156. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

95/2019 FORU AGINDUA, uztailaren 1ekoa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana. Honen bidez ezartzen dira, behean aipatzen diren ereduei dagokienez, aurkezpen moduak, aitorpena egiteko betebeharra, aurkezteko epea, ordainketa modua, dokumentazioaren aurkezpena baita baldintza orokorrak eta prozedurak ere, interneten bidez telematikoki aurkezteko: 651. eredua, “Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Autolikidazioa”. 660. eredua, “Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Aitorpenak” eta 661. eredua, “Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Dohaintzak. Autolikidazioa”.

Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 21eko 218/2009 Foru Aginduak ezarri zuen autolikidazioaren araubidea, zenbait negozio juridiko “inter vivos” eta doakoren likidazio eta ordainketarako prozedura gisa, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren esparruan, eta 661. eta 662. ereduak onetsi zituen.

Beste alde batetik, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren abuztuaren 27ko 345/2012 Foru Aginduak autolikidazioaren araubidea ezarri zuen “mortis causa” negozio juridikoen likidazio eta ordainketarako prozedura gisa, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren esparruan, eta 650., 651., 652. eta 660. ereduak onetsi zituen.

Zerga batzuk aldatu eta tributu arloan beste neurri batzuk ezartzeari buruzko abenduaren 27ko 16/2017 Foru Legeak aldatu egin du Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko testu bategina, zeina onetsi baitzen abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera gertatzen diren zerga-egitateetan izanen ditu ondorioak. Horiek horrela, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren autolikidazio eta ordainketarako ereduak aldatu egin ziren: alde batetik, “mortis causa-oinordetzak” saileko eskuratzeen autolikidazio-ereduak batu ziren, baita, beste alde batetik, “inter vivos-dohaintzak” sailekoak ere. Horren ondorioz, 650. eta 651. ereduak 651. eredu bakarrean batu ziren, “Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Autolikidazioa” izenekoan eta 661. eta 662. ereduak 661. eredu bakarrean batu ziren: “Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Dohaintzak. Autolikidazioa”.

Martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen funtsezko helburuetako bat da administrazio elektroniko orokorra ezartzea, eta teknologia berriak prozedura administratiboari aplikatzea, oinarrizko legeriak eskatzen duen bezala.

Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea onetsi zenetik, Administrazio Publikoak bere funtzionamendua errealitate sozial berriari egokitu behar izan dio, herritarrei zerbitzu egokiagoak eman ahal izateko; izan ere, gaur egun Administrazioaren eta herritarren arteko harremanak ezin dira jada ez ulertu ez eta garatu ere bilakaera teknologikoari bizkarra emanda. Zerbitzuak ematen dituzten erakundeek diharduten testuinguruaren eraldaketa eta hartako aldaketa sozialak ikusirik, behar-beharrezkoa da administrazioa berritzea.

Arlo horretan eskuratu diren lorpenak eta onurak aipagarriak dira, batik bat Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak indarra hartuz geroztik. Dekretu horrek erraztu zien zergapekoei beren zerga-betebeharrak, materialak eta formalak, telematikoki betetzea, eta horri esker hobetu zen administrazioaren eraginkortasuna zergak aplikatzean.

Ordura arte, 651., 661. eta 660. ereduak paper inprimatuan bakarrik aurkez zitezkeen; orain, zergadunek errazago bete ditzaten beren tributu arloko betebeharrak, eta egunetik egunera bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak garatuago daudenez, aipatutako ereduen aurkezpen telematikoa gaitu da.

651. eta 661. autolikidazio-ereduak aurrez ordaintzeko direla kontuan hartuta, aitorpena aurkeztu ahal izateko, aurrez ordainketa hori tramitatu eta egiaztatu beharko da, hala badagokio.

Ordainketa egin dela frogatzeko, kode bat (Erreferentzia Zenbaki Osoa) erabiltzea erabaki da. Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza entitateetako sistema informatikoek kode hori automatikoki sortzen dute, haietan diru-sarrera egindakoan. Sistema hau, azpiegitura kriptografiko batean oinarritua, fidagarria, segurua eta bizkorra da, eta haren erabilera oso zabaldua dago finantza entitateen artean.

Nafarroako Zerga Ogasunak nahi du Foru Komunitatean diru-bilketaren kudeaketan laguntzaileak diren finantza entitate guztiak atxikitzea ordainketa telematikoaren sistema honi. Sistema hau aspalditik dago erabilgarri haren aplikazio telematikoetan. Hala, zergapekoak edo bere ordezkariak, ez zerga bulegoetara ez bankukoetara joan beharrik gabe, tramite guztiak egin ditzake Nafarroako Zerga Ogasunak bere eskura jartzen dituen web zerbitzuen bidez.

