150. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LARRAUN

Ordenantza, dirulaguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Larraungo Udalak, 2017ko abenduaren 21ean egin bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen ordenantza, Larraungo Udalaren dirulaguntzak arautzen dituena.

2018ko 27. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 7an, eta Udalaren iragarki oholean argitaratu ondoan, amaitu da jendaurrean egon beharreko epea, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen dira aldatutako artikuluak.

Larraunen, 2019ko uztailaren 8an.–Alkatea, Mikel Huarte Martija.

ORDENANTZA, DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

Zioen azalpena

I.–Larraunen gizarte egitura gero eta gehiago hazten ari da, bai zenbakitan neurturik, bai, bereziki, komunitatearen, partaidetzaren eta konpromisoaren ezagutzan neurturik egungo bizia garatzeko alor desberdinetan: kultura, elkartasuna, berdintasuna, kirola, boluntario lana, ingurumena eta bizikidetzarako eta kulturen arteko trukaketarako, gizarte partaidetzarako eta herritartasuna eraikitzeko espazioak.

Gizartearen bulkada honengatik gero eta jende gehiago dago eskatu eta hartzen dituena Larraungo udalerrian egiten diren hainbat eta hainbat ekimen sozialeko programa eta jarduera.

Bestalde, beste toki batzuetan gertaera orokorra dena nabaritzen hasi da: boluntario lana pixkanaka ahultzen joatea, geroz eta nabarmenagoa dena zenbait arrazoirengatik: norberekoitasuna handitzea, elkarteen diru eskasia eta kudeaketaren geroz eta konplexutasun handiagoa, horiek guztiek lanerako motibazioa galtzea baitakarte.

Larraungo Udala ohartua da egiten diren jarduerek balio erantsi handia dutela udalerriko gizartearentzat, hala zuzeneko parte hartzaile eta bultzatzaileentzat nola jardueren onuradunentzat. Horregatik, gero eta kontu-sail handiagoak ematen ditu elkarteen lana erraztu eta, aldi berean, jardueraren balorazio soziala aitortu beharrez.

II.–Bestalde, publikotasuna, tratu berdintasuna eta bat etortzea dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak eman eta sustatzeko arauak jartzen dituenean.

Toki entitateek ematen dituzten dirulaguntzen esparru juridiko orokorra ezarrita dago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk jartzea, dirulaguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bertzetik, udalerriaren aipatu errealitate berriari.

III.–Horrenbestez, aipatu eremuetan egiten den jarduera guztira iritsi nahi du Udalaren ordenantza honek eta Administrazioaren jarduera guztietan agintzen duten printzipio nagusietan oinarritzen da. Printzipio horietako batzuk dira objektibotasuna eta eragimena, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluan aipatuak; orobat, dirulaguntzen esparruari dagokionez, berdintasunaren, publikotasunaren eta bat egitearen printzipio arestian aipatuak, gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioekin batera.

1. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

Ordenantza honen helburua da Larraungo Udalak ematen dituen dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea; hura lotu beharko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta Dirulaguntzen gaineko Erregelamendu Orokorra onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren aginduei.

2. artikulua. Dirulaguntzen xedea.

Hona zer jotzen den dirulaguntzatzat: Larraungo Udalak emandako dirua, Ordenantza honen arabera dirulaguntzak eskuratzen ahal dituzten pertsonen alde, betiere ondoko inguruabarrak betez gero:

a) Dirua onuradunen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematea.

b) Dirua emateko inguruabarra izatea xede jakin bat bete dadila, edo proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezia har dadila xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak, edo inguruabar jakin batzuk gertatzea; eta onuradunari betebehar material eta formal batzuk ezartzea.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak xede izan dezala onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat sustatzea edo xede publikoren bat sustatzea.

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

Dirulaguntzen kudeaketa printzipio hauen arabera egin beharko da: berdintasuna, bazterkeria eza, publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, eraginkortasuna eta eragimena.

4. artikulua. Onuradunak.

1. Dirulaguntzen onuraduntzat joko da dirulaguntza ematea zertan oinarritu den, jarduera horixe gauzatuko duen pertsona, edo dirulaguntza ematea bidezko bilakatzen duen egoeran dagoena.

