152. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Zentro Komunitarioak arautzen dituen Ordenantza.
Behin betiko onespena

Behin Udaleko Osoko Bilkurak, arauzko quoruma edukita, 2019ko apirilaren 4an egindako bileran hasiera batez onetsirik eta jendaurreko epea inolako erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu gabe iraganda, behin betiko onetsi da Iruñeko Zentro Komunitarioak arautzen dituen Ordenantza. Segidan, haren testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan aurreikusitakoa betetze aldera.

Iruñean, 2019ko uztailaren 23an.–Alkate Udalburua, Enrique Maya Miranda.

ZENTRO KOMUNITARIOEN ERABILERA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Ordenantza honek xede dauka orain arte Gizarte Ekimenetarako Zentro Komunitarioak deitutako Zentro Komunitarioen erabilera eta funtzionamendua arautzea.

Ordenantza honek bete eta hobetzen du 1998koa. Oraingo egoerara egokitzen du eta aplikagarria izanen da Zentro Komunitario gisara definitutako zentro guztietan.

Ordenantza hau 1998koaren osagarria da zalantzagarri izan zitezkeen erabilera eta funtzionamenduko eduki batzuei dagokienez, eta zentroen izendapena soilduko du. Halaber, ordenantza honetan aurreikusi da ez Zentro Komunitarioen zerrenda ez Udalaren Alor eskuduna ez arautzea xedapen orokorreko izaeraz, ez dutelako arauzko izaerarik.

I. TITULUA

Zentro komunitarioak. Definizioa, xedea eta helburuak

1. artikulua. Definizioa.

Zentro Komunitarioak udal-titulartasuneko ondasunak dira, jabari eta zerbitzu publikokoak izan daitezke edo ondarekoak, Iruñeko auzoetan daude eta elkarte-bizitza zein herritarren parte-hartze aktiboa sustatzea dute xede.

Udal-titulartasuneko lokalak dira, auzotarrek erabiltzekoak, irekiak, balioaniztunak eta inklusiboak, auzo bakoitzeko lokal batean edo batzuetan dute egoitza eta Iruña zentro komunitarioen sare batez hornitzen dute.

Salbuespenez, non eta eremu batean ez bada udal-jabetzako lokal erabilgarririk, Iruñeko Udalak alokairu-kontratuak egiten ahalko ditu eremu horretan zentro komunitario bat eskuragarri jartzeko. Lokal horiek udal-jabetzako zentro baten baldintza berberak bete beharko dituzte haietara sartzeko eta mantentze- zein kontserbatze-lanei dagokienez.

Instalazio bakoitza gutxieneko ekipamenduaz hornituta egonen da.

Zentro Komunitarioen egungo zerrenda Alkatetzak emandako eta 2018ko azaroaren 15eko NAOn argitaratutako 26-OCT-18(1/AL) Xedapen bidez onetsi zen. Zerrenda horri beste zentro edo lokal batzuk gehitzen ahalko zaizkio, haien erabilera dela-eta zerrenda horretan sartzekoak izan badaitezke.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Zentro Komunitarioen erabilera publiko eta irekiko baldintzak arautzea, entitateek, pertsonek eta talde informalek erabil ditzaten beren jarduerak gauzatzeko.

Udalak bermatuko du Zentro Komunitarioak gune irekiak eta pluralak izatea, komunitatearen parte-hartzerako, herritarren sustapenerako eta gizarte-inklusio zein elkarreraginerako.

3. artikulua. Helburuak.

Ordenantzak honako helburu hauek ditu:

–Guneak Udalaren erantzukizunetik kudeatzea, betiere hori auzotarren entitateekin partekaturik.

–Bide ematea hala auzotarren ekimen eta jardueretarako nola komunitate-garapena bultzatzen duten harremanetarako.

–Komunitate-garapeneko gune bat garatu eta egituratzea, partaidetzan oinarriturik, non tokia edukiko baitute adin guztietako herritarrek.

–Askotariko parte-hartzea erraztea, entitate eta kolektibo herrikoiei protagonismoa emateko zeini bere auzoan.

–Herritarrak gaitzea beren autonomia sendotzeko, auzoarekiko konpromiso- eta errotze-zentzua sustatuz.

