158. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

210/2019 FORU AGINDUA, uztailaren 30ekoa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana, 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda onesten duena.

Uztailaren 8an euri erauntsi eta ekaitz indartsuak gertatu ziren, gerora uholdeak eragin zituztenak Zidacos ibaiaren arroan, Nafarroako Erdialdean; mota guztietako azpiegiturak, eraikinak eta instalazioak kaltetu zituzten (baratzeak, errepideak eta bide publikoak, industrialdeak, nabeak, bizitzak, saltokiak, ibilgailuak eta abar txikitu zituzten).

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak uholdeek, haizete indartsuek eta beste fenomeno natural batzuek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoentzako laguntza eta onurak ezartzen ditu, eta, 2. artikuluan zehazten duenez, Nafarroako Gobernuan dagokion unean eskumena duen departamentuak foru agindu baten bidez prestatuko du udal eta herritar kaltetuen zerrenda, izan ditzaketen laguntzekin batera. Orobat, 3. artikuluan ezartzen du foru agindu horretan zehaztuko direla foru legean aurreikusitako laguntza edo/eta konpentsazio eskaerak aurkezteko epeak, betebeharrak eta baldintzak.

Gobernu Kontseiluak berretsi beharko du foru agindua, egiten duen lehenbiziko bilkuran.

Gaia dela-eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak du aipatutako eskumena, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuan aurreikusitakoaren ondorioz, horren bidez ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira beti, ordena horretan, baita Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izan daitezkeen beste laguntza batzuenak ere.

Ondorio horretarako, foru legea garatuko duten foru aginduek osagarritasun eta subsidiariotasun hori izanen dute kontuan, eta, hortaz, onuradunek, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, polizen titular diren aseguru konpainietan tramitatu beharko dituzte konpentsazioak, eta, bidezkoa bada, Estatuko zein Europar Batasuneko administrazioei eskatu dagozkien laguntzak.

Uztailaren 8an euri erauntsi eta ekaitz indartsuak gertatu ziren, gerora uholdeak eragin zituztenak Zidacos ibaiaren arroan, Nafarroako Erdialdean; mota guztietako azpiegiturak, eraikinak eta instalazioak kaltetu zituzten (baratzeak, errepideak eta bide publikoak, industrialdeak, nabeak, bizitzak, saltokiak, ibilgailuak eta abar txikitu zituzten).

Nafarroako Gobernuak, 2019ko uztailaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Erdialdean 2019ko uztailaren 8an izandako uholdeen ondorioz gertatu zena hondamendi egoera zela deklaratu zuen, lehen aipatutako urriaren 30eko 11/2009 Foru Legean ezarritakoarekin ondorioetarako, eta, horrekin batera, Estatuko Administrazio Orokorrari eskatu zion inguru hori babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremu deklara zezala presako izaeraz, zehazki udalerri hauek: Barasoain, Beire, Ezporogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Erriberri, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx eta Tafalla, bai eta uholde horien kalteak jasan dituztela frogatzen duten beste batzuk ere.

Erabaki hori honakoak aintzat hartuta hartu zen: Babes Zibilaren Zerbitzuko zuzendariaren 2019ko uztailaren 10eko txostena, zeinetan azaltzen baita Zidacos ibaiaren arroan, Nafarroako Erdialdean, euri erauntsiak eta ekaitz indartsuak gertatu zirela, gerora uholdeak eragin zituztenak; Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendariaren 2019ko uztailaren 10eko txostena, zerbitzu horrek mobilizatu zituen operatiboen berri ematen duena; Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren 2019ko uztailaren 11ko txostena, aipatutako uholdeek ukitutako udalerrietan eragindako kalteen berri ematen duena; eta Barasoain, Beire, Ezporogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Erriberri, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx eta Tafallako udalek hartutako erabakiak, zeinen bidez eskatzen baitzaio, batetik, Nafarroako Gobernuari 2019ko uztailaren 8an izandako uholdeak hondamendizko gertaera deklaratzeko, baita hondamendi eremua ere, bidezkoa bada, eta, bestetik, Nafarroako Gobernuari eta Estatukoari, Nafarroan duen Gobernu Ordezkaritzaren bidez, gertatutako kalteak erabaki horien azalpen zatian deskribatutako araudian jasotzen diren laguntzen esparruan sartzeko.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak ere txosten bat egin du, eta bertan adierazi du, bere eskumenaren eremuan duen informazioari jarraikiz, zer udalerrik sufritu dituzten uholdeen kalteak.

