152. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARTZIBAR

Udal ordenantza, Artzibarren etxebizitzak eraikitzeko eta birgaitzeko edo eraikinak eraberritzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Artzibarko Udalak, 2019ko martxoaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Artzibarren etxebizitzak eraikitzeko eta birgaitzeko edo eraikinak eraberritzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza. 2019ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 9an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, Nafarroako Toki Araubidea Gaurkotzeari buruzko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzeko agindu da.

Artzibarren, 2019ko ekainaren 4an.–Alkate udalburua, Carlos Oroz Torrea.

Udal ordenantza, Artzibarren etxebizitzak eraikitzeko eta birgaitzeko edo eraikinak eraberritzeko laguntzak arautzen dituena

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Artzibarko Udalak honako hauetarako aurreikusitako laguntzak arautzea da ordenantza honen xedea:

a) Artzibarko udal-mugartearen barnean etxebizitzak erostea eta etxebizitzak eraikitzeko edo birgaitzeko obrak egitea, ohiko etxebizitzarako badira, azken urteez geroztik gertatzen ari den jende hustuketari buru emateko sustapen neurri gisa.

b) Artzibarko udal-mugartearen barnean eraikinak berritik egiteko edo eraikinak edo lokalak birgaitzeko edo eraberritzeko obrak egitea, abeltzaintzarako, nekazaritzarako, basogintzarako edo jarduera ekonomikoetarako badira eta haien titularrak Artzibarko ohiko bizilagunak badira.

2. artikulua. Onuradunak.

Pertsona fisikoak, ondoko baldintzak betetzez gain 3. artikuluan aipatutako inbertsioetariko batzuk egiten badituzte.

a) Erroldaturiko egotea gutxienez ere urtebete lehenagotik eta Artzibarko herrietariko batean gutxienez ere bederatzi hilabetez egiazki bizitzea. Beren lehen etxebizitza eskuratzen duten bizilagun berriak izanez gero, urte bat izanen dute bertan erroldaturik daudela eta bizi direla frogatzeko, bizigarritasun zedularen edo, bertzenaz, salerosketaren eskrituraren datatik aitzina.

b) Familia unitatearen diru sarrerak ez izatea ordenantza honen 7. artikuluan ezartzen dena baino handiagoak.

Pertsona juridikoak ere izaten ahalko dira onuradun, 1. artikuluaren b) apartatuan aipatzen diren obretarako, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza fiskala Artzibarren finkaturik edukitzea, gutxienez ere urtebete lehenagotik.

b) Artzibarko Udalarekin betebehar guztien ordainketa eguneratua izatea.

c) Ez gainditzea 7. artikuluan ezartzen diren gehieneko diru sarrerak (bider bazkide kopurua).

3. artikulua. Lagunduko diren inbertsioak.

Artziko Udalak, bere aurrekontuen mugen barrenean, laguntzak emanen dizkie jarduketa hauetariko bat egiten duten lagunei, 2. artikuluan aipatzen diren baldintzak betez gero:

3.1. Artzibarko edozein herritan etxebizitza edo eraikin bat erosten dutenei bertan ohiko bizitegia paratu beharrez, edo beren etxean, jabe gisa, birgaitzeko, sendotzeko edo eraikitzeko obrak egiten dituztenei, edo lehen etxebizitza eskuratzen dutenei, baldin eta jabeak badira eta ondoko artikuluetan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3.2. Artzibarko edozein herritan eraikuntza berriak egiten dituztenei, bai eraikinak berritik eginez bai egun diren abeltzaintzako edo nekazaritzako ustiategiak edo jarduera ekonomikoak hobetzeko edo ordezkatzeko, eta orobat egun diren eraikuntzak eraberritzen dituztenei, betiere jabeak badira eta ondoko artikuluetan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

4. artikulua. Kontzeptua.

Etxebizitza propioa dela ulertuko da familia unitatearen bizilekua eta ohiko bizitegia bada; hortaz, bigarren bizitegiak berariaz kanpoan gelditzen dira.

Araudi honen ondorioetarako, etxebizitzaren eraikin nagusia eta eranskinak eraikuntza bakartzat joko dira, bizigarritasun zedula independenteak izan ezean.

5. artikulua. Dokumentazioa.

Laguntzak eskuratzeko nahitaezkoa izanen da proiektu ikus-onetsia aurkeztea hura eskatu orduko, eta orobat obra bukaerako deklarazioa edo Udalaren azken oniritzia, baita behar diren udal lizentziak ere. Dirulaguntza emateko ezinbertzekoa izanen da behar diren baimenak lortzea.

6. artikulua. Salbuespenak.