Hala ere, kontuan hartuta gaur egun finantza entitate guztiak ez daudela Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistema horri atxikita, ordainketaren izapidea eta ordainketaren egiaztapena errazteko, Erreferentzia Zenbaki Osoa lortzeko bigarren modalitate bat sortzen da, hau da, aitorpenaren zirriborroa Nafarroako Zerga Ogasunaren web zerbitzuetan gordetzen da, egin beharreko ordainketaren datuak eskuratzen dira eta, finantza entitateak bere bezeroen eskura jartzen duen sistemaren bidez (bertaratuz edo entitatearen web zerbitzuen bidez), zerga ordaintzeko eta Erreferentzia Zenbaki Osoa lortzeko tramitea egiten da. Zenbaki hori lortu ondoren, Nafarroako Zerga Ogasunaren aplikazio informatikoaren bidez zirriborroa berreskuratu, Erreferentzia Zenbaki Osorako eremua bete eta aitorpena aurkezten ahal da.

Bestalde, foru agindu honetan arautzen dira eredu hauek aurkezteko kontuan hartu beharreko alderdi orokorrak, aplikatzekoak direnak horretan aurreikusitako bi aurkezpen moduetan.

Abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi zuen Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren xedapenen testu bateginaren 60. artikuluak gaitzen du zerga arloko eskumena duen departamentuko titularra zehazteko zergaren subjektu pasiboek non, nola eta zer epetan aitortu beharko duten eta ordaindu beharko duten beren zerga-zorra.

Urtarrilaren 26ko 16/2004 Foru Dekretuak onetsi zuen Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren erregelamenduaren 58. artikuluak gaitzen du zerga arloko eskumena duen departamentua baimena eman dezan telematikoki aurkez daitezen autolikidazioak eta beste agiri batzuk aurkezteko.

Aldi berean, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 661. eredua eta berori aurkezteko modua onestea.

1. Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren autolikidazioari, dohaintzen modalitateari, dagokion 661. eredua (“Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Autolikidazioa”) onetsi da. Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskura daiteke eredua, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es. Eredu honek lau ale ditu: Administrazioarentzako alea, interesdunarentzako alea, Jabetza Erregistroarentzako alea, eta banku entitatearentzako ordainketa gutunaren 772. eredua.

2. 661. eredua erabiliko da baldin dohaintza-emailearen eta dohaintza-hartzailearen arteko eragiketak egiten badira eta horien arteko ahaidetasun-maila bada Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko testu bateginaren 34.1 artikuluko a) letrako 2. eta 4. apartatuetan eta c) letratik g) letretara (biak barne) ezarritakoa (abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi zuen aipatu testu bategin hori).

3. 661. eredua paperean edo bide telematikoz aurkez daiteke, subjektu pasiboak aukeran duela, bide telematikoa nahitaez erabili behar duten subjektu pasiboen kasuan izan ezik. Aurkezpen hori baldintza orokorrekin bat eta 7. eta 8. artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitako prozeduraren arabera eginen da.

2. artikulua. 660. eredua eta berori aurkezteko modua onestea.

1. 660. eredua (“Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Aitorpena”) onetsi da. Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskura daiteke eredua, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es. Eredu honek bi ale ditu: Administrazioarentzako alea eta interesdunarentzako alea.

2. 660 eredua paperean edo bide telematikoz aurkez daiteke, subjektu pasiboak aukeran duela, bide telematikoa nahitaez erabili behar duten subjektu pasiboen kasuan izan ezik. Aurkezpen hori baldintza orokorrekin bat eta 7. eta 8. artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitako prozeduraren arabera eginen da.

3. artikulua. 651. eredua eta berori aurkezteko modua onestea.

1. Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren autolikidazioari, oinordetzen modalitateari, dagokion 651. eredua (“Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Autolikidazioa”) onetsi da. Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian eskura daiteke eredua, helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es. Eredu honek lau ale ditu: Administrazioarentzako alea, interesdunarentzako alea, Jabetza Erregistroarentzako alea, eta banku entitatearentzako ordainketa gutunaren 772. eredua.

2. 651. ereduko autolikidazioa erabiliko da baldin “mortis causa” eskualdaketak egiten badira kausatzailearen eta kausadunen artean eta horien arteko ahaidetasun-maila bada Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko testu bateginaren 34.1 artikuluko a) letrako 1. eta 3. apartatuetan eta b) letratik g) letretara (biak barne) ezarritakoa.

