155. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

402E/2019 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen duena Kasedako udal-mugartean dagoen elikagaietarako bilgarri artifizialak fabrikatzeko instalazio baterako. Titularra Viscofan SA da.

Instalazio hori funtzionamenduan dago eta badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren maiatzaren 10eko 232/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 198E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta ondoren Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren otsailaren 14ko 35E/2018 Ebazpenaren bidez aldatua.

Titularrak jakinarazi zuen instalazioa aldatzeko proiektua, 4. nabean zelulosazko eta fibrosazko hesteak ekoizteko linea berriak ezartzekoa. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak funtsezko aldaketatzat jo zuen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hortaz, beharrezkoa da ingurumen baimen integratu berri bat ematea instalazio osorako, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluarekin bat.

Instalazioa Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2B eranskineko 6.2 epigrafean jasota dago, hots, “Zelulosaren ekoizpen eta tratamendurako instalazioak, egunean 15 tonatik gorako ekoizpen ahalmena dutenak” izenekoan, eta horren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren eta ingurumenaren gaineko eraginaren nahitaezko ebaluazioaren araubidearen menpe dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Instalazioa, orobat, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 5. taldeko 1.VIII) atalean dago sartuta.

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honek lur azaleko uretan zuzenean isurtzeko baimena dakar, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa; ondorio horietarako, isurketak egitearen gaineko onargarritasunari buruzko txostenaren edukia erantsi da. Txostena Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eman du.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara emisioak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Titularrak ingurumen eraginaren ebaluazioaren ohiko prozedurari hasiera ematea eskatu zuen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea (erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Espedientea jendaurrean egon da eta, aldi berean, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin, hogeita hamar eguneko epean, inork alegaziorik aurkeztu gabe.

Egiaztatu da proiektuak betetzen duela Batzordearen 2016ko maiatzaren 30eko 2016/902 (EB) Betearazpen Erabakian xedatutakoa. Erabaki horretan ezartzen dira sektore kimikoan hondakin ur eta gasen tratamendu eta kudeaketa sistema komunetarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, industrien emisioei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak. Titularrak, orobat, zenbait ohar aurkeztu ditu, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea Kasedako udal-mugartean dagoen elikagaietarako bilgarri artifizialak fabrikatzeko instalazio baterako. Titularra Viscofan SA da. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak.

Bigarrena.–4. nabean zelulosazko eta fibrosazko hesteak ekoizteko linea berriak ezartzeko proiektuaren aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egitea, ebazpen honetan ezarritako baldintzetan. Adierazpen honek babesten duen proiektua gauzatzeko lanak lau urteko epean hasi beharko dira gehienez ere, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita; epe hori igarota, ingurumen eraginaren adierazpenak automatikoki galduko ditu ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geldituko da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan zentroak dituen inskripzio hauek mantentzea: hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P02249021962007 zenbakiarekin, eta hondakin ez arriskutsuen sortzaile gisa, 15P03069008692014 zenbakiarekin. Ekoizten ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinen ekoizpenean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Hondakin urak jabari publiko hidraulikora isurtzeko baimena sartzea, hots, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Urei buruzko Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege-Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen.

Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte. Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko.

Nolanahi ere, legediak ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedura hasteko (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-Dekretuaren 26. artikulua eta Urei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen 1/2001 Legegintzako Errege-Dekretuaren 104. artikulua).

Zehazki, gerora sortutako inguruabarrak gertatzen direnean, hain zuzen, lehenago gertatu izan balira, baimena ukatzea edo beste baldintza batzuetan ematea ekarriko zutenak. Era berean, titularrak informazio edo gorabeheraren bat aitortu gabe utzi duenean, jakinarazi izan balu, baimena ukatzea edo beste baldintza batzuetan ematea ekarriko zuena.

Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak aldatzen ahalko ditu kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta baliabide hartzailearen ingurumen baimenak bermatzeko.

Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarritako baldintzak behin eta berriro ez betetzea, isurketarako baimena kentzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritako prozedurarekin bat.

Baimen honek ez du baliorik izanen, baldin eta ur publikoak erabiltzeko Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako nahitaezko kontzesiorik ez bada edo ustiatzeko eskubidea frogatzen ez bada.

Bosgarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena mantentzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

Seigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikulua.

Zazpigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta teknika erabilgarri onenetan dauden aurrerapenek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.

Zortzigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat. Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Bederatzigarrena.–2019ko abenduaren 31 baino lehen, titularrak bete beharko ditu “Viscofan SAren instalazioak antolatu, egokitu eta paisaiaren aldetik lehengoratzeko proiektu integrala” izenekoan proposatutako neurriak. Era berean, urtebeteko gehieneko epean, ekoizpen linea berriak funtzionamenduan jartzen direnetik hasita, titularrak urteko jarraipen txostena aurkeztu beharko du, proiektuko neurriak nola bete diren erakusten duten argazkiekin, eta, geroago, beste txosten bat, ezarri eta bigarren urtean.

Hamargarrena.–Instalazioa handitzeko eremua funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamaikagarrena.–Proiektuari hasiera emateko eta ekoizpen linea berrien jarduera martxan jartzeko epeak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11. artikuluan ezarritakoak izanen dira. Bestela, ingurumen baimen integratua iraungitzat emanen da eta ez du inolako ondoriorik izanen. Orobat, aipatutako epeetan bete ez diren instalazioaren zatiak exekutatzeko eta martxan jartzeko, instalazioa aldatzeko espediente bat tramitatu beharko da.

Hamabigarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak handitzeko proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunean, edo, betiere, aldaketa martxan jartzen den egunean. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamaseigarrena.–Ebazpen hau igortzea Viscofan SAri, Kasedako Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko uztailaren 5ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1909607