2. Onuraduna pertsona juridikoa denean, eta oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, honakoak ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 11. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, onuradun izaten ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen, publikoen edo pribatuen elkarteak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereiziko unitate, baldin nortasun juridikorik ez izan arren proiektuak, jarduerak edo jokabideak gauzatzen ahal badituzte, edo dirulaguntza ematearen arrazoi den egoeran badaude.

Nortasunik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen batasunen kasuan –publikoak nahiz pribatuak– berariaz adierazi beharko da, hala eskaeran nola dirulaguntza emateko ebazpenean, batasuneko kide bakoitzak zer egiteko konpromisoa hartu duen eta zenbateko dirulaguntza aplikatuko den kide bakoitzeko. Kideok ere onuraduntzat joko dira. Nolanahi ere, batasunaren ordezkari edo ahalorde bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion zereginak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta legearen 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio epea iragan arte.

4. Dirulaguntzaren deialdiari dagokio ezartzea onuradun nor izan daitekeen mugatzeko inguruabarrak, dirulaguntza motaren arabera. Bizilekua edo egoitza soziala Larraun egoteko eskakizuna, edo Udalaren intereseko zerbitzuak ematea nahiz jarduerak egitea, nahitaezkoa edo baztertzailea izan daiteke hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

5. artikulua. Entitate laguntzaileak.

1. Entitate laguntzailetzat jotzen ahalko dira erakunde eta gainerako entitate publikoak, merkataritza-sozietateak baldin eta horietan partaidetza osoa edo handiena bada Administrazio Publikoena, zuzenbide publikoko organismo edo entitateena edo Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak aipatutako elkarteena, baita ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak ere, publikoak izan nahiz pribatuak.

2. Entitate laguntzaileen kaudimena egiaztatutzat joko da finantza-erakundeen aldeko txostena aurkeztuta, non eta ez den eskatzen deialdian bertan beste baliabide batzuen bitartez frogatzeko.

3. Entitate laguntzaileen eraginkortasuna egiaztatzeko, dirulaguntzaren xedearekin zerikusia duten zein jarduera egin diren adierazi behar da zerrenda baten bidez, betiere ez bada deialdian beste bitartekoren bat jartzen.

6. artikulua. Debekuak.

1. Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoera duten pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdian adierazitako egoera dutenak.

2. Ondotik aipatzen diren pertsona edo entitateak ezin dira ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan, betiere, dirulaguntzaren izaera kontuan izanik, dirulaguntzari buruzko araudian salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea.

b) Konkurtso-egoeraren deklarazioa eskatua izatea, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratuak izatea, konkurtso-egoeran egotea, kontu-hartze judizial baten pean, edo desgaituak Konkurtsoari buruzko Legearen arabera, konkurtso-egoera deklaratzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia bukatu gabe.

c) Administrazioarekin izenpeturiko edozein kontratu bukatutzat ematera behartua izatea, kausaren batean erruduntzat joa izateagatik.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza sozietateko administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza eramaten dutenak ez egotea Estatuko Administrazio Orokorraren Goi Karguen erabilera arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean, ezta Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeak aipatzen dituen kasuetako batean ere, edo izatea Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan arautzen diren hautetsietariko edozein, bertan edo gai horiei buruzko araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

e) Indarra duten xedapenek ezartzen dituzten zerga betebeharrak edo Gizarte Segurantzakoak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez ezarrita dagoenaren arabera.

f) Erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean izatea egoitza fiskala.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozko ordainketak eguneraturik ez izatea, erregelamendu bidez xedatzen diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, galdu izana dirulaguntzak lortzeko ahalbidea, ordenantza honen, Tributuei buruzko Lege Orokorraren edo Nafarroako Zergei buruzko Foru Lege Orokorraren arabera.

Ezin dira onuradun bilakatu ordenantza honen 4. artikuluan aipatutako elkarteak, haietako edozein kidek aurreko debekuren bat urratuz gero.

3. Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan ezarritako debekuak dituzten elkarteak ezin dira inola ere izan ordenantza honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile.

Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, baldin erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu direlako eta 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatu zaielako, harik eta erregistroan inskribatzen uzten dien ebazpen judizial irmoa eman arte.

