155. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERRI

Aldaketa, iraupen luzeko laboreak ezartzeko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan.
Behin betiko onespena

Honen bidez jakitera ematen da pasa den otsailaren 28ko osoko bilkuran akordio bidez emandako hasierako onespena behin betiko onespen izatera pasatu ondoren, egokia dela herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan jarraian errepikatzen den testuaren arabera egindako aldaketa argitaratzea.

ALDAKETA, IRAUPEN LUZEKO LABOREAK EZARTZEKO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAN

Zioen azalpena

Azken urteotan, nekazariek herri-lurrak eskatu dituzte urte anitzeko zikloa duten laboreetarako; alegia, haien bizi-zikloa edo bizitza baliagarriagatik aprobetxamendu-aldi erlatiboki laburrak gainditzen dituzten laboreak landatzeko. Bizi luzeko laboreak dira, hala nola olibondoak, mahatsondoak, fruta-arbolak, etab.

Udalaren iritziz, eskaera horri behar bezala erantzun behar zaio, baina zuhurtziaz. Ezin da lur horien izaera komunala hutsaldu eta herri-lurren ezaugarri den funtzioa bermatu behar da, alegia, bizilagun guztiek aprobetxatu ahal izatea; baina arretaz ibili behar da, pertsona batzuek epe luzeegietan zehar lurrak berenganatzea eta bizilagunei sarbidea oztopatzea saihesteko. Bestalde, lurrak erabiltzeko aldien iraupena ezin da bateraezina izan adjudikaziodunaren zuzeneko laborantza pertsonalaren iraupenarekin; esaterako, soberan gainditzen badute herritarren bizi-itxaropena. Halaber, ezin da onartu iraupen luzeegia izateagatik ahanztura egoerak sor ditzaketen edo udalak titulartasunarekiko kontrolik ez izatea eragin dezaketen lurrak erabiltzeko eperik.

Udalarentzat begien bistakoa da, urte anitzeko laboreetarako lurren eskaera horren aurrean, ezinbestekoa dela lurrak arautzen dituen araudia berrikustea. Araudi hori, legezko eta erregelamenduzko foru arauei dagokienez, Erriberriko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzan sartuta dago funtsean. Ordenantza hori 1992ko 95. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 7an.

Araudia aztertu ondoren, egiaztatu da hura osatzeko beharra dagoela honako alderdi hauek barne hartzen dituzten xedapenekin: batetik, aprobetxamenduak erabiltzeko epeen inguruko zehaztasuna eta segurtasuna bermatzea; eta bestetik, herri-ondarearen integritatea mantentzea eta hura erabiltzeko eskubidea duten bizilagunek erabiltzeko aukera izatea.

Horregatik, aipatutako ordenantzaren 20, 29 eta, batez ere, 36. artikuluak aldatzea erabaki da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Foru Komunitateko toki erakundeen onasunen arloko arauak garatzeko erregelamendua errespetatuz.

Aldaketaren edukia

Lehen artikulua.–Ordenantzaren 20. artikulua aldatzea.

Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzaren 20. artikulua honela geldituko da idatzirik:

20. artikulua. Lehentasunezko laborantza-lurretako aprobetxamenduak erabiltzeko epea ez da izanen zortzi urte baino gutxiagokoa, urtebeteko zikloa duten laboreetarako.

Ezohiko baldintzetan, lurzati berrantolamendua edo bestelako ezinbesteko arrazoiren bat dela eta, aprobetxamendua eten, bertan behera utzi edo iraungitzen ahal da, eta udalak ez du zertan inolako ordain edo kalte-ordainik ordaindu beharko.

Labore iraunkor edo urte anitzekoetarako aprobetxamenduen iraupena ordenantza honetan mota horietako laboreei dagokienez berariaz xedatutakoaren araberakoa izanen da.

Bigarren artikulua.–Ordenantzaren 29. artikulua aldatzea.

Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzaren 29. artikulua honela geldituko da idatzirik:

Zuzenean bizilagunei adjudikatutako laborantza-lurretako aprobetxamenduak erabiltzeko epea bizilagunen lehentasunezko aprobetxamenduetarako aurreikusitakoaren berdina izanen da.

Hirugarren artikulua.–Ordenantzaren 36. artikulua aldatzea.

Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzaren 36. artikulua honela geldituko da idatzirik:

36. artikulua. Urte anitzeko laboreetarako lurren aprobetxamendua.

1.–Artikulu hau aplikatzea.

Artikulu hau osorik aplikatuko zaie lehorreko labore iraunkor edo urte anitzekoetara bideratutako herri-lurren adjudikazio guztiei, lehentasunezko aprobetxamenduen nahiz zuzenean adjudikatutako aprobetxamenduen kasuan. Urte anitzeko laboreetarako herri-lurretako aprobetxamenduak ezin izanen dira, inolaz ere, enkante publikoan esleitu.

