151. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BURLATA

Obra arduradunaren lanpostu hutsa betetzeko oposizio-lehiaketa

Alkatetzak 2019ko apirilaren 17an emaniko 323/2019 Ebazpenaren bidez, Burlatako Udaleko obra arduradunaren lanpostua (C mailakoa) barne igoera murriztuan betetzeko deialdiaren oinarriak onetsi ziren. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 85. zenbakian, 2019ko maiatzaren 3koan, argitaratu zen.

Eskaerak aurkezteko epea iraganda izangairik aurkeztu ez denez, lehiaketa bete gabe deklaratu zen, Alkatetzaren 516/2019 Ebazpenaren bidez.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikuluarekin bat, eta Burlatako Udalaren funtzionario eta administrariendako 2013-2015 aldiko Akordioaren 6. artikuluari jarraikiz, bidezkoa da Burlatako Udaleko obra arduradunaren lanpostuaren deialdi publikoa onestea.

Horrenbestez, eta esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT

1.–Onestea Burlatako Udaleko obra eta zerbitzuetako C mailako arduradun lanpostua oposizio-lehiaketa bidez funtzionarioen araubidean betetzeko deialdia, hots, plantilla organikoan 5.6 zenbakia duena, azalpen-atalean ezarritakoarekin bat.

2.–Deialdia arautzen duten oinarriak onestea, 658/2019 Ebazpen honi erantsitakoak.

3.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren Ediktuen Oholean eta udalaren webguneko egoitza elektronikoan argitara dadila agintzea.

Burlatan, 2019ko uztailaren 16an.–Alkate udalburua, Ana Góngora Urzaiz.

DEIALDIA, OBRA ARDURADUN IZATEKO C MAILAKO LANPOSTU BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Obretako arduradunaren lanpostu hutsa oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia iragarri da, plantilla organikoan 5.56 zenbakia duena, eta ezaugarri hauek dituena.

“Arduraduna; Araubide juridikoa: funtzionarioa; sarbide sistema: oposizio-lehiaketa; euskara maila merezimenduetan %5; lanpostu osagarria %28,52; lanaldi luzapenaren osagarria %10; arrisku osagarria %10; maila osagarria %12.”

1.2. Hautatzeko prozedura honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua.

–Gainerako arau aplikagarriak, eta oinarri hauek.

1.3. Deialdi honen ondorioz izendatzen denak bere mailari eta kategoriari eta deialdian eskatzen diren ikasketei dagozkien eginkizun eta lanak egingo ditu. Eginkizun guztiak obretako eta zerbitzuetako burutzak ezarritako jarraibideekin bat egingo ditu, eta egin beharreko zereginetako batzuk honako hauek dira.

–Arduratzea egindako lan-programa betetzeaz (jarraipena eta ebaluazioa), eta zerbitzuko burutzari horren berri ematea.

–Obretako eta bide-garbiketako arloetako langileak koordinatzea eta herrian egiten diren ekitaldien logistikaz arduratzea.

–Ikuskapen, plangintza eta halako jarduerak egitea, parkeak, eremu publikoak eta hiri altzariak, urbanizazioak, obrak, eta gainerako elementuak egoera onean daudela bermatzeko, obretako zerbitzuari esleitzen zaizkion lanak zuzentzea, eta obretako eta zerbitzuetako burutzari horren berri ematea.

–Obretako zerbitzuaren lanen plangintza eta programazioa egitea, proiektu txikiak, mantentze-lanak eta gorabeherenak, lan zama banatuz dauden bitartekoen eta aurreikusitako epeen arabera.

–Bere eskumenekoak diren oharrak eta txostenak egitea, edozein motatakoak izanik ere.

–Burlatako Udaleko gainerako udal zerbitzuekin eta haien erakunde autonomoekin koordinatzea, irizpideak eta jarduketak bateratzeko, udal proiektuen plangintza egiteko eta abar.

–Bere eginkizunak betetzeko behar diren harreman eta loturak finkatu eta garatzea beste erakunde, entitate eta profesionalekin.

