16. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARAITZUKO IBAXAREN BATZORDEA

Aldaketa, Onddoen, perretxikoen eta gainerako produktu naturalen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak, 2018ko abuztuaren 16an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa Onddoen, perretxikoen eta gainerako produktu naturalen aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza horretako aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ezkarozen, 2018ko abenduaren 4an.–Batzordeko burua, Gustavo Celay.

ONDDOEN, PERRETXIKOEN ETA BESTE PRODUKTU NATURALEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko Foru Legeak (abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea) eta Mendien Erregelamenduak (otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretua) emandako eskubidea erabiliz, Irati, La Cuestión (Zabaleta) eta Erremendia mendietan onddoen, perretxikoen eta gainerako produktu naturalen aprobetxamendua arautzen du.

Produktu hauen bilketak batzuetan mendietara sobera jende etorrarazten du eta horrek natur ingurumenaren degradazioa ekartzen ahal du. Batzordearen irudiko, espezie hauen mantentzea bermatu, natur inguruneko kaltea ekidin eta mendia behar bezalako garbiketa baldintzetan mantendu behar da eta, hortaz, ordenantza hau prestatu da, herri-lurretan aplikatzeko. Hori horrela, aprobetxamendu ordenatua Zaraitzuko herritarrei dagokie lehentasunez eta, aldi berean, beste pertsona batzuek aprobetxamendurako aukera izateko sistema bat ezarri da, betiere edonork legezko xedapenez egin ditzakeen gutxieneko aprobetxamenduak errespetatuz.

1.–Aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da onura publikoko 173. mendian (Irati), 5.ean (La Cuestión-Zabaleta) eta 176.ean (Erremendia) produktu naturalen bilketa arautzea.

2.–Baimena izan beharra.

Debekatuta dago produktu naturalak Ibaxaren Batzordearen baimenik gabe biltzea, Nafarroako Gobernuaren Mendiei buruzko Erregelamenduan (59/1992) xedatutakoa salbu.

3.–Baimenak ematea.

Txartelak Batzordeak emango ditu; urteko txartelak Ibaxaren Etxean lortzen ahalko dira, eta egunekoak, berriz, toki baimenduetan, zehaztutako zenbatekoa ordaindu ondotik. Txartel horietan titularraren datu pertsonalak agertuko dira, bai eta indarraldia ere.

Urteko txartelak urte naturalarekin bat etorriko dira. Titularrek eskaturik berrituko dira txartelak, urteko kanpainaren hasieran.

Bilketa egiten denean txartela aldean eduki beharko da, baita identifikazio agiriren bat ere, eta bai agintari eskudunei bai Batzordeak xede horretarako jartzen dituen pertsonei erakutsi beharko zaie, eskatuz gero.

Txartelak izendunak, pertsonalak eta besterenezinak izango dira.

Hamalau urtetik beherakoak ez daude bilketarako baimena izatera behartuta, baina baimena duen pertsona batek lagunduta ibili beharko dute.

Baimenaren titularrak funtzionamendu arauak jasoko ditu (dokumentu hau).

Mendi hauetan ibilitako edozein biltzailek bere ibilgailuan daramatzan produktu guztiak mendi horietakoak izango direla ulertuko da.

Batzordeak mugatu egin dezake egunean eman beharreko txartelen kopurua.

4.–Baimen motak eta tarifak.

Baimen arruntak.

Eguneko baimena: perretxikoen eta/edo onddoen 8 kilo bitarte (aprobetxatzen ahal diren espezieak) eta maiatzeko zizaren 2 kilo bitarte (Calocybe gambosa), 8 euro.

Urteko baimena: perretxikoen eta/edo onddoen 8 kilo bitarte egunean (aprobetxatzen ahal diren espezieak) eta maiatzeko zizaren 2 kilo bitarte (Calocybe gambosa), 80 euro.

Baimen bereziak.

Herritarrendako urteko baimena: perretxikoen eta/edo onddoen 8 kilo bitarte egunean (aprobetxatzen ahal diren espezieak), onddo beltzaren 15 kilo bitarte eta maiatzeko zizaren 3 kilo bitarte (Calocybe gambosa), dohainik.

