152. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

180E/2019 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, burdinurtu gris eta nodularrerako instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera onartzen duena; aldaketaren xedea da 3. sorgunean, hareen lehengoratze termikorako prozesukoan (3.000 kg/h), emisioen gehieneko emaria 30.000 Nm³/h-koa izatea. Instalazioa Lakuntzako udal-mugartean dago eta haren titularra Sakana SCI da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak azaroaren 30eko 2491/2007 Ebazpenaren bidez emana, eta gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 181E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2018ko uztailaren 9an titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko, zehazki, 3. sorgunean, hareen lehengoratze termikorako prozesukoan (3.000 kg/h), emisioen gehieneko emaria aldatzeko, instalazioaren egiazko egoerara egokitzeko.

Gaur egun, 3. sorgune horretako gehieneko emaria 15.000 Nm³/h-koa da, baina kontuan hartu behar da haizagailua aldatu behar izan dela, emisioa iragazteko tenperatura egokia bermatzen duen emaria izan dezan, eta horregatik eskatzen du titularrak emaria handitzea, 30.000 Nm³/h-koa izateko.

Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta eskura dauden teknika onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, aldaketa-espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar iritzita.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak urriaren 4an emandako 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Burdinurtu gris eta nodularrerako instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera onartzea; aldaketaren xedea da 3. sorgunean, hareen lehengoratze termikorako prozesukoan (3.000 kg/h), emisioen gehieneko emaria 30.000 Nm³/h-koa izatea. Instalazioa Lakuntzako udal-mugartean dago eta haren titularra Sakana SCI da.

Bigarrena.–Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 30eko 2491/2007 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako ingurumen baimen integratuan, hondakinen produkzioari buruz, agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Sakana SCIri eta Lakuntzako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 17an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1908315