Hala eta guztiz ere, Nafarroako Ubideko eremu ureztagarrietan artikulu hau aplikatuko da, eremu ureztagarri horietako IV-2, IV-4 eta V sektoreetarako onetsitako berariazko araudian ezarritakoaren kalterik gabe.

2.–Labore iraunkor edo urte anitzekoa.

Artikulu honen xedeetarako, labore iraunkor edo urte anitzekotzat joko dira landatzen diren unetik aurrera bizitza baliagarri luzea, zortzi urtekoa baino luzeagoa, duten laboreak. Adibidez, modalitate honetako laboreak dira olibondoak, mahatsondoak, almendrondoak, fruta-arbolak eta antzekoak.

3.–Labore iraunkor edo urte anitzekoetara bideratutako herri-lurrak esleitu aurretik bete beharreko baldintzak.

Udalak baldintza hauek betetzen direla ziurtatuko du labore iraunkor edo urte anitzekoetara bideratutako laborantza-lurrak adjudikatu aurretik:

–Laborantza-lurren azalera osoaren ehuneko 50, gutxienez, lehentasunezko aprobetxamenduak izan behar direla errespetatzea.

–Laborantza-lurren azalera osoaren ehuneko 5, gutxienez, aprobetxamendu-eskaera berriei erantzuteko erreserbatu behar direla errespetatzea.

–Mota honetako laboreetara ezin izanen da bideratu Erriberriko Udalaren jabetzako laborantza-lurren azalera osoaren ehuneko 20 baino gehiago.

4.–Lurrak aurrez zehaztea, udalaren berariazko akordio baten bidez.

Herri-lurrak ezin izanen dira adjudikatu labore iraunkor edo urte anitzekoen aprobetxamenduetarako udalak ez badu aurrez berariazko akordio bat egin aprobetxamendu horietarako erabiliko diren lurren inguruan, eta ez badira honako alderdi hauek idatziz jaso administrazio-espediente batean:

–Laborantzara bideratutako herri-lurren azalera, guztira.

–Lehentasunezko aprobetxamenduetara bideratutako herri-lurren azalera, guztira.

–Zuzenean adjudikatzen diren aprobetxamenduetara bideratutako herri-lurren azalera, guztira.

–Aurreko atalean aipatzen diren aldez aurreko baldintzak betetzen direla.

–Urte anitzeko laboreen aprobetxamenduetara bideratutako herri-lurren muga zehatzak.

5.–Labore iraunkor edo urte anitzekoen aprobetxamenduak eskatu ahal izateko bete beharreko baldintzak.

Labore iraunkor edo urte anitzekoen aprobetxamenduak eskatzen dituzten pertsonek, derrigorrezko eskaera eta orokorrean eskatzen den dokumentazioaz gain, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte udalean:

–Landaketa-proiektua, askotariko alderdi teknikoak xehatzen dituena; besteak beste, hauek: landatuko den espeziea, barietatea, hazkuntza-sistema, aurreikusitako bizitza baliagarria, lurraren emankortasuna mantenduko eta hobetzea ziurtatzen duten hazkuntza-teknikak, eta garrantzitsutzat jotzen diren beste alderdi batzuk.

–Aprobetxamendua iraungi ondoren lurrak lehengoratzeko proiektua. Bertan aintzat hartuko dira, aprobetxamenduaren epea amaitu edo uste baino lehenago iraungi ondoren, esleitutako lurrak hasierako egoerara lehengoratzeko aurreikusten diren neurri guztiak.

–Bizilagun eskatzaileak laborea landatzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren eskubide eta baimen guztiak lortu beharko ditu.

Laborantzarako herri-lurretako aprobetxamenduen adjudikaziodunek ezin izanen dute aurkeztu labore iraunkor edo urte anitzekoen aprobetxamendu-eskaera hura erabiltzeko epea hasi ondoren.

6.–Urte anitzeko laboreen aprobetxamendurako lurren onuraduna izateko baldintzak.

Urte anitzeko laboreetarako lurren aprobetxamenduaren onuradun izateko ezinbesteko baldintzak indarrean dagoen araudiak laborantza-lurren onuradun izateko orokorrean ezartzen dituen berberak izanen dira.

Baldintza horiek aprobetxamenduaren indarraldi osoan zehar bete beharko dira.

Indarraldian zehar baldintza horietako bat betetzeari uzten bazaio, berehala iraungiko da aprobetxamendua.