3. 651. eredua paperean edo bide telematikoaren bidez egiten ahalko da, oinordetza sorrarazten duen kausatzailearen Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren 660. ereduaren aitorpenerako subjektu pasiboak aukeratzen duenarekin bat, subjektu pasiboak nahitaez telematikaren bidez aurkeztera derrigortuta dauden kasuetan izan ezik. Aurkezpen hori baldintza orokorrekin bat eta 7. eta 8. artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitako prozeduraren arabera eginen da.

4. artikulua. Aitorpena egiteko betebeharra.

1. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, zergaren ordainarazpena Nafarroako Foru Komunitateari badagokio, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren zergadunek foru agindu honetan onetsitako ereduak aurkeztu beharko dituzte aipatu zergaren autolikidazioa egiteko.

2. Kausatzaileak oinordetza bat sortzen duenean eta oinordetza horren ordainarazpena Nafarroako Foru Komunitateari dagokionean, 660. eredua aurkeztea nahitaezkoa da. Salbuespen bakarra izanen da zergaren autolikidazio bat aurkezten denean bizi-aseguruak kobratzeko 652. ereduaren bidez, “Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zerga. Oinordetzak. Bizi-aseguruak. Autolikidazioa”.

5. artikulua. Aurkezteko tokia eta ordaintzeko modua.

1. Foru agindu honek onesten dituen ereduak Nafarroako Zerga Ogasuna Erakunde Autonomoaren bulegoetan aurkeztuko dira, urtarrilaren 26ko 16/2004 Foru Dekretuak onetsi zuen Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren erregelamenduaren 37. artikuluak ezartzen dituen epeetan.

Eskuratzeak heriotzarengatik gertatzen badira, zerga administrazioak luzatzen ahalko ditu aurreko paragrafoak aipatzen dituen aurkezpen-epeak, aipatu erregelamenduaren 38. artikuluak ezartzen duenarekin bat.

2. Subjektu pasiboak, aurreko apartatuan aipatzen den epearen barrenean, behartuta egonen dira egindako autolikidaziotik ateratako zorra Nafarroako Zerga Ogasunaren laguntzaile den edozein finantza entitatetan ordaintzera. 651. eta 661. ereduei dagokien diru-sarrera egiteko, horretarako prestaturiko ordainketa-gutuna erabiliko dute, horretarako onartzen diren gainerako ordainketa-moduetako edozein erabiltzen ahal badute ere.

6. artikulua. Agiriak aurkeztea.

1. Eskuratzeak heriotzarengatik gertatzen badira, aitortzaileak aurkeztu beharko du, aitorpenak paperean aurkezten diren une berean, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren erregelamenduaren 36.4 artikuluak aipatzen duen dokumentazioa.

2. Eskuratzeak inter vivos gertatzen badira, aitortzaileak aurkeztu beharko du, aitorpenak paperean aurkezten diren une berean, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren erregelamenduaren 36.6 artikuluak aipatzen duen dokumentazioa.

7. artikulua. 651., 660. eta 661 ereduak telematika bidez, Internet erabiliz, aurkezteko baldintza orokorrak.

1. Aitorpenak telematika bidez aurkeztean baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, gaiari buruzko legeriak ezartzen duen moduan, edo Cl@ve identifikazio elektronikorako sistema, edo bere identifikazio pertsonalerako zenbakia (PIN), Nafarroako Zerga Ogasunak emana, nortasuna frogatu ahal izateko.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Hirugarrenen izenean aitorpenak telematika bidez aurkezteko kanpo lankidetzarako ituna onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, hirugarrenen izenean aitorpena telematika bidez aurkezteko baimena duten pertsona edo entitateek ahalmen hori erabiltzen ahalko dute foru agindu honek aipatzen duen eredu horri dagokionez; horretarako, Nafarroako Zerga Ogasunak onartutako ziurtagiri elektronikoa izan beharko dute, edo aurreko b) letran aipatzen den agirietako bat.

d) 651., 660. eta 661. ereduen aurkezpen telematikoa egiteko, aitortzaileak edo baimendutako aurkezleak, halakorik bada, Nafarroako Zerga Ogasunaren atarian eskuragarri dagoen web inprimakia erabili beharko du.

e) Aurkezpena egiteko modalitate hori hautatzen duten aitortzaileek aurkezpen horretarako eskatzen diren arau teknikoak izan beharko dituzte kontuan. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrian daude argitaratuta Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalen bat atzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

8. artikulua. 651., 660. eta 661. ereduen Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko, prozedura hau erabiliko da:

1. 660. ereduaren aurkezpen telematikoa Internet baliatuz egiteko, prozedura hau erabiliko da:

1.–Ogasunarekiko tramiteen zerbitzura iristea helbide honen bidez: http://hacienda.navarra.es.

