155. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

162E/2019 EBAZPENA, ekainaren 26koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Faltzesko eta Erriberriko udal-mugarteetan VTE Erriberri-Vedadillo linea elektrikoa berriz jartzeko proiektuari. ADIF-Alta Velocidadek sustatzen du proiektua.

2019ko apirilaren 29an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatu den jarduketak ordezkatu nahi du 66kV-eko Erriberri-Vedadillo aireko linea elektrikoa, Abiadura Handiko Trenarekiko gurutzaketa-tartearen longitudea txikiagoa izan dadin. Zehatz esanda, 1.104 metroko linea elektrikoa eta 4 euskarri kendu nahi dira, eta 1.110 metroko linea jarri, 6 euskarri berrirekin.

Erriberriko Udalak eman aldeko txostena jasotzen da espedientean. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Ebaluazioaren Bulegoak ere jarduketaren aldeko txostena egin du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Faltzesko eta Erriberriko udal-mugarteetan VTE Erriberri-Vedadillo linea elektrikoa berriz jartzeko proiektuari. ADIF-Alta Velocidadek sustatzen du proiektua.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Proiektatu diren euskarrietarako, aurkeztu den dokumentazioan esaten den isolagailuaren eredua erabili behar da (U70YB66 AL + PECA-1000-A).

• Talka egiteko arriskua gutxiagotzeko, ingurumen ukipenen azterlanean esaten den moduan, tarte berriko 1.110 metroak hegaztiak babesteko balizekin seinaleztatuko dira, honela:

  • Zuntzeko bi kableak/lurra: 10 metroan behineko maiztasunarekin seinaleztatuko dira, halako moldez non, albotik begiratuta, seinaleen arteko ikusizko distantzia 5 metrokoa izanen baita.
  • Kable eroaleak: kanpoko zirkuitu baten hiru kableak seinaleztatuko dira. Eroale bereko seinaleen arteko maiztasuna 15 metrokoa izanen da, halako moldez non hurrenez hurreneko bi balizaren arteko ikusizko distantzia 5 metrokoa izanen baita.

Seinalizazioa hari eroaleak ezarri eta tenkatu eta berehala eginen da; hariak jarrita, balizamendua gehienez ere 5 eguneko epean eginen da.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

• Ateratako lurrik soberan bada, lurzatian bertan uzten ahalko da, baldin eta bete-lur horrek inguruko eremuarekin fisiografikoki modu egokian bat egitea lortzen bada. Hala ez bada, hondakin kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Hirigintza arlokoak:

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

• Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren aurrean, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalera, Erriberriko eta Faltzesko Udaletara, Basozaintza Atalera (Tafalla-Zangoza Koordinazio Unitatera) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 26an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1909031