Azterlanaren xede den aireko linea elektriko berriak 4 km inguruko luzera du aireko zatian, eta 0,98 km lur azpikoan. Lur azpiko zatia Ustaizeko BTAtik ateratzen da eta, hegoalderako norabidean doala, landak zeharkatzen ditu, errepidearen ertzetik; zubi berriaren aldamenean kokatutako zulaketa bideratu batetik Zaraitzu ibaia gurutzatu ondoren, aireko lehen euskarriraino jarraitzen du. Euskarri hori Valdasaniko sakanaren beheko eremuan kokatuko da gutxi gorabehera, eta hor hasten da, ipar-hegoaldea norabidean, linearen aireko zatia, Zaraitzu ibaiaren eskuineko ertzeko hegaletan eta landetan barrena kokatutako 24 bat euskarriren bidez; azkenik, “Venta Judas-Lumbier Cto. 2” izeneko 13,2 kV-eko ZB-eko linearen 1467. euskarriarekin bat eginen du.

Linea honen proposamenari ingurumen ukipenen baimena eman zion Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 21eko 376/2014 Ebazpenak, baina lineen plangintza aldatu izanak proposamena gauzatzea atzeratu du.

Hori dela eta, tramitazioa berriz hasi da, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu ondoren; dokumentu horietan proposamen teknikoa zehaztu da, euskarrientzat proposatutako kokapena eta lanetara joateko bideen aurrediseinua barne; halaber, ingurumen ukipenen azterlan berri bat ere jaso da.

Proposamenean hegaztiak babesteko aplikatu beharreko neurriak ere zehaztu dira, aintzat hartuta proiektua abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuan dagoela (dekretu horren bidez, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren), bai oratzeko zein esekitako euskarrientzat, eta bai deribazio euskarriarentzat zein lur azpira igarotzeko euskarriarentzat ere.

Euskarrietara iristeko bide berriei dagokienez, bereziki errepidearen mendebaldean zuhaixkaz estalitako baso hegaletan barrena doazenetan, bideen diseinua ahal bezainbeste murriztu da proiektuaren hasierako proposamen berrian, eta bidearen ertzak lehengoratzeko neurriak gauzatzea proposatu da, baita utzitako aztarnak ere, baldin eta ustiapen aldian erabiltzen ez badira.

Zaraitzu ibaia gurutzatzean, lineak ES2200012 “Zaraitzu ibaia” Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) zeharkatzen du; eremu horretan ez da zuzeneko ukipenik izanen, hala ere, gurutzatze hori zulaketa bideratuarekin diseinatu delako, KBEaz kanpoko lursailetatik.

2018ko abuztuaren 22an, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak txostena egin zuen eta adierazi zuen proiektua bateragarria zela Nafarroako abelbideak babestearekin. Gainera, aipatu zuen abeltzaintzako jarduerari buruz txostena egin zela VP035-17 espedientearen barruan, eta bertako gogoetak kontuan izan behar direla. Halaber, Nafarroako abelbideak babestearekin lotuta aplikatzen ahal den legedia betez aplikatu beharreko beste baldintza orokor batzuk bete behar dira.

Espedientean ageri da Nabaskozeko Udalaren aldeko txostena, 2018ko abuztuaren 8koa. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena egin dio proiektuari, zenbait baldintzarekin, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: 20 kV-eko zirkuitu bikoitzeko aireko eta lur azpiko Ustaize-Nabaskoze linea elektriko berria, Nabaskozeko udal mugapean. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–1432/2008 Errege Dekretua betetzeko, eta aurkeztutako dokumentazioarekin bat, U70YB20-AL motako isolatzaileak erabiliko dira, PECA-1000-A elementuekin, oratzeko kateak dituzten euskarri guztietarako. Esekiak U70YB20-AL motakoak izanen dira. Batzuetan zein besteetan, erdiko eroalea forratuko da, eta horren finkatzeko grapa ere isolatuko da grapa estaltzaile batekin.

–Era berean, deribazio euskarrian (deribazio gurutzetan ebakitzailea izanen duena, eta lur azpira igarotzekoan ebakitzailea eta autobalbulak), deribazio eroale, terminal eta autobalbula guztiak forratuko dira, eta grapa estaltzaileekin isolatuko dira eroaleetako grapa guztiak; autobalbuletako lotunean, berriz, karpeta isolatzaileak baliatuko dira.

