155. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

370E/2019 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Garinoaingo Udal Planaren determinazio egituratzaileen aldaketari buruzko ingurumen txosten estrategikoa egiten duena. Ioseba Inchusta Irisarri da sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren menpe jartzen da Garinoaingo Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat.

Garinoaingo Udalak 2019ko maiatzaren 24an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2019ko 115. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 14koan.

Aldaketaren helburua hiri lurzorua handitzea da, 2. poligonoko lurzoru urbanizaezineko 239. lurzatiko 1.042,20 m² eta hiri lurzoruko herri-lurzatiko 330 m² gehituz. Exekuzio unitate berri bat (UE4) sortzen da horrela, etxebizitza bat egiteko bertan, guztira 1.367,20 m²-ko azalerarekin.

Aldaketak berekin dakar ukitutako azaleraren sailkapena aldatzea, lurzoru urbanizaezinetik lurzoru urbanizagarrira. 239. lurzatian ukitutako eremua alorrak dira eta ez du ingurumen arloko intereseko baliorik; hortaz, ez da ingurumen arloko ukipen nabarmenik aurreikusten. Eta herri-lurzatia, berriz, berdegunea eta egoteko tokia da.

Antolamendurako proposamenean, gaur egun elkartzeko erabiltzen den eremua espazio libre publikotarako erreserbatzen da, eta, horrez gain, bide bat proposatzen da berdegunearen mugan, lurzati eraikigarrirako eta herri-bide mugakiderako sarbide gisa erabiltzeko.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Kontuan harturik egoki garatu dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Garinoaingo Udal Planaren determinazio egituratzaileak 2. poligonoko 239. lurzatian eta hiri lurzoruko herri-lurzatian aldatzeari buruz. Ioseba Inchusta Irisarri da aldaketaren sustatzailea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Garinoaingo Udalari eta Hirigintza Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 26an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1908996