153. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1523/2019 EBAZPENA, uztailaren 25ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, zeinaren bidez Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresak finantzatutako bi laguntzaren deialdia onesten baita Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifiziala jakintza-arloarekin loturiko doktoretza aurreko bi kontratu finantzatzeko.

2019ko martxoaren 6an Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresa publikoak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifiziala jakintza-arloarekin loturiko doktoretza aurreko bi kontratu finantzatzeko.

Ikusirik Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena.

Ikusirik Kontabilitate Atalak egin duen kreditu erreserbaren ziurtagiria.

Ikusirik Kontabilitate Atalak zerga tratamenduari buruz egin duen txostena.

Ikusirik Humberto Bustince Sola Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasleak egin duen proposamena, eta Ikerketa Batzordearen 2019ko apirilaren 8ko Erabakia, Ikerketako errektoreordeak ontzat eman duena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 20. artikuluak eta Unibertsitatearen Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT

Lehena.–Onestea Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifiziala jakintza-arloarekin loturiko doktoretza aurreko bi kontratu finantzatzeko bi laguntzaren deialdia, ebazpen honen eranskineko oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Deialdi honek sortzen duen gastua baimentzea, 49.761,56 euroko gehieneko kopururaino.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2019ko eta 2020ko ekitaldietarako duen Gastuen Aurrekontuetako partiden kargura ordainduko da.

  • 2019.

30.30.00.8194 - 131.10 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 10.948,00 euro.

30.30.00.8194 - 160.00 Gizarte Segurantza 2.739,18 euro.

30.30.00.8194 - 228.14 Gastu suntsigarriak 8.700,00 euro.

  • 2020.

30.30.00.8194 - 131.10 Prestakuntzan dauden ikertzaileak 21.896,00 euro.

30.30.00.8194 - 160.00 Gizarte Segurantza 5.478,38 euro.

Hirugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Ikerketako errektoreordeari, Humberto Bustince Sola jaunari, Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko zuzendariari, Aurrekontu eta Plangintza Ekonomikoaren Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari eta Kontuhartzailetzari.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2019ko uztailaren 25ean.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresak finantzatutako bi laguntzaren deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan bi doktoretza-tesi egiteko Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifiziala jakintza-arloan

2019ko uztailaren 25ko 1325 Ebazpenaren eranskina

Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa sustatu eta bultzatzeko aurrera daraman politikaren barnean, helburuetako bat ikertzaile gazteak prestatzea da, doktoretza aurreko eremuan ikertzen has daitezen bultzatuz.

2019ko martxoaren 6an Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresa publikoak sinatu zuten lankidetza hitzarmena da deialdi honen jatorria. Konputazioaren Zientziaren eta Adimen Artifizialaren inguruko bi doktoretza-tesi egiten laguntzea da hitzarmen horren xedea, jarduketa eremu hori interesekoa baita bi erakundeentzat.

Laguntzak doktoretza aurreko kontratu moduan gauzatuko dira, eta kontratu horiek Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 21. artikuluaren babesean izenpetuko dira (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2011ko ekainaren 2koa). Helburua doktoretza-tesiak aipatutako ikerketa eremuan egitea izango da.

Hori guztia kontuan harturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak doktoretza aurreko bi laguntzatarako deialdi hau egiten du.

1.–Deialdiaren xedea.

Urtebeteko iraupena edukiko duten bi laguntzatarako deialdia egin da, urtero luzatzen ahalko dena hiru urte gehiago egin arte, Nafarroako Unibertsitate Publikoan doktoretza-tesia egiteko Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifiziala jakintza-arloan.

Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifiziala jakintza-arloaren barnean, laguntzak ikerketa lerro hauetara bideratuko dira:

–Doktoretza aurreko 1. kontratua: teknika lausoen bidezko sailkapen sistemak: aurreprozesamendua, ensemble izenekoak konbinatzeko neurrien eraikuntza eta tarte normalizazioa.

–Doktoretza aurreko 2. kontratua: agregazioko eragile klasiko eta lausoak irudi hiperespektralaren eta biomedikoaren prozesamendu adimendunerako.

Deialdian parte hartzeko baldintzak deialdiaren 2. puntuan daude ezarrita eta laguntza emateko aintzat hartuko diren merezimenduak deialdiaren III. eranskinean biltzen dira.

Bai laguntzak emateko bai kontratua urtero luzatzeko beharrezkoa izango da behar besteko aurrekontua egotea eta deialdian ezarritako betebeharrak betetzea.

2.–Eskatzaileen betebeharrak.