–Ganga formako euskarrietan, kate esekiak dituztenetan, eroale zentrala metro 1 isolatu beharko da alde bakoitzean, oratzeko grapa barne.

–Hegaztiak babesteko balizak jarriko dira linea osoko hiru eroaleetan. Balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da asko jota fase bereko bi baliza kontsekutiboren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

–Lanek aldatutako eremu guztiak, euskarrietara joateko bide berrien ertzak eta lanak bukatu ondoren utziko ez diren aztarnak barne, inguru horretako berezko belar eta zuhaixken espezieak jarriz lehengoratuko dira.

–Lehentasunez, uztailaren eta azaroaren 15a bitarte eginen dira lan guztiak; hau da, proiektuaren ingurunean bizi diren hegazti espezie mehatxatuek ugaltzeko baliatzen duten epe kritikotik kanpo.

–Lanek irauten duten bitartean, ez da makineria astunik sartuko lineak zeharkatzen dituen zazpi sakanen ibilguetan, eta euskarriak ibilgutik zein horien zortasun eremutik kanpo kokatuko dira.

–Erronkari-Zaraitzu Barrutiko Basozaintzari ohartarazpena igorri beharko zaio (948890518 - 699307698, ogforosa3@cfnavarra.es) lanak hasi baino 48 ordu lehenago, gutxienez, euskarrietarako bideak zehazteko, zuhaitzik moztu behar den aztertzeko (ahal bezain gutxien moztu beharko dira) eta, hala badagokio, linea berria lur azpitik doan tartean Zaraitzu ibaia gurutzatzen duen tokian neurri bereziren bat hartu behar den zehazteko.

–Lanak egin bitartean, horren berririk izan ez eta aztarna arkeologikoren bat aurkituz gero, obrak berehala geldiaraziko dira eta aurkikuntzaren berri emanen zaio Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari.

–Lanak bukatzean, sustatzaileak txosten teknikoa bidaliko du Lurralde eta Paisaia Zerbitzura ezarritako ingurumen zehaztapenak gauzatzeak izandako emaitzari eta eraginkortasunari buruz, bai eta, hala badagokio, hasierako bisitaldian erabaki diren bestelako zehaztapenen eraginari buruz ere, bereziki Zaraitzu ibaiarekiko gurutzeari eta lanetara iristeko bideek eragindako lursailak lehengoratzeari dagokionez. Gainera, ingurumen jarraipeneko txosten bat aurkeztu beharko da lanak bukatu eta urtebeteren buruan.

Hirigintzari eta lurraldeari dagokionez:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Linea elektriko berriak herri-lurrak ukituko dituztenez, okupazio espedientea ireki beharko da Nabaskozeko Kontzejuak zein Ustaizeko Kontzejuak obra lizentzia eman baino lehen, eta lursail horiek okupatzeko onespena eskuratu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak (Zainketa Zerbitzua) aldeko txostena eman du, 2018ko uztailaren 20koa, eta honako determinazioak zehaztu ditu:

  • Aireko lineari eusteko dorreak ukitutako errepidearen galtzada zedarritzeko kanpoko lerrotik bereiz egonen dira. Tarte hori, gutxienez, dorreen garaieraren parekoa izanen da. Foru Komunitatearen intereseko errepideetan (NA-178 halakoxea da), ezin da inola ere 25 metrotik beherako tarterik utzi, halako eran non eroriz gero ez baitu galtzada ukituko.
  • NA-178 errepidean proiektatutako lur azpiko hiru gurutzeak errepidearen zorua ukitu gabe eginen dira, “satorra” eta “iltzatze” sistema baliatuz, eta % 1eko maldari eutsiz, gutxienez, kutxatilen arteko hodiaren (babes estalkia) kanalizazioan. NA-2124 errepideko lur azpiko gurutzea aire zabalean egiten ahal da.
  • Sustatzaileak, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako behar den eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian, NA-178 eta NA-2124 errepideetan ukitzen dutena azalduz, eta goian ezarritako zehaztapenak beteko dituzte baimena lortzeko, hori bidezko bada.
  • Sustatzailearen kargura izanen dira dokumentazio teknikoa prestatzeari, lanak egiteari eta behar bezala funtzionatzeko behar diren kontsumoei dagozkien gastuak.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoengandik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Nabaskozeko Udalari, Basozaintzari (3. barrutia, Erronkari-Zaraitzu) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 3an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1900212