–Urteko lan egutegirako proposamena egitea eta zerbitzuko burutzari horren berri ematea, eta bere menpean jarduten duten langileak lanera agertzen ote diren, ordutegia betetzen ote duten, absentismo maila zenbaterainokoa duten, eta horrelakoez arduratzea.

–Langileen beharra kontrolatzea, langileen berrantolamendua eta beharrezkoak diren langileen kontratazioak ere proposatuz, gerta daitezkeen hutsegiteak betetzeko (oporrak, bajak, etab.).

–Langileak garaiz etortzen nahiz lanera agertzen ote diren kontrolatuko du eta ikusitako hutsen berri emango dio Udaleko Giza Baliabideen Alorrari, eta langileei eta agindutako eginkizunei dagozkien lan oharrak egin beharko ditu.

–Bere kargura dauden langileen jantzien kudeaketa egitea.

–Bere kargura dauden langileen lana gainbegiratzea eta behar duten laguntza teknikoa ematea, antolaketak ezarritako betebeharrekin bat.

–Hornitzaileei aurrekontuak eskatzea, agintzen zaizkion erosketak egitea, ezarritako jarraibide eta prozedurekin bat.

–Obretako burutzari alor bakoitzerako behar den aurrekontua proposatzea.

–Urteko gastuak ikuskatzea eta kontrolatzea, aurrekontuko partiden arabera.

–Laneko arriskuen prebentziorako arauak betetzea eta betearaztea.

–Lantaldearen giza alderdiei eta harremanei kasu egitea, horiek bideratzea eta/edo ebaztea, gogobetetasuna, ordena eta diziplina giroa bultzatuz.

–Alorra hobetzen saiatzea, behar diren ekintzak eta aldaketak proposatuz zerbitzua hobetze aldera.

–Ibilgailuen, tresnen, udal makineriaren eta departamentuari esleitzen zaion beste edozein baliabideren gaineko kontrolaren, mantentze lanen eta kontserbazioaren ardura hartzea.

–Gertatzen diren larrialdi, zailtasun eta desbideraketei irtenbidea ematea, beharrezkoak diren zuzenketa egokiak eginez larrialdien edo ezartzen diren lehentasunen arabera, eta horien guztien berri emanez Obretako burutzari.

–Mantentze-lanetako ofizial gisa jardutea beharrezkoa den edozein unetan, eta laguntzea zerbitzuko gainerako langileei ere, zereginen pilaketa gertatzen denean, edo baten bat lanera agertzen ez edo gaixorik dagoenean.

–Obra eta zerbitzuetako burutza ordeztea, hura ez dagoenean.

–Agintzen zaion bere kategoria, maila eta gaitasun profesionaleko beste edozein zeregin egitea.

2.–Betebeharrak.

Indarra duen araudian xedatutakoaren arabera, deialdi honetan parte hartzen dutenek ondoko beharkizunak bete beharko dituzte, eskaerak aurkezteko epearen azken egunean eta esleitutako lanpostuaz jabetzeko orduan:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.

Espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte har dezakete, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Batxilergo titulua, edo bigarren mailako Lanbide Heziketakoa nahiz baliokidetzat hartutako beste bat edukitzea, edo hura eskuratzeko baldintzak betetzea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian lorturiko tituluak izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B motako gidabaimena edukitzea.

3.–Ordainsariak.

Dagozkionak, plantilla organikoan eta indarra duten xedapenetan ezarritakoarekin bat.

4.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak aurkezteko, hogeita hamar egun naturaleko epea izango da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu ahalko dira Erregistro telematikoaren bidez (https://sedeelectronica.burlada.es/eu/) NAN-e edo ziurtagiri digitala edukiz gero; bertara joanda, Burlatako Udalaren Erregistro orokorrean, Herritarren Arretarako Bulegoan (Larrañetako plaza, z.g.) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako moduetako batean.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren babesean, eskabideak Burlatako Udaleko Erregistro Orokorrean ez, beste batean aurkezten direnean, eskatzaileak eskabidearen kopia eta sartzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak igorri beharko ditu oac@burlada.es helbide elektronikora, zigilua eta erregistroko sarrera-data dituztela, betiere eskabideak aurkezteko epearen barruan.