Laguntzen eskatzaileek Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Zientzietako eta Teknologietako Doktoretza Programan sartzeko gaitzen dituzten ikasketen jabe izan behar dute. Esleipenerako hautatuak izanez gero, aipatu programako matrikula egin dutela baieztatu beharko dute, laguntzen behin betiko kontzesioa argitaratzen denean ezartzen den epean.

3.–Laguntzen araubide juridikoa.

3.1. Laguntzak zera dira: doktoretza aurreko bi kontratu sinatzea Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 21. artikuluaren babesean. Halaber, izenpetzen diren kontratuak aipatu 21. artikulu horretan ezarritakoak arautuko ditu.

3.2. Laguntzen onuradunen eskubideak eta betebeharrak dokumentu hauetan zehazten dira: deialdi honetan, laguntzak kokatzen diren Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresaren arteko lankidetza hitzarmenean, eta 2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak onetsitako Prestakuntzan Dauden Doktoretza Aurreko Ikertzaileen Estatutuan (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 64.a, 2019ko martxoaren 15ekoa).

3.3. Laguntzen Balioespen Batzordeak izendatutako irakasleak izango dira laguntzen onuradunen doktoretza-tesien zuzendariak, eta kontzesio proposamenarekin batera argitaratuko dira. Laguntzen onuradunak beren zuzendariaren ikerketa-talde berari eta sail berari atxikiko zaizkie.

3.4. Deialdi honetako laguntzek ez dute inolako konpromisorik ekarriko onuraduna, ondoren, sar dadin Nafarroako Unibertsitate Publikoko plantillan, Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresan edo, laguntza honen esparruan ikerketa egonaldiak egiten badira, egonaldiak egiten diren zentro edo enpresetan.

3.5. Deialdi honen babesean laguntza bat jasotzea bateraezina da funts publiko edo pribatuekin finantzaturiko beste laguntza edo beka batzuekin, bai eta laguntzaren onuradunari kontratu edo estatutu lotura ekartzen dioten soldata edo lansariekin ere. Nolanahi ere, badira salbuespen batzuk, betiere Ikerketako errektoreordeak horretarako baimena ematen badu:

–Prestakuntzan dauden ikertzaileek egiten duten ikerketa-jarduerarekin zuzenki loturik dauden ikerketa- edo irakaskuntza-lanetatik datozen ordainsariak, bai eta beste hauetatik datozen osagarriekin ere: I+G proiektuetako parte-hartze baimenduak, eta 2001eko abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa, 2007ko apirilaren 14ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuena, aplikatuz egindako kontratuak.

–Ikertzaileen mugikortasuna eta prestakuntza sustatzeko laguntza osagarriak.

–Bestelako jarduerengatik noizean behin jasotako laguntzak, betiere Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordearen ustez emandako laguntzaren xedea garatzeari traba egiten ez diote.

4.–Eskaeren aurkezpena: Epeak eta inprimakiak.

Deialdi honetan parte hartzeko eskaera-orria deialdi honetako I. Eranskinean dago. Eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea), Tuterako campuseko Erregistroan (Tarazonako etorbidea z.g., Tutera), astelehenetik ostiralera goizeko 08:30etik eguerdiko 14:30era arte, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legean ezarritako bide eta tokiez baliatuz.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

Eskatzen diren bete beharreko baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira.

a) Inprimaki normalizatua: deialdi honetako I. eranskinean dago, eta helbide honetan deskargatu daiteke: http://www.unavarra.es/investigacion/laguntzak-eta-deialdiak/ikertzaileak.

b) Merezimenduen zerrenda laburtzen duen inprimakia: deialdi honetako II. eranskinean dago, eta helbide berean eskuragarri: http://www.unavarra.es/investigacion/laguntzak-eta-deialdiak/ikertzaileak.

c) II. eranskinean adierazitako merezimenduen egiaztagiriak. Agiriz egiaztatutako merezimenduak balioetsiko dira bakarrik, merezimenduak aurkeztea eta egiaztatzea ez baita deialdiko betebehar baztertzailea. Eskatzaileak dokumentazio hori aurkezten ez badu, Unibertsitateak ez ditu merezimendu horiek balioetsiko, eta ez du eskatuko merezimendu horiek egiaztatzeko.

