156. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

200/2019 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Aurrekontuaren zuzendari nagusiak emana, hasiera ematen diona Nafarroako Foru Komunitatea María Nieves Iturralde Casas andrearen abintestato jaraunsle (GP 2018075) deklaratzeko prozedurari.

Iruñeko Lehen Auzialdiko 2. Epaitegian betetzen ari den borondatezko jurisdikzioaren 270/2018 prozeduran emandako antolaketarako eginbidearen bidez, Ondare Zerbitzuari jakinarazi zitzaion Trinidad García Pérez jaraunsle ezagunik gabe hil zela.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak, 24.5 artikuluan, xedatzen du Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen dela lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. Legearen arabera, berriz, legezko oinordetzara joko da baldin eta jarauntsi osoa edo zati bat xedatu ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo, konpilazio horrekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez.

Foru Berriaren 304. Legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkalak ez diren ondasunentzat: legearen 1etik 6ra bitarteko puntuetan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 7.enean agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko; horrek, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jarauntsia, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu zuzkidura handituz. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta azken paragrafoan ezartzen denez, “halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz”.

Trinidad García Pérez andrea Quintanar de la Orden herrian jaio zen, Toledoko probintzian, 1950eko abenduaren 5ean, eta Iruñean hil zen 2018ko martxoaren 20an. Sarrigurenen izan zuen azken helbide ezaguna, Puerta de Badostain kaleko 1ean, 2. solairuan (Eguesibar).

Hona hemen orain arte identifikatu diren eta hildakoari egozten zaizkion ondasunak (alde batera utzi gabe hemendik aurrera ere ager litezkeenak):

–Banku kontu bat, Caixabank-en Sarrigurengo 6512 sukurtsalean (Nafarroa).

Espedientean daude kausatzailearen jaiotza-ziurtagiria, heriotza-ziurtagiria eta Azken Nahien Erregistroarena; azken horretatik ondorioztatu da ez zuela testamenturik egin. Hori horrela izanik, ezein ahaideren berririk ez dagoenez, bidezkoa da hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari.

Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren oinarrizko egitura orokorra ezartzen duen abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretuaren 9. artikuluak esleitutako eskumena erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea Trinidad García Pérez andrearen abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari.

2. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Iruñeko Udalera igortzea bertako iragarki taulan ikusgai jar dadin hilabetez, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Legearen 24. artikuluko 6. apartatuan aurreikusitakoarekin bat.

3. Hilabeteko epea irekitzea, epe horretan interesdun orok alegazioak edo dokumentuak edo egoki jotzen dituen beste juizio-elementu batzuk aurkez ditzan, toki honetan: Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala, Yanguas y Miranda kalea 27-2., Iruñea, 31003 P.K.

4. Ebazpen hau igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atalera eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Aholkularitza Juridikora, igor dezaten Iruñeko Lehen Auzialdiko 2. Epaitegira.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 9an.–Aurrekontuaren zuzendari nagusia, Begoña Urrutia Juanicotena.

Iragarkiaren kodea: F1909151