–Gizarte-auzoko sareak sortu eta indartzea, eratze kolektiboaren bidez, aukera gutxien duten sektoreei laguntza emateko.

–Erakunde soziokultural ezberdinen arteko informazio- eta lankidetza-emarien dinamikak sustatu eta sendotzea.

–Komunikazio-bideak ezartzea auzotarren sarearen, kolektiboen eta Udalaren arteko informazio-trukeak indartzeko.

–Udalaren beste arlo batzuek edo beste entitateek auzoetan sustatzen dituzten ekimen soziokulturalak osatu eta koordinatzea.

II. TITULUA

Kolektibo eta pertsona erabiltzaileak. Eskubideak eta betebeharrak

4. artikulua. Kolektibo eta pertsona erabiltzaileak.

Zentro Komunitarioak erabili eta kudeatzen ahalko dituzte irabazi-asmorik ez duten eta egoki eratuta dauden kolektiboek, entitateek eta elkarteek zein taldeek eta pertsonek, honako helburu hauek xede hartuta:

a) Herritarren partaidetza auzo-esparruan sustatzea.

b) Elkartegintza garatzea Iruñeko auzoetan prebentzioa, arta eta bizitza-kalitatea suspertzeko sare sozio-kulturalak sortzeari begira.

c) Jarduerak sortzea auzoetan elkarrekin bizi eta horien hartzaile diren pertsonen eta kolektiboen interes zehatzak eta beharrak kontuan harturik.

d) Erabiltzaileek baliatzea beren guneak, ekipamenduak eta instalazioak.

5. artikulua. Erabilera egonkorreko entitateen sarbidea.

Erabilera egonkorreko entitate izateko, dagokion eskaera egin behar zaio Iruñeko Udalari, eta horrek ebazpena emanen du eskaeraren gainean, Iruñeko Udalaren antolaketari buruzko Dekretuaren arabera eskumen hori zein Zinegotzi Ordezkarik esleiturik eduki eta haren bitartez.

Entitate erabiltzaile batek Zentro Komunitarioa erabiltzeko egindako eskaera onesten duen ebazpenak eskubide osoa ematen du Zentro Komunitarioa erabili eta hartaz gozatzeko, betiere benetan erabiltzeko beharrezkoa delarik entitatearen ordezkariak dagokion hitzarmena sinatzea.

6. artikulua. Entitateen baja.

Halaber, zentroan jarduerarik egiten ez duten entitateei baja emanen zaie hitzarmen horretatik, dela ofizioz dela entitatearen ordezkariak eskatuta, halako moduz non beti egonen baita gaurkoturik entitate eta pertsona erabiltzaileen gaineko informazioa.

Eskumena zer alorrek eduki eta hari egokituko zaio gaurkotze-lan hori egitea, eta horretarako dagokion prozedura bideratuko du interesdunaren entzunaldia barne.

7. artikulua. Sarbidea zentrora, unean-unean jarduketak egiteko.

Posible izanen da Zentro Komunitario bat erabiltzea unean uneko jarduketak edo jarduerak egiteko. Horretarako, erabiltzeko eskatu baino ez da egin behar, zer jarduera egin nahi den eta zein unetan adierazita.

Noizbehinkako lagapenak unean uneko jarduerei egokituko zaizkie.

Lagapen horiek Kudeaketa Batzordeak zedarrituko ditu, Ordenantza honen 18. eta 27. artikuluek arautzen dutenarekin bat.

8. artikulua. Kolektibo eta pertsona erabiltzaileen eskubideak.

Zentro Komunitarioaren kolektibo, elkarte, entitate, talde eta pertsona erabiltzaileek honako eskubide hauek edukiko dituzte:

a) Legez baimenduta egotea Zentro Komunitarioaren entitate edo pertsona erabiltzaile gisara, eta hitzarmen arautzailea sinatzea.

b) Erabiltzeko prestatutako guneak baliatzea ezarritako ordutegiarekin bat, salbu eta aldaketa bat eskatuko lukeen edozein inguruabar berezirik gertatzen bada.

c) Egoki jotako kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztea, ezarritako bidea erabilita, kudeaketa hobetze aldera.

d) Aurkeztutako kexa, erreklamazio eta iradokizunen erantzuna jasotzea.

e) Zentro Komunitarioan jasota dauden datu pertsonaletara sartu eta horiek aldatu eta ezereztea, Datuen Babesari buruzko legeek ezarritakoarekin bat.

f) Instalazioak haien zerbitzura edukitzea, horiek erabiltzeko eta gozatzeko baldintza egokietan, betiere haien erabilgarritasunaren arabera.

g) Eskura izatea zentroak erabiltzeari buruzko baldintzen gaineko informazioa.

h) Udalari exijitzea ordenantza hau bete dezan.