Honako hauek ezin izanen dira diruz lagundu:

1. Norberaren eskulana, ezta jatorri bereko materialak ere.

2. Proiektua idazteko gastuak, inbertsioaren %10 baino gehiago egiten badute.

Ordenantza honen aplikazioaren ondorioz laguntza bat jasotzen dutenek ez dute bertze dirulaguntzarik eskatzen ahalko harik eta hamar urte iragan arte lehenbizikoa eman denetik. Salbuespena izanen da aurreikusitako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa eskuratu ez denean; hartara, obra batek ez badu ordenantzan jasotzen den dirulaguntzaren gehienekoa eskuratzen, bertze dirulaguntza bat ematen ahalko zaio, ordenantzan aurreikusten den dirulaguntzaren gehienekoa osatu arte. Halakoetan, artikulu honetan aipaturiko hamar urteko epe hori bigarren dirulaguntza emandakoan abiaraziko dela ulertuko da, oro har.

Artikulu honetan aipatzen den gehienekoa kalkulatuko da familia unitate bakoitzeko familiaren errentaren arabera 7. artikuluan ezartzen diren gehieneko laguntzen portzentajeen arabera.

7. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Udal honek ezartzen dituen laguntzek aipatu baldintzak betetzen dituzten jarduketa babesgarri guztiak izanen dituzte xede eta honela mamituko dira:

1.–Ohiko etxebizitzarako:

a) Etxebizitza erosteko eta lehen birgaitze lanak egiteko, baita etxebizitza bat berritik eraikitzeko ere, hau izanen da laguntza: etxearen erosketa edo eraikuntza edo lehen birgaitzea gauzatzeko aurrekontua zenbat, horren %20, eta gehienez ere 5.000 euro. (Halakoetan ez da aplikatuko beheragoko errenten taula).

b) Geroagoko eraberritze edo birgaitze lanetarako, dirulaguntza izanen da obra gauzatzeko aurrekontuaren %1,5, eta gehienez ere 5.000 euro. Diru hori aplikatuko da eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ) kobratzeko kuotaren kalkuluan. (Gehienekoa, per capita errentaren arabera hainbanatua).

2.–Ibarrean kokaturiko abeltzaintzako edo nekazaritzako ustiategi eta jarduera ekonomikoetarako:

a) Abeltzaintzako edo nekazaritzako ustiategi eta jarduera ekonomikoen instalazioak berritik egiteko, dirulaguntza izanen da obra gauzatzeko aurrekontuaren %1,5, eta gehienez ere 5.000 euro.

b) Geroagoko eraberritze, hobetze edo ordezkatze lanetarako, dirulaguntza izanen da obra gauzatzeko aurrekontuaren %1,5, eta gehienez ere 5.000 euro. Diru hori aplikatuko da eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ) kobratzeko kuotaren kalkuluan. (Gehienekoa, per capita errentaren arabera hainbanatua).

1.b) y 2.b) apartatuetan ezarritako gehieneko laguntzak familiaren errentaren mailari loturik emanen dira, ondoko portzentajeen arabera:

PER CAPITA ERRENTA* honetarainokoa:

LAGUNTZAREN PORTZENTAJEA GEHIENEKO
ZENBATEKOAREN GAINEAN

6.000

%100

8.000

%75

10.000

%50

15.000

%25

15.001 eurotik goiti

0

* Per capita errenta: familia unitatearen errenta zati familiako kideen kopurua.

Pertsona bat gehiago kontatuko da familia unitatean pertsona bat baldin bada %33ko edo gehiagoko desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorial aitortua duena.

Pertsona juridikoen kasuan errenta tarteak biderkatuko dira haien bazkide kopuruarekin.

8. artikulua. Izapidetzea.

8.1. Eskaera eta ekarri beharreko dokumentazioa.

Aitzineko artikuluetan eskatzen diren agiriez gain, laguntzak tramitatzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Artzibarko Udalean, inbertsioa noiz egiten den edo noiz eskuratzen den obra bukaerako ziurtagiria, urte hartan, edo bertzenaz hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen hura barne. Gainera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Faktura normalizatuak, gastuaren zurigarri, sustatzaile(ar)en izenean. Ez da onartuko BEZik gabeko fakturarik. Salerosketaren eskritura publikoa aurkeztuko da, hala behar duenean.

–Artzibarko Udalaren ziurtagiria, eskatzaile titularr(ar)en erroldatzea eta bizilekua agertzen dituena, 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Halaber, beharrezkoa izanen da Artzibarko Udalarekiko ordainketak eguneratuak izatea eskaera tramitatu aitzin.

–Obra bukaerako ziurtagiria: proiektuaren gainean egindako inbertsioetarako obra bukaerako ziurtagiria aurkeztu beharko da. Kasu bakoitzean aurretiazko obra-lizentzia eman duen kontzejuaren oniritzia beharko da gainerako obretarako.

–Familia unitateak kasuan kasuko Zerga Ogasunean aurkeztutako azken errenta aitorpenaren kopia.

–Desgaitasuna aitortzeko ziurtagiria, agintaritza eskudunak egina, halakorik behar denetan.