Horiek horrela, bidezko da 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Foru Komunitateko Erdialdean gertatu ziren ohiz kanpoko eurite eta uholdeek ukitutako udalerrien zerrenda onestea, deskribatutako fenomenoek data horretan eta herri horietan eragindako kalteen ondorioak arintzearren, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak aplika daitezen.

Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legea aplikatuz, bidezko da ezartzea zer zerga salbuespen eta konpentsazio izanen dituzten Nafarroako Foru Komunitatean, 2019ko uztailaren 8an, ohiz kanpoko euri erauntsiek eta uholdeek kaltetutako pertsona fisiko eta juridikoek.

11/2009 Foru Legearen 4. eta 5. artikuluetan aurreikusitako udal zergen hobariak ekitaldi honetan emanen direnez, hobari horien konpentsazioa, behin eta berriz aipatutako foru legearen 6. artikuluan ezarritako moduan, 2019ko eta hurrengo aurrekontu ekitaldietan gauzatuko da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Foru aginduaren proiektuaren aldeko txostena egin du Toki Araubideko Foru Batzordeak, 2019ko uztailaren 23an egindako bilkuran.

Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitatean gertaturiko uholdeen, haizete indartsuen eta beste fenomeno natural batzuen ondoriozko hondamendiek kalteturiko pertsonei laguntza eta babesa emateari buruzko urriaren 30eko 11/2009 Foru Legeak emandako eskudantziak aplikatuz, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuari (horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen araberako egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen esparrua ezarri ziren) eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 12ko 59/2015 Foru Dekretuari loturik,

AGINTZEN DUT:

1. 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda onestea: Barasoain, Beire, Caparroso, Eslaba, Ezporogi, Garinoain, Ibargoiti, Itzagaondoa, Leotz, Lerga, Elo, Murillo el Cuende, Erriberri, Oloritz, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx, Tafalla, Uxue, Untziti eta Urrotz-Hiria.

2. Ezinbesteko kasuak eta salbuespenezko egoerak aintzat hartzeko ondorioetarako, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuan ezarritako araudiaren eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren 82/11 Foru Aginduaren 17.1.f oinarriaren arabera jokatuko da, foru agindu honetan aipatzen diren udalerrietan kaltetutako eremuak atenditzeko. Errege dekretu horrek nekazaritzari eta abeltzaintzari 2015etik aurrera egiten zaizkien ordainketa zuzenak eta laguntzeko beste araubide batzuk erregulatzen ditu, baita ordainketa zuzenen eta landa garapenerako ordainketen kudeaketa eta kontrola ere.

3. Foru agindu honen 1. atalean aipatutako udalerrietako ondasun higiezinen titular diren pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, lurralde kontribuzioa ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako higiezin horiei dagokienez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.

4. Foru agindu honen 1. atalean aipatutako udalerrietan jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan adierazitako gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, jarduera ekonomikoen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira, gertaera horiek izan diren ekitaldian eta kaltetutako jarduerari dagokionez, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.

5. Foru agindu honen 1. atalean aipatutako udalerrietan eraikuntzak, instalazioak eta obrak dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak, hartan gertaeren ondorioz kalteak jaso badituzte, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita egonen dira gertaera horiek izan diren ekitaldian, zergaren xedeko instalazio, eraikuntza eta obra kaltetu den portzentaje berean, eta kontzeptu horregatik ordaindutakoa itzultzeko eskatzen ahalko dute.