Entitate eta pertsona erabiltzaileen eskubideak bermatzeko, informazioa eskuragarri edukiko dute etengabean euskarri egokietan, hala nola ekipamendu bakoitzeko iradokizun-postontzian eta iragarki-taulan.

Iruñeko Udalak bere webgunean argitaratuko ditu Zentro Komunitario bakoitzerako onetsi eta sinatutako hitzarmenak, beste entitateek eta herritarrek horren berri eduki dezaten, eta jakin dezaten zer baldintza bete behar diren hitzarmen bat sinatzeko edo zentroetako zer jarduera arautzen diren hitzarmenean.

9. artikulua. Kolektibo eta pertsona erabiltzaileen betebeharrak.

Honako hauek:

a) Instalazioak eta materialak behar bezala erabiltzea, zainduz eta zainaraziz, halako moduz non entitate edo pertsona erabiltzaileak edukiko baitu ardura desegoki erabiltzeagatik egotz dakizkiokeen kalteengatik.

b) Zuzentasunez jokatzea, hala ekintzetan nola hizkeran, gainerako entitate edo pertsona erabiltzaileei enbarazurik sortu gabe eta gizarte-elkarbizitzak zein denon onurak zedarritutako mugen barnean.

c) Erabiltzen dituzten espazioak eta materialak garbi eta ordenaturik uztea, eta egoki erabiltzea paperontziak, armairuak eta abar.

d) Kudeaketa Batzordeak ezarritako funtzionamendu-arauak ezagutu, bete eta zainaraztea.

e) Zentro Komunitarioen gainean eskumena duen Udalaren Alorra jakinaren gainean jartzea Zentro Komunitarioan ikusitako anomalia eta gabezia oroz.

f) Une orotan errespetatzea eta errespetaraztea Zentro Komunitarioen funtzionamendu-arauak.

III. TITULUA

Zentro komunitarioen jarduerak

10. artikulua. Xedapen orokorrak.

Zentro Komunitarioetan egin beharreko jarduerek irekiak eta irabazi-asmorik gabeak izan behar dute. Honako jarduera mota hauek izan daitezke: auzokoak, hezkuntzakoak, prestakuntzakoak, kulturalak, aisialdi eta denbora librekoak, eremuko pertsonen eta kolektiboen arteko berdintasunezko elkarbizitzaren aldekoak, horien aniztasunaren ezagutzatik eta aitortzatik elkarreragitekoak eta, batez ere, eremuko pertsonen eta kolektiboen artean loturak sendotzekoak eta topaketak sustatzekoak.

Interesgarria da jarduerak belaunaldi eta kultura artekoak izatea, bai eta genero-ikuspegia eta ikuspegi inklusiboa kontuan hartzea ere.

Espazioak askotariko jarduera batzuk egiteko erabili behar dira, eta haien erabilera ez da murriztuko jarduera bakar bat egitera.

11. artikulua. Irabaziak.

Zentro Komunitarioan egin beharreko jarduerak irabazi-asmorik gabeak izanen dira.

Aurrekoa gorabehera, Zentro Komunitarioa erabiltzen duten entitateek, kolektiboek edo pertsonek matrikula ordaintzeko eska diezaiekete jardueretan parte hartzen duten pertsonei, non eta kasuan kasuko pertsonak, kolektiboak edo entitateak eskuratutako funts horiek erabiltzen ahalko baititu bakarrik jarduerak eragindako gastuak ordaintzeko eta, inolaz ere, dirua irabazteko asmoaz. Entitate antolatzailearen ardura izanen da antolatutako jarduerak ekar ditzakeen Gizarte Segurantzako eta tributuko betebeharrak betetzea.