8.2. Betebeharrak.

Artzibarko Udalak, dirulaguntza onartu aitzin, noiznahi eska diezaieke datu edo agiri gehiago eskatzaileei, espedientea argitzeko; horretarako, hogeita hamar eguneko epea emanen die, eskatutako agiriak aurkezteko. Epe hori eskatzaileak aipatu agiriak aurkeztu gabe iragaten bada, espedientea artxibatu eginen da, bertze inolako tramiterik gabe.

Dudarik izanez gero Artzibarko Udalak eskatzen ahalko du bizilekuaren ziurtagiria abalatua izateko, bizilekuaren ohikotasunari dagokionez, bi lekukoren sinadurarekin. Eskatzailearen kontzejuko edo biziguneko bizilagun izan behar dute, baina ez ahaideak.

Orobat, laguntza eman ondoko hamar urtean, Artzibarko Udalak bidezko iruditzen zaizkion kontrol edo egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu aldian behin, laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.

Laguntzen onuraduna beharturik dago bizilekua laguntzaren xede den etxebizitzan izaten segitzera, gutxienez ere bortz urtez laguntza ematen denetik aitzina. Gisa berean, Iaguntzaren onuradun diren pertsona fisiko edo juridikoak beharturik daude laguntzaren xede den nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategi edo jarduera ekonomikoari eustera, gutxienez ere bortz urtez laguntza ematen denetik aitzina.

Araudi honetan ezarritako baldintzak ez betetzeak, onuradunak datu eta informazio faltsu edo desitxuratuak nolanahi emateak, laguntzak emateko eta ordaintzeko erabakigarriak diren egitate eta inguruabarrak gordetzeak, txosten teknikoan beharrezkotzat jotzen diren obrak ez egiteak, eskatzaileak Artzibarko planeamendu arauak edo obra-lizentzia emateko jarritako baldintzak ez betetzeak, horrek guztiak berekin ekartzen ahal du emandako dirulaguntzak ezeztatzea eta, hala behar badu, eskuratu direnak itzultzea, eta gainera, zehapen bat, arau-hausleari ez baitzaio hamabortz urtean araudi honetan jasotzen den dirulaguntza bakar baten eskaerarik izapidetuko.

9. artikulua. Laguntzen araubidea.

9.1. Ordenantza honetan laguntza mota bat baino gehiago jasoagatik ere, eskaera bakar batera baizik ez da aurkezten ahal, obra bererako. Espediente batean oinarriturik laguntza bat emateak edo ukatzeak bertzeetatik baztertzea dakar berekin.

9.2. Gutxieneko inbertsioaren kontaketa egiteko, baita dirulaguntza kalkulatzeko ere, alde batera utziko da fakturetan agertzen den BEZa, eta onartutako fakturen oinarriaren edo oinarrien baturaren gainean kalkulatuko da laguntza.

9.3. Eskatzaile bakoitzak, osotara, 5.000 euroko dirulaguntzak eskuratuko ditu gehienez.

9.4. Administrazio Publikoak eta haien mendeko enpresa edo entitateak ez dira izaten ahal araudi honetan bildutako laguntzen onuradun.

9.5. Artzibarko Udalak bere aurrekontuetan laguntzak ordaintzeko partida paratzen badu soilik eskatzen ahalko dituzte interesdunek ordenantza honetan bildutako laguntzak.

9.6. Ekarritako agiriak azterturik eta behar diren egiaztapenak eginik, Udalbatzak, osoko bilkuran, dirulaguntza onartu eta hura ordaintzeko erabakia hartuko du.

9.7. Ordenantza honetako laguntzak bateragarriak dira eskatzaileek bertzelako erakunde publiko edo pribatuetatik eskuratzen dituzten laguntzekin.

10. artikulua. Araubide juridikoa.

Artzibarko Udalak argituko ditu ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen dudak. Ordenantza honetan espresuki arautzen ez den orotan toki araubidearen gaineko legeria aplikatuko da, baita administrazio prozeduraren gainekoa ere, toki entitateei aplikatzen ahal zaien neurrian.

11. artikulua. Indarrean jartzea.

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Xedapen indargabetzailea.–Ordenantza honek indarra hartzean indarrik gabe geldituko dira etxebizitzak edo lokalak, nabeak eta abar birgaitzeko eta eraberritzeko lehenagotik zeuden ordenantzak eta erabaki guztiak. Zehatz-mehatz, indarrik gabe gelditzen da 1988ko azaroaren 26ko osoko bilkuran hartutako erabakia, Artzibarren abeltzaintza eta nekazaritzako nabeetan, okindegian, ostatuan, jatetxean, zurgindegian, lantegi mekanikoan eta arrain haztegian obrak diruz laguntzeari buruzkoa.

Iragarkiaren kodea: L1907749