Ez dira kontuan hartuko egiaztatzeko eskumena eskuordetua ez daukaten pertsonek, organoek edo erakundeek jaulkitzen dituzten agiriak.

d) Nortasun Agiri Nazionalaren edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiaren fotokopia.

e) Izandako kalifikazioak eta horiek zein egunetan eman ziren adierazten duen ikasketa-ziurtagiriaren fotokopia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

f) Laguntza eskaera honetan parte hartzeko aurkeztu den titulazioaren batez besteko notaren ziurtagiria eta, sarbide titulazioa master bat bada, aurreko ikasketena.

g) Laguntzen deialdi honetara aurkezteko erabili den tituluaren fotokopia. Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituludunek ez dute dokumentu hori aurkeztu beharko.

Deialdi honen oinarrietan interesdunei eskatutako dokumentazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eskuetan baldin badago jada, ez dira dokumentazio hori aurkeztera behartuak egongo, baina zirkunstantzia hori idatzita jaso beharko dute idazki batean. Idazki horretan identifikatu behar dute zein dokumentu den eta zein egunetan eta zein administrazio unitatetan aurkeztu zen.

Atzerriko ikastegiek ematen dituzten kalifikazioen ziurtagirietan, dagokion ebaluazio sistemaren barruan kalifikaziorik handiena eta txikiena zein izan diren agertuko da, baita gainditzeko gutxieneko kalifikazioa zein den ere.

Merezimenduak egiaztatzen dituzten agiri akademikoak gaztelania, euskara, ingelesa edo frantsesa ez den hizkuntza batean idatzita badaude, hizkuntza horietako batera egindako zinpeko itzulpena erantsi beharko da.

5.–Izangaien hautaketa.

Eskaeren balioespena eta laguntzak adjudikatzeko proposamena Balioespen Batzordeak egingo du. Batzordeak hiru kide edukiko ditu:

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordea, edo hark eskuordetzen duen pertsona, Balioespen Batzordeko buru izango dena.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona, Balioespen Batzordeko idazkaria izango dena.

–Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen pertsona, Balioespen Batzordeko kidea izango dena.

Batzordeburuak eskatuta eratuko da Balioespen Batzordea, eta horretarako kideei dei egingo die. Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuak behar diren kudeaketak egingo ditu Balioespen Batzordearen jarduna errazteko.

Balioespen Batzordeak izango du izangaien eskaerak balioesteko eskumena, III. eranskinean ezarritako hautapen irizpide hauekin bat:

a) Izangaiak doktoretza programan sartzeko aurkeztu duen titulazioaren ikasketa espedientearen batezbestekoa: 45 puntu gehienez ere.

Laguntza eskatzeko inprimakian laguntza zein titulaziorekin eskatzen den esango da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da ikasketa espedientearen batezbestekoa. Laguntza master batekin eskatzen bada, masterra egin baino lehenagoko unibertsitate titulazioa ere konputuan sartuko da.

b) Eskatutako profilarekin bat datozen merezimenduak: 35 puntu gehienez ere.

c) Europar Batasunak finantzatutako I+G proiektuetan parte hartzea, Plan Nazionala, esparru autonomikoa, unibertsitateak... bai eta argitalpen aipagarriak eta Biltzarretako parte-hartzeak, 10 puntu gehienez ere.

d) Elkarrizketa pertsonalak 10 puntuko balioespena izango du gehienez ere, eta aurreko 3 atalen baturan puntuazio handiena duten hiru izangaiei egingo zaie bakarrik.

6.–Eskaeren tramitazioa eta ebazpena.

6.1. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, Ikerketako errektoreordearen Ebazpenaren bidez behin-behineko zerrenda argitaratuko da, onartuena eta baztertuena (ezarritako betebeharretakoren bat ez frogatzeagatik edo eskatutako dokumentazioa garaiz eta forman ez aurkezteagatik). Ebazpen hori eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean argitaratuko da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan, eta bertan interesdunei 5 egun balioduneko epea emango zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bazterketaren aurkako erreklamazioa aurkezteko, Ikerketa Zerbitzura zuzendua, eta ebazpenean adierazten diren gabeziak zuzentzeko edo dokumentazioa osatzeko. Izangaiak ez baditu epe horretan gabeziak zuzentzen edo dokumentazioa osatzen, deialditik baztertuta geratzen ahalko da.

6.2. Bost eguneko epea amaituta, eta Ikerketa Zerbitzuak interesdunek aurkeztutako erreklamazioak eta dokumentazioa balioetsi ondoren, Ikerketako errektoreordearen ebazpenaren bidez onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da.

