16. ALDIZKARIA - 2019ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3006/2018 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 4ko 1365/2016 Ebazpena aldatzen duena.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak uztailaren 4an emandako 1365/2016 Ebazpenaren bidez, enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak arautu ziren.

Nafarroako 2014-2020 Europako Gizarte Funtsaren (EGF) Programa Eragilearen birprogramazioaren ondorioz (Europako Batzordeari aurkeztua), enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak, hemendik aurrera, %50ean lagunduta finantzatzen ahalko dira, aipatu programa operatiboaren bitartez. Azaldutakoarekin bat, eta abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 12. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak uztailaren 4an emandako 1365/2016 Ebazpena, enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituena, era honetan aldatzea:

1.1.–"Onuradunaren betebeharrak" izeneko 4. oinarriaren 1. atala aldatzea, eta honela idatzita geldituko da:

Berariaz, laguntza ematen duen organoak edo horretarako eskumena duen edozein organok egin beharreko egiaztapen eta kontrol jarduketak onartu beharko dituzte, eta jarduketa horien ondorioz eskatzen zaion dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute. Halaber, Europar Batasuneko aurrekontuarekin kofinantzatutako laguntza bat jasotzeagatik egin daitezkeen kontrolak onartu beharko dituzte. Kontrol horiek Nafarroako Gobernuak, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak edo Europar Batasuneko beste kontrol-organo batzuek egiten ahal dituzte.

1.2.–"Onuradunaren betebeharrak" izeneko 4. oinarriaren 2. ataleko lehen paragrafoa aldatzea, eta honela idatzita geldituko da:

Horrekin batera, Gizarte Segurantzako langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoen mutualitatean kidetuta egon beharko dute 18 hilabetez jarraian, langile autonomoen araubide berezian edo lanbide elkargoen mutualitatean kidetu ziren egunetik hasita.

1.3.–"Onuradunaren betebeharrak" izeneko 4. oinarriaren 3. atala aldatzea, eta honela idatzita geldituko da:

Diru-laguntzaren onuradunek Nafarroako Gobernuaren lankidetzari buruzko publizitatea egin beharko dute urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan ezarritako moduan. Betebehar horri lehen aipatutako 18 hilabeteko epean eutsi beharko zaio. Era berean, egiten duten jarduketaren publizitatean Nafarroako Foru Komunitateko 2014-2020 Europako Gizarte Funtsaren (EGF) Programa Eragilearen bidezko kofinantzaketa adierazi beharko dute.

Halaber, EB 1303/2013 Erregelamenduaren 140. artikuluan ezarritakoarekin bat, eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: eragiketako gastuen kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera.

Gainera, kontabilitate sistema bereizi bat eduki beharko dute, edo kontabilitate kode egoki bat, diruz lagundutako proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

1.4.–"Onuradunaren betebeharrak" izeneko 9. oinarriko bigarren paragrafoa aldatzea, eta honela idatzita geldituko da:

Aurrekontu ekitaldi bakoitzaren kargura izanen dira aurreko urteko azaroaren 1etik abian den urteko urriaren 31ra bitarte langile autonomoen araubide berezian edo dagokion mutualitatean egindako altei dagozkien eskaerak.

1.5.–"Instrukzioa, tramitazioa eta ebazpena" izeneko 10. oinarriaren 3. atala aldatzea, eta honela idatzita geldituko da:

Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskatzailearen nortasuna frogatzen duen agiriaren fotokopia.

b) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen agiria.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, norberak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez duela agertzeko.

d) Helburu bererako lortu edo eskatutako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen erantzukizunpeko adierazpena edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen espresa. Orobat, "de minimis" araubidearen barnean dauden adieraziko da.

e) Bidezko bada, lanbide elkargo baten ziurtagiria, bertako kidea dela frogatzen duena eta lanean ari denentz adierazten duena, eta lanbide elkargoko mutualitatearen ziurtagiria, bertan altan zenbat aldiz egon den adierazten duena.

f) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan kidetua dagoela frogatzen duen agiria.

g) Kasu bada, dagokion lanbide elkargoaren mutualitatean alta emanik dagoela frogatzen duen agiria.

h) Enpresa proiektuari buruzko memoria laburra.

i) Bidezko bada, desgaitasunak dituen pertsona dela frogatzea, 3.2 oinarrian xedatu bezala.

j) Kasua bada, genero indarkeriaren biktima dela frogatzen duen agiria, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

k) Laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskaera.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen duen beste edozein agiri.

c), d) eta h) letretan aipatzen diren aitorpenen eta memoriaren ereduak www.navarra.es web orrian eskuratzen ahal dira.

1.6.–Hirugarren paragrafo bat gehitu zaio “Publizitate-araubidea” izeneko 13. oinarriari, hauxe:

Diru-laguntza jasotzeak berarekin ekarriko du inplizituki onartzea enpresa sartuko dela Europako Gizarte Funtsa Administratzeko Unitatearen web-orrian argitaratuko den zerrenda batean (http://www.empleo.gob.es/uafse/), programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua gardentasunez jokatzea da EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, EB 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.

1.7.–Bigarren paragrafo bat gehitu zaio “Araudi aplikagarria” izeneko 17. oinarriari, hauxe:

Laguntza hau Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu denez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua aplikatuko zaie. Haren bidez, xedapen komunak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta xedapen orokorrak ezarri ziren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaz, Europako Gizarte Funtsaz, Kohesio Funtsaz eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaz, eta indarrik gabe utzi zen Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2018ko azaroaren 27an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

Iragarkiaren kodea: F1814627