152. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

257E/2019 FORU AGINDUA, uztailaren 15ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Osasun Departamentuaren erakunde autonomoetarako erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten (ETE) 17 lanpostu huts oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautaproben bitartez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

Uztailaren 18ko 52/2018 Foru Dekretuaren bidez, 2018ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun arloko langileentzat, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokio, eta haren barnean daude, besteak beste, erradioterapiako teknikari espezialisten (ETE) 17 lanpostu.

Osasuneko kontseilariak urtarrilaren 11n emandako 6E/2019 Foru Aginduaren bidez, deialdi bat onetsi zen Osasun Departamentuko erakunde autonomoetan erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten (ETE) 34 lanpostu huts merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzak proposamen bat egin du erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten (ETE) lanpostu hutsak oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da onestea erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten (ETE) 17 lanpostu sarrera prozeduraren bidez eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoek langileen arloan dituzten eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, batetik, Osasun Departamentuaren erakunde autonomoetarako erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten (ETE) 17 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautaproben bidez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

2. Deialdiaren testua onestea, foru agindu honen eranskin gisa ageri dena.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Iruñean, 2019ko uztailaren 15ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

–30/2005 Foru Dekretua, otsailaren 21ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituena.

–110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira aplikatu beharreko merezimendu baremoak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, salbu osasun arloko A mailako langileei izan ezik (A.1 eta A.2 estamentuak).

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

–Gainerako arau osagarriak.

1.2. Deialdiaren ondoriozko egintzak argitaratuko dira honako hauetako batean edo gehiagotan:

–Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko (aurrerantzean O-NOZ) organo zentralen iragarki-taulan (Tutera kalea 20, Iruña). Argitalpen hau ofiziala izanen da.

O-NOZeko enplegu publikoaren web-orrian (https://empleosalud.navarra.es/eu), esteka honetan: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, honakoa hautatuz: “Erradiodiagnostikoko teknikari espezialista. Oposizio-lehiaketa (LPEa: 2017-2018E-2018)”; argitalpen hau informatiboa izanen da.

1.3. Deialdi honen xedea da kasuan kasuko lan publikoaren eskaintzan sartuak dauden erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten 17 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea, zehazki, hutsik gelditzen direnak Osasuneko kontseilariaren urtarrilaren 11ko 6E/2019 Foru Aginduaren bidez Osasun Departamentuko erakunde autonomoetarako onetsitako lekualdatze lehiaketaren ondorioz (deialdi hori 2019ko 25. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 6koan). Hala behar denean, aurretik, lanpostu horietako batzuk ordeztuko dira, hain zuzen ere eszedentzian egonik edo behin-behineko atxikipena izanik lehiaketan parte hartzen duten izangaiek betetzen dituzten lanpostu hutsak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste erakunde autonomo edo departamentu batzuetatik parte hartzen duten izangaiek betetzen dituztenak eta, orobat, lekualdatze nazionaleko lehiatzaileei esleitzen zaizkienak.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira destinoak eta plantilla-zenbakiak; hain zuzen, aipatutako lekualdatzea ebatzi ondoren gelditzen direnak izanen dira.

Deialdi honen xedea da, halaber, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez, erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatzea 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bitartez.

1.4. Deialdiko lanpostu hutsak hurrenkera honi segituz banatuko dira, bat etorriz azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako txanda banaketarekin (foru dekretu haren bidez arautu zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta bertako lanpostuak betetzea), eta kontuan harturik ezen lanpostu batzuk erreserbaturik daudela bete ditzaten desgaitasuna dutenen erreserba txandakoek. Hala, hurrenkera honetan banatuko dira:

–Lehenbizikoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena, igoera txandan.

–Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekian.

Lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera igoera txandatik hasiko da kontatzen, aurreko deialdian betetako azken lanpostua txanda irekikoa izan zelako. Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako lanpostuak:

a) 2 lanpostu, desgaitasuna dutenentzako txandarako erreserbatuak.

b) 8 lanpostu, igoera txandan.

c) 7 lanpostu, txanda irekian.

Igoera txandako lanpostua hutsik geldituz gero, txanda horretako izangaiek ez dutelako atera hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa, txanda irekian beteko da.

Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostuak bete gabe geldituz gero, izangaiek ez dutelako atera hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa, bidezko diren txandetakoei gehituko zaizkie, oinarri honetan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Hori horrela, deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak txanda irekian onartuko dira, baldin eta azkeneko txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte, eta, betiere, kontrakoa adierazten ez badute.