2.–Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3.–Aitorpena bete eta gero, bidalketa baimenduko da. Bidalketan aitorpen bat baino gehiago sar daitezke. Ondasunen eta eskubideen “mortis causa” eskurapena dakarren egintza edo kontratua dokumentu pribatu batean dagoen jaraunspen, legatu edo beste edozein oinordetza-titulu bada, dokumentua aitorpenarekin batera bidaliko da, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren erregelamenduaren 36.4. artikuluak aipatzen duen gainerako dokumentazioarekin batera.

Aitorpena edo aitorpenak zuzen egin badira, sistemak balidatu eginen ditu. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Zuzendu eta gero, sistemak jakinaraziko du aitorpen-aurkezpenen lote-zenbakia, baita aurkeztutako aitorpen bakoitzari esleitu zaion zenbakia ere, eta ea posible den inprimatzea aitorpenen frogagiri bat lortzeko.

2. 651. eredua telematikaz aurkezteko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik 660. eredua bide beretik aurkeztea, autolikidatzen den jaraunspenaren kausatzaileari buruzkoa.

3. 651. eta 661. ereduen Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko, prozedura hau erabiliko da:

1.–Ogasunarekiko tramiteen zerbitzura iristea helbide honen bidez: http://hacienda.navarra.es.

2.–Egin nahi den autolikidazio eredua adierazi, eta autolikidazioa aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete. “Inter vivos” eta doako negozio juridiko pribatu baten bidezko ondasunen eta eskubideen eskurapena dakarren egintza edo kontratua dokumentu pribatu batean oinarritzen bada, dokumentua erantsi behar da, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren erregelamenduaren 36.6 artikuluak aipatzen duen gainerako dokumentazioarekin batera.

3.–Ordainketa tramitatzea aitorpena aurkeztu aurreko baldintza da.

Ordainketa egin izana frogatzeko, ordainketa horri dagokion Erreferentzia Zenbaki Osoa Nafarroako Zerga Ogasunari komunikatu beharko zaio.

a) Ordainketa, dela norberaren izenean, dela hirugarrenen izenean egindakoa, ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan aurreikusita dauden bi modalitateetako edozeinetan, Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza entitate batean irekitako kontu batean zordunduz tramitatzen bada, aitorpena aurkezteko aplikazio telematikoak berak bideratuko du tramite hori, inprimakian beharrezkoak diren datuak betez eta Erreferentzia Zenbaki Osoa lortuz.

Sistema horren bidez Erreferentzia Zenbaki Osoa lortu eta txertatutakoan, aurkezleak aitorpena bidaliko du, eta ez da bestelako tramiterik egin beharko.

Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoaren sistemari atxikitako finantza entitateak zerga hau aurkezteko aplikazio telematikoan bertan agertzen dira.

b) Ordainketa Nafarroako Zerga Ogasunaren ordainketa telematikoko sistemari atxikitako finantza entitate batean irekitako kontu batean zordunduz tramitatzen ez bada, Erreferentzia Zenbaki Osoa diru-bilketaren kudeaketan laguntzaile aritzen den gordailuko finantza entitateak eman beharko du, dela bertaratuta, dela entitate horrek bere bezeroen eskura jartzen duen bitartekoa erabiliz. Erreferentzia Zenbaki Osoa horrela lortutakoan, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren aitorpenean agerrarazi beharko da, Nafarroako Zerga Ogasunari aurkeztu baino lehen.

Zerga telematikaren bidez aurkezteko aplikazio informatikoak aukera emanen du datuak behar bezala beteta dituen zirriborro bat gordetzeko. Ordainketa egin ondoren, zirriborro hori berreskuratzen ahalko da, eta gero aitorpen gisa tramitatu, Erreferentzia Zenbaki Osoa txertatu ondoren.