4. Artikulu honetako 2. apartatuko b, d, e, f eta g paragrafoetan eta 3. apartatuan ezarrita dauden egoeren ondoriozko kontratatzeko debekuak automatikoki balioetsiko dira eta egoera horiek amaitu arte iraunen dute debekuek.

5. Artikulu honetako 2. apartatuko a eta h paragrafoetan dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira. Epai edo ebazpen irmoak ezarritakoa izanen da debekuaren irismena. Halakorik ezean, erregelamenduz ezarritako prozeduraren araberakoa izanen da irismena, eta ez da izanen bost urte baino gehiagokoa baldin debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

6. Artikulu honetako 2. apartatuko c paragrafoan dagoen debekuaren aintzatespena eta iraupena Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari jarraituz zehaztuko dira.

7. Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko dute: auzibidezko lekukotasuna, ziurtagiri telematikoa edo datu-transmisioa, Estatuko Administrazio Orokorrak edo autonomia erkidegoek teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen gainean egiten duten erabilera arautzen duten erregelamenduzko arauekin bat, edo kasuen arabera, administrazio-ziurtapena, eta, agintaritza eskudunak ezin duenean agiri hori eman, horren ordez erantzukizunpeko adierazpena erabil daiteke, agintari administratibo edo notario publikoaren aurrean emandakoa.

7. artikulua. Xedea.

Diruz laguntzen ahal dira jarduera programatuak, baldin eta jarraian aipatzen diren arloetakoren batekoak badira, udalaren eskumeneko zerbitzuetan lagundu edo horiek ordezten badituzte edo tokiko intereseko jarduerak badira; eta dirulaguntzen deialdiari dagokion aldian gauzatzen badira:

–Kultura.

–Musika.

–Kirola.

–Hezkuntza.

–Euskararen sustapena.

–Gazteria.

–Berdintasuna eta emakumea.

–Hirugarren adina.

–Osasuna eta gizarte laguntza.

–Giza eskubideak, laguntza humanitarioa eta garapenerako lankidetza.

–Enplegua eta prestakuntza.

–Memoria historikoaren berreskurapena.

–Turismoa.

–Jasangarritasuna eta ingurumena.

–Herritarren partaidetza.

–Onuradunak izan daitezkeenek egiten dituzten gainerako jarduera edo zerbitzu guztiak, Udalaren eskumenekoen osagarri edo ordezko.

8. artikulua. Laguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura arrunta, norgehiagoka araubidean tramitatuko da, hau da, aurkezten diren eskaerak alderatu eginen dira, horiek lehentasunaren arabera ordenatzeko, deialdi bakoitzaren oinarri arautzaileetan ezarri diren balorazio irizpideei jarraikiz, eta irizpide horien arabera balorazio hoberena lortu duten eskaerei dirulaguntza esleituko zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe.

Banakako ebaluazioaren sistemaren bidez ematen ahal da dirulaguntza; haren gaineko araudi berariazkoak irizpideak ezartzen ditu eskaerak ebaluatzeko eta ebaluazio horren arabera dirulaguntza handiagoa edo txikiagoa esleitzeko. Espedienteak aurkeztu ahala tramitatu eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako dirua dagoen bitartean.

2. Dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da beti, organo eskudunak onetsitako deialdi baten bidez, eta horren bitartez dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak ere onetsiko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 23. artikuluaren arabera.

Dirulaguntzak arautzen dituzten oinarriak onestean dagokien gastua baimendu beharko da.

3. Oinarriak argitaratu ondoren, dirulaguntzen eskaerak aurkez daitezke, Larraungo Udaleko alkate udalburuari eskabidea zuzenduz; horrekin batera, orokorrean, ondoko agiriak aurkeztu beharko dira, dirulaguntzen oinarri bakoitzak eskatzen dituenez gain:

a) Ebazpena emateko beharrezkoak iruditzen zaizkionaren IFZak edo dagokion oinarriek eskatzen dituztenak.

b) Eskatzailearen balorazioa.

c) Entitatearen datu orokorrak.

d) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren deskribapena.

e) Aurrekontu xehakatuak, diru-sarrerak eta gastuak kontzeptuen arabera azaltzen dituztenak.

f) Bestelako entitate pribatu nahiz publikoen aldetik kasuan kasuko proiekturako hartutako laguntza, halakorik bada.