Halaber, baldin igoera txandako edota desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

1.5. Deialdiko lanpostua C maila edo taldekoa da, eta sailkaturik dago “Osasun arloko teknikariak” estamentuan, “Diagnosi-irudia” espezialitatean (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapena: urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, zeinaren bidez erregulatzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea, Eranskina).

1.6. Lanpostuen ordainsariak izanen dira ezarri direnak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.8. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak aurreikusten duen moduan, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

1.9. Erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten lanpostu bat lortzen duena dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoaren arabera (foru dekretu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautu zen).

1.10. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duten lanpostu elebidunetarako, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

Orobat, euskararen ezagutza frogatzen ahalko da Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak berariaz deituko dituen azterketak gaindituz.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiek:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Diagnosi-irudiko eta medikuntza nuklearreko goi-mailako teknikari titulua izatea, edo horren baliokidea den beste bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Izangaiek alegatzen badute badituztela eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea.

f) Uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera (haren bidez aldatu zen Haurrentzako eta Nerabeentzako Babes Sistema), adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko izatea, eta ez egotea jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea.

2.1.3. Desgaitasunak dituzten pertsonentzat erreserbatutako txandako izangaiek, txanda irekikoentzat ezarritako baldintzez gain, %33ko desgaitasuna edo handiagoa ofizialki onartua izan beharko dute.

2.2. Kasu guztietan, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segituko dute, harik eta izendatu arte.

3.–Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaera aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

Telematika bidez aurkeztuko da inskripzio eskabidea eta eginen da tasen ordainketa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orriaren bidez (https://empleosalud.navarra.es/eu), esteka honetan: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, “Erradiodiagnostikoko teknikari espezialista. Oposizio-lehiaketa (LPEa: 2017-2018E-2018)”, eta gero hemen sakatuta: “Inskripzioa”.

Ordainketa egitetik salbuetsita dagoela frogatzeko, agiri eskaneatuak erantsi beharko zaizkio eskaera telematikoari.

Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finko direnek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eta bertan agertu beharko dira honako hauek: funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da ez dagoela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

Gainerako izangaiek ez dute paperezko agiririk aurkeztu behar, salbu berariaz eta salbuespenez eskatzen bada.

3.2. Azterketa egiteko tasak eta ordaintzetik salbuetsita daudenak.

3.2.1. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 26 euroko tasa ordaindu behar da.

3.2.2. Honako hauek salbuetsita daude tasa ordaintzetik:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.

Salbuespen hori agiri hauetako baten bidez frogatu beharko dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako lan-eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da eskatzaile gisa inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, salbu justifikaturiko kasuetan, eta, horrez gainera, ez izatea hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik.

Paragrafo honetan xedatutakoa honela frogatu beharko da:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, Enplegu Bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, agertuko da lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Errentarik ez duela adierazteko eredua aurkeztuz eginen da hori (deialdiaren web-orrian dago), edo deialdian parte hartzeko eskabidean horretarako dagoen tokia markatuz.

c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan soilik parte hartzeko eskatzen dutenak.

3.3. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskabidean adierazi beharko dute, eta horretarako tokian zehaztu beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.

3.4. Azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte gainerako betebeharrak, agiri bidez, deialdi honen 8. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.5. Hautapen prozesua bukatu ondoren erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten aldi baterako kontratazioen zerrendetan egoteko behar den dokumentazioa deialdi honen 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu beharko da.

3.6. Euskaraz jakin beharra eskatzen bada, frogatu beharko da dagokion titulu ofizialaren bidez edo horretarako ezarritako proba gaindituz. Proba hori egin nahi izanez gero, eskabidean adierazi beharko da dagokion atalean.

4.–Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, telematika bidez erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bete eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ulertuko da aurkeztutako erreklamazioak ebatzi egin direla.

4.4. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.5. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.6. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen onartzea interesdunek betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Felipe Garro Ozcoidi jauna, Nafarroako Ospitaleguneko Zainketetarako eta Diagnostikoan Laguntzeko Erizaintza Arloko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Itziar Bueno Zamarbide andrea, Nafarroako Ospitaleguneko Zainketetako eta Laguntza Terapeutikoko Erizaintza Arloko burua.

