150. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

348E/2019 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko EP-2 lurzatiaren xehetasun-azterketari buruz. Sustatzailea Planiger SA da.

Xehetasun azterlana hasiera batez onetsi da martxoaren 1eko 150E/2019 Ebazpenaren bidez, eta haren helburua da “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko EP-2 lurzatiaren barne antolamendua eta erabilerak ezartzea, eta udalez gaindiko plan sektorialean aurreikusitako determinazioak egokitzea, zaharrentzako egoitza bat jartzeko.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6. artikuluetan aurreikusitakoarekin bat, UPSaren aldaketa txikia da, eta beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Lurzatiak 6.134 m²-ko azalera du, eta mugakide hauek ditu: iparraldean Cabárceno kalea, hegoaldean 9-1 lurzatia eta ZV-1a berdegunea, eta ekialdean 2B-1A bizitegietarako lurzatia. Hiri orube bat da, inguru guztian osorik urbanizatutako bideak eta espaloiak, lurzati eraikiak edo berdegunetarako egokituak dituena, 9-1 lurzatia izan ezik. EP-2 lurzatiaren eremu osoa espazio pribaturako da eta ez da erabilera publikorako espaziorik aurreikusi haren barnean.

Eremuan ez da ingurumen intereseko elementurik edo ondare balio nabarmenik, eta hortaz, ez da ingurumen ukipen esanguratsurik aurreikusten. Xehetasun-azterketatik eratorritako jarduketak garatzean bete beharko dira ingurumen agiri estrategikoaren 6. atalean azaldutako babes neurriak eta neurri zuzentzaileak.

Ukipen akustikoei dagokienez, EP-2 lurzatia Iruñeko hiri aglomerazioko mapa estrategikoen eremuan dago, “osasun, hezkuntza eta kultura sektorea” motako eremu akustiko gisa. Halere, kontuan hartuta zein den lurzatiaren amaierako erabilera, “bizitegietarako eremu akustikoa” dela ulertuko da.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki bete dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektorialeko EP-2 lurzatiaren xehetasun-azterketaren alde, Eguesen. Sustatzailea Planiger SA da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari eta Eguesko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 17an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1908242