16. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1E/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 3koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: Lizarra-Allo eta Lizarra-Arintzano lineak lotzen dituen 13,2 kV-ko erdi tentsioko aireko linea, Oteitzako eta Aberingo udal-mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2018ko uztailaren 18an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean dago sartua. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuan jasotako jarduketa 13,2 kV-ko aireko linea berri bat jartzean datza, Lizarra-Allo eta Lizarra-Arintzano izeneko 13,2 kV-ko erdi tentsioko lineak lotzekoa, horrela, eraztun egitura bat eratuz, inguru hartako elektrizitate hornidura matxuren aurrean bermatzeko. Eskatutako lineak ibilbide zuzena du, ekialde-mendebalde norabidean, eta 2.663 metro inguruko luzera du, Aberin eta Oteitza mugarteetan barrena doala.

Proiektuan jasotako aireko lineak Lizarra-Allo linean izanen du jatorria, 310. euskarrian (une honetan, linearen bukaera). Euskarri hori Ega ibaiarekin gurutzatu ondoren dago, Ojer y Marcos Zentralaren ondoan (Aberingo udal-mugartean), eta lur azpian konektatzen zaio zentralari; bukaera, berriz, Lizarra-Arintzano linearen 806. euskarrian izanen du, Oteitzako hirigunearen mugaren hego-ekialdean, 180 metro ingurura.

Linea berria instalatzeko, aipatutako 310. euskarria aldatu beharko da, orain linearen bukaera baita; oratzeko gurutzeta berri bat jarri beharko zaio, egun dituen lur azpiko deribazioa eta ebakitzailea bertan utzita. Euskarri berriak instalatu beharko dira, eta Lizarra-Arintzano lineako 806. euskarria, egun hormigoizkoa eta ganga formakoa dena, kendu egin beharko da, horren ordez saretaz eginiko bat jartzeko; azken horrek deribazio gurutzeta bat izanen du linea berriarentzat, eta “Lizarra-Arintzano” lineara oratzeko balioko du.

Proiektuak zenbait neurri jasotzen ditu euskarriak, gurutzetak, elementuak, zubiak eta isolatzaileak diseinatzeko, hegaztiak goi tentsioko eta tentsio erdiko aireko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko arriskua ezabatzeko edo murrizteko xedatu diren indarreko legeak betetze aldera.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak 2018ko urriaren 10ean egindako txostena jaso da espedientean. Txostena jarduketaren aldekoa da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak 117. artikuluan ezarritako ondorioetarako, baina baimentzeko zenbait baldintza xedatzen ditu.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jarduketaren aldeko txostena eman du, eta adierazi du linea berriaren zati bat abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatzeko eremu kartografiatuen barruan dagoela (dekretu horren bidez, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren).

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Lizarra-Allo eta Lizarra-Arintzano lineak lotzen dituen 13,2 kV-ko erdi tentsioko aireko linea, Oteitzako eta Aberingo udal-mugarteetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Hirigintzari eta lurraldeari dagokionez:

–Instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun-eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua).

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean paratu gogo diren jarduerak edota lurzoru urbanizaezinean kokatzen diren jarduera zehatzak azpiegitura honekin lotzea, lotura horretarako baimenik ez badute.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Aintzat hartuko da Ondare Historikoaren Zerbitzuaren arkeologia txostena, ingurumen ukipenei buruzko azterlanaren barruan sartutakoa, Mendigibel aztarnategia gertu dagoela kontuan harturik. Nolanahi ere, lehendik ezezaguna den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legezko betebeharra dagoela aurkikuntzaren berri emateko Arkeologia Atalari, ondare historikoaren alorrean indarrean dagoen legeriarekin bat.

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei (errepidea, ibilguak, herri-lurzoruak eta bestelako azpiegiturak) dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki, ibilguen ukipenari dagokion Ebroko Ur Konfederazioaren baimena, ur arloko legeria indardunarekin bat etorriz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

–Jarduera utziz gero, jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko ditu, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

Ingurumen arlokoak:

–Proiektuan eta aurkeztutako fitxetan euskarriekin lotuta aurreikusitako neurriak beteko dira, hegaztiak babesteari dagokionez:

  • Oratzeko euskarrietako isolatzaileak U70YB20P AL motakoak eta PECA 1000 motako elementuarekin eginak izanen dira, L>1,00 m-ko isolatze luzerarekin.
  • Esekitako euskarrietan, isolatzaileak U70YB20P motakoak izanen dira; eroaleak forratuta egonen dira hiru faseetan, bai eta finkatzeko hiru grapak ere.
  • Halaber, OCRarekiko lotura zubiak forratuko dira, eta tentsioan dauden beste elementu batzuk ere babestuko dira, autobalbulak, adibidez.
  • “Lizarra-Arintzano” lineako 806. euskarriak linea berriaren gainerako zatiak bezalako isolatzaileak izanen ditu; era berean, forratuta eta babestuta egonen dira oratzeko zubiak, grapak eta deribazio gurutzetaren eta gurutzeta nagusiaren arteko konexio zubiak, linea berriaren gainerako zatirako proposatzen den bezala.

–Hegaztiek talka egiteko arriskua ahal bezainbeste murrizteko, hariteria berria hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatu behar da; balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da fase bereko bi baliza kontsekutiboren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita Aberingo 3. poligonoko 7. lurzatian kokatutako 315. euskarriraino.

–Lizarra-Allo lineako 310. euskarria aldatzen denez, Ega ibaia gurutzatzen duen aurreko baoa ere era berean seinaleztatuko da, hegaztiek linea jotzeko arriskua murrizteko.

–Dokumentazioan adierazitako euskarriak instalatzeko sasiak edo zuhaitzak moztu behar badira (ahal bezain gutxien, beti ere), ohartarazpena bidali beharko zaio aldez aurretik Ingurumeneko Basozaintzari (11. barrutia, Lizarra hegoaldea).

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Aberingo Udalari, Oteitzako Udalari, Basozaintzari (11. barrutia, Lizarra hegoaldea) eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 3an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1900211