155. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

189E/2019 EBAZPENA, ekainaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, Lizarrako udal mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua berraztertzen duena. Instalazioaren titularra Aridos Reciclados de Navarra SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, hondakin arriskutsuak eta ez arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko zentroa izateko, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 14ko 2506/2009 Ebazpenaren bidez emana.

Azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuek hartu dute indarra, eta eragina dute aipatu instalazioan; esate baterako, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legea eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretua.

Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuak 2015eko otsailaren 22an hartu zuen indarra, eta bere bosgarren xedapen iragankorrean, instalazioen baimenak berraztertzeari buruzkoan, alegia, hau ezarri zuen: aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak kudeatzeko instalazioek baimenaren berrikuspena eskatu behar dutela, Errege Dekretua indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, horren aurreikuspenetara egokitzeko, hala behar denean.

Honetan aipatzen den instalazioak hondakinak kudeatzeko baimena du, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarriarekin bat. Baimen hori jasoa dago instalazioaren ingurumen baimen integratuan, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 14ko 2506/2009 Ebazpenaren bidez emanikoan.

Hori dela eta, instalazioaren titularrak beharrezkoa den dokumentazio teknikoa aurkeztu zuen, eta horrekin batera ingurumen baimen integratuaren berrikuspena eskatu; beraz, baimena berrikusteko prozeduraren tramitazioari hasiera eman zitzaion.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Lizarrako udal mugartean hondakinak kudeatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratua eguneratzea, Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuari egokitzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazio horren titularra Aridos Reciclados de Navarra SL da.

Bigarrena.–Instalazioaren baimenen indarraldiari eustea. Hortaz, arriskutsuak ez diren hondakinak transferitzeko zentroaren baimena edukiko du, 15G04097040132009 zenbakiarekin inskribatuta, baita hondakin arriskutsuak transferitzeko zentroaren baimena ere, 15G04097040132009 zenbakiarekin inskribatuta; biak instalazio honen ingurumen baimen integratuan sartuta daude (Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak abenduaren 14ko 2506/2009 Ebazpena). Eta bestalde, hondakinei aldez aurretik tratamendua egiteko zentroaren baimena ematen zaio, eta 15G04097040132019 zenbakiarekin inskribatuko da, hondakinak sortzeari eta kudeatzeari dagokionez.

Hirugarrena.–Suteen aurkako segurtasun neurriak direla eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua ematen duen espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotzen diren ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Aridos Reciclados de Navarra SLra eta Lizarrako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan:http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1908708