155. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Alkateordeak eta Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatzea, eta eskumenak eskuordetzea

Tuterako Udaleko alkate udalburuak, 2019ko ekainaren 17an, 13/2019 Dekretua eman zuen. Hona horren testua:

“Tuterako Udalak, 2019ko ekainaren 15ean egin bilkura berezian, Osoko Bilkura eratu zuen, maiatzaren 26ko hauteskundeen ondotik. Halaber, Alkatetza honen eskumenei dagokienez, bidezkoa da indarrean den araudiak ezartzen dituen gainerako organoak, beharrezkoak nahiz osagarriak, eratzen jarraitzea, horien guztien ohiko funtzionamendua lortzearren.

Beharrezko organo horien artean alkateordeak daude, Udalaren Erregelamendu Organikoaren 3.1 artikuluak dioenaren arabera, eta alkateordeen araubidea erregelamenduaren 26., 27. eta 28. artikuluetan arautzen da; zehazki, 26. artikuluan ezartzen da alkateak libreki izendatu eta kargutik kenduko dituela alkateordeak, Tokiko Gobernu Batzarreko kideen artetik, eta haien kopurua ez dela izanen Batzarreko kideena baino handiagoa.

Halaber, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 20.1.b) artikuluaren arabera Tokiko Gobernu Batzarra ere beharrezko organoa da, eta haren kideak izanen dira alkatea, batzarburu arituko baita, eta hark libreki batzarkide izendatutako zinegotziak, betiere kontuan harturik izendatuen kopurua ezin dela izan Udalbatzako legezko kideen herena baino handiagoa (aipatu legearen 23.1 artikulua); kasu honetan, zazpi izanen dira.

Udalaren Erregelamendu Organikoaren 71. artikuluak ezartzen du Tokiko Gobernu Batzarrak astean behin eginen duela bilkura arrunta, alkateak dekretu bidez ezarriko dituen egun eta orduetan; eta bilkura berezi edo presakoak, berriz, alkateak berak erabakitzen duenean. Aurrekoa gorabehera, alkateak badu ahalmena batzar hori noiznahi biltzeko, organo horren iritzia edo laguntza beharrezkoa iruditzen zaionean, bere eskumeneko eskudantzien erabileran behar diren ebazpenak eman aurretik.

Ahalmen horiek erabiliz eta gaia arautzen duten toki araubidearen arloko gainerako legezko xedapenak ikusita,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Tokiko Gobernu Batzarreko kide izendatzea, batzarburu ariko den alkatearekin batera jarduteko, honako zinegotzi hauek:

–Anichu Agüera Angulo.

–Fernando Ferrer Molina.

–Zeus Pérez Pérez.

–Irune García García.

–Irene Royo Ortín.

–Eneko Larrarte Huguet.

–Ángel Sanz Alfaro.

Bigarrena.–Tuterako Udaleko alkateorde izendatzea, ezartzen den hurrenkeran, Tokiko Gobernu Batzarreko kide hauek:

–Lehen alkateordea: Anichu Agüera Angulo.

–Bigarren alkateordea: Fernado Ferrer Molina.

–Hirugarren alkateordea: Zeus Pérez Pérez.

–Laugarren alkateordea: Irune García García.

–Bosgarren alkateordea: Irene Royo Ortín.

–Seigarren alkateordea: Eneko Larrarte Huguet.

–Zazpigarren alkateordea: Ángel Sanz Alfaro.

Hirugarrena.–Tokiko Gobernu Batzarraren esku uztea eskumen hauek:

1. Udal ordenantza eta erregelamenduak betearaztea, eskuordeturik dituen eskumenen esparruan.

2. Dirulaguntzetarako deialdiak onestea, beste organo baten eskumena ez direnean.

3. Tokiko Gobernu Batzarrak erabakita gauzatzen edo egiten diren obrak eta zerbitzuak zuzendu, bultzatu eta ikuskatzea.

4. Lantegiak edo industria nahiz merkataritzarako establezimenduak edo beste edozein irekitzeko lizentziak ematea.

5. Obra-lizentziak ematea, proiektu teknikoa behar badute eta haien aurrekontua 30.050,61 eurokoa baino handiagoa bada.

6. Adjudikazioko gehieneko kopuruak gainditzen dituzten edozein motatako kontratazioak egitea, faktura bidezkoak eta kreditu erreserbarekin, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 81. artikuluaren arabera, betiere aurrekontua gauzatzeko oinarrietan gastua baimentzeko ezartzen dena galarazi gabe.

7. Obren eta zerbitzuen proiektuak onestea, haiek kontratatzeko edo emateko eskumena duenean.

8. Ondasunak eskuratu, erabili eta besterentzea, ondareari buruzko legeriak alkateari esleitzen dionean, baldin eta aurrekontuko baliabide arrunten %1 baino gehiago eta %5 baino gutxiago egiten badute.

9. Aurrekontuaren ohiko garapenari dagozkion fakturak onestea, baldin eta kontu-hartzailetza zerbitzuek jaso badituzte eta Tokiko Gobernu Batzarrak baimenduriko gastuei badagozkie.

10. Alkatetzaren eta zinegotzi ordezkarien fakturen zerrenda ematea Tokiko Gobernu Batzarrari, soilik horien berri izan dezan.

11. Bere eskumenen esparruan udal ordenantzei dagozkien arau-hausteak zehatzea.

12. Berraztertzeko errekurtsoak ebaztea, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoei buruzko txostenak egitea, eskuordeturiko eskumenak erabiltzean gauzatutako egintzen kontra paratzen direnean.

13. Hirigintza-antolamendu eta -kudeaketako hitzarmenak eta tresnak onestea, horien gaineko eskumena alkatearena denean.

Laugarrena.–Tokiko Gobernu Batzarrak, orokorrean, ostiralero eginen du bilkura arrunta, 09:00etan.

Bosgarrena.–Indarrik gabe uztea, indarrean uste litekeen orotan, Tokiko Gobernu Batzarreko kideak izendatzeari eta Alkatetzak bere eskudantziak haren eskutan uzteari dagokionez lehenago emandako xedapen guztiak.

Seigarrena.–Dekretu honen berri ematea Udaleko Osoko Bilkurari eta Tokiko Gobernu Batzarrari, egiten duten hurrengo bilkuran; ukitutako zinegotziei jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, nahiz eta sinatzen denetik aitzina izanen duen indarra.”

Tuteran, 2019ko ekainaren 17an.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

Iragarkiaren kodea: L1909153