16. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4E/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 3koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: 13,2 kV-eko aireko linea hegaztien haztegi baterako transformazio zentrora deribatzea, Lezaungo udal-mugartean. Sustatzailea Ion Diez de Ulzurrun Ochandorena da.

2018ko abuztuaren 10ean, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (“Energiari buruzko instalazioak”) dago sartua espediente hori. Aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuan jasotako jarduketa aireko linea berri bat jartzean datza, elektrizitate hornidura eramateko Lezaungo 3. poligonoko 307. lurzatian kokatuko diren sustatzaile beraren hegazti instalazio berrietara. Iberdrolaren sareko hargunea 31.13 euskarrian zehaztu da, eta bukaera euskarri berri batean izanen du; azken horretan kanpoko transformazio zentro bat ere jarriko da. Hargune berria diseinatzeko 2 aukera proposatu dira; kasu batean zein bestean 3 euskarri eta 2 bao ipini behar dira, baina proiektu honen ingurumen ukipenen azterlanak “A aukera” hautatu du, hau da, 110 metroko luzera duena, izan ere horrek errespetatzen du hobekien berezko landaredia, euskarri guztiak laborantza lurretan baitaude. Aireko hariteriak NA-7330 errepidea gurutzatzen du.

Abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatuta (haren bidez ezarri ziren hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak), linea elektriko berria hegaztiak babesteko eremu baten barruan dago (eremuak abenduaren Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 1150/2013 Ebazpenean mugarriztatu ziren); hori dela eta, garrantzitsua da hegaztiak babesteko prebentzio eta zuzenketa neurriak ezartzea.

Azken alderdi hori aintzat hartuta, bai eta hegazti azienda eraikitzeari buruzko espedientearen berrikuspena ere, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak txostena egin zuen 2018ko irailaren 28an. Txosten horretan dokumentazio osagarria eskatzen zuen ibilbide osoan edo gehienean lur azpitik doan linea elektriko bat jartzeko aukera aztertzeko eta justifikatzeko; linea horrek hegazti aziendara ur hornidura eramateko aurreikusitako gurutze bera baliatuko luke, errepidean zanga bat eginez. Errekerimendu horri erantzunez, proiektua idatzi zuen teknikariak justifikazio txosten bat (neurketak eta aurrekontua) aurkeztu zuen 2018ko urriaren 4an; horren arabera, linea elektrikoa lur azpian jartzearen kostua aireko linearen bikoitza litzateke eta, horregatik, lehen aukera tramitatzeko eskatzen zuen.

Espedientean hirigintzaren ikuspuntutik onespena ematen duen aldeko txostena ere jasotzen da, Lezaungo Udalak 2018ko urriaren 8an egina. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak ere aldeko txostena egin zuen 2018ko azaroaren 27an, ebazpen honetan adierazitakoei erantsi zaizkion baldintzekin. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin zuen abenduaren 20an, ebazpen honetan adierazitakoei erantsi zaizkion baldintzekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: 13,2 kV-eko aireko linea hegaztien haztegiko baterako transformazio zentrora deribatzea, Lezaungo udal-mugartean. Sustatzailea Ion Diez de Ulzurrun Ochandorena da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen ukipenen azterlanean jasotako babes eta zuzenketa neurri guztiak (5. kapitulua) bete beharko dira. Bereziki, azterlanean ezarri bezala, hegaztiak babesteko balizak jarriko dira linea berri osoan (neoprenozko zerrendak, 35 cm-ko luzera eta “X” forma izanen dutenak, eta elastomeroa eta xingola luminiszentea edo antzekoa eramanen dutenak). Balizak baoetan jarriko dira: horien arteko tartea 15 metrokoa izanen da fase bereko bi baliza kontsekutiboren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

–Euskarrietarako, dokumentazioan adierazitako isolagailu eredua erabili beharko da (U70YB20 AL + PECA-1000-A) eta metro isolatu bateko distantzia errespetatu beharko da elementu eroalearen eta pausalekuaren artean.

–Deribazioko euskarrian deribazioko zubi lasai guztiak erabat isolatuko dira, bai eta linea nagusiko zubi lasaiak ere. Halaber, kable eroalearen finkatzeko grapak isolatu beharko dira grapa-estalki aurreformatuen bidez.

–Elektrokutatzeko arriskua murrizteko, eroaleen arteko konexio zubi guztiak eta tentsioa duten gainerako elementu guztiak isolatuko dira, hala nola tximistorratz autobalbulak, ebakitzaileak, konexio botilak, etab. Isolatzeko erabilitako materiala egokia izanen da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Tximistorratz autobalbulak, berriz, BCAC (Bushing Connection Animal Cover) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

–Obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Sustatzaileak hiru euskarrien argazkiak bidaliko ditu Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalera (eroaleen eta terminalen isolamendua eta composite isolagailuak nola dauden egiaztatzeko), baita instalatutako hegaztiak babesteko balizenak ere.

Hirigintzari eta lurraldeari dagokionez:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta, bereziki, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak 2018ko irailaren 27an emandako txostenari, honako hau ezartzen baitu:

a) Aireko lineari eusteko dorreak ukitutako errepidearen galtzada zedarritzeko kanpoko lerrotik bereiz egonen dira. Tarte hori, gutxienez, dorreen garaieraren parekoa izanen da. Foru Komunitatearen intereseko errepideetan (NA-7330 halakoxea da), ezin da inola ere 18 metrotik beherako tarterik utzi, halako eran non eroriz gero ez baitu galtzada ukituko.

b) Errepideen plataformaren eta kablerik baxuenaren artean geratu beharreko gutxieneko garaiera librea departamentu eskudunak eskatutakoa izanen da, eta ez da inola ere 7 metro baino gutxiagokoa izanen ukitutako errepidean.

c) Sustatzaileak, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako behar den eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian, NA-7330 errepidean ukitzen dutena azalduz, eta goian ezarritako determinazioak beteko dituzte baimena lortzeko, hori bidezko bada.

d) Sustatzailearen kargura izanen dira dokumentazio teknikoa prestatzeari, lanak egiteari eta behar bezala funtzionatzeko behar diren kontsumoei dagozkien gastuak.

e) “50 kVA-ko kanpoko transformazio zentrorako 13,2 kV-eko aireko linearen deribazioa, Lezaungo (Nafarroa) hegaztien haztegi baterako” proiektuaren txostena zuzentzat eman da, goian jasotako zehaztapenak betetzeko baldintzapean.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri Arkeologia Atalari eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera baimena eman eta bi urteko epean egin edo abian jarri beharko da gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Lezaungo Udalari, Basozaintzari (6. barrutia, Urbasa) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko urtarrilaren 3an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1900214