156. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOZAR

Tokiko Gobernu Batzarreko kideen izendapena eta eskumenak eskuordetzea

Berriozarko Udaleko alkateak, 2019ko ekainaren 27an, honako ebazpen hau (20190370 zenbakiduna) eman zuen:

“Udal hauteskundeak egin eta 2019ko ekainaren 15eko bilkuran udal berria eratuta, beharrezkoa da udal antolaketa berria ezartzea eta, bereziki, Tokiko Gobernu Batzarra osatzea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4.a) artikuluak udalari bere burua antolatzeko aitortzen dion ahalmena erabiliz.

Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 20.1.b) eta 23. artikuluek xedatutakoaren arabera, udalerri honetan derrigorrezkoa da Tokiko Gobernu Batzarra osatzea, 5.000 biztanle baino gehiago baititu.

Horregatik guztiagatik, Alkatetza honek, aipatu legeriak emandako eskudantziak erabiliz eta Udal Erregelamendu Organikoan xedatuari jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Tokiko Gobernu Batzarra eratzea. Udal organo hori kide anitzekoa eta ebazpen emailea da. Honako kide hauek osatuko dute:

–Burua: Raúl Maiza González.

–Kideak: Karmele Nadales, Mikel Etxeberria Agirre, Sagrario Ortigosa Lekunberri eta Beatriz Martiartu Fernández.

Tokiko Gobernu Batzarrari honako hau dagokio:

–Alkateari bere egitekoetan laguntzea.

–Alkateak edo Udaleko beste organo batek nahiz legeek bere gain utzitako eskudantziak.

Bigarrena.–Tokiko Gobernu Batzarra bi astean behin bilduko da, txandakako asteazkenetan, 13:30ean, Alkatetzak horretarako deialdia egin ondoren.

Hirugarrena.–Opor egunei dagokienez, alkateari ahalmena ematea Tokiko Gobernu Batzarraren bilkurak bertan behera uzteko uztailean, eta zaindariaren festekin, Aste Sainduarekin eta Eguberriekin batera gertatzen direnak aldatzeko; halaber, ahalmen bera ematea Tokiko Gobernu Batzarraren bilkura arruntak egin behar diren aste berean aurreratzeko edo atzeratzeko, finkatutako eguna jaieguna bada edo zentzuzko beste arrazoi batzuk badaude.

Bilkura bereziak eta presakoak alkateak deitzen dituenean eginen dira.

Laugarrena.–Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea alkatearen eskudantzia hauek:

–Fakturak eta ordainketak onestea, 2.000 eurotik gorakoak badira, salbu oporraldiarekin batera gertatzeagatik Tokiko Gobernu Batzarra biltzen ez den hiletan; horietan eskumena ez da eskuordetuko.

–Diziplina-espedienteak ebaztea, salbu funtzionarioek Udalbatzaren zerbitzura lan egiteari uztea eta langileak kaleratzea badakarte.

–Planeamendu orokorra garatzeko tresnak onestea, espresuki Osoko Bilkuraren eskuetan utzi ez direnak, baita hirigintza kudeatzeko tresnak eta urbanizazio proiektuak onestea ere.

–Urteko kontratazioak egitea, haien zenbatekoa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino handiagoa ez denean, eta urte anitzeko kontratazioak egitea, gastua lau ekitaldiri baino gehiagori aplikatzen ez zaienean eta urteko guztien arteko zenbatekoak aipatu portzentajea gainditzen ez badu. Dena dela, alkateak jarraituko du izaten kontratatzeko eskumena, balioetsitakoa 40.000 eurotik gorakoa ez denean, BEZa kanpo, hornidura eta zerbitzu kontratuetan, ezta 150.000 eurotik gorakoa ere, BEZa kanpo, obra kontratuetan.

–Obra eta zerbitzuen proiektuak onestea, kontratazioa egin edo emateko eskumena duenean eta aurrekontuan sartuta daudenean.

–Dirulaguntzetarako deialdiak onestea, Osoko Bilkuraren eskumena ez direnean.

–Langileak hautatzeko probetarako eta lanpostu finkoak betetzeko deialdietarako oinarriak onestea.

–Jabari pribatuko ondasunak kostu bidez erabiltzea, epea bost urtetik gorakoa ez bada, ez eta zenbatekoa lehen ekitaldiko aurrekontuko baliabide arrunten %5etik gorakoa ere.

–Ondasunak eta eskubideak eskuratzea, baldin eta haien balioa aurrekontuko baliabide arrunten %10 baino gehiago ez bada, eta, betiere, 3 milioi euro baino gehiagokoa ez denean; halaber, ondasunak besterentzea honako kasu hauetan:

1. Balio historiko edo artistikoaren deklarazioa duten ondasun higiezin edo higigarriak badira, aurrekontuan aurreikusi gabekoak.

2. Aurrekontuan aurreikusita egonik, ondasunak eskuratzeko zehaztu diren portzentaje eta zenbatekoak gainditzen badituzte.

Laugarren apartatuan aipatu eskuordetzak Alkatetzak horri buruzko beste ebazpen bat ematen duenean ezeztatu edo aldatuko dira. Nolanahi ere, Alkatetzaren titulartasuna aldatze hutsez ezeztatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honen berri ematea ukitutako zinegotziei, Osoko Bilkurari eta Udalaren arlo guztiei, jakinaren gainean egon daitezen eta ondorioak izan ditzan; eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 38. artikuluan xedatuaren arabera”.

Berriozarren, 2019ko uztailaren 25ean.–Alkatea, Raúl Maiza González.

Iragarkiaren kodea: L1910114