Eskabideak II. eranskinean azaltzen den ereduaren araberakoak izango dira, eta https://sedeelectronica.burlada.es udal web-orrian eskuratu ahalko dira; era berean, Udal bulegoetan ere (Larrañetako plaza, z.g.) eskuratu ahalko dira.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela deialdi honetan parte hartzeko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu behar dute:

–Burlatako Udalari 25,00 euro ordaindu izanaren frogagiria, izena emateko eskubideen tasa gisa. Tasa hori ordaintzen ez bada, izangaia baztertua geldituko da.

Azterketa-eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Tasa Burlatako Udalak honako finantza-entitate hauetan dituen kontuetan ordaindu daiteke, haietan dirua sartuz edo haietara banku-transferentzia eginez: Caixa ES75 2100 5256 6722 0005 7282. Edo, bestela, Herritarrei Arreta egiteko Bulegoan, Larrañetako plaza zk.g. helbidean kokatua (txartel bidez edo eskudirutan). Ordainagirian honako datu hauek adierazi beharko dira, nahitaez:

–Izangaiaren izen-abizenak.

–NAN / IFZ.

–Ordainketa zein kontutan egin den eta horren zenbakia.

–Kontzeptua: obra arduradunaren deialdia oposizio-lehiaketa bidez.

–Euskararen ezagutza baloratzea nahi dutenek, honako hau aurkeztu beharko dute: ziurtagiri ofiziala edo mailakatze froga egiteko eskatu.

–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute eskabidearekin batera:

IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, eta ohartaraziko du hurrengo hamar egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emango du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko da noiz eta non eginen den lehen proba.

6.–Epaimahaiko kideak.

Honako hauek izango dira epaimahaiko kideak:

Epaimahaiburua: Burlatako Udaleko alkatea.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako zinegotzia.

1. mahaikidea: Oier Aizkorbe Arlegi, Burlatako Udaleko obra eta zerbitzuen burua.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

2. mahaikidea: Iruñeko Udaleko teknikari bat.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

3. mahaikidea: Burlatako Udaleko ordezkari sindikal bat.

–Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

Idazkaria: Yolanda Álvarez López, Burlatako Udaleko Giza Baliabideetako teknikaria, edo hark eskuordetutako pertsona.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoko bost eguneko epean eratuko da epaimahaia.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

Administrazio prozeduraren arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Deialdian aurreikusitakoarekin bat, epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Lehiaketaren garapena.

Oposizio-lehiaketa bi fasetan garatuko da. Lehenik, lehiaketaldia eginen da, eta ondoren, oposizioaldia, oinarriotan adierazita dagoen moduan.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez 5 puntuko puntuazioa izanen du.

Lan esperientzia.

1. C mailako lanpostu batean arduradun, ofizial, taldeburu edo deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten beste postu batzuetan emaniko zerbitzu urte bakoitzeko edo parte proportzionala: 0,5 puntu, eta gehienez, 5 puntu.

2. Titularitate publikoko edo pribatuko enpresa batean arduradun, ofizial, taldeburu edo deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten beste postu batzuetan emaniko zerbitzu urte bakoitzeko edo parte proportzionala: 0,25 puntu, eta gehienez, 5 puntu.

Oharrak:

1.–Egindako lanak inguruabar hauen arabera baloratuko dira:

a) Maila, eskatutako titulazioa eta egindako lanen izendapena;

b) Emaniko zerbitzuen iraupena, lanaldi partzialean emanikoei dagokien zatia kenduta. Urtebetez baino gutxiagoz emaniko zerbitzuen iraupena era proportzionalean. Duración de los servicios prestados menores a un año de manera proporcional.

2.–Batera zerbitzu bat baino gehiago egin bada, puntuaziorik altuena duena soilik baloratuko da.

