150. ALDIZKARIA - 2019ko abuztuaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

343E/2019 EBAZPENA, ekainaren 17koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Doneztebeko Udal Plana 1. poligonoko 321., 474. eta 500. lurzatietan aldatzeari buruz. Alfredo Zugarramurdi Zozaya da aldaketa horren sustatzailea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6. artikuluetan aurreikusitakoarekin bat, aldaketa txikia da, eta beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketa 2018ko urtarrilaren 12an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2018ko 22. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 31koan. Jendaurreko aldi horretan ez da ingurumenaren arloko alegaziorik jaso.

Aldaketaren xedea herriko hirigunea handitzea da, bizitegietarako lurzorua sortuz UC 2, UC 10 eta UC 4 unitateen inguruan, eta horrela, 1. poligonoko 321., 414. eta 500. lurzatiak sartu, familia bakarreko edo bi familiako 4 etxebizitza egiteko bertan.

Aldaketaren esparrua Bidasoa eta Ezkurra ibaiek bat egiten duten tokitik gertu dago eta 9.866,66 m²-ko azalera du; mugakide ditu hiri lurzoruaren muga (UC 10 eta UC 2 unitateak), hego-ekialdean Ezkurra ibaia, iparraldean 321. lurzatia, zeinaren zati bat esparruan sartuko baita, eta mendebaldean 169. lurzatia, hiri lurzoruko berdeguneari dagokiona.

Aldaketak berekin dakar hirigintza kategoria aldatzea lurzati horietan, lurzoru urbanizaezinekoak izatetik bizitegi-erabilera duen lurzoru urbanizagarri izatera pasatuko baitira. Uholdeen arriskuen prebentziorako hartu diren neurriak jaso dira hirigintza araudian, halako moduan non eraikinak 500 urteko errepikatze-denbora duen uholdetik gorako kotan proiektatuko baitira, eta baldintza berariazkoak ezarrita soto eta erdisotoetarako.

Bizitegietarako proposamenaz gain, sistema orokor atxiki gisa planteatzen da ibilbide bat oinezkoentzat eta txirrindularientzat, Ezkurra ibaiaren paralelo, ezkerraldetik, joanen dena eta Elizagibela kalea eta trenbide zaharreko zubia lotuko dituena. Oinezkoentzako bide hori hasieran onetsitako proposamenean baino atzerago eraman da, eta lehentasunezko fluxuaren eremutik kanpo gelditu da; ingurumen aldetik balio nabarmenik ez duten belardi eta baratzeetan barna doa.

Aldaketak berekin dakar lursail baten erabilera ere aldatzea, gaur egun belardi gisa erabiltzen dena eta ingurumen elementu edo balio nabarmenik ez duena. Beraz, ez da ingurumen ukipen nabarmenik aurreikusten.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Kontuan harturik egoki bete dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Doneztebeko Udal Plana 1. poligonoko 321., 474. eta 500. lurzatietan aldatzearen alde, ingurumenean eragin nabarmenik ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Alfredo Zugarramurdi Zozaya da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Doneztebeko Udalari eta Hirigintza Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko ekainaren 17an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1908241