154. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESPRONTZEDA

Herri-larreen aprobetxamenduaren adjudikazioa, herritarren zuzeneko adjudikazioaren bidezkoa

Esprontzedako Udalak, 2019ko ekainaren 25eko osoko bilkura berezian, erabaki zuen herri-larreen aprobetxamenduaren adjudikazioaren prozedura hastea, herritarren zuzeneko adjudikazioaren bidez. Udalarenak dira larre horietako batzuk eta Esprontzedako jurisdikzioan dauden partikularrenak beste batzuk, 2. herri-lurrean eta bere baso-bazterrean daudenak. Honako hauek dira: Iparraldean: Torralba del Río, Otiñano eta Mirafuentes. Mendebaldean: Bargota; hegoaldean: Armañantzas; ekialdean: Desoio.

Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan, eta Esprontzedako Udalaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan ezarritakoarekin bat.

1. Onuradunak. Herritarren zuzeneko adjudikazioaren bidez emandako herri-larreen aprobetxamenduaren onuradunak familia-unitateak izaten ahalko dira, baldin eta titularrak eskakizun hauek betetzen baditu:

–Adin nagusikoa edo judizialki gaituta dagoen adingabe emantzipatua izatea.

–Udal erroldan inskribatua egotea duela hiru urtetik, bederen.

–Esprontzedan bizitzea etenik gabe, urtean 9 hilabetez, bederen.

–Esprontzedako Udalarekiko zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

–Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda edukitzea azienda, eta ustiapen liburuan agertzea.

–Udalaren baimena edukitzea bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

Etxebizitza berean bizi diren pertsona guztiak familia-unitateko kide direla ulertuko da. Hala ere, guraso jubilatuek familia-unitate independentea osatzen dutela ulertuko da, senideekin bizi badira ere, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoak badira.

2. Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak: eskubidea badutela deritzoten herritar interesdunek eskaerak aurkeztu beharko dituzte 15 egun naturaleko epean, ediktu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera. Eskaerekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

–Dagokion Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan zenbat abelburu erroldaturik dituen zehazten duen frogagiria.

–Nekazarien Gizarte Segurantzan afiliaturik dagoela eta ordainketak eguneratuak dituela egiaztatzen duen agiria.

–Kalteengatik erantzukizun zibilerako adjudikaziodunak aseguru konpainia batekin kontratatutako aseguru-polizaren kopia.

3. Aprobetxamenduaren baldintzak.

–Herritarren zuzeneko adjudikazioaren prozedura bukatu ondoren, honako hau gordailutu beharko du adjudikaziodunak, adjudikazio erabakia jakinarazi eta bost eguneko epean: adjudikazioaren zortzi urteei dagokien diru kopuru osoaren %2, berme gisa.

–Adjudikazio epea zortzi urtekoa izanen da, adjudikaziodunarekin formalizatu beharreko kontratua sinatu eta biharamunetik zenbatzen hasita, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 189. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

–Kalkulatzen da herri-larreen prezioa 4.200 eurokoa izanen dela, urtean.

Prezioa urtean behin berrikusiko da, bizitzaren kostuaren igoerari egokitzeko, erakunde eskudunak urte bakoitzerako onetsitako indizeen arabera.

Esprontzedan, 2019ko ekainaren 25ean.–Alkate udalburua, Lizhet Jhoana Cerpa Paredes.

Iragarkiaren kodea: L1910284