Ezein kasutan ere, ezin izanen da produkturik zuzenean edo zeharka saldu Zentroaren barruan. Salbuespenez, zuzeneko salmenta baimentzen ahalko da ongintzazko gizarte mailako ekintza batean, betiere Kudeaketa Batzordeak aurrez jakin eta oniritzia eman badu. Entitate antolatzailearen ardura izanen da jarduerak eragin ditzakeen tributu-betebeharrak, halakorik balitz, betetzea.

12. artikulua. Jarduera ez-baimenduak.

Debekatuta daude, berariaz, Zentro Komunitarioan beste kolektibo batzuek egiten dituzten jarduerei eta gainerako auzotarrei kalterik eragiten ahal dieten ekitaldiak edo jarduerak. Entitate edo pertsona antolatzaileak bere gain hartu beharko ditu debeku hori ez betetzeak ekar litzakeen zehapenak.

Espresuki bazterturik daude ekitaldi erlijioso oro, izaera alderdikoia duten ekitaldi politikoak, giza eskubideak urratzen dituzten jarduerak edo izaera bortitzeko ekintzak edo jarduerak babesten dituztenak.

IV. TITULUA

Funtzionamendu-araubidea. Xedapen orokorrak

13. artikulua. Guneen ezaugarriak.

Zentro Komunitarioen antolaketak honako irizpide hauei men egiten die: guneen balioaniztasuna, integrazioa, berdintasuna, kulturartekotasuna, inklusioa eta belaunaldiartekotasuna.

Guneak partekatzekoak izanen dira, eta horietako bakar bat ere ez da izanen erabiltzen ari den entitateak edo pertsonak bakarrik baliatzekoa. Guneek men egiten diote funtzio eta erabilera anitzeko ikuspegi bati, eta pertsona zein entitate erabiltzaile ororen eskura egonen dira, esklusibotasunik eta esklusiorik gabe.

Gune guztiak irekita eta erabiltzeko moduan egonen dira, salbu eta sarrera nagusia, biltegi-funtzioa dutenak eta babesa behar duten materialak edo datu pertsonalak gordetzen dituzten tokiak (sukaldea, ordenagailuak, fitxategiak, etab.).

Ez Udalak ez Kudeaketa Batzordeak ez dute bere gain hartzen instalazioetan gerta daitezkeen material edo objektu pertsonalen galera, lapurreta, ebasketa, erabilera desegokia edo kaltea.

14. artikulua. Biltegiratzea.

Udalak gune batzuk bermatuko ditu bertan gauzak biltzeko, zentroaren jardueren eta edukieren arabera. Jarduera bat garatzeko beharrezko materialak bildu behar dituzten pertsonek edo entitateek Alor eskudunari eskatuko diote horiek biltzeko toki bat baimendu dezaten.

15. artikulua. Erabiltzeko debekua.

Zentro Komunitarioa ez da inoiz ere izanen kolektibo, talde, elkarte edo erakunde baten egoitza esklusibotasun izaeraz, instalazio guztien erabilera partekatua izanen baita. Horren salbuespena izanen da Prebentzio Ekintza Komunitarioko Udal Zerbitzuaren kokapena, bertan gauzatzen diren eginkizunak direla-bide.

Halaber, entitate bakar batek ere ezin izanen du egoitza sozialtzat eduki Zentro Komunitario baten helbidea.

Debekatuta dago Zentro Komunitarioan animaliak sartzea, salbu segurtasun zioak direla-eta edo itsuei laguntza emateko legez baimenduta dauden kasuetan. Salbuespenez, baimena emanen da animaliak zentroan sar daitezen, bertan auzoko kolektibo zaurgarriei zuzendutako jarduera sozio-terapeutikoak egiteko bada, betiere jarduera horiek Udalaren gizarte zerbitzuen abala jaso badute, Kudeaketa Batzordeak horren berri eduki eta onartu eta gero, eta entitate antolatzailearen ardura izaki erabilitako gunea erabili baino lehen zegoen bezala uztea.

Debekatuta dago tabakoa eta edari alkoholdunak hartzea Zentro Komunitarioaren eremuetan.