Behin betiko ebazpen horren aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

6.3. Geroago, Balioespen Batzordeak onartutako eskaerak ebaluatuko ditu 5. oinarrian ezarritako irizpideekin bat, eta izangai bakoitzaren behin-behineko puntuazioak eta laguntzen behin-behineko adjudikazio proposamena onetsiko ditu. Behin-behineko adjudikazioak dituen Balioespen Batzordearen erabakia Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da, eta haren kontra interesdunek erreklamazioa aurkezten ahalko dute, batzordeburuari zuzendua, 5 egun balioduneko epean, proposamen hori argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

6.4. Erreklamazioak ebatzi ondoren, Balioespen Batzordeak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari igorriko dizkio behin betiko adjudikazio proposamena eta itxaron zerrendan dauden izangaiena, puntuazioaren arabera ordenatua, ebazpen baten bidez onets ditzan. Behin betiko adjudikazioak dituen Ikerketako errektoreordearen ebazpena eta itxaron zerrendan dauden izangaien lehentasun ordena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Laguntzak emateko behin betiko ebazpenaren aurka, zilegi da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

6.5. Iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea da oinarri honetan aurreikusitako laguntzen deialdian onartzeko edo baztertzeko eta laguntzak emateko edo ukatzeko erabaki eta ebazpenen publizitate ofiziala egiteko bide bakarra, nahiz eta interesdunei haien edukia posta elektronikoz ere jakinarazten ahal zaien, modu osagarri eta ez ofizialean.

7.–Doktoretza aurreko kontratuen baldintzak eta luzapena.

7.1. Laguntza bakoitzaren xedea doktoretza-tesi bat egitea izango da, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legeko 21. artikuluan ezarritako doktoretza aurreko kontratuaren modalitatean.

7.2. Kontratuen xedea ikerketa lanak egitea izango da, Konputazioaren Zientzia eta Adimen Artifiziala jakintza-arloaren barnean, eta, zehazki, ikerketa lerro hauetan:

–Doktoretza aurreko 1. kontratua: teknika lausoen bidezko sailkapen sistemak: aurreprozesamendua, ensemble izenekoak konbinatzeko neurrien eraikuntza eta tarte normalizazioa.

–Doktoretza aurreko 2. kontratua: agregazioko eragile klasiko eta lausoak irudi hiperespektralaren eta biomedikoaren prozesamendu adimendunerako.

Laguntzen onuradunek, langileak diren aldetik, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, enplegatzailea den aldetik, idatziz egingo dute doktoretza aurreko kontratua. Kontratuari erantsiko zaio Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Zientzietako eta Teknologietako Doktoretza Programan onartua dela adierazten duen agiria, programaren unitate arduradunak emana, edo doktoretza edo graduondoko eskolak emana, hala badagokio.

Kontratuak lanaldi osokoak izango dira eta urtebeteko iraupena izango dute, eta urtebeteko aldietarako luzatzeko aukera egongo da doktoretza programako irakaskuntza batzordeak aldez aurretik txostena eginda, edo, kasua bada, doktoretza eskolak, programan irauten duen bitartean.

Horretaz gainera, laguntzen onuradunek aurkeztutako urteko txostenaren aldeko ebaluazioa egin beharko du tesi zuzendariak, eta behar besteko aurrekontua egon behar du.

Deialdiko laguntzen iraupena lau urtekoa izango da gehienez ere, luzapenak barne.

7.3. Laguntzen urteko diru-zuzkidura Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresak izenpetutako hitzarmenenean zehaztutakoa izango da. Kontratuen lehen urtean honela banatuko dira zenbatekoak:

–Lansariak: 16.422,00 euro.

–Gizarte Segurantza: 4.108,78 euro.

–Ikerketarako zuzkidura osagarria: 4.000,00 euro.

–Doktoretza matrikularako laguntza: 350,00 euro.

Kopuru horiei Gizarte Segurantzako enpresa kuotak kenduko zaizkie, bai eta onuradunaren nahitaezko kotizazioaren kuota ere, legedi indardunean ezarritako moduan.

Zenbatekoa 14 ordainsaritan ordainduko da.

Bigarren urtean eta hurrengoetan, gastu kontzeptuen arteko banaketa aldatzen ahalko da urte bakoitzerako Prestakuntzan Dauden Doktoretza Aurreko Ikertzaileen Estatutuan ezartzen diren gutxieneko lansarien zenbatekoekin bat egiteko; 2019ko martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuak onetsi zuen Estatutu hori (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 64.a, 2019ko martxoaren 15ekoa).

8.–Onuradunen betebeharrak.

8.1. Onuradunek laguntzak onartzeak berekin dakar deialdi honetako oinarriak bete behar izatea, baita Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) laguntza honetarako hitzarmenean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak laguntzaren jarraipen zientifikorako ezartzen dituztenak ere.

