156. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

199/2019 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Aurrekontuaren zuzendari nagusiak emana, hasiera ematen diona Nafarroako Foru Komunitatea Luis Alberto Arrondo Galindo jaunaren abintestato jaraunsle (GP 2018156) deklaratzeko prozedurari.

Tuterako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 5. Epaitegiak 2018ko apirilaren 25ean eta 2018ko urriaren 17an 166/2016 hipoteka-betearazpeneko prozeduran emandako autoen bidez, Ondare Zerbitzuak jakin du Nafarroako Foru Komunitatea Nafarroako auzotartasun zibila zuen Luis Alberto Arrondo Galindo jaunaren abintestato jaraunslea izan daitekeela. Haren senideek uko egin diote jarauntsiari, eta ez dago herentziara deitutako beste inoren berri.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. Legearen arabera, legezko oinordetzara joko da baldin eta jarauntsi osoa edo zati bat xedatu ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo, konpilazio horrekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez.

Foru Berriaren 304. Legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkalak ez diren ondasunentzat: legearen 1etik 6ra bitarteko puntuetan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 7.enean agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko; horrek, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jarauntsia, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu zuzkidura handituz. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta azken paragrafoan ezartzen denez, “halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz”.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak, 24.5 artikuluan, xedatzen du Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen dela lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz, eta 24.6 artikuluan arautzen du Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedura.

Luis Alberto Arrondo Galindo jauna Fustiñanan jaio zen 1961eko abuztuaren 2an, eta Tuteran hil zen 2015eko urriaren 14an. Fustiñanako Bandera kaleko 30ean izan zuen azken helbide ezaguna.

Hona hemen orain arte identifikatu diren eta hildakoari egozten zaizkion ondasunak (alde batera utzi gabe hemendik aurrera ere ager litezkeenak):

–Familia bakarreko etxebizitza adosatua Fustiñanako Bandera kaleko 9an (gaur egun 30a da), Caixabank-en aldeko hipoteka baten zama duena.

–Banku kontu bat, Nafarroako Rural Kutxaren Fustiñanako 0051 sukurtsalean.

–Banku kontu bat, Caixabank-en Fustiñanako 5031 sukurtsalean.

Espedientean daude kausatzailearen heriotza-ziurtagiria eta Azken Nahien Erregistroarena; azken horretatik ondorioztatu da ez zuela testamenturik egin. Espedientean dago, halaber, hildakoaren senide Félix Arrondo Galindo eta María Pilar Arrondo Galindo jaun-andreek herentziari egindako ukoa jasotzen duen eskrituraren kopia. Hori horrela izanik, oinordetzarako eskubidea duen beste ezein ahaideren berririk ez dagoenez, bidezkoa da administrazio prozedurari hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren oinarrizko egitura orokorra ezartzen duen abuztuaren 28ko 134/2015 Foru Dekretuaren 9. artikuluak esleitutako eskumena erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea Luis Alberto Arrondo Galindo jaunaren (IFZ 16**8**9D) abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari.

2. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Tuterako eta Fustiñanako udaletara igortzea bertako iragarki taulan jar dadin hilabeteko epean.

3. Hilabeteko epea irekitzea, epe horretan interesdun orok alegazioak aurkez ditzan, edo egokitzat jotzen dituen agiriak edo beste juizio-elementu batzuk.

4. Ebazpen hau igortzea Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atalera eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Aholkularitza Juridikora, igor dezaten Tuterako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 5. Epaitegira.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 9an.–Aurrekontuaren zuzendari nagusia, Begoña Urrutia Juanicotena.

Iragarkiaren kodea: F1909150