Epaimahaikidea: Amelia Albarracín Igoa andrea, erradiodiagnostikoko koordinatzailea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Juan José Gambarte Valencia jauna, erradiodiagnostikoko koordinatzailea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Epaimahaikidea: Leonor Santos Vera andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Edurne Ansa Yunta andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Epaimahaikidea: Sandra Molina Fernández andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Elena Azparren Uriz andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.

Epaimahaikide-idazkaria: Miguel Garatea Crelgo jauna, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko burua.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Emilia Luna Goñi andrea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Profesionalen Ataleko burua.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (lege horren bidez jorratu zen Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.3. Epaimahaiak egoitza izanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioa 2019ko abenduan hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zer toki, egun eta ordutan izanen den.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldian ariketa bat egin beharko da, non test motako galdetegi bati erantzun beharko baitzaio idatziz. Galderak I. eranskineko gai-zerrendari buruzkoak izanen dira. Galdera bakoitzean, erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Galdera kopurua, erantzun okerren penalizazioa eta ariketaren gehieneko iraupena epaimahaiak erabakiko ditu ariketa hasi baino lehen.

6.3.2. Oposizioaldian guztira 60 puntu lortzen ahal dira, eta baztertuta geldituko dira gutxienez 30 puntu eskuratzen ez duten izangaiak.

6.3.3. Ariketarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat.

Probetara agertzen ez diren izangaiak oposizioalditik baztertuta geldituko dira.

6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren iragarki-taulan azterketa egitera aurkeztu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren web-orrian ere ikusten ahalko da.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin ekinen dio lehiaketaldiari.

Oposizioaldia gainditzen duten izangaiek telematika bidez aurkeztu beharko dituzte merezimendu guztiak, https://empleosalud.navarra.es/eu web-orriaren bidez, esteka honetan: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, “Erradiodiagnostikoko teknikari espezialista. Oposizio-lehiaketa (LPEa: 2017-2018E-2018)”. Deialdiko baremoan agertzen diren atalei jarraikiz aurkeztuko dira. Horretarako, hamar egun balioduneko epea izanen da, oposizioaldiaren behin betiko emaitza argitaratzen denetik hasita.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Honako merezimendu hauek ez dira aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren eskura jarri, baremazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernuaren esparru osoan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik, osorik baldin badaude.

6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen. Fase honetan, 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. atala baloratzean kontuan hartuko da deialdiko lanpostua “Osasun arloko teknikariak” estamentuan eta “Diagnosi-irudia” espezialitatean sailkaturik dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko araubideari buruzko urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, aurkeztu beharko dira zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera, zehaztuta guztira zenbat egun diren.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuen kasuan, ziurtagiri horretaz gain, aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emandako lan bizitzaren txostena.

6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Baldin parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela betetzen merezimendu horiek, merezimendu horiei emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

6.4.6. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak balorazioaren emaitza argitara emanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-taulan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita.

Izangaiak deialdiaren web-orriaren bidez ikusten ahalko ditu bai lehiaketaren emaitza, bai merezimenduen balorazio banakakoa.

7.–Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, lehentasuna izanen du oposizioaldian puntuaziorik handiena duen izangaiak. Berdinketak badirau, lehenetsiko da deialdi honen eranskineko baremoaren atal bakoitzean guztirako puntuazio handiena lortzen duen izangaia, baremoko hurrenkera berari jarraituz.

8.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortu dituzten puntuazioen araberako hurrenkeran, jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-taulan. Gero, probak gainditu eta puntuazio handiena lortu eta lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.2. Izendapenaren proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Osasunbidea-NOZeko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean:

8.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Zinpeko aitorpena, erakusten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo hitzematea.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

g) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari.

8.2.2. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gain, eta bertan agertu beharko da funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da prozesuak iraun bitartean ez dela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian egon gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

8.2.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko diren izangaien kasuan:

a) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, 8.2.1.e) atalean ezarritako ildo beretik.

c) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari.

8.3. Eskaeran %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutela alegatu duten izangaiek, gainera, frogatu beharko dute desgaitasun hori bateragarria dela deialdiaren xedeko lanpostuarekin. Horretarako, aurkeztu beharko dute eskumena duten balorazio eta orientazio taldeek egindako ziurtagiria.