8.2. Laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

8.2.1. Laguntzaren helburuko ikerketa-lana egiteko xedez, laguntza emateko ebazpenean edo kontratuan adierazten den egunean bertan sartzea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta, orduan sartzen ez badira, laguntzari uko egiten diotela ulertuko da. Halaber, laguntzari uko egiten zaiola ulertuko da Giza Baliabideen Zerbitzutik kontratua sinatzeko jakinarazpena jasotzen den egunaren hurrengo 5 egun baliodunetan sinatzen ez bada.

8.2.2. Atxiki zaion ikerketa-taldean bere lana aprobetxamenduz egitea, baita beste hainbat erakundetan ere, baldin eta beste zentro edo enpresa batzuetan ikerketa egonaldiak egin behar direla erabakitzen bada.

8.2.3. Laguntzarekin lotutako lana garatzean lortu dituzten informazio zientifikoak edo teknikoak ez zabaltzea, tesiaren zuzendariaren baimenik ez badute. Erabateko sekretua gordetzea bere jarduerak egitearen ondorioz eskuratu lezakeen informazio konfidentzialari buruz, bai Nafarroako Unibertsitate Publikoan eskuratu lezakeenari buruz, baita ikerketa egonaldiak egiten dituen zentro edo enpresetan ere, eta ez kontatzea, jakinaraztea eta/edo zabaltzea hirugarren pertsonei, ez osorik ezta partez ere.

8.2.4. Onuradunak bere ikerketekin lotutako edozein komunikazio, argitalpen edo zabalkunde-lan egin nahi badu, aldez aurretik tesiaren zuzendariaren berariazko baimen idatzia eduki beharko du. Tesiaren zuzendariak baimen horren oniritzia eskatuko dio Ikerketako errektoreordeari. Edonola delarik ere, baimena emateko edo ukatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresaren arteko hitzarmenak esaten duena hartuko da aintzat.

8.2.5. Tesiaren zuzendariari, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Zerbitzuari eta Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresari bidaltzea egindako jarduerari buruz eskatzen zaizkion txostenak, tesiaren zuzendariaren oniritziarekin eta konfidentzialtasun klausulak errespetatuz.

8.2.6. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Industria Zientzietako eta Teknologietako Doktoretza Programako Irakaskuntza Batzordearen urteroko nahitaezko jarraipen proba berrienaren aldeko txostena edukitzea, kontratua urtero berritzeko. Onuradunak urteroko proba nahitaez egin beharrik ez badu, egindako lanari buruzko oroitidazki bat aurkeztu beharko du tesiaren zuzendariak egindako txostenekin batera.

8.2.7. Laguntzak iraun bitartean egiten diren argitalpen guztietan eta ikerketa jardueretatik eratorritako beste emaitza guztietan agerraraztea Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresak emandako finantzaketa eta laguntza hauen oinarrian dagoen hitzarmena.

8.2.8. Tesi zuzendariari aurkeztea, laguntza amaitzen denean, egindako lanaren azken txostena, baita lan bizitzaren egiaztagiri bat ere.

8.2.9. Doktoretza-tesia defenditzea eta gainditzea gehienez ere doktoretza aurreko kontratuaren hasiera egunetik hiru urteko epean.

Ikerketako errektoreordeak betebehar hori betetzeko epea luzatuko du, interesdunak aurretiaz eskaera arrazoitua aurkezten badu, tesiaren zuzendariak ontzat emanda eta Doktoretza Programako Irakaskuntza Batzordeak aldeko txostena emanda.

8.2.10. Tesiaren zuzendariari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Zerbitzuari jakinaraztea laguntza hauen esparruan lortzen den edozein emaitzaren berri, baldin eta emaitza hori jabetza intelektualaren edo industrialaren edozein babes-formularekin babestua izateko modukoa bada, edo/eta inolako aplikazio industrial edo komertzial baldin badu.

8.2.11. Nafarroako Unibertsitate Publikoari uztea eta esleitzea laguntza hauen esparruan sortu diren emaitza guztien gaineko jabetza industrial eta intelektualari buruzko eskubide guztiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresarekin sinatutako hitzarmenean hartutako jabetza industrial eta intelektualaren gaineko konpromisoak bete ditzan.

8.3. Deialdi honetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzeak emandako laguntza baliogabetzea ekarriko du, eta bidegabeki jasotako diru-kopuruak itzuli behar izatea, hala badagokio, dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen 2005eko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean agindutakoarekin bat etorriz.

