159. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 15a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

94/2019 FORU DEKRETUA, abuztuaren 14koa, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla, kasuan kasuko departamentuko titularraren menpe daudenak zuzenean. Era berean, artikulu horretako 3. apartatuak adierazten du, aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuaren titularraren menpe beste organo batzuk ere egoten ahalko direla departamentu bakoitzean.

Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola. Foru dekretu bidez eginen du, departamentu bakoitzaren titularrak proposaturik.

Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 46.2 artikuluak adierazten du, berriz, erakunde autonomoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikiko zaizkiola.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko abuztuaren 14an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura.

1. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:

a) Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia.

b) Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusia.

c) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari atxikitzen zaio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoa.

3. Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartuko du Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritzari dagozkion eginkizunen erabilera.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Xedapen iragankor bakarra.–Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritza.

Nafarroako Gobernuaren Bruselako gaur egungo ordezkariak bere eginkizunak betetzen jarraituko du Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren titularra izendatu arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntzak.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren eta Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuaren titularrei gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2019ko abuztuaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1910748