4.–Aitorpena bidali. Bete eta gero, eta hala badagokio, autolikidazioa ordaindu eta gero, bidalketa baimenduko da. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatu eginen du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

Autolikidazioa zuzen bete denean, sistemak aurkeztutako autolikidazioari esleitutako zenbakia komunikatuko du, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

651. ereduaren bidalketan aitorpen bat baino gehiago sar daitezke. Aitorpen bat baino gehiago bidaltzen bada, Administrazioak egindako bidalketak baliozkoak direla egiaztatuko du, eta autolikidazio-aurkezpenen lote-zenbaki bat sortuko du, baita aurkeztutako autolikidazio bakoitzari esleitutako zenbakia ere, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

4. 660. ereduaren aitorpenen eta 651. eta 661. ereduen autolikidazioen bidalketak https://hacienda.navarra.es helbidean eskuragarri dagoen aitorpenak kontsultatzeko aplikaziotik egiaztatzen ahalko dira, eta bertatik lortzen ahalko da aurkeztu izanaren eta telematikaz ordaindu izanaren frogagiria.

5. Aurreko atalean ezarritakoaren arabera lortutako frogagiri horrek aurkezpen eta ordainketa telematikoen frogagiri gisa balikoko du ondorio guztietarako.

9. artikulua. Telematikoki aurkeztutako autolikidazioei erantsitako dokumentu publikoen bidalketa.

Subjektu pasiboek edo foru agindu honek araututako aitorpen eta autolikidazio telematikoak aurkezten dituztenek epe hau izanen dute irabazi asmoz eskuratutako ondasunak eta eskubideak dakarten egintza edo kontratua jasotzen duten dokumentu publikoak aurkezteko: autolikidazio horiek telematikoki aurkeztu eta biharamunetik hamabost egun.

Nafarroako Zerga Ogasunak jendearen arretarako dituen bulegoetako edozeinetan aurkeztuko dira aurreko lerroaldean adierazitako dokumentuak. Aurkezpen horren osagarri, frogagiri batean aurkezlea nor den adieraziko da eta aurkeztutako dokumentuen zerrenda egin eta horiek identifikatuko dira. Frogagiri hori https://hacienda.navarra.es. helbidean eskuragarri dagoen aitorpenak kontsultatzeko aplikazioaren bidez lortuko da, eta bi ale edukiko ditu: bat interesdunarentzat eta beste bat Administrazioarentzat.

Aurkezpen hori ez da beharrezkoa izanen baldin eta autolikidazioaren agiri publikoa baimentzen duen notarioak Nafarroako Zerga Ogasunari haren kopia bidaltzen badio telematikoki, 1862ko maiatzaren 28ko Notariotzari buruzko Legearen 17 bis artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

10. artikulua. Erregistro publikoek aurkezpenaren eta ordainketaren frogagiria egiaztatzea.

Aitortzaileak berariaz baimendu ondoren, autolikidazioen edukia, telematikoki edo paperezko euskarrian aurkeztuta ere, kontsultatzen ahalko dute jabetza eta merkataritza erregistratzaileek, http: //www.hacienda.navarra.es Interneteko helbidean eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren mende dagoen egintza edo kontratua jasotzen duten dokumentuak onartu daitezen eta ondorioak izan ditzaten erregistro publiko horietan.

Era berean, jendearentzat eskura egonen den web zerbitzu bat prestatuko da, http: //www.hacienda.navarra.es helbidean eskuragarri, egiaztatuko duena aurkezpen edo ordainketa telematikoaren frogagiria eta Nafarroako Zerga Ogasunean dauden datuak bat datozela.

Xedapen iragankor bakarra.–Zerga-zorra geroratzea.

Kasu hau Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduak ezartzen duen telematikaz aurkezteko betebeharraz salbuetsita dago: autolikidazioaren ondorioz ordaindu beharreko kopurua zatitzeko edo geroratzeko eskaera daramaten autolikidazioak, aurkezpen-modu hori garatzen ez den bitartean. Aitorpen horiek paperezko euskarrian aurkeztuko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartu eta gero, bi arau hauek indargabetuta geratuko dira: Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 21eko 218/2009 Foru Agindua, autolikidazioaren araubidea ezartzen duena zenbait negozio juridikoren likidazio eta ordainketarako prozedura gisa Oinordekotzen eta Dohaintzen gaineko zergaren esparruan; eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren abuztuaren 27ko 345/2012 Foru Agindua, autolikidazioaren araubidea ezarri zuena “mortis causa” negozio juridikoen likidazio eta ordainketarako prozedura gisa Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren esparruan, eta 650., 651., 652. eta 660. ereduak onetsi zituena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta egun horretatik aurrera aurkezten diren aitorpenei eta likidazioei aplikatuko zaie, zein den ere zerga sortzeko data.

Iruñean, 2019ko uztailaren 1ean.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1909060