Udalak ez du betebeharrik edo erantzukizunik izanen iraungitze horren ondorioz, eta ez dio inolako kalte-ordainik ordaindu beharko onuradunari.

Aprobetxamenduaren adjudikaziodunak, esleipena legezko izan aurretik, berme bat beharko du, dirutan edo bankuaren abal baten bidez, bere gain hartuko dituen betebeharrak eta erantzukizunak beteko dituela eta aprobetxamendua amaitzean lurrak lehengoratuko dituela bermatzeko. Berme horren zenbatekoa Udalak jakinaraziko du kasu bakoitzean, landaketa- eta lehengoratze-proiektuen arabera, eta ezin izanen da proiektu horien zenbatekoaren ehuneko 10 baino gutxiago izan.

7.–Aprobetxamenduaren uko arrazoitua.

Udalak uko egin ahal izanen dio eskatutako aprobetxamenduari, interes orokorreko arrazoiak direla eta; adibidez, beste bizilagun batzuek laborantzarako herri-lurren adjudikazioa lortzeko aukera izatea, hurrengo urteetarako aurreikusten den eskaria, sailen plangintza ordenatua, esleitu beharreko lehorreko lurren antolaketa egokia, herri-lurrak hobetzeko proiektuak aurreikustea, eta berariaz azaldutako beste arrazoi batzuk.

8.–Gainerako aprobetxamenduetatik kanpo uztea.

Urte anitzeko laboreetarako lurren aprobetxamenduaren adjudikazioduna ezin izanen da beste laborantza-lurren onuraduna izan, aprobetxamenduak irauten duen bitartean.

Ondoren xedatutakoaren arabera urte anitzeko aprobetxamendua oinordetzan hartzen bada, aprobetxamendu horren onuradun izan nahi duen oinordekoak ordura arte erabili dituen laborantzarako herri-lurrak itzuli beharko dizkio Udalari, hala badagokio.

9.–Aprobetxamenduen iraupena.

Honako espezie hauen aprobetxamenduek ezin izanen dituzte gainditu kasu bakoitzerako jarraian zehazten diren epeak.

–Fruta-arbolak orokorrean: hogeita lau urte.

–Almendrondoak: hogeita hamar urte.

–Mahatsondoak: hogeita hamabost urte.

–Olibondoak: berrogeita hamar urte.

Gainerako urte anitzeko laboreen aprobetxamenduen epea zehazteko, ordenantza hau aldatu beharko da, eta laboreen iraupena ezarri.

10.–Aprobetxamenduak iraungitzea.

Labore iraunkor edo urte anitzekoetarako herri-lurren aprobetxamenduak honako arrazoi hauen ondorioz iraungiko dira.

1. Aprobetxamenduaren emakida-epea amaitzea.

2. Adjudikaziodunak ordenantza honetan arau-hauste gisa definituta dagoen eta aprobetxamendua iraungitzea dakarren jarreraren bat izatea.

3. Aprobetxamendua adjudikatzeko unean formalizatzen diren baldintzetan berariaz jasotako arrazoiak.

4. Lurrak, guztiak edo zati bat, adjudikazioan zehazten den laborea ez den beste labore bat landatzeko erabiltzea, Udalaren berariazko baimen idatzirik gabe.

5. Lur guztiak edo zati bat hirugarren bati uztea.

6. Adjudikaziodunak zuzeneko laborantza pertsonala egitearen baldintza ez betetzea.

7. Erriberriko bizilagun izateari uztea.

8. Laboreak alde batera uztea urtebete baino gehiagoz.

9. Beste edozein arrazoirengatik nekazaritza-jarduera etetea.

10. Adjudikazioduna hiltzea, aprobetxamendua oinordetzan hartzeari buruz ondoren adieraziko denaren kalterik gabe.

11. Urteko kanonari dagokion zenbatekoa ez ordaintzea sei hilabete baino gehiagoz, atzerapenagatik sortutako interesak ordaintzearen katerik gabe.

12. Indarrean dauden lege eta erregelamendu guztiek adjudikazioa egiteko unean aurreikusten dituzten iraungitzeko arrazoi guztiak, baita herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzan jasotakoak ere.

11.–Aprobetxamendua oinordetzan hartzea.

Urte anitzeko laboreen aprobetxamendua iraungi eginen da, emakida-epea bukatu aurretik ere, adjudikazioduna hiltzen den unean.

Hala eta guztiz ere, adjudikazioduna zenaren oinordekoak adjudikazio-epea amaitzeko falta den denboran zehar oinordetzan hartzen ahal du aprobetxamendua, honako baldintza hauek betetzen baditu.