8.4. Erdietsitako laguntzari uko egiteko, idazki bat bidali behar dio Ikerketako errektoreordeari, tesiaren zuzendariak sinatua, eta, bertan, horretarako arrazoiak eman.

Laguntzari uko egiteko eskaera ondorio-eguna baino 7 egun baliodun lehenago aurkeztu behar da beranduenez.

Bajarik egonez gero, laguntzak emateko behin betiko ebazpeneko itxaron zerrendan dauden izangaientzat ezarritako hurrenkera ordena jarraituz ordezkatzen ahalko dira, betiere Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresak aldez aurretik ados dagoela agertzen badu eta, orobat, tesiaren zuzendariak oniritzia ematen badu, uste duelako laguntzaren xedea bermatuta geratuko dela laguntza amaitzeko geratzen den denboran.

8.5. Deialdiko laguntzen onuradunek bete beharreko zereginak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren instalazioetan egingo dira, eta, hala ezartzen bada, ikerketa egonaldiak egiteko proposatzen diren beste zentro eta enpresetan, Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) barne. Egonaldi horietan, onuradunek zentro edo enpresa hartzaile bakoitzeko araudia eta berariaz ezartzen diren arau espezifiko guztiak bete beharko dituzte.

9.–Onura sozialak.

Sinatutako kontratuei dagozkien lan arloko eta arlo sozialeko onurak edukiko dituzte laguntzen onuradunek.

10.–Irakaskuntza.

10.1. Laguntza hauen onuradunek zilegi dute baimena eskatzea Unibertsitateko sail batean prestakuntza xedez irakaskuntza lanetan laguntzeko, betiere laguntzaren zuzendaria eta ukitutako saileko zuzendaria ados badaude. Urtean gehienez ere 60 ordu har ditzake lankidetza horrek, eta gehienez ere 180 ordu lau urteko kontratuan.

10.2. 2018ko maiatzaren 30eko Gobernu Kontseiluak onetsitako prozeduraren arabera eskatuko da baimena, eta behar den inprimaki normalizatua aurkeztuko da Administrazio Laguntzako Unitatean, aipatu prozeduran ezarritakoaren arabera.

11.–Laguntzen etendura.

Laguntza hauen onuradunek eskubidea edukiko dute Gizarte Segurantzaren erregimeneko prestazioak jasotzeko, deialdian azaltzen den moduan, Gizarte Segurantzari buruzko Legearen Testu Bateratua onesten duen 1994ko ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoekin bat, haien sorburu diren gorabeherek irauten duten artean. Baimenei dagokienez, Langileen Estatutuak eta aplikatzekoak diren lege indardunek ezarritakoari jarraituko zaio.

Aldi baterako desgaitasun, haurdunaldiko arrisku, amatasun, adopzio edo harrera, edoskitzaroko arrisku eta aitatasun egoerek eten egingo dute kontratuen iraupenaren zenbaketa, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearekin bat.

12.–Jabetza industriala eta intelektuala.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak edukiko ditu laguntza hauen esparruan sortutako ikerketa emaitzei buruzko jabetza industrial eta intelektualeko eskubide guztiak, eta bera bakarrik izango da eskubide horien titularra.

Hala, laguntza hauen onuradunek Nafarroako Unibertsitate Publikoari utzi eta esleituko dizkiote laguntza hauen esparruan sortu diren emaitza guztien gaineko jabetza industrial eta intelektualari buruzko eskubide guztiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresarekin sinatutako hitzarmenean hartutako jabetza industrial eta intelektualaren gaineko konpromisoak bete ditzan.

Nolanahi ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoak laguntza hauen onuradunei aitortuko die, bidezkoa bada, laguntza hauen esparruan sortutako emaitzen gaineko eskubideak ustiatu edo uzteagatik lortzen diren mozkinetan parte hartzeko eskubidea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 70. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

Horretaz gainera, laguntza hauen onuradunen eskubide moralak errespetatuko dira, bereziki bere egile eta/edo asmatzaile izaeraren aitorpenari dagokionez, legedi indardunarekin bat etorriz.

13.–Argitalpena.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko da, eta Unibertsitatearen baliabide elektronikoen bidez zabalduko da.

14.–Errekurtsoak

Deialdi hau onesten duen ebazpenaren aurka eta deialdiko oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean hilabeteko epean, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA

Inprimakia, Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko hitzarmenaren arabera deitutako doktoretza aurreko laguntzak eskatzeko (PDFa).

II. ERANSKINA

Merezimenduen zerrenda duen inprimakia, Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko hitzarmenaren arabera deitutako doktoretza aurreko laguntzetarako (PDFa).