Ezin da zorizko edo apustu jokorik egin edo horiek sustatu.

16. artikulua. Barne Araubideko erregelamendua.

Kudeaketa Batzordeak barne araubideko erregelamendu bat proposatuko du Zentro Komunitario bakoitzean, hori gunearen ezaugarrietara egokitzeko. Erregelamenduak instalazioen erabilera eta funtzionamendu egokia arautuko ditu, bai eta faltak eta zehapenak ere urraketen kasuan. Eskumenak esleituta dituen Zinegotzi ordezkariari egokituko zaio erregelamendua onestea eta hura ez betetzeak dakartzan zehapenak zehaztea.

Aldian-aldian erregelamendua gaurkotu beharko da, lege-estaldura behar duten inguruabar berriekin bat etortzeko.

17. artikulua. Informazioa eta komunikazioa.

Zentro Komunitarioak eskura edukiko ditu bertan antolatzen diren jardueren berri emateko euskarriak. Ezin izanen da horretarako erabili ez aterik ez hormarik ez hondatu daitekeen beste edozein gunerik. Zentroko jarduerak era bateratuan hedatzeko sistema egokiak sortuko dira.

Zentro Komunitarioan sortzen diren agirietan, publizitatean, irudietan eta materialetan hizkuntza inklusiboa erabiliko da eta bazter utziko dira edozein irudi edo mezu diskriminatzaile.

Berariaz debekatuta dago Zentro Komunitarioan eduki arrazistak, xenofoboak, bortitzak, diskriminatzaileak edo sexistak dituzten mezuak eta pertsonen intimitatearen kontrakoak hedatzea, bai eta irabazi-asmoa duten entitateen publizitatea egiten dutenak ere.

Entitateen arteko komunikazioa eta horien zein Udalaren artekoa bideratze aldera, erabilgarri jarriko dira posta elektronikoan postontzi bat, iradokizun-postontzi bat eta zehaztu beharreko beste zenbait euskarri, jakinarazi nahi den ororen berri horra igortzeko.

Alor kudeatzailera iristen diren iradokizunak, kexak eta gorabeherak Kudeaketa Batzordeari helaraziko zaizkio, bai eta haiei dagokienez hartzen diren neurriak ere.

Urtean behin, Kudeaketa Batzordeak memoria bat eginen du Zentroan egiten diren jardueren gainean, programazioaren berri eman eta hura ebaluatze aldera.

18. artikulua. Guneen lagapenak. Prozedura guneen erabilerako.

Hitzarmen bakoitzaren entitate edo pertsona sinatzaileek gune bat eskatzen ahalko dute bertan jarduerak modu iraunkorrean egiteko (Ikusi 4. artikulua, non zehazten baita zentroaren entitate erabiltzailearen izaera).

Kudeaketa Batzordeak jasoko du eskaera, oniritzia emanen du eta egutegia zein laga beharreko gunea antolatuko ditu eta onespena jakinaraziko dio pertsona edo entitate interesdunari. Sarrera ukatuz gero, jakinarazpenean horren zergatiak azalduko dira, betiere barne erregelamenduan jasota dagoenaren arabera. Eginkizun horiek Iruñeko Udalak berak egiten ahalko ditu, edo kolektibo zein entitate erabiltzaileek, beraiek ezarritako antolaketaren arabera (programazio-batzordea, lantaldea, entitateen biltzarra, etab.), non eta ordenantza honen irizpideak -27. artikuluaren b) letran berariaz jasotakoak- betetzen diren.

Noizbehinkako erabileretarako, kolektibo, talde, elkarte eta pertsona eskatzaileek eskaera egiten ahalko dute hitzarmenik sinatu beharrik gabe, nahikoa izanen delarik eskabide bat aurkeztea, bertan azalduta zer jarduera egin nahi duten eta zein egunetan.

Talde erabiltzaileak dagoeneko egiten ari diren jarduerak errepikatzen badira saiatuko da horiek elkartzen, egiten ari direnak eta berriak lehian ari ez daitezen.

Erabilera-baimenak emateko baldintza da gune libreak egotea horretarako. Gune eta ordu berberetan bi jarduera egitekoak izanez gero, bideak bilatuko dira, ahal delarik, horietako ezein bazter geratu ez dadin. Halako kasuak Kudeaketa Batzordeak aplikatzen dituen irizpideek arautuko dituzte.