3.–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emango du izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Lehiaketaldiko puntuazio osoa oposizioaldian lortutako puntuazioarekin batuko da, eta horrela aterako da oposizio-lehiaketako puntuazio guztia.

8.–Oposizioaldiaren garapena.

8.1. Oposizioaldia baztergarria da eta gehienez 85 puntu izanen ditu.

8.2. Oposizioa 2019ko urritik aurrera hasiko da.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Oposizioko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Burlatako Udalaren webgunean eta iragarki taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

8.3. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eta ordena berean eginen dira.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

8.4. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

Lehen proba (gehienez ere, 40 puntu).

Proba teorikoa izanen da, eta test motako 100 galdera erantzun beharko dira idatziz, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Probaren iraupena eta erantzun okerren penalizazioa proba eginen den egun berean finkatuko dira.

Proba honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proban gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Bigarren proba (gehienez ere, 40 puntu).

Teoriko-praktikoa: epaimahaiak I. eranskineko gaiei buruz eta lanpostuan bete beharreko eginkizunei buruz planteatutako kasu praktiko bat edo hainbat garatu eta ebatzi beharko da.

Probaren iraupena proba eginen den egun berean finkatuko da.

Proba honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira proban gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Plika sistemaren bidez eginen da bigarren proba hau, eta izengaia bakoitzak epaimahaiaren aurrean defenditu beharko du bere ariketa. Epaimahaiak egokitzat jotzen dituen galderak egiten ahalko ditu ariketari buruz.

Hirugarren proba (gehienez ere, 5 puntu).

Proba praktiko edo/eta teoriko batzuk egin beharko dira, lanpostuarekin zerikusia dutenak, ofimatikako ezagutzei buruz: Windows 10 Pro 64 bits sistema eragilea, eta oinarrizko ezagutzak honako hauetan: Autocad LT 2016, Office 2010 (Word, Excel), Internet Explorer 11. Bai eta ohiko eginkizunetarako beharrezkoak diren beste programa batzuk ere: SITNA, Lurraldeari buruzko Informazio Sistema.

Ariketa honetan gehienez ere 5 puntu emango dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 2,5 puntu erdietsi behar dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak. Ariketa honen iraupena hura egiten den egunean finkatuko da.

Laugarren proba (Gai/Ez gai).

Profil profesiografikoaren egokitzapena. Proba psikoteknikoak eginen dira, Nafarroako Psikologia Aplikatuaren Institutuak (INAP) finkatzekoak (institutu horri eman baitzaio proba egiteko enkargua), izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtzeko.

INAPen kalifikazioa GAI edo EZ GAI izanen da.

Hizkera ez-baztertzailea erabiltzea (5 puntu).

5 puntu emanen dira, bigarren proban hizkera ez-baztertzailea erabiltzeagatik. Puntuazio hori izangaiak guztira eskuratu duen puntuazioari gehituko zaio, behin gainerako atalak batu ondoren.

Euskararen balorazioa (gehienez ere 5 puntu).

Euskararen ezagutza baloratzeko, ziurtagiri ofiziala aurkeztu, edo borondatezko proba ez baztertzailea egin ahalko da. Gehienez ere 5 puntu jasoko dira (merezimendu-lehiaketako guztizko puntuazioaren %5aren balioa) eta ahozko eta idatzizko C1 maila frogatzen dutenek eskuratuko dute. Handik beherako mailak (B2, B1, A2 eta A1) proportzioan baloratuko dira. Euskarazko proba egin nahi edo titulazioa aurkeztu nahi duten izangaiek, eskabidean azaldu behar dute. Eskabidean titulazioa aurkezteko aukera markatzen bada, titulazioaren jatorrizkoa edo kopia konpultsatua erantsiko da eskabidearekin batera. Izangaiak titulazioa aurkezteko aukera edo proba egiteko eskaera egingo du eskabidean, baina ezin ditu bi aukerak hautatu.

9.–Izangaien zerrenda, eskuratutako puntuazioaren arabera.