Eskatutako agiriak dagoeneko Udalaren eskuetan baleude, eskatzaileak, betiere bi urte baino gehiago igaro ez badira dagokien prozedura bukatu zenetik, horiek ez aurkezteko duen eskubidea erabil dezake, ohartaraziz noiz eta zer organo edo sailetan aurkeztu edo eman ziren, eta betiere agirietan aldaketarik izan ez bada.

Eskaerak ez baditu betetzen ordenantza honetan edo deialdiaren arauan eskatzen diren baldintzak, interesdunari errekerimendua eginen zaio gehienez ere 10 eguneko epe luzaezinean horiek zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, halakorik egiten ez badu, ulertuko dela eskaerari uko egin diola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aginduaren arabera aurretik ebazpena emanda, Lege beraren 68. artikuluan agindutakoari jarraituz.

4. Eskaerak aurkeztuta, honela jokatuko da:

a) Instrukzioa egiten duen organoak oinarri arautzaileek adieraziko dute zein den txostenak eta eskaerak eskatzen ahal ditu, kasuan kasuko dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan edo, hala behar badu, deialdian aurreikusitako irizpide, modu eta lehentasunekin bat.

Kide anitzeko organo batek eginen du balorazio hori; hura oinarri arautzaileetan adierazten diren kideek osatuko dute. Kide anitzeko organoak instrukzioa egiten duen organoari txostena igorriko dio; hartan zehaztuko da egindako ebaluazioaren emaitza. Dagokion alorreko informazio batzordea, instrukzio organo gisa aritzen ahal da.

b) Instrukzioa egiten duen organoak, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena ikusirik, ebazpen proposamen behar bezala arrazoitua aurkeztuko dio organo eskudunari; honek hamabost eguneko epea izanen du, proposamena aurkezten zaionetik, ebazpena emateko.

c) Ebazpenak honakoa adierazi beharko du:

–Dirulaguntza emateko proposatzen diren eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda eta laguntzen zenbatekoa, ebaluazioa eta horretarako erabili diren balorazio irizpideak zehaztuta.

–Aurkeztu diren eskabideen artean espresuki zein ezetsi diren, halakorik bada, eta horretarako arrazoiak.

Ebazpen proposamenak ez dio inolako eskubiderik ekarriko proposatutako onuradunari Administrazioaren aurrean, harik eta dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten zaion arte.

Dirulaguntza emateko ebazpenak dagokion gastu konpromisoa dakar.

5. Dirulaguntza ebazteko eta eman dela jakinarazteko epea, orokorrean, sei hilabetekoa izanen da gehienez, kasuan kasuko deialdia argitaratzen denetik hasita.

Hala ere, luzeagoa izaten ahalko da lege mailako arau batek hala ezartzen badu edo Europako Batasunaren araudian horrela aurreikusten bada.

Epe horretan laguntza emateko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera isiltasun administratiboaren bidez ezesitzat jo beharko da.

9. artikulua. Dirulaguntzak zuzenean ematea.

Dirulaguntza hauek zuzenean eman ahalko dira:

1. Udalaren aurrekontu orokorrean beren izenekin datozenak.

Udal aurrekontuan agertuko dira onuradunaren izena, dirulaguntzaren xedea eta haren zenbatekoa.

Aurrekontua betearazteko oinarrietan zehaztuko dira mota honetako dirulaguntzak; horiek hitzarmen bidez gauzatuko dira, eta hartan ordaintzeko modua eta dirulaguntzaren justifikazioa zehaztuko dira.

2. Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta Administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraikiz.

3. Salbuespen gisa, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitario frogatuengatik edo behar bezala justifikatutako beste arrazoi batzuengatik ematen diren dirulaguntzak, deialdi publikoa egitea zailtzen dutelako.

10. artikulua. Urte anitzeko dirulaguntzak.

1. Baimentzen ahal da dirulaguntzak deitzea, eta gastua, laguntza horiek emateko ebazpena adierazi ondorengo ekitaldiei egoztea.

