156. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

395/2019 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, udal musika eskolentzako dirulaguntzen 2019ko deialdia onesten duen Hezkuntzako zuzendari nagusiaren apirilaren 8ko 181/2019 Ebazpena aldatzen duena.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak apirilaren 8an eman zuen 181/2019 Ebazpenak udal musika eskolentzako dirulaguntzen 2019ko deialdia onetsi zuen. Aipatu ebazpen horren I. eranskineko hamabigarren oinarriak dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateen gardentasun betebeharrak aipatzen ditu, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeak ezartzen duenaren arabera.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak indargabetu du, partez, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea.

2.1.c) artikuluak ezartzen duenarekin bat, foru lege horren xedapenak aplikatzekoak dira Nafarroako toki entitateei eta haien mendeko entitate instrumentalei, alde batera utzita jasotzen duten zenbatekoa eta/edo zenbateko horrek urteko diru-sarrera guztien zer ehuneko egiten duen, eta aldi berean, aipatu foru legearen 11. artikuluak ezartzen dituen gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte.

Hori horrela, beharrezkoa da apirilaren 8ko 181/2019 Ebazpenaren VII. eranskina eta I. eranskinaren hamabigarren oinarria aldatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Hezkuntzako zuzendari nagusiak apirilaren 8an eman zuen 181/2019 Ebazpena, udal musika eskolentzako dirulaguntzen 2019ko deialdia onetsi zuena, aldatzea, I. eranskinaren hamabigarren oinarriari dagokionez. Ondoren esaten den bezala geldituko da.

Honako hau dioen tokian:

12.–59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatutako entitateak (foru dekretu haren bidez arautu ziren Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak) behartuta daude betetzera Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun baldintzak, baldin Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako dirulaguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, halakorik baldin badago.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena deialdi honetako VII. eranskinean ezarritakoari jarraikiz aurkeztu behar da, entitateak gardentasun betebeharra izan edo ez izan.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Honako hau behar du:

12.–Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 11. artikuluaren edukiak ezarriko du dirulaguntza honen onuradunak diren entitateek bete behar duten gardentasun betebeharra.

2. Hezkuntzako zuzendari nagusiak apirilaren 8an eman zuen 181/2019 Ebazpena, udal musika eskolentzako dirulaguntzen 2019ko deialdia onetsi zuena, aldatzea, VII. eranskinari dagokionez. Ondoren esaten den bezala geldituko da.

VII. ERANSKINA

Gardentasun betebeharrak betetzearen adierazpena

.................................................................................................. jaunak/andreak, ........................... NANa duenak, ............................................ lege ordezkariak, musika eskolaren titularra den entitatearen organo eskudunaren erabakiaren bidez ahalordetutakoak, ....................................... Udalaren/Patronatuaren/Erakunde autonomoaren ordezkariak, adierazten du entitateak betetzen dituela gardentasun betebeharrak, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 11. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

……….…………(e)n, ……..(e)ko ……….………aren ..….(e)(a)n

(Musika eskolaren legezko ordezkariaren sinadura)

3. Ebazpen hau eta eranskinak Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta interesdunei igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honen eta bere eranskinen kontra administrazio publiko interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 1ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

Iragarkiaren kodea: F1909232