9.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

9.1. Destinoko lantokia Administrazioko organo eskudunak esleituko du, izendapen proposamena argitaratu baino lehen, probak gainditu eta deitutako lanpostuetan kabitzen diren izangaien eskaeren arabera, hautaprobetan lorturiko hurrenkerari jarraikiz, betiere lanpostu horietan aritzeko oinarri hauetan eskatzen diren eskakizunak betetzen badituzte.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa izan eta, edozein txandatan, administrazioan sartzeko deialdi bateko lanpostua lortzen duten pertsonak, lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik egonen dira. Gero, igoera txandakoek hautatuko dute eta, azkenik, lanpostua txanda librean lortzen dutenek.

Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena esleituko zaio, horren gaineko txostena aztertu eta gero.

Euskara maila jakin bat frogatzea ezinbestekoa den lanpostuen kasuan, ezin izanen da horietara sartu ez bada ezagutza hori frogatzen. Lanpostuak hutsik geldituko dira bai baldintza hori betetzen duen izangairik ez badago, bai, izan arren, lanpostu horiek hautatzen ez badira.

9.2. Destinoko lantokia hautatzeko prozedura:

–Aukeratu baino lehen, hautatu behar duten izangaien eta zentroen (edo, zein den kasua, lanpostuen) zerrendak argitaratuko dira. Informazio hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletako iragarki-taulan eta erakunde horren enplegu publikoaren web-orrian argitaratuko da.

–Parte-hartzaileek 10 egun balioduneko epean eginen dituzte eskaerak, oposizio-lehiaketaren azkeneko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, jo beharko dute deialdiaren fitxan adierazitako estekara. Fitxa dago https://empleosalud.navarra.es/eu web-orrian: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, “Erradiodiagnostikoko teknikari espezialista. Oposizio-lehiaketa (LPEa: 2017-2018E-2018)”. Hor, nahi lituzketen lanpostuen zerrenda egin behar dute, lehentasun hurrenkeran.

–Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza.

–Emaitza horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren web-orrian erakutsiko dira.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Administrazio organo eskudunak, egoki bada, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak izendatuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario, ebazpen bidez, erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten lanpostuetan jardun dezaten.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

10.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

10.3. Izendapena dela bide, izendatuak bihurtuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren nomina eta plantillako funtzionario, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen ditu.

Hautaprobak gainditu ondoren izendatzen diren izangaiak funtzionario bihurtuko dira, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira, eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzen diren funtzionarioek, baldin lehendik haren montepioetakoren baten eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badaude, bi aukera izanen dituzte: sartuta dauden Administrazioaren Montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.

10.4. Funtzionario gisa lanpostuaz jabetzea geroratu eginen da baldin izangaia amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako aldian badago.

Lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzen hasiko da amatasun edo adopzio lizentziari dagokion aldia bukatzen denetik hasita, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, amarentzat erditu ondoren ezarritako derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.

Kasu horietan, dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko gerorapen epe hori. Aitorpen hori egiteko nahitaezkoa izanen da lanpostuaz jabetzea, eta hori gertatzen denetik hasita izanen ditu ondorioak.

10.5. Deitutako lanpostuak betetzen direla bermatzeko, baldin izangairen batek hautapen prozesuaren ondoriozko eskubideei uko egiten badie, lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu ezarritako prozeduran finkatu bezala eta dagokion epean, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan), esleitutako lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (salbu ezinbesteko kasuetan) edo, izangaiak berak eskatuta, indarreko araudian adierazitako kasuetan borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren ondotik dagoen izangaiarekin.

10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.7. Izendapenean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren aurka, oposizio-lehiaketaren nondik norakoen aurka edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta zain geldituko da, administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpena noiz emanen den, eta haren mende egonen da.

11.–Zerrendak prestatzea gero batean aldi baterako kontratazioak egiteko, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

11.1. Erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, jarraikiko zaio Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa). Bestela, hala badagokio, jarraikiko zaio zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari.

11.2. Deialdi honen emaitzan oinarrituta prestatzen den kontratazio zerrendako izangaiek 2.1.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta aurrerantzean ere haiek betetzen jarraitu beharko dute.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duten izangai onartuak berehalakoan baztertuko dira kontratazio zerrendatik.

