154. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

184E/2019 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, ukatzen duena hodi zentrifugatuak fabrikatzeko instalazio baten aldaketa nabarmena, iparraldeko euri-uren isurketa Valdegako araztegiarekin (Murieta) lotzeko proiektua gauzatzeko helburua duena. Instalazioa Murietako udal-mugartean dago eta haren titularra Schmidt-Clemens Spain SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren uztailaren 31ko 403/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 9ko 192E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta ondoren Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 29ko 135E/2017 Ebazpenaren bidez aldatua.

2018ko irailaren 19an titularrak jakinarazi zuen bere instalazioa aldatzeko proiektua, iparraldeko euri-uren isurketaren eta Murietako araztegiaren artean konexio bat ezartzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2018ko irailaren 20an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez funtsezkoa” zen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta horregatik ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berririk ematea. Baina aldaketa “nabarmena” ere bazela zioen irizpenak, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baitzituen instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan; hortaz, aldaketa horiek instalazioak duen ingurumen baimen integratuan jaso behar direnez, hura aldatu beharra dago.

2019ko urtarrilaren 4an, titularrak ingurumen baimen integratuaren aldaketa eskatu zuen, dagokion proiektua egin ahal izateko, hau da, hidrokarburoen bereizgailua paratzea, eta iparraldeko euri-uren isurketa Murietako araztegiarekin lotzea.

Euri-erauntsiak daudelarik, egunean isurtzen den emaria handia izan daiteke, Murietako zentsuari dagokion hiri emariaren %20tik gorakoa ere, eta, hori gertatzen bada, otsailaren 20ko 12/2008 Foru Dekretuaren 26.4 artikuluan ezarritako bi mugetako bat urratzen da. Dekretu horren bidez urak saneamenduko kolektore publikoetara isurtzen ahal dituzten jarduerak ezartzeko eta funtzionatzeko baldintza teknikoak ezartzen dira.

Hori dela eta, eskatu zitzaion NILSAri, Murietako araztegiaren entitate operadorea baita, txosten bat eman zezala, jakiteko isurketa bateragarria ote den araztegi horren tratamendu gaitasunarekin eta funtzionamendu egokiarekin, otsailaren 20ko 12/2008 Foru Dekretuaren 27.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

2019ko maiatzaren 15ean, NILSAk kontrako txostena eman du, tratamendua Valdegako araztegian (Murieta) egitea ez delako bideragarria, Jurramendiko Mankomunitatearen erregelamenduaren arabera eta Nafarroako Hiri Erabilerarako Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzailearekin bat.

Kontrako txosten horretan beste faktore batzuk aipatzen dira, araztegiaren trazabilitate eta errendimendurako kaltegarri gerta daitezkeenak, hala nola, arazketa-lohien kudeaketa arriskuan jarriko luketen metal astunen balizko presentzia, araztegiaren sarreran isuriek maizago gainezka egitea, eta, horren ondorioz, ibilgura tratatu gabe isurtzen den uraren bolumena handitzea, eta araztegiaren errendimendua jaistea isurketen trazabilitatearen aldaketagatik.

Horiek horrela, ezin da baimendu instalazioa aldatzeko proiektua, iparraldeko euri-uren isurketaren eta Valdegako araztegiaren (Murieta) artean konexio bat ezartzeko.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Ukatzea hodi zentrifugatuak fabrikatzeko instalazio baten aldaketa nabarmena, iparraldeko euri-uren isurketa Valdegako araztegiarekin (Murieta) lotzeko proiektua gauzatzeko helburua duena. Instalazioa Murietako udal-mugartean dago eta haren titularra Schmidt-Clemens Spain SA da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Schmidt-Clemens Spain SAri, Murietako Udalari, Nilsari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 17an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1908317