152. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

183E/2019 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, animalien azpiproduktuak eta landare-olioen hondakinak tratatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera onartzen duena; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak ere. Instalazioa Andosillako udal-mugartean dago eta haren titularra Industrias Grasas Marin-Navarra SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak azaroaren 8ko 2251/2007 Ebazpenaren bidez emana, eta gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 284E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2018ko maiatzaren 29an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko, zehazki, elikadurako landare-olioen hondakin kudeatuak biltegiratzeko edukiera aldatzeko, 100 tonatik 25 tonara, betetzen den jardueraren beharretarako egokiagoa delako.

Horrekin batera, titularrak eskatu zuen fidantza berriz kalkulatzeko, hondakin kudeatuak biltegiratzeko edukiera berrian oinarrituta.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta eskura dauden teknika onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, aldaketa-espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar iritzita.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Animalien azpiproduktuak eta landare-olioen hondakinak tratatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera onartzea; horren ondorioz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren Ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak ere. Instalazioa Andosillako udal-mugartean dago eta haren titularra Industrias Grasas Marin-Navarra SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Industrias Grasas Marin-Navarra SLri eta Andosillako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 17an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1908316