150. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, hondakinen taldeen koordinatzaile lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Mairagako Mankomunitateko hondakin taldeen koordinatzaile lanpostu bat, C mailakoa, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea, deialdi honetan eskatzen diren beharkizunak betetzen dituztela egiaztatzen duten langileendako.

Prozedura eginen da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan xedatuari jarraikiz, ezartzen baitu hautaproben deialdia egiten ahalko dela beren funtzionarioentzat murrizturik, eraginkortasun eta ekonomia arrazoiek komenigarri egiten dutenean aldaketak egitea lanpostuen antolaketa eta eginkizunetan, eta horiek nahitaez goragoko maila batean sailkatzea eragiten dutenean, betiere baldintza izanik deialdiko lanpostu hutsek ez ekartzea plantillan diren lanpostuen kopurua handitzea.

1.2. Behar diren hautaprobak gainditzen dituena lanposturako izendatuko da eta C mailan sailkatuko. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritako ordainsariak jasoko ditu, bai eta Mairagako Mankomunitatearen plantilla organikoan ezarritako osagarriak ere.

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa; Gizarte Segurantzaren eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Deialdiaren kategoriari dagozkion lanak eta eginkizunak bete beharko dira. Ordutegia lanaldi osokoa izanen da, lortu nahi den lanpostu zehatzerako ezarritakoa; une oro egokituko da zerbitzuaren beharretara, eta erakunde administratibo eskudunek noiznahi aldatzen ahal dute, zerbitzuaren beharretara egokitzeko, alegia.

1.5. Bete beharreko eginkizunak:

I.–Taldea koordinatzea.

1.–Hondakinen ataleko lanak koordinatzea.

2.–Ibilgailuen matxuragatik egin behar diren ordezpenak koordinatzea.

3.–Langileen antolamendua (oporrak, ordezkapenak, bajak, norberaren aferak, etab.).

II.–Taldearen kontrola egitea.

1.–Ordutegiak eta ezarritako ibilbideak betetzen direla gainbegiratzea.

2.–Edukiontzien egoera eta kokalekua kontrolatzea.

3.–Edukiontzien ordezpena eta birjarpena kontrolatzea.

4.–Ibilgailuek pasa behar dituzten ikuskapenak kontrolatzea.

5.–Ibilgailuen egoera orokorra kontrolatzea (gurpilak, olioa, hidraulikoak, etab.).

III.–Ibilgailuen eta makineriaren mantentze-lanak.

1.–Edukiontzien egoerari buruz jakinarazitako gora-beherak ebaztea.

2.–Abonatuen eta udalen erreklamazioen ondorioz jakinarazitako gora-beherak ebaztea.

3.–Konponketa-lantegiekin komunikatzea, ibilgailuen konponketen faseei buruz.

4.–Ibilgailuen konponketa teknikoak egitea.

2. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Mairagako Mankomunitatearen zerbitzuko D mailako funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea.

b) Goi Batxilergo titulua izatea, edo Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

Deialdiko b) apartatuko titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan 8 urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean egiaztatu beharko da.

3. oinarria.–Prozedura.

3.1. Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztuko dira Mairagako Mankomunitateko Erregistroan, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira, eta horietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira lehiaketaldian baloratu beharreko merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira deialdiaren 2.1 oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak.

3.4. Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea luzaezina da.

3.5. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Eskaerak aurkezteko epea buruturik, Mairagako Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Bazterturiko izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko, eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

Behin-behineko zerrendaren aurka inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin betikoa bilakatuko da, eta ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Aldizkari Ofizialean halakorik berriz argitaratzea. Mankomunitateko web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

4.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Pedro Leralta Piñán, Mairagako Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–1. mahaikidea: Miguel Ángel Arrastio Soria, Erriberagoiena Mankomunitateko kudeatzailea.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–2. mahaikidea: Luis Santesteban Aran, Mairagako Mankomunitateko goi mailako ingeniaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–3. mahaikidea: langileen legezko ordezkaritzak izendatutako ordezkari bat.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

–Epaimahaiko idazkaria: Raúl Echarri Jiménez, Mairagako Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

4.2. Epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu, eta mahaikide guztiek sinatu beharko dituzte horietako bakoitza.