11.3. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Kontratazioetarako zerrendetan egoteko, bai lanposturik gabeko izangai gaindituek bai oposizioaldia gainditu ez dutenek 2.1.1.c) atalean aipatutako titulazioaren agiria aurkeztu beharko dute, deialdiko azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean, salbu aldez aurretik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta/edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aurkeztu badute. Agiri hori aurkezten ez dutenak zerrendetatik kanpo geldituko dira, salbu Administrazioak horren berri baldin badu Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Zerbitzuaren bidez.

b) Oposizioaldia gainditzen ez dutenek epe horretan aurkeztu beharko dute, orobat, edozein Administrazio Publikotan emandako zerbitzuen ziurtagiria, hain zuzen, erradiodiagnostikoko teknikari espezialista gisa deialdi hau argitaratu arte emandako zerbitzuena, salbu Nafarroako Gobernuan emandako zerbitzuak badira.

11.4. Esparruak aukeratzea.

Deialdian parte hartzeko eskabidean berean adierazi beharko dira iraupen laburreko nahiz luzeko kontratazioetarako zerrendak prestatzeari begira aukeratzen diren esparruak. Deialdiko behin betiko emaitzak argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, interesdunek hasieran aukeratutako esparruak aldatu, murriztu edo zabaldu ditzakete.

11.5. Kontratu motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.6. Izangaiek lanpostu eskaintzari uko egiten ahalko diote lanaldia heren batekoa edo hortik beherakoa denean.

11.7. Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Agiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

12.–Izangaien zerrendak prestatzea gero batean aldi baterako barne igoeraren bidez aritzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

12.1. Erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten aldi baterako barne igoerako zerrendak prestatzeko eta erabiltzeko orduan, bete beharko da azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua (haren bidez arauak eman ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko), baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretua garatzeko indarra duen araudia ere.

12.2. Aldi baterako barne igoerako zerrendetan parte hartu nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabidean, eta baldintza hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile finkoa izatea –eta izaera horri eustea– nork bere esparruan gora egin ahal izateko, sailkatua egotea erradiodiagnostikoko teknikari espezialisten lanpostuarena baino maila-talde edo kategoria beheragoko batean, eta lanpostu hori lortzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren titulazioa eta baldintzak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaldiaren hautaprobak gainditu behar dira.

Hautaproben azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak prestatuko dira mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, berdinketa hausteko, kontuan hartuko da deialdian eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra eta deialdiko oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126.1.a) artikuluan xedatutakoarekin bat.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126.2 artikuluarekin bat.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

Gai orokorrak.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: atariko titulua eta I. titulua. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: atariko titulua eta II. tituluko 53. eta 54. artikuluak.

2. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazioari dagokienez: I., II. eta III. kapituluak.

3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua eta II. tituluko II., III., IV., VI., VII., VIII. eta IX. kapituluak. 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

4. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: I. kapitulua, II. kapitulua eta III. kapitulua.

5. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa: atariko titulua eta II. eta VI. tituluak.

6. gaia.–17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa: atariko titulua eta I. eta II. tituluak.

7. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa: atariko titulua eta I. titulua. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. 8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, Nafarroako LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa: atariko titulua. 12/2018 Foru Legea, ekainaren 14koa, Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa: I. titulua eta II. titulua.

Berariazko gaiak.

1. gaia.–Erradiazioen oinarri fisikoak. Atomoaren egitura, energia unitateak fisika atomikoan.

2. gaia.–Erradiazio ionizatzaileak. Energia transmititzeko moduak. Eremu elektromagnetikoak. Uhin elektromagnetikoak. Erradiazio elektromagnetikoa. Erradiazio elektromagnetikoaren espektroa. Partikulen erradiazioa. Erradiazioaren intentsitatea eta energia. Erradiazio bidezko ionizazioa. Erradiazio iturriak.

3. gaia.–Erradiazioaren eta materiaren arteko elkarreraginak. Erradiosentikortasunean eragina duten faktore fisikoak eta biologikoak. Erradiazioaren ondorioak. Organoetako kalteak.

4. gaia.–X izpien fisika. Ohiko erradiologiako ekipoak. X izpien hodia. X izpien sorta. Sorgailua. Ekipoen maneiua: finkoak, mugikorrak eta eramangarriak. Esposizioan parte hartzen duten faktoreak. Haien arteko harremana. Esposizio faktoreen aldaketen kalkulua. Esposizioaren kontrol automatikoa.

5. gaia.–Irudi erradiologiko digitala. Kontzeptua. Irudi digitala sortu eta tratatzea. Ekipamendu digitalak. Abantailak.

6. gaia.–Bezeroen arreta. Zainketak. Prestakuntzarako baldintzak. Mobilizazio eta immobilizazio teknikak eta babesteko baliabideak. Erradiologia larrialdietan. Erradiologia ebakuntza-gelan.

