152. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Aldaketa, Udalaren kirol instalazioak edo/eta kultur instalazioak erabiltzeko barne araubidearen erregelamendua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2019ko apirilaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Oltza Zendeako Udalaren kirol instalazioak edo/eta kultur instalazioak erabiltzeko barne araubidearen erregelamendua arautzen duen ordenantza. 2019ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 15ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Oltza Zendean, 2019ko ekainaren 10ean.–Alkatea, Moisés Garjón Villanueva.

Ordenantza, Oltza Zendeako Udalaren kirol instalazioak edota kultur instalazioak erabiltzeko barne araubidearen erregelamendua arautzen duena

90. artikulua.

Honela sailkatzen dira instalazioak kirolerako, kulturarako eta, inoiz, bertze jarduera batzuetarako erabiltzen dituzten entitateak, elkarteak eta partikularrak:

–Abonatuak.

–Abonatu gabeak.

Erabiltzaileen erroldatu edo erroldatu gabeko izaera dela eta, zehaztapenak egin daitezke bai ordenantza honetan bai kirol instalazioetako zerbitzuak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean ere.

(Azken paragrafoa gehitzea).

Seme-alaba adingabeen gurasoak dibortziaturik edo banandurik daudenean, bietako edozeinena hartuko da erroldaren bizilekutzat, zaintza eta jagoletza partekatua izan edo ez. Eskatzaileak frogatu beharko du egoera hori, agiri baten bidez.

93. artikulua.

1. Urteko abonamendua duenak, baja eman nahi badu, idatziz jakinarazi beharko die instalazioetako administrariei. Baja horren berri eman beharko da zein zerbitzu kontratatu den, hartarako epea bukatu baino hamar egun lehenago.

2. Baja gertatzen bada tarifa edo prezio publikoa kobratzeko egunaren ondotik, ez da hura itzultzeko eskubiderik izanen, salbu eta justifikatua badago ondoko arrazoi honengatik:

–Jarduera egitea galarazten dion eritasun larria izatea. Medikuaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Ondorio horietarako eritasun larritzat joko dira uztailaren 29ko 1148/2011 Errege Dekretuaren eranskinean jasotako zerrendan agertzen direnak (uztailaren 29ko 1148/2011 Errege Dekretua, minbiziak edo beste eritasun larri batek jotako adingabeak zaintzeagatiko prestazio ekonomikoa aplikatzeko eta garatzeko, Gizarte Segurantzaren sistemaren barnean).

Hori guztia kirol instalazioetako zerbitzuak erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalean xedatuarekin bat.

(Azken paragrafoa gehitzea).

3. Jarduerak iraupen laburrekoak badira eta Oltza Zendeako Udalak berak bere zerbitzuen bitartez antolatuak (Eguberrietako lantegia, udako kanpalekua, hiri kanpalekua eta abar) tasak itzultzen ahalko dira, baldin eta bajaren arrazoia jarduera egiteko ezintasuna ekartzen duen eritasuna bada. Dena den, erabiltzaileak jarduera egiten segitzeko ezintasuna arrazoitzen duen osasun txostena aurkeztuta baizik ez da joko arrazoizko bajatzat.

Astebeteko edo gutxiagoko jarduerak eta zazpi jarduera-egunekoak edo gutxiagokoak izanen dira iraupen laburrekoak.

Iragarkiaren kodea: L1908015