4.3. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea hura osatzen duten kideen gehiengo osoa.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

5.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

5.2. Merezimenduen baremoa.

a) Administrazio Publikoetan, hondakinen taldeen koordinatzaile lanpostuetan egindako urte bakoitzeko 2 puntu. Gehienez ere, 30 puntu.

b) Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta hobekuntza ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-ziurtagiri bakoitzagatik:

–15 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,25 puntu.

–15 orduko edo gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

Ikastaroengatik gehienez ere 10 puntu emanen dira, osotara.

Lehiaketaldian gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ez da inor baztertuko.

Lehiaketaldia bukatutakoan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa ikusgai jarriko da Mairagako Mankomunitateko iragarki-taulan.

Mairagako Mankomunitateko informazio-tauletan jakinaraziko dira probak egiteko datak, ordua eta lekua, bai eta web-orrian ere (www.mairaga.es).

Probarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

Ariketa bakarra: test moduko 35 galdera teoriko ebatzi beharko dira, deialdiaren II. eranskinean jasotzen diren gaiei buruzkoak.

Ariketa honetan, gehienez ere, 70 puntu lor daitezke, eta bazterturik geldituko dira 30 puntura iristen ez diren izangaiak.

Oposizioaldia bukatutakoan, epaimahaiak Mairagako Mankomunitateko iragarki-taulan ikusgai jarriko du izangai gaindituen zerrenda, bakoitzak lortutako kalifikazioarekin.

6. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.

6.1. Proben kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Mairagako Mankomunitateko iragarki-taulan, izangai gaindituen zerrenda, bakoitzak lortutako guztirako puntuazioaren arabera ordenatua, horretarako batuko baitira lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuak.

Epaimahaiak Mankomunitateko buruari igorriko dio puntuazio altuena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena. Proposamena loteslea izanen da deialdia egin duen administrazioarentzat.

6.2. Izendapena eta karguaz jabetzea.

Aurreko oinarriko hautapen-prozesua bukatuta, Mankomunitateko buruak, ebazpen bidez, proposatutako izangaia izendatuko du Mairagako Mankomunitateko hondakinen taldeen koordinatzaile, eta aginduko du izendapen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeak ondorio ekonomiko eta administratiboak sortuko ditu, eta egun horren biharamuna joko da kargua hartzeko unetzat, ondorio guztietarako, berariazko egintzen beharrik gabe.

7. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tafallan, 2019ko maiatzaren 27an.–Mankomunitateko burua, Pedro Leralta Piñan.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Mairagako Mankomunitatearen estatutuak. Mairagako hondakinak jasotzeko eta kudeatzeko sistemak.

2.–Mairagako Mankomunitatearen Hondakinen bilketa arautzen duen ordenantza.

3.–Mairagako Mankomunitatearen Hondakinen bilketaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

4.–Nafarroako Mankomunitateen antolaketa eta administrazioa.

5.–Administrazio-egintzak: baldintzak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Administrazio prozedura erkidea. Administrazio-errekurtsoak.

6.–Kudeaketa sistema, UNE-ISO 9001 arauari jarraikiz. Ingurumena kudeatzeko sistema, UNE-ISO 14001 arauari jarraikiz.

7.–1481/2001 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, hondakinak hondakindegira eramanez ezabatzea arautzen duena.

8.–Batzordearen 2000ko maiatzaren 3ko 2000/532/EE Erabakia, zeinaren bidez onesten baita Europako Hondakinen Zerrenda.

9.–23/2011 Foru Dekretua, martxoaren 28koa, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena.

10.–180/2015 Errege Dekretua, martxoaren 13koa, Estatuko lurraldearen barrenean hondakinak tokiz aldatzea arautzen duena.

11.–2008/98/EE Esparru Zuzentaraua, Hondakinei buruzkoa, eta 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzkoa.

12.–4/2005 Foru Legea, martxoaren 22koa, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzkoa, eta 93/2006 Foru Dekretua, abenduaren 28koa, aipatu martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duena.

13.–Hondakinak Kudeatzeko Estatuko Esparru Plana (PEMAR) 2016-2022. Nafarroako Hondakinen Plana 2017-2027.

14.–14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa.

15.–Nafarroako Hondakinen Partzuergoa.

Iragarkiaren kodea: L1907687