152. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TEBAS-MURU ARTEDERRETA

Ordenantza, Ezkondu gabeko bikote egonkorrak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Tebas-Muruarte de Retako Udalak, 2007ko maiatzaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ezkondu gabeko bikote egonkorrak arautzen dituen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2007ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 16an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Tebas-Muru Artederretan, 2019ko ekainaren 11n.–Alkatea, Yolanda Obanos Irure.

Ordenantza, Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena

1. artikulua. Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal honeko erregistroak administrazio izaera du; bertan inskribatzen ahal dira ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Hau da ezkontzaz kanpoko elkartzea: elkartze libre eta publikoa, bi pertsona adindunek edo adingabe emantzipatuk osatzen dutena, zein den ere haien sexu orientazioa, ezkonduen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago bertze bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

3. artikulua. Bikoteek, sexua kontuan izan gabe, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin aitzineko artikuluan azaldutako elkartzeren bat osatzen badute.

Erregistratu ahal izateko, elkartze egonkorra izan beharko du, hirugarren artikuluan xedatutakoaren arabera.

Gutxienez, elkartutako kide batek auzotasun zibil nafarra izan beharko du eta udalerri honetan erroldatua egon, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, horren bidez adierazteko ez daudela ezkonduta ezta inskribatuta ere ezkondu gabeko bikote egonkorren bertze erregistroren batean.

4. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen.

Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

5. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteko kideek nahi dituzten argitasun guztiak agerrarazten ahalko dituzte beren elkartzeari buruz.

Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatzen ahalko dira, bikoteko bi kideak agertuta.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

6. artikulua. Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira idazpen guztiak Bikote Egonkorren Udal Erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

7. artikulua. Kasu hauetan, bikote egonkorra iraungitzat hartuko da:

–Kideetako bat ezkontzen denean.

–Bien artean hala erabaki delako.

–Bikoteko kide batek hori nahi duelako, bertze kideari modu frogagarrian jakinarazita.

–Urtebetetik gora elkarrekin bizitzetik geldituz gero.

–Kideek eskritura publikoan adostutako kasuetan.

Aipatutako kasu guztietan, bi kideak daude behartuak bikote egonkorren udal erregistroaren arduradunari jakinarazi eta elkartzea desegiteko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatzen ahalko du elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena.

8. artikulua. Erregistroa Udalaren Idazkaritza orokorrean egonen da.

9. artikulua. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua egonen da, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

10. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

11. artikulua. Erregistroan Liburu Osagarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten idazpenak.

12. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak egiten dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

13. artikulua. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

14. artikulua. Izatezko bikoteen Udal Erregistroan inskribatzen diren ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeek ezkontza bidezkoen tratamendu bera izanen dute udal honetan.

Iragarkiaren kodea: L1907996