7. gaia.–Anatomiaren arloko terminologia. Anatomia orokorra. Posizioak. Planoak. Proiekzioak.

8. gaia.–Garezurraren, aurpegiaren eta lepoaren anatomia erradiologikoa. Garezurraren, aurpegiaren eta lepoaren miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografiko soila. Proiekzio erabilienak. Teknika erradiologiko bereziak. Irudi kalitaterako irizpideak.

9. gaia.–Pelbisaren eta beheko gorputz-adarraren anatomia. Pelbisaren, aldakaren eta beheko gorputz-adarraren miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografiko soila. Proiekzio erabilienak. Irudi kalitaterako irizpideak.

10. gaia.–Abdomenaren anatomia erradiologikoa. Abdomen soilaren miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografikoa. Proiekzio erabilienak. Teknika bereziak. Irudi kalitaterako irizpideak.

11. gaia.–Toraxaren anatomia erradiologikoa. Miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografiko soila. Proiekzio erabilienak. Teknika erradiografiko bereziak. Erradioskopia. Irudi kalitaterako irizpideak.

12. gaia.–Goiko gorputz-adarraren anatomia erradiologikoa. Sorbalda-gerrikoaren eta goiko gorputz-adarraren miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografiko soila. Proiekzio erabilienak. Irudi kalitaterako irizpideak.

13. gaia.–Bizkarrezurraren anatomia erradiologikoa. Miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografiko soila. Proiekzio erabilienak. Teknika erradiografiko bereziak. Irudi kalitaterako irizpideak.

14. gaia.–Miaketa erradiologiko bereziak. Dakriozistografia, sialografia, fistulografia, histerosalpinpografia, angiografia eta flebografiaren kontzeptuak eta teknika erradiografikoak.

15. gaia.–Bularraren anatomia erradiologikoa eta miaketa-teknikak. Tomosintesia, galaktografia. BI-RADS sailkapena.

16. gaia.–Nerbio sistemaren anatomia erradiologikoa. Miaketa erradiologiko bereziak. Azterlanak kontrastearekin.

17. gaia.–Digestio aparatuaren miaketa erradiologikoa, oro har. Teknika erradiografiko soila. Serieetako azterlanak kontrastearekin; proiekzio ohikoenak. Behazun bidearen miaketa erradiologikoa.

18. gaia.–Gernu aparatuaren miaketa erradiologikoa. Teknika erradiografiko soila. Urografia benabarnetik eta serieetako beste azterlan batzuk kontrastearekin.

19. gaia.–Ordenagailu bidezko tomografiaren (TAC) printzipioak. Oinarri fisikoak eta alderdi teknikoak. Alde onak eta txarrak. Ordenagailu bidezko tomografiako ekipoak. Ezaugarriak eta funtzionamendua. OTA bidez miatzeko teknika erradiologikoak. Teknika aurreratuak (azterlan koronarioak, ICTUS kodea, eta abar).

20. gaia.–Erresonantzia magnetikoaren (RM) printzipioak. Eremu magnetikoen printzipioak. RMaren alderdi teknikoak. RMrako ekipoak. Motak, ezaugarriak eta funtzionamendua. Irudiak lortzea RM bidez. Pultsuaren sekuentziak: T1 eta T2ko irudi potentzialak eta protoi dentsitatea.

21. gaia.–RM bidez miatzeko teknikak. Teknika aurreratuak (bihotzaren azterlanak, baskularrak, espektroa, garuneko funtzioen azterlanak, garunaren traktografia, osoa-RM). Kontraindikazioak eta arretazko neurriak RMrako.

22. gaia.–TCn eta RMn erabiltzen diren kontrasteak. Kontraste motak. Osaera eta aplikazioak. Kontrasteek sortutako kontrako erreakzioak eta konplikazioak.

23. gaia.–Ultrasonografia. Oinarri fisikoak. Alde onak. Alde txarrak.

24. gaia.–Erradiobabesa: EURATOMen Europako 2013/59 Zuzentaraua. Estatuko (1132/1990 eta 786/2001 Errege Dekretuak) eta Europako araudia. Kontzeptua, helburuak eta printzipio orokorrak. Erradiazioen detekzioaren oinarriak. Instalazio erradiologikoetan erabiltzen diren detektagailuak. Motak eta aplikazioak.