Jarduerak horretarako justifikaziorik ematen badu, beste eremu batean dagoen zentro komunitarioen sareko Zentro Komunitario bat eska daiteke herritar mota jakin bati hurbildu nahian, eremuan bertan zentrorik ez egoteagatik, jarduera interes orokorrekoa izateagatik edo auzo jakin batean bereziki erroturik ez egoteagatik.

19. artikulua. Sarbide-irizpideak.

Honako hurrenkera hau ezarri da lehentasun-irizpidetzat, garrantzi handienetik txikienera, jarduerak egiteko guneak lagatzeko:

–Jarduera herri-ekimen batek abiatua izatea edo auzotarren interesekoa izatea.

–Jarduera auzotar guztiei irekita egotea eta gizarte-inpaktu handia edukitzea, dela eremu zehatz batean dela Iruña osoan.

–Jarduera eremuan bizi direnen beharrek eragindakoa izatea eta haren bidez laguntza- eta konfiantza-sareak osatu daitezela.

–Jarduera akuilua izatea aukera gutxieneko pertsonen partaidetza, engaiamendu edota autonomia sustatzeko.

–Gunea jarduera egiteko egokia izatea.

–Aretoaren neurriak, mugatutako edukiera kontuan harturik.

–Jardueretan askotariko izaera proportzionalari eustea.

–Beste jarduerekin bateragarria eta osagarria izatea.

–Eta beste zenbait irizpide, zerrendan ez aipatu arren Kudeaketa Batzordeak egoki jotzen ahal dituenak.

Bere lokalak dituzten elkarteek edo entitateek ez dute lehentasunik edukiko zentroetako instalazioak erabiltzeko. Hori gorabehera, saiatuko da Zentro Komunitarioaren erabilera errazten, auzoari zuzendutako komunitate-jarduerak egiteko guneak partekatzeari begira.

20. artikulua. Udalaren ekimeneko jarduera.

Zentro Komunitarioan Udalaren ekimenez abiatutako jarduerak garatzen ahalko dira, baldin eta Ordenantza honen 3. artikuluan jasotako helburuekin bat badatoz eta, bereziki, auzoetako ekimen sozialak eta kulturalak osatu eta koordinatzeko xedez egiten badira, betiere 18. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

21. artikulua. Lokaletara sartzea.

Baldin eta guneak lagapenean uzteak berekin badakar zentrora sartzeko edozein sistema erabiltzaileari eman beharra, eskatzailea izanen da sistema horren eta haren erabileraren arduradun, barne erregelamenduan ezarritakoarekin bat. Debekatuta dago giltzen edo sartzeko bestelako sistemen kopiak egitea, ezta horiek taldekoak ez diren beste pertsonei ematea ere.

Iruñeko Udalak une orotan jakinen du zer entitatek duten zentrorako sarbidea.

Debekatuta dago sarraila edo erabiltzen den sarbide-sistema aldatzea Iruñeko Udalaren baimenik gabe.

Zentro Komunitarioa itxi eta irekitzeko ardura izanen dute hura erabiltzen duten lehenengo eta azken taldeek.

Zentroaren ezaugarrien arabera, aintzat har daiteke Udaleko langileek bertan laguntza eman ahal izatea.

22. artikulua. Ordutegia.

Zentro komunitarioetako ohiko ordutegia 08:00etatik 22:00etara izanen da, astelehenetik ostegunera, eta igande eta jaiegunetan. Eta 08:00etatik 24:00etara ostiral, larunbat eta jaiegun bezperetan.

Zentro bakoitzak ordutegia egokituko du bere programazioaren arabera, betiere ordutegi horren baitan.

Zentroa beste ordutegi batean eta jaiegun jakin batzuetan erabiltzen ahalko da, salbuespenez, programatutako jarduerek hala eskatzen badute, betiere Kudeaketa Batzordearen oniritziarekin.

Bereziki zaindu beharko da zentro komunitarioen inguruetan bizi diren bizilagunen atsedenaldia.

23. artikulua. Egutegia.