2. Deialdian adierazi beharko da ematen diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa, eta baita horien urtez urteko banaketa ere, kontuan izanik noiz aurreikusten den egitea emandako dirulaguntzetatik eratorritako gastua. Kopuru hori balioetsia izanen da, oinarri arautzaileek aurreikusi dutenean eskatzaileek aldez aurretik jaso dezaketela ordainketa. Hasiera batean onetsitako kopurua aldatzeko, beharrezkoa izanen da dagokion espedientea tramitatzea.

3. Araudian berariaz aurreikusten denean konturako sarrerak egin ahal izatea, urte anitzeko dirulaguntza emateko ebazpenean adieraziko da urteko kopuruen banaketa, kontuan hartuz diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko erritmoa. Dagokion zenbatekoaren balio bereko justifikazioa aldez aurretik aurkeztuta egotziko zaio ekitaldi bakoitzari.

11. artikulua. Aurretiazko tramitazioa.

1. Deialdia onartzen ahal da horren gaineko ebazpena egiten den ekitaldiaren aurreko aurrekontu-ekitaldi batean, betiere gastuaren exekuzioa dirulaguntza ematen den urte berean egiten bada eta ondorengo inguruabarretako bat betetzen bada:

a) Udalaren aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa egon ohi bada, dena delako gastua aurrekontu bidez estaltzeko.

b) Udalaren aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta behar adinakoa baldin badago hurrengo ekitaldiari dagokion aurrekontu proiektua egiterakoan; bertan gastu konpromisoa hartuko da, dirulaguntza emateko ebazpena onestearen ondorioz.

2. Kasu horietan, deialdian agertzen den gehieneko zenbateko osoa balioetsia izanen da; horregatik, laguntza hori ematea ebazterakoan, bertan adierazi beharko da espresuki dirulaguntzak ematea kreditu egokia eta behar adinakoa izatera baldintzatua dagoela. Aurrekontu orokorrean onartutako aurrekontu kreditua, hasieran kalkulatutako zenbatekoa baino handiagoa izan litekeen kasuetan, organo kudeatzaileak erabaki ahal izanen du deialdiari hori aplikatzea edo ez, ebazpenaren aurretik dagokion gastuaren espedientearen izapideak egin ondoren, beste deialdi bat egiteko beharrik izan gabe.

3. Deialdiaren aurretik tramitatzen den gastu espedientean, behar adina kreditu dagoela egiaztatzen duen agiria ordeztu eginen da kontu-hartzailetzaren ziurtagiri batekin; bertan agertuko da artikulu honen 1. apartatuan aipatutako inguruabarretakoren bat badela.

4. Gastu espedientean emandako tramite egintza guzien ondorioak honen arabera baldintzatuak daude; laguntza ematea ebazterakoan, ekintza horiek egin zirenean zeuden egitatezko eta zuzenbidezko inguruabar berberek iraun behar dute.

12. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak ondoko hauek dira:

1. Dirulaguntza jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

2. Organo emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari frogatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen direla eta dirulaguntza emateko edo jasotzeko arrazoi izan diren jarduera eta helburua gauzatu eta bete direla.

3. Laguntza ematen duen organoak edo erakunde laguntzaileak egiten dituzten egiaztapen jarduketak onartzea edo, bestela, kontrolerako organo eskudun nazionalek zein Europar Batasunekoek egiten ahal dituzten egiaztapen eta kontrol finantzarioko jarduketak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazioa ematea.

4. Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari edo lankide den entitateari.

5. Ebazpen proposamena eman baino lehen, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga betebeharrak eguneratuak dituztela frogatzea.

6. Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bertzelako agiriak eduki beharko dira, onuradunei kasu bakoitzean aplikatzen ahal zaizkien merkataritzako nahiz sektoreko legeetan xedatu bezala.

7. Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

8. Behar bezala iragartzea dirulaguntza jaso duten programek, jarduerek, inbertsioek edo jarduketek finantzazio publikoa izan dutela.

Dirua itzultzeko arrazoietakoren bat izanez gero, itzuli egin beharko da bildutako dirua.

13. artikulua. Justifikazioa eta kobrantza.