1. Oinordeko bat baino gehiago balego, aprobetxamendua oinordetzan hartuko duen pertsona izendatu beharko dute, idatziz jasotako eta Udalaren aurrean sinatutako akordio baten bidez. Akordiorik ez badago, behin betiko iraungiko da aprobetxamendua.

2. Adjudikazioduna zenaren bigarren mailara (bilobak) arteko oinordeko zuzenek soilik hartzen ahal dute oinordetzan aprobetxamendua.

3. Udalari idatziz jakinarazi beharko zaio aprobetxamendua oinordetzan hartzeko asmoa, sei hilabeteko epean heriotzaren egunetik aitzina. Epe horren barruan, hasierako adjudikazioduna ordeztu nahi duen oinordekoak jaraunspenaren onarpena eta 1. baldintzan aipatutako akordioa egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu.

5. Aprobetxamendua oinordetzan hartuko duen oinordekoak laborantzarako herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko legez ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu, baita ordenantza honen 15. artikuluan orokorrean ezarritakoak ere. Aprobetxamendua amaitzeko falta den denboran zehar bete beharko ditu baldintzak.

12.–Lehengoratzea.

Aprobetxamendua iraungi denean, lurrak lehengoratu eta Udalaren esku utziko dira.

Une horretan, lurrak hasierako egoerara lehengoratzea (adjudikaziodunaren kontura) edo sailak bere gain hartzea erabakitzen ahal du Udalak. Edozein kasutan ere, Udalak ez du inolako ordain edo kalte-ordainik eman beharko.

Lurrak hasierako egoerara lehengoratzea erabakiko balu Udalak, laboreak errotik atera, hondakinak eta materialak kendu (zutoinak, alanbreak, etab.) eta lurra irauli eta findu egin beharko da, ondorengo laboreak behar bezala landatu ahal izateko. Hori guztia aprobetxamendua uzten duen onuradunaren edo, hala badagokio, haren oinordekoen kontura izanen da.

Sail horiek bere horretan mantentzea erabakiko balu Udalak, sailak nahiz lurrak udalbatzaren esku geldituko dira, berriz ere adjudikatzeko edo komenigarriena iruditzen zaiona egiteko. Adjudikaziodunak ez du lurrarekiko edo sailekiko eskubiderik izanen, eta ezin izanen du inolako ordain edo kalte-ordainik eskatu erabileraren, eskubideen, hobekuntzen edo lurraren aprobetxamenduaren ondorioz sortutako bestelako kontzeptuen truke.

13.–Adjudikazioa formalizatzea.

Udalak eta adjudikaziodunak administrazio-agiri batean formalizatuko dute aprobetxamenduaren adjudikazioa, eta honako alderdi hauek jasoko dira beran, gutxienez:

–Agiria sinatzen duten agintaritzaren eta onuradunaren nortasuna.

–Aurrekari administratibo adierazgarriak.

–Adjudikatu beharreko lurrak.

–Aprobetxamenduan landatu beharreko urte anitzeko laborea.

–Kanona, epea eta gainerako betebeharrak, eta baldintza orokorrak.

–Arau-hausteak eta zehapenak.

–Iraungitzeko arrazoiak.

–Artikulu honetan ezarritakoak garatzen edo osatzen dituen edozein alderdi.

14.–Ondasunen udal inbentarioa.

Partikularki, Udalak idatzirik utzi beharko ditu urte anitzeko laboreetarako herri-lurren aprobetxamenduen emakidak, eta haren iraupena berariaz adierazi beharko da emanen diren lurrek Ondasunen udal inbentarioan dituzten aipamenetan.

Halaber, inbentario horretan, urteroko zuzenketa bakoitzean nahiz udalbatza berritzen denean egiten diren berrikuspen guztietan, urte anitzeko laboreen aprobetxamendurako eman diren lurrak barne hartzen dituen eranskin bat agertuko da, eta honako datu hauek adieraziko dira bertan:

–Emakidaren data.

–Emakidaren titularra.

–Aprobetxamenduaren epea.

–Labore mota.

–Aprobetxamenduaren titulartasunean egon diren aldaketak, artikulu honetan xedatutakoaren arabera, hala badagokio.

–Aprobetxamenduaren muga-eguna.

–Udal ondarearen integritatea eta lurren izaera komunala bermatzeko komenigarriak izaten ahal diren bestelako datuak.

Jendaurrean jartzen da orok jakin dezan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta ohartarazten da behin betiko onespen honen aurka honako errekurtso hauek jartzen ahal direla: gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina; eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, dagokion jurisdikzioko eskumena duen organoari zuzendurik, argitalpen horren biharamunetik aitzina.

Erriberrin, 2019ko maiatzaren 3an.–Alkatea, Andoni Lacarra García.

Iragarkiaren kodea: L1907688