Babes erradiologiko operazionala (arriskuan dauden langileen sailkapena, langileen zaintza, arriskuan dauden langileen osasun zaintza, blindajea) eta berariazkoa erradiodiagnostikoaren instalazioetan. (X izpien ekipoak, erradiodiagnostikoko instalazioen diseinua, gelen funtzionamendua).

25. gaia.–Erradiazioaren dosimetria. Banako dosimetria. Gehieneko dosi onargarria. Arriskuen multzoa. Arloko dosimetria. Guneen sailkapena, seinalizazioa, sartzeko eta kontrolatzeko sistemak. Pazientearen babesa erradiazioen aurrean: dosian eragina duten faktoreak. Neurri orokorrak. Ugaltzeko adinean dauden emakumeak, emakume haurdunak, erradiologia pediatrikoa.

26. gaia.–Segurtasuna eta higienea. Ospitale ingurunea. Ekipoen mantentze-lana, desinfekzioa, materiala esterilizatzea. Infekzio nosokomiala.

27. gaia.–Informatika aplikazioak erradiodiagnostikoko zerbitzuetan (PACS, HIS, RIS). Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Pazientearen Historia Klinikoaren aplikazioa. Konfidentzialtasuna.

28. gaia.–Instalazio erradiologikoen kalitatea kontrolatzeko sistemak: Prozesuaren kalitate faktoreak. Kalitatea kontrolatzeko tresnak. Kalitatearen bermea eta hura nola mantendu.

29. gaia.–41/2002 Lege Oinarrizkoa, azaroaren 14koa, pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoan dituen eskubide eta betebeharrak arautzen dituena: osasun arloko informaziorako eskubidea; intimitaterako eskubidea; pazientearen autonomiarekiko begirunea; historia klinikoa. Baimen informatua. Osasun txartela.

30. gaia.–Datuen babesa. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa: xedea, aplikazio eremua eta printzipioak; pertsonen eskubideak. Datuak Babesteko Espainiako Bulegoa.

31. gaia.–Ikerkuntzaren metodologia. Bioestatistikaren alderdi orokorrak. Teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak. Datuen iturriak. Azterlan deskribatzaileak eta analitikoak. Prozesuko azterlanak eta emaitza. Teknikari espezialistaren zeregina.

32. gaia.–Egitura nuklearra. Elementuak eta nuklidoak. Nukleoaren egitura. Nukleoaren egonkortasuna. Nuklido eta erradiazioen motak. Nukleoaren desintegrazioa. Medikuntza Nuklear Konbentzionaleko erradiobotikak eta PETeko erradiobotikak (positroien igorpenaren bidezko tomografia). Aktibimetroak eta zunda detektatzaileak.

33. gaia.–Gammakamerak, SPECT-TAC, PET eta PET-TAC: printzipio fisikoak, osagaiak, ezaugarriak eta funtzionamenduak.

34. gaia.–Medikuntza Nuklear Konbentzionalaren azterlanak eta tratamenduak: sistema muskuloeskeletikoa, kardiologia, baskularra, pneumologia, endokrinologia, neurologia, nefrourologia, digestioaren patologia, hepatoesplenikoa eta biliarra, hanturazkoa eta infekziosoa eta onkologia.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Ondokoak baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

1.2. Beste estamentu eta/edo espezialitate batean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,25 puntu.

1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

Egindako zerbitzu gisa hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraikiko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietan egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

Bigarren, laugarren eta bosgarren atalak bateragarriak dira, eta ikerketa lan beraren gaineko komunikazioa, txostena eta argitalpena baloratuko dira.

Akta liburuetan edo “abstracts” direlakoetan egiten diren txostenak, afixak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.

2.1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea, kreditu akademiko bakoitzeko 0,2 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak proportzionalki puntuatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzailearen gaineko betekizunak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek “Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen” barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Gehienez ere 10 puntu emanen dira.

2.2. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartean: lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

–Nazio mailan: lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Autonomia erkidegoan: lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.3. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartean: 0,75 puntu.

–Nazio mailan: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoan: 0,2 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.4. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.5. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.6. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 10 orduko, 0,2 puntu.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo adituen tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Frogagiriaren arabera, ikasturte osoa frogatua ez badago, egindako denborari dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Gehienez ere 1 puntu emanen da.

2.7. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea ofizialki egiaztatua izateagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, gehienez ere 2 puntu.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotzen dira, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.

Euskaraz jakitearen balorazioa azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da. Foru dekretu horren bidez arautu zen euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Iragarkiaren kodea: F1909547