6. Foru agindu honen 2., 3. eta 4. ataletan aurreikusitakoaren arabera zerga-salbuespenak aplikatu eta dirua itzultzearen ondorioz toki entitateek jasotzen ez dituzten tributu arloko diru-sarrerak konpentsatuko ditu Nafarroako Gobernuak, 2019ko gastuen aurrekontuko “Toki entitateendako konpentsazioak toki tributuetako hobariengatik” izeneko 780001 78100 4609 942300 partidaren kargura, eta 2020ko, 2021eko, 2022ko eta 2023ko ekitaldietako aurrekontuetan horretarako gaitzen diren partida baliokideen kargura. Izan ere, partida horiek handituko dira aitortzen diren edo aitortu asmo diren obligazioen muga berdindu arte, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 47.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera.

7. Laguntza hauek izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak dira, ordena horretan, baita Estatuaren edo Europar Batasunaren esparruan egon daitezkeen beste laguntza batzuenak ere.

Kontzeptu horiengatik jasotakoa ez da inoiz izanen eragindako kalteen guztirako zenbatekoa baino handiagoa.

8. Foru agindu honetan aurreikusitako zerga-salbuespenak eskuratu nahi dituzten pertsona fisiko eta juridikoek eskaera egin beharko dute, zeinek bere udalean, 2019ko urriaren 31 baino lehen.

Horretarako, eta kaltea izan zen egunean ukitutako ondasunak aseguratuak ez bazeuden, honako aitorpena erantsi beharko zaio eskaerari:

–Kaltea izan zen egunean ukitutako ondasuna aseguratu gabe zegoela dioen erantzukizunpeko adierazpena.

–Teknikari kualifikatu baten txostena, izandako kaltea identifikatu eta zenbatesten duena. Txosten horren ordez, kaltetutako ondasun higiezinetan eragindako gastuen fakturen kopia eta hori ordaindu izana frogatzen duen dokumentua aurkez daitezke.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden hiri-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
  • Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokion kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteengatik jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Kaltea izan zen egunean aseguratuak zeuden landa-ondasun higiezinak ukitu badira, honako dokumentazio hau erantsi beharko zaio eskaerari:

–Baimen espresa, Agrosegurok dagokion udalari eman diezaion kalteen tasazioari eta dagokion kalte-ordainari buruzko informazioa.

–Baimen hori eransten ez bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Kaltetutako ondasunentzat izenpetutako polizen kopia.
  • Perituaren tasazioa, aseguratutako ondasunetan izandako kalteei eta dagokion kalte-ordainari buruzkoa.

–Foru agindu honetan aipatutako gertaerak direla-eta izandako kalteen ondorioz jaso diren edo jaso asmo diren laguntza guztiei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

9. Foru agindu honetan aurreikusitako zerga onurak aplikatzen dituzten udalek Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko dute konpentsazio eskaera, azaroaren 9ko 325/1998 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako epean eta baldintzetan (dekretu horren bidez toki tributuetan zerga-onurak onestearen ondorioz toki entitateek eskatu dituzten konpentsazio ekonomikoen eskaerak tramitatzeko prozedura onetsi zen). Eskaeran honako hauek jasoko dira:

Dagokion zerga-onura aplikatzeagatik tokiko tributuen diru-bilketan murriztutako zenbatekoa ordaintzeko eskatzea.

Organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria, zerga-onura onesten duena. Hauek agertu behar dira bertan: onespenaren data, onura jasotzen duen tributua, dagokion aldia eta subjektu pasibo onuraduna. Horrez gain, tributuari dagokion kuota osoa adieraziko da ziurtagirian, baita emandako zerga-onurek aplikatzegatik sortzen den zenbatekoa ere.

Teknikari eskudun batek egindako tostena, foru agindu honetan aipatutako gorabehera meteorologikoen eta eragindako kalteen arteko erlazioa agertzen duena.

Ziurtagiriak, honako hauek frogatzen dituztenak: eskaerak foru agindu honetan ezarritako epe barnean aurkeztu direla, eta egin beharreko zerga-salbuespena eta jasotako laguntzak eta kalte-ordainak ez direla kalteen balioa baino handiagoak.

10. Foru agindu hau Gobernu Kontseiluak egiten duen lehen bilkuran aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuak berrets dezan.

11. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea Administrazio Publikoek haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko uztailaren 30ean.–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.

Iragarkiaren kodea: F1910327