III. ERANSKINA

Baremoa, Navarra de Servicios y Tecnologías SA (NASERTIC) enpresaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko hitzarmenaren arabera deitutako doktoretza aurreko laguntzak eskatzeko

KATEGORIAK

PUNTUAZIOA, GEHIENEZ ERE

Ikasketa espedientea

45 puntu

Profilarekin bat datozen merezimenduak

35 puntu

Parte-hartzea I+G-ko proiektuetan, argitalpenak eta parte-hartzea biltzarretan

10 puntu

Banakako elkarrizketa

10 puntu

1.–Ikasketa espedientea, gehienez ere 45 puntu.

Izangaiak doktoretza programan sartzeko aurkeztu duen titulazioaren espedientearen batezbestekoa balioetsiko da.

Ikasketa espedientearen batezbestekoa hartuko da kontuan, titulazioaren batez besteko notarekin ponderatua –ikasleak ikasketak amaitu zitueneko ikasturteari dagokionarekin–, formula honen arabera:

Nota ponderatua = 1,5 + 2,5 x

(eskatzailearen espedientearen batez besteko nota-titulazioko batez besteko nota)

(4-titulazioko batez besteko nota)

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek ez dute informazio hau aurkeztu behar, Irakaskuntza Laguntzeko eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuak emango baitu. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle guztiei aplikatuko zaie ezarri den ponderazio formula. Beste unibertsitateetatik datozen ikasleen kasuan, beren erantzukizuna izango da datu hori ematea. Halakorik ezean, aurreko formula aplikatuko zaie, titulazioaren batez besteko nota gisa deialdi honetako gainerako izangaiei aplikatutako nota handiena erabiliz.

Unibertsitate masterreko ikasketen kasuan, masterrean eta masterraren aurreko ikasketetan izandako batezbesteko ponderatua kalkulatuko da, titulu bakoitzaren iraupenaren arabera.

Aurreko batezbestekoa kalkulatu eta gero, espediente guztiak normalizatuko dira, eta 45 puntu emango zaizkio espediente onenari, eta gainerakoak normalizazio faktore berarekin biderkatuko dira.

Laguntzak eskatzeko inprimakian laguntza zein titulaziorekin eskatzen den esango da, eta titulazio horren arabera kalkulatuko da ikasketa espedientearen batezbestekoa. Laguntza master batekin eskatzen bada, masterra egin baino lehenagoko unibertsitate titulazioa ere konputuan sartuko da.

Kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren unibertsitate titulazioetako kalifikazio sistema arautzen duen 2003ko irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera kalkulatuko da espediente akademikoaren batez besteko nota:

Σ(irakasgaiaren kreditu kopurua x nota)

Titulazioaren kreditu kopurua guztira

Irizpide hauek erabiliko dira notetarako: nahikoa: 1, oso ongi: 2, bikain: 3, ohorezko matrikula: 4.

1044/2003 Errege Dekretua ere aplikatuko da, 2003ko abuztuaren 1ekoa, Unibertsitateek tituluaren Europako gehigarria emateko prozedura ezartzen duena.

Kreditutan baliokidetzarik ez duten irakasgaiak dituzten ikasketa planak egindako ikasleen kasuan formula hau aplikatuko da:

nahikoa kop. x 1 + oso ongi kop. x 2 + bikain kop. x 3 + ohorezko mat. kop. x 4

Titulazioaren irakasgai kopurua guztira

Baliokideturiko irakasgaiei edo kredituei “nahikoa” kalifikazioa emango zaie, egokitutako irakasgai edo kredituei jatorrizko kalifikazioa emango zaie, eta, kalifikaziorik gabeko kredituak aitortuta edukiz gero, hori ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzean.

Eskatzaileek beren ikasketa espedientearen batez besteko nota adierazi behar dute, beren jatorrizko erakundeak informazio hori ez badu espedientean sartzen. Kalkuluan oker esanguratsurik gertatzen bada, hori aski izango da laguntza ukatzeko.

Atzerrian egindako ikasketetarako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioan eskuragarri dauden txantiloi indardunekin egingo dira kalkuluak.

2.–Eskatutako profilarekin bat datozen merezimenduak: gehienez ere 35 puntu.

2.1. Izangaiaren ezagutzak laguntza garatuko den arloan (gehienez ere 25 puntu).

Izangai bakoitzak lan teknikoetan eta ikerketa lanetan duen berariazko esperientzia balioetsiko da, laguntzen profiletako bakoitzean adierazitako arloekin loturikoa betiere.