Hautaprobak bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Burlatako Udalaren webgunean eta iragarki taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, guztira eskuratutako puntuazio-hurrenkeraren arabera.

Orobat, zerrenda hori Alkatetzara igorriko da, espediente osoarekin batera, eta era berean, oposizioaren puntu guztiak batuta puntuaziorik handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena ere.

Izendatzeko proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.–Adjudikazioa eta lanpostuaz jabetzea.

Alkateak, ebazpen baten bidez, lanpostua adjudikatuko dio pertsona proposatuari eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

Adjudikazioaren ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean jabetu beharko du izangaiak adjudikatutako lanpostuaz, eta deia egiten duen organoak jabetza hartzeko data zehatz bat ezarri ahalko du ebazpen horretan berean.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo hura aplikatzeko epaimahaitik etortzen ez diren egintzen kontra, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkezten ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Burlatako Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, Burlatako Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Burlatako Udaleko Alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia noiz jakinarazten den eta hortik aitzina.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. Burlatari buruzko ezagutza orokorra. Geografia, historia eta demografia.

2. Obra, lorezaintza eta garbiketa zerbitzuak antolatzea Burlatan. Plangintza. Lanak eta erabili beharreko bitartekoak. Garapen faseak. Segurtasun baldintzak, kalitatea. Zerbitzu adierazleak. Ebaluazioa eta doikuntzak.

3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina: eskubideak eta betebeharrak.

4. 11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

5. Langileak kudeatzeko teknikak eta lanaren antolaketa. Gatazkak ebazteko teknikak. Lan gogobetetzea eta lan motibazioa.

6. Lan arriskuen prebentzioa bideak garbitzeko lanetan, obretan, lan elektrikoetan eta lorategietan. Lan arriskuen prebentzioa eremu publikoan.

7. Ekitaldien antolaketa eta plangintza.

8. Larrialdiak. Larrialdi planak.

9. Informazio geografikoko sistemak.

10. Komunikazioei, telefonia-sareei eta datuei buruzko oinarrizko nozioak.

11. Eremu publikoaren kontserbazio integrala. Zoladuren kontserbazio prebentiboa. Zolak birziklatu, sendotu eta birgaitzea. Espaloiak zolatzea. Asfalto gaineko zolaketa.

12. Eraikinak mantentzeko lanak: mantentze-planak. Prebentziozko mantentze-lanak, zuzenketarako mantentze-lanak. Antolaketa, gauzapena eta erregistroa. Koordinazioa enpresa azpikontratatuekin jarduketen gauzapenean, gainbegiratzean eta egindako jarduketen erreklamazioan.

13. Argi publikoen instalazioak: eraginkortasun energetikoa, argiztapen mailak, gaueko argitasunaren distira, instalazioetako osagaiak.

14. Iruñerriko Mankomunitatearen Ordenantza. Hornikuntza sareak. Saneamendu sareak.

15. Hiri altzariak. Motak, materialak eta ezaugarriak. Aplikatu beharreko araudia.

16. Makineria eta tresnak eraikuntzan, bide garbiketa eta lorategietan. Mantentze lanak eta konponketak.

17. Igeltserotza. Kontzeptu orokorrak, tresnak, materialak, gauzapena eta mantentze lanak. Pintura. Kontzeptu orokorrak, tresnak, materialak, gauzapena eta mantentze lanak.

18. Iturgintza eta saneamendua. Kontzeptu orokorrak, tresnak, materialak, gauzapena eta mantentze lanak. Berokuntza eta ur bero sanitariorako instalazioak.

19. Zurgintza lanak. Kontzeptu orokorrak, tresnak, materialak, gauzapena eta mantentze lanak. Sarrailagintza, metalgintza, kristaleria eta pertsianak.

20. Elektrizitatea. Kontzeptu orokorrak, tresnak, materialak, gauzapena eta mantentze lanak.

21. Bide garbiketa. Kontzeptu orokorrak, tresnak, materialak, gauzapena eta mantentze lanak.

II ERANSKINA

Hautapen prozesuan onartua izateko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L1909762