1. Dirulaguntza eskuratzeko, beharrezkoa izanen da Udalari aurkeztea, dagozkion oinarri arautzaileetan eskatzen direnez gain, ondoko agiri hauek:

a) Eskabidea, onuradunak sinatua, alkateari zuzendua, dirulaguntzaren ordainketa eskatzeko. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adieraziko da, hartara transferentzia egiteko.

b) Egindako jardueraren oroit-idazkia.

c) Gastua frogatzen duten jatorrizko fakturak edo horien fotokopia konpultsatuak. Fakturak emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren heinekoak izan daitezke, dagokion deialdian hala zehazten bada.

Justifikazio ekonomikoaren ordez, kontu-ikuskari akreditatu batek egindako kontu ikuskatzea aurkezten ahal da, hala zehazten bada oinarri arautzaileetan.

d) Onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

e) Frogatu beharko da Larraungo Udalaren laguntza jaso izana agertu dela diruz lagundutako jardueren publizitatean programak, liburuak, kartel iragartzaileak, publizitateko iragarki laburrak, etab., edo diruz lagundutako argitalpenaren kontrazalean eta lehen orrialdean.

f) Frogatu beharko da bestelako dirulaguntzarik ez dutela eskuratu xede bererako, eta eskuratu badituzte, haien zenbatekoa zehaztu beharko da, baita zer erakundek eman dituen; orobat adierazi beharko da Udalak emandako dirulaguntzak, bestelako dirulaguntza edo laguntzekin batera, ez duela gainditzen onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Frogagiriak aurkezteko epea hilabetekoa da diruz lagundutako jarduera bukatu zenetik, deialdiak bertzelako epe berariazkorik ezarri ezean.

2. Dirulaguntza arautzen duen oinarri bakoitzak aurreikusi ahal izanen du konturako ordainketak eta ordainketa aurreratuak egiteko aukera. Aukera hori espresuki adierazi beharko da dirulaguntza arautzen duen deialdian.

Konturako ordainketak: dirulaguntzaren izaerak justifikatzen badu, konturako ordainketak egiten ahalko dira. Konturako ordainketa horiek zatituak izaten ahal dira, diruz lagundutako ekintzak gauzatu ahalean, eta aurkeztutako frogagiriko zenbatekoa ordainduko da.

Ordainketa aurreratuak: dirulaguntzaren izaerak hala justifikatzen badu, ordainketa aurreratuak ere egiten ahalko dira, hau da, gastua frogatu aurretik dirua ematea, dirulaguntzari lotutako jarduerak gauzatzeko behar den finantzaketa gisa. Oinarri arautzaileek, emandako funtsen gaineko bermeen araubidea aurreikus dezakete.

14. artikulua. Laguntza itzuli beharra.

Hartutako diruak itzuli beharko dira eta berandutza korritua ordaindu, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera bitarte, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 38.2 artikuluan finkatuko zenbatekoaren arabera, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluan ezarritako kasuetan.

15. artikulua. Diruz lagundutako jardueren finantziazioa.

1. Dirulaguntzaren xede den jarduera zati batean norberaren diruarekin finantza dadila eskatu ahal izanen da dirulaguntzari buruzko araudian. Diruz lagundutako proiektuan edo ekintzan norberaren dirua jarri dela frogatu beharko da dirulaguntzaren justifikazioa egiten den unean, eta orduan funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretan aplikatu izana zehaztuko dira.

2. Dirulaguntzen zenbatekoa, berez edo bertze dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, inoiz ez da izanen dirulaguntza ematen zaion jardueraren kostua baino handiagoa.

3. Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak deusetan aldatzen badira eta, betiere, deialdi honetan baimendutako kasuetatik at bertze diru iturri batzuk eskuratzen badira, aldatzen ahalko da dirulaguntzak emateko ebazpena dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako epeetan.

16. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Emandako dirulaguntzen publizitatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. eta 20.8a artikuluei jarraituz eginen da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoa alde batera utzi gabe.

17. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Foru Legearen IV. tituluan aurreikusten dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen da kultura, kirol, gazteria eta aisia xedeetarako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza, 2000ko otsailaren 23koa, eta baita indarra duten udal ordenantzetako xedapenak ere, ordenantza honetan xedatuari kontra egiten badiote edo kontrakoa esaten badute.

AZKEN XEDAPENETAN LEHENENGOA

Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra aplikatuko da, baita 887/2006 Errege Dekretua ere, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1909595