Izangai bakoitzaren emaitzak normalizatuko dira, eta 25 puntu emango zaie balioespen handiena duten izangaiei.

2.2. Lan esperientzia: gehienez ere 10 puntu.

Laguntza hauen xede den gaiarekin lotutako jarduera profesional orokorra balioetsiko da, 10 punturekin gehienez ere. Jarduera hori egin dela egiaztatu behar da. Enpresetan edo ikerketa zentroetan edo unibertsitateetan egindako kontratuak edo bekak izan daitezke.

0,5 puntu emango dira arduraldi osoz kontratu edo beka batean egin den hilabete bakoitzeko.

Izangai bakoitzaren emaitzak normalizatuko dira, eta 10 puntu emango zaie balioespen handiena duten izangaiei.

3.–I+G-ko proiektuetako parte-hartzea, argitalpen garrantzitsuak eta biltzarretako parte-hartzea: gehienez ere 10 puntu.

3.1. Finantzatutako I+G-ko proiektuetako parte-hartzea: gehienez ere 5 puntu.

Laguntza hauen xede diren gaiarekin loturiko I+G-ko proiektuetan izandako parte-hartzea balioetsiko da. Ekarpen bakoitza honela balioetsiko da: Europar Batasuneko proiektuetan parte hartzea, 1 puntu; Plan Nazionaleko proiektuetan edo parekatuetan parte hartzea, 0,9 puntu; autonomia erkidego bateko proiektuetan parte hartzea, 0,5 puntu; Unibertsitateek finantzaturiko proiektu lehiakorretan parte hartzea, 0,25 puntu; LOUren 83. artikuluaren araberako kontratuetan parte hartzea, 0,5 puntu. Azkenik puntuazioak normaltzen dira, gehien balioesten diren izangaiei 5 puntu emanez.

3.2. Argitalpenak eta biltzarretako parte-hartzea: gehienez ere 5 puntu.

Balioetsiko da laguntza hauen xede diren gaiarekin lotuta egindako argitalpenak eta biltzarretan izandako parte-hartzea. Onespena edo argitalpena frogatu beharra dago. Biltzarretako akta liburuak ez dira argitalpenak balira bezala puntuatuko. Biltzarretara bertaratzea parte-hartzerik gabe ez da kontuan hartuko puntuaziorako.

Argitalpen bakoitza argitalpen motaren arabera balioetsiko da, honela: nazioarteko aldizkarietako artikuluak edo nazioarteko liburuetako kapituluak, 1 puntu; nazioarteko liburuak osorik, 2 puntu; nazioko liburuak osorik, 1 puntu; nazioko aldizkarietako artikuluak edo nazioko liburuetako kapituluak, 0,5 puntu; beste argitalpen batzuk, 0,2 puntu. Azkenik puntuazioak normaltzen dira, gehien balioesten diren izangaiei 3 puntu emanez.

Biltzarretako parte-hartze bakoitza ekarpen motaren arabera balioetsiko da, honela: nazioarteko biltzarretarako txosten gonbidatuak, 1 puntu; nazioko biltzarretarako txosten gonbidatuak, 0,5 puntu; nazioarteko biltzarretarako komunikazioak edo posterrak, 0,5 puntu; nazioko biltzarretarako komunikazioak edo posterrak, 0,3 puntu. Azkenik puntuazioak normaltzen dira, gehien balioesten diren izangaiei 2 puntu emanez. Biltzarretako txostenen kasuan, gonbidaturik egiten badira, beharrezkoa da biltzarreko gonbidapena agiriz egiaztatzea.

Merezimendu bakoitza behin bakarrik puntuatuko da, eta ezingo da merezimendu bera bi ataletan aurkeztu.

4.–Elkarrizketa pertsonala: gehienez ere 10 puntu.

Elkarrizketa pertsonala deialdiaren laguntzen edukiarekin lotuta egongo da, eta Balioespen Batzordeak egingo du. Balioespen Batzordeko kide bakoitzak 0 eta 10 puntu artean emango dio izangai bakoitzari, eta laguntza hauetarako eskatzen den profilarekin duen egokitzapena islatuko du. Izangai bakoitzaren atal honetako azken puntuazioa Balioespen Batzordeko hiru kideen balioespenen batezbesteko aritmetikoa izango da. Elkarrizketa balioetsi beharreko gainerako atalen batuketa osoan puntuaziorik handiena daukaten hiru hautagaiei egingo zaie, ez beste inori.

Iragarkiaren kodea: F1910324