Zentroaren egutegia eguneraturik egonen da, zentroa erabiltzen ari diren taldeen jarduerak eta ordutegiak bertan agertuta, entitate eta pertsona erabiltzaileek guneak erabiltzea errazte aldera.

24. artikulua. Kontserbatze- eta mantentze-lanak, erabilera egokia eta jasangarritasuna.

Udalak bere gain hartuko ditu Zentro Komunitarioetako kontserbatze- eta mantentze-lanak, bai eta oinarrizko hornikuntzetarako altak eta horiek mantentzea ere.

Udalak kontsumoak gainbegiratuko ditu eta ohartaraziko die lokalen entitate eta pertsona erabiltzaileei haien kontsumo-ardurak bat ez badatoz kontsumo arduratsuko irizpideekin, zuzendu ditzaten.

Lokalak erabiltzen dituzten entitate eta pertsonek ezin izanen dute obrarik edo higiezina aldarazten duen jarduketarik egin.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa bete ezean, Udalak bertan behera uzten ahalko du entitate edo pertsona arduradunak lokala lagapenean erabil dezan hartutako erabakia, halako moduz non erabiltzaileak ez baitu eskubiderik izanen kalte-ordain edo konpentsazio ekonomikorik jasotzeko eta erreklamazioa egiten ahalko baitzaio jarduketa horri legozkiokeen erantzukizunen gainean.

Hala Udalak nola pertsona erabiltzaileek zainduko dute zentroetako higiene-egoera egokia izatea.

25. artikulua. Gune-lagapenak ezereztea edo bertan behera uztea.

Hala gunea ziorik gabe erabiltzeari uzteak, jarraian emandako lagapenen kasuan, nola gainerako erabiltzaileei edo zentroari berari kaltea eragiten ahal dieten jarduera arriskutsuak, gogaikarriak edo osasungaitzak egiteak berekin ekarriko du gunearen lagapena bertan behera uztea, dela adi baterako dela behin betiko, zentroa erabiltzen ez duen edo ordenantza honen erabilera-baldintzak betetzen ez dituen pertsona edo entitatearen kasuan. Horretarako, lehenago espedientea izapidetu beharko da interesdunari entzunaldia eskainita, eta erabakia proportzionaltasun-printzipioarekin bat hartuko da.

V. TITULUA

Zentro komunitarioen kudeaketa

Iruñeko Udalak dauka azken ardura udalerrian Zentro Komunitarioak eskuragarri jartzeko eta haietan kudeaketa egokia ahalbidetzeko; kudeaketa, dena dela, zentroen kolektibo eta pertsona erabiltzaileekin partekatuko du.

26. artikulua. Kudeaketa Batzordearen osaketa.

Kudeaketa partekatze aldera, zentro bakoitzean Kudeaketa Batzorde bat sortuko da, honako hauek osatua: Udalaren bi ordezkari edo gehiago -udal-alor kudeatzaileak izendatuak-, eta parekidetasunez jokatuta, hitzarmena sinatu duten bi kolektibo edo entitate edo gehiago, zentroa egonkortasunez erabili behar dutenen artean. Horiez gain, Prebentzio Ekintza Komunitarioko Udal Zerbitzuaren ordezkari batek ere parte hartzen ahalko du, hitzarekin baina botorik gabe.

27. artikulua. Kudeaketa Batzordearen eginkizunak.

a) Zentroen kolektibo eta entitate erabiltzaileek zein Iruñeko Udalak gauzatu beharreko eginkizunak.

–Zentro Komunitarioaren jardunaren segimendua, lau hilean behin.

–Ordenantza honen edukien gaineko interpretazioa, araubideko hutsunerik egonez gero.

–Zentro Komunitariora sartzeko irizpideak zehaztu eta hedatzea.

b) Zentroen kolektibo eta entitate erabiltzaileek egin ditzaketen eginkizunak edo Iruñeko Udalaren esku utz daitezkeenak.

–Zentro Komunitarioaren funtzionamendurako barne-erregelamendua egitea, ordenantza arauemailearekin bat, eta haren proposamena Kudeaketa Batzordeari aurkeztea, hark onets dezan.