Etxe jabeendako eta Zaraitzukoak izan arren bertan bizi ez direnendako urteko baimena: perretxikoen eta/edo onddoen 8 kilo bitarte egunean (aprobetxatzen ahal diren espezieak), onddo beltzaren 15 kilo bitarte eta maiatzeko zizaren 3 kilo bitarte (Calocybe gambosa), 30 euro.

Herritarrendako merkataritza baimenak: mugarik gabeko bilketa denboraldi guztian, 80 euro (erroldatuta egon behar dute).

Baimen zientifiko-didaktikoa: baimen hau beharrezkoa izango da edozein onddo espezieren 5 ale bitarte biltzeko, pertsonako eta eguneko. Bilketaren helburuak frogatu beharko dira. Doan.

Onuradunen araubidea:

Herritartzat joko dira ibarreko herriren batean erroldatuta dauden pertsonak.

5.–Ibilgailuen sarrera.

Bilketa guneetara joateko ibilgailuetan baimenaren agiriak aginte-panelean egon beharko du, kontrola eta jarraipena egin ahal izateko.

Debekatuta egongo da ibilgailuak mendiko pistetan barna ibiltzea, berariaz baimenduta daudenak izan ezik. Produktu naturalak biltzeko ahalmena ematen duten txartelek haiekin bat dute ibilgailua Koixtako pista nagusian sartzeko baimena. Ibilgailuarekin soilik pista horretatik sartzeko baimena dago.

Pistan produktuak biltzeko datetan soilik sartzeko ahalmena ematen dute baimenek (data horiek Batzordeak ezarriko ditu eta web-orrian argitaratuko dira), eta, edonola ere, errespetatu egin beharko da pista horretan sartzea aldi baterako mugatzen duen edozein seinale.

Erabat debekatuta dago ibilgailuak bigarren mailako pistetan ibiltzea.

6.–Bilketarako berariazko arauak.

1.–Debeku da bilketa gauez egitea, eguzkia ezkutatu baino ordubete lehenagotik eguzkia irten ondoren ordubete pasatu arte.

2.–Ezin izango da bilketarik egin erreserba gisa zehaztuta dauden eremuetan (Lizardoia).

3.–Debeku da lurraren estratu humiferoa hondatu dezaketen arrasteluak eta bestelako tresnak erabiltzea.

4.–Saskiak erabiliko dira eta ez plastikozko poltsak.

5.–Errespetatu egingo dira zahartuta, hautsita edo bestelakotuta dauden aleak eta biltzekoak ez direnak.

6.–Orokorrean, ezin dira bildu 4 cm-ko diametroko txapela edo txikiagoa duten perretxikoak eta/edo onddoak.

Marasmius oreades (Marasmio jangarria), Cantharellus cinereus (Saltsa-perretxiko aranusaina), Cantharellus cibarius (Ziza horia) perretxikoen kasuan, ezin izango dira bildu txapelaren diametroa 2 cm-koa edo txikiagoa denean.

7.–Funtsen xedea.

Txartelen salmentatik lortzen den diru guztia Zaraitzuko Ibaxaren Batzordearen herri-lurren kudeaketarako erabiliko da.

8.–Gainerako produktu naturalen berariazko araudia.

Produktu naturaltzat jotzen dira mendiak berez sortzen dituen guztiak, besteak beste: gaztainak, marrubiak, sendabelarrak, basaranak, sagarrak (patxaka) etab.

Produktu horien bilketa arduraz egingo da, eta erabat debekatuta dago adarrak moztea fruituak ateratzeko.

9.–Zehapenak.

Eskubiderik izan gabe legez kanpoko aprobetxamendua egiten duenari 30 euroko isuna ezarriko zaio, eta gehienez ere 200 eurokoa izango da, legez kanpoko aprobetxamenduaren izaeraren eta kopuruaren arabera. Horretaz gainera, konfiskatu egingo dira harrapatutako ondasun eta produktuak.

Iragarkiaren kodea: L1814921