–Guneak erabiltzeko eskaerak jasotzea bertan jarduerak egiteko, dela modu egonkorrean dela noizbehinka edo salbuespenez, jarduerak modu antolatuan egiteko proposamena eginez. Kudeaketa Batzordeari emanen zaio horren berri, gatazkarik izanez gero ebatz dezan.

–Sartzeko giltzak eskura jartzea, Zentro Komunitarioan baimenduta dauden jarduerak egiteko.

–Zentro Komunitarioan programatutako jarduerak antolatzea (erabileren egutegia, jarduera-moten arabera gune egokiak bilatzea, etab.).

–Zentro Komunitarioaren erabileratik sor daitezkeen gatazketan esku hartzea.

–Urteko memoria egitea gauzatutako jarduerak jasota.

–Urtean gutxienez bilera bat egitea eta hura zentroaren entitate eta pertsona erabiltzaile guztiei zabalik egotea.

c) Iruñeko Udalak bakarrik gauzatu beharreko eginkizunak.

–Zaintzea Zentro Komunitarioa erabiltzeko interesa duen entitate edo pertsona orok aukera eduki dezala horra sartzeko, baldintzak betetzen baditu.

–Zentro Komunitarioan gerta daitezkeen gorabeheren eta matxuren parteak kudeatzea.

–Zentroan obrei edo berritze-lanei ekitea.

–Bermea ematea Zentro Komunitario bakoitzaren barne erregelamenduan eta lankidetza-hitzarmenean erantsitako xedapen guztiak gauzatzeko eta betetzeko.

Entitate erabiltzaileek egoki jotzen duten ordezkaritza-organo motaren arabera antolatu daitezke (erabilera- eta programazio-batzordea, lantaldea, bilera, etab.).

28. artikulua. Hitzarmen arauemailea.

Behin Zinegotzi Ordezkariak emandako ebazpen bidez ordenantza honen 5. artikuluak arautzen duen entitate egonkortzat hartua izateko eskaera onetsita, Zentro Komunitarioa erabiltzeko baimena hitzarmen arauemaile bat sinatuta gauzatuko da. Hitzarmena Iruñeko Udalak eta Zentro Komunitarioaren entitate erabiltzaileek sinatuko dute.

Hitzarmenak lau urteko indarraldia edukiko du, eta beste hainbeste luzatzen ahalko da, aurrez, beharrezkoa balitz, baldintzak berraztertuta.

Une orotan eguneraturik egonen da entitate parte-hartzaileekin lotutako informazioa, berriei alta emanez eta jardunean ez daudenei, baja, betiere prozedura egokiak erabilita horretarako.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1.–Zentro Komunitario gisara atxiki dira 2018ko 221. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 15ekoan, argitaratutako zerrendan jasota dauden espazioak: Gizarte Ekimenetarako Zentroen zerrenda.

2.–Iruñeko Udalak, Alkatetzaren Xedapen bidez, aldian behin gaurkotuko ditu Ordenantza arauemaile honen helburuak lortzeko herritarren eskura jartzen dituen Zentro Komunitarioen zerrenda.

XEDAPEN IRAGANKORRA

1998an onetsitako Gizarte Ekimenetarako Zentroen erabilera eta jardunbidea arautzen dituen ordenantzaren babesean hitzarmen bat sinatu duten entitateek ordenantza honi egin beharko diote men.

Hitzarmen horiek Ordenantza honek ezartzen dituen betekizun guztien arabera egokitu beharko dira, ordenantza hau noiz onetsi eta bi hilabeteko epearen barruan berresteko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Berariaz indargabeturik geratuko da Gizarte Ekimenetarako Zentroen erabilera eta jardunbidea arautzen dituen Ordenantza, zeina 1998ko urriaren 30eko Osoko Bilkuran behin betiko onetsi eta urte hartako abenduaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean sartzea

1.–Uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik sortuko harik eta bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko nahiz Foru Komunitateko Administrazioek toki-entitateei haien egintzak eta erabakiak ezeztatzeko errekerimendua egiteko duten ahalmena gauzatzeko ezarritako epea (hamabost egun baliodun) iragan arte.

2.–Ordenantza honen testu osoa kontsultagai izanen da Